2011/03/08

Gipuzkoan ez dago bermerik gidabaimeneko azterketa praktikoa euskaraz egiteko


Joxe Luis Iturriotz orexarra Beasaingo Igartza autoeskolako arduraduna da, eta Semaforoarekin solasaldia izan du. Salatu du gidabaimena ateratzeko azterketa praktikoa euskaraz egin nahi duenak ez duela bermerik azterketa euskaraz egiteko.


Hona hemen zer zer gertatu zitzaien azterketa praktikoa euskaraz egin nahi zuten batzuei, aste bat lehenago euskaraz egin nahi zutela jakinarazita: "Aztertzaileak bi aukera eman zizkiean euskaraz egin nahi zuten hiru laguni: gaztelaniaz egin edo etxera joan. Hori bai, dena edukazio onez eta errespetuz. Azkenean, gaztelaniaz egin zitiztean azterketa praktikoak".


Segi irakurtzen



SEMAFOROA: Gaur egun, baten batek gidabaimena atera nahi baldin badu, zer urrats egin behar dizkik, eta urrats horietako zer egin zezaketek euskaraz eta zer ez?

JOXE LUIS ITURRIOTZ (JLI): Autoeskolan matrikulatzen denak irakaskuntza teoriko guztia euskaraz jaso zezakek, gurean behintzat. B gidabaimena ateratzeko azterketa teorikoa ere egin zezakek euskaraz, guk duela bi urtetik eskaintzen diagu aukera hori, baina beste gidabaimenak ateratzekoak ez (kamioia, autobusa, motoa, atoia...).

SEMAFOROA: Zer gertatzen dek azterketa praktikoan?

JLI: Praktikoa ez zegok bermatuta euskaraz. Beren kabuz aztertzaile batzuk saiatzen ari dituk, baina arazoak zeudek. Tristea dek baina Trafikoko arduradunei aldez aurretik abisatu zieagu pertsona batzuek azterketa euskaraz egin nahi dutela, eta, gero, azterketaren egunean ez ziotek aukerarik eman euskaraz egiteko.

SEMAFOROA: Zer pasa huan zehazki?

JLI: Aztertzaileak bi aukera eman zizkiean euskaraz egin nahi zuten hiru laguni: gaztelaniaz egin edo etxera joan. Hori bai, dena edukazio onez eta errespetuz. Azkenean, gaztelaniaz egin zitiztean azterketa praktikoak.

SEMAFOROA: Ez zagok aztertzaile euskaldunik?

JLI: Baten batek ulertzen dik, beste batek borondatez egin izan dik euskaraz... Baina ez zegok mekanismorik euskaraz egin ahal izateko. Kontua dek aztertzaile taldeak 3 egunetan Donostian, egun batean Azpeitian eta beste batean Beasainen egiten dituztela azterketak, eta ez dutela ematen bermerik euskaraz egiteko. Guk nahi diagu azterketa euskaraz eskatzen duenak euskaraz egin ahal izatea.

SEMAFOROA: Hori lortze aldera, zer egin dek orain arte?

JLI: Alde batetik, idatziz bidali zieat eskaera, baina erantzuna berbera izan dek beti: Trafikoko Madrilgo arduradunei berbidali ziotek eskaera eta handik ez dek sekula erantzunik etorri.

SEMAFOROA: Berez, legez, euskaldun batek bazeukak eskubiderik azterketa praktikoa euskaraz egiteko?

JLI: UEMAren bidez, Behatokiarekin jarri ninduan harremanetan, eta Behatokiaren erantzuna izan huan ez dagoela inon halakorik idatzita, eta, horren ondorioz, Euskararen Legeak esandakoa bete behar dela; hau da, erakunde publikoekiko tratua administratuak nahi duen hizkuntza ofizialean egin behar dela. Azterketa praktikoa Trafikoren ardura denez eta hori erakunde publikoa denez, pentsatzekoa dek eskubidea badugula. Elebideri ere bidali zioat salaketa, baina oraindik ez diat erantzunik jaso.

SEMAFOROA: Zer-nolako pausoak emango dituk aurrerantzean eskubide hori berma dadin?

JLI: Idatzi bat prestatu diat, Trafikok neurriak har ditzan, eta nire asmoa dek idatzi hori Gipuzkoako ahalik eta autoeskola gehienek sinatu eta bidaltzea. Hori dek bide bat, eta bestea dek astez aste euskaldunek azterketa euskaraz egin nahi dutela aldez aurretik jakinaraztea.

SEMAFOROA: Hau Gipuzkoan bakarrik gertatzen dek?

JLI: Nik dakidala Bizkaian ez dek halakorik gertatzen, eta beste herrialdeetako egoeraren berri ez diat. Dena dela, seguru Katalunian ez dela horrelakorik gertatzen.

SEMAFOROA: Hik, adibidez, zer-nolako neurriak hartu dituk hire autoeskolan?

JLI: Debagoieneko Mankomunitateak konbenioa sinatu zien AEOL argitaletxearekin, eta, Unai Zuluaga Igorre autoeskolako arduradunak euskarara itzulita zeukana oinarri hartuta, euskarazko eskuliburuak argitaratu zitiztean. Horrez gain, informatika bidezko testak ere euskaratuta zeudek, eta multimedia programa bat ere bai. Gainera, diru laguntzak ere bazeudek euskarazko material hori erosteko. Guk, adibidez, Beasaingo Udalaren diru laguntza jaso genian.

SEMAFOROA: Batzuek pentsatuko diate euskaraz zailagoa dela gaztelaniaz baino.

JLI: Ez, hori ez dek egia. Euskaraz ondo moldatzen bahaiz, euskaraz ateratzea dek onena.

SEMAFOROA: Zorte on, Joxe Luis. Ea hemendik gutxira Trafikokoei Semaforoaren argi berdea ematen diegun.

JLI: Hala izan dadila.


2 erantzun:

Semaforoa,  10:01  

Semaforoak jakin duenez, Bizkaian ere ezin da azterketa praktikoa euskaraz egin aurtengo urtarriletik.Azterketa praktikoa euskaraz egiten zuten aztertzaileek "plantoa" egin dute.

Informazioa bildu eta kontrastatu ahala, blogeratuko dugu.

Beñat De Miguel, Euskal Herriko Unibertsitatea (Sustatun),  19:34  

Nik azkenean lortu nuen euskaraz egitea, baina "Eman argi berdea euskarari" aukera zuten hainbat autoeskoletan, egoera honakoa zen:

Azterketa euskaraz egin zenezakeen (liburua eta materiala bazuten), baño "irakasleek" ez zekiten euskaraz.

  ©Template by Dicas Blogger.