2011/10/21

Euskarazko hedabideak Tolosaldean (III). Zer dio Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitzak?










Azken asteotan euskarazko hedabideen egoera dugu hizpide nagusi Semaforoan: inkesta jarri dugu martxan eta prentsaurrekoetan erabili beharreko hizkuntzei buruzko hainbat artikulu argitaratu ditugu (Joseba Kamiorena eta Andoni Egañarena, esaterako). Lanketa horretan ezinbestekoa iruditu zaigu eskualdeko euskarazko hedabideei ere aukera ematea, euren gogoetak eta kezkak gizarteratzeko.

Tartean, Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza dago.

Segi irakurtzen


Hitza Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza egunkaria 2001eko abenduaren 11n sortu zen. Hasieran Egunero zuen izena, eta ondoren, hartu zuen gaur egungo izena. Pasa den urteko azarotik hona, astean lau egunetan argitaratzen dugu (asteartetik ostiralera); krisiak jota daude komunikabideak eta horrek eragina izan zuen erabakia hartzerakoan, baina hala ere, gaur egun joera paperekoa baino, interneta osatzea dela ere hartu behar da kontuan. CIES ikerketa zentruak egindako azken inkesten arabera, Tolosaldeko eta Leitzaldeko HITZA egunean 14.000 pertsonek irakurtzen dute.

SEMAFOROA: Hedabideak bi krisialdi pairatzen ari dira: krisialdi ekonomikoa eta hedabide tradizionalen krisialdia. Nola eragin dute zuenean?


HITZA: Krisialdi ekonomikoari dagokionez, argi dago diru gutxiago dagoela udaletan, elkarteetan, jendearen poltsikoetan... eta hori nabaritu da. Horri aurre egiteko ordea, lan gehiago egitea besterik ez dago; produktu hobea atera, dibertsifikatu eta produktu gehiago atera, kanpo-zerbitzuak zabaldu… Estuago egonda ere, garrantzitsuena da euskara hutsezko informazioa ematea, euskararen normalizazio bidean. Nola eragin digun? Egunkaria astean sei egunetan argitaratzetik lau egunetara jaitsi garela eta internetari askoz garrantzia handiagoa ematen diogula.


SEMAFOROA: Zer irakurketa egiten duzue otsailean 60tik gora hedabidek egindako eskaeretatik ("Beste jauzi baterako ordua" adierazpena)?

HITZA: Eman beharreko pausoa zen. Euskarazko komunikabide ez publikoak lan garrantzitsua burutzen dugu. Argi dago bizirauteko diru laguntzen beharra dugula eta agintariek konpromiso zehatzak hartu behar dituztela. Aipatu bezala, hedabideok konpromisoa hartu dugu; euskaraz kalitateko informazioa eskaintzearena, erantzukizunez jokatuz. Orain agintarien txanda da; urtez urte erabakitzen diren diru laguntza esleipen politikak atzean utzi eta gutxienez legealdi osoak hartuko dituen diru laguntzen hitzarmen konpromisoa behar dugu.


SEMAFOROA: Zertan aldatu beharko luke administrazio publikoen eta euskarazko hedabideen arteko harremanak, euskarazko hedabideen egoera hobetzeko?

HITZA: Oinarrizko akordioak lortu behar dira. Gizarte honetan euskarak duen benetako garrantzia onartu behar dute, eta hortik abiatuta akordioak lotu. Euskal Herrian, euskararen herrian, agintariek ezin dituzte euskarazko komunikabideak baztertu, hedapena kontutan hartuta, beste komunikabide batzuri mesede egiten dieten bitartean. Euskarazko hedabideak estrategikoak bagara, modu horretako trataera jaso beharko genuke administrazio publikoen aldetik.


SEMAFOROA: Nola ikusten duzue zuen hedabidea hemendik 5 urtera? Eta 10 urtera?

HITZA: Interneten erabat murgilduta. Etorkizuna sarean dago, eta Hitzan ere horren aldeko apustu garbia egin dugu.

SEMAFOROA: Zer-nolako harremana duzue eskualdeko euskarazko gainerako hedabideekin?

HITZA: Ona, nahiz eta orain arte bakoitzak bere lan egin du, bere aldetik. Denok hausnarketa bera egin dugu, hala ere: gure arteko harremana sendotu beharra dugu, eta horren alde lan egin.

SEMAFOROA: Zer-nolako elkarlana bidera daiteke hedabide horiekin?

HITZA: Denon artean diseinatu beharreko elkarlana izango da. Hausnarketa egin behar dugu, eta denon artean erabaki beharreko zerbait da.


SEMAFOROA: Zer mezu helarazi nahiko zeniekete eskualdeko euskaldunei?

HITZA: Euskara hutsean kalitatezko informazioa jasotzen jarraituko dutela, baina horretarako denon laguntza behar dela, guztion lana dela hori.



0 erantzun:

  ©Template by Dicas Blogger.