2011/10/06

Jaurlaritzak beste urrats bat eman du euskaldunon eskubideak zapaltzeko


Eusko Jaurlaritzak beste urrats bat eman du euskaldunok kontsumitzaile erdaldun bihurtzeko: euskaraz egin edo gaztelaniaz egin saltoki eta enpresa handien esku utziko dute, eta bezero euskaldunek ez dute legezko biderik izango euskaraz atenditzen ez dietenei kexak edo erreklamazioak jartzeko.

Duela hilebete batzuk esan genuenez, Basagoitiren tesia atera da irabazle: saltoki handietan eta antzeko tokietan euskararen aldeko neurriak hartu nahi izatea faxismoa omen da.

Hona hemen eduki berarekin lotutako beste albiste batzuk:

- Euskara saltoki handietan: Basagoitiren tesia garaile (Semaforoa, 2011-06-16)
- Paul Bilbaok (Kontseilua) Eusko Legebiltzarrean egindako adierazpenak (Kontseilua.org, 2011-06-16)
- "Balio ez zuena baliogabetu dute" (UEMAren iritzia, Semaforoan, 2010-06-26)
-

9 erantzun:

Julen,  10:30  

Adierazpenek ez dute "desperdiziorik":

Iñaki Oiarzabal (PP): "Zein dira Kontseiluko horiek? Euskaratik bizi dira, eta bizikidetzari kalte larria egiten diote".

Vicente Reyes (PSE): "Administrazioak ez ditu hartu behar enpresarien erabakiak; librea behar du atxikimenduak".

Manex,  11:52  

Julen, ahaztu beste hau, UPYDko Gorka Maneirorena: "Inposizioek kontrako eragina izaten dute, eta atzerakada dira, herritarrek baztertu egiten dituztelako."

Nori buruz ari da? Nork inposatzen du?

Urnietako Miren,  11:59  

Duela urte eta erdi, Jaurlaritza dekretua aldatzen hasi aurretik, kexa bat jarri nuen Oiartzungo Alcampon, asebetetze inkesta bat gaztelania hutsez eman zidatelako.

Kexa jartzeko, ordu bat baino gehiago pasa nuen hango arduradun eta langileekin hizketan: hasieran, ez zidaten erreklamazio orria eman nahi izan.

Azkenean, Jaurlaritzaren erreklamazio orri ofizialak erabiliz kexa bat jarri nuen, eta jakin izan dut kexa hori ez dela Jaurlaritzara inoiz iritsi.

Kontua da nik Alcampon bertan ez ezik Kontsumo Bulegoan ere aurkeztu nuela erreklamazioa, baina Kontsumo Bulegotik Jaurlaritzarako bidean "galdu" egin omen zen erreklamazioa.

Hori da euskaldunoi zor diguten tratua? Eta hori dekretua aldatu aurretik... Zer ote da orain?

Semaforoa,  12:01  

Iñaki Petxarroman, Berrian:

Hizkuntzaren talibanak

Galarazi zituzten eurena ez beste hizkuntzak urte askoan. Pixkanakako heriotza programatua ezarri zieten. Burka jantzarazi zieten erabiltzaileei, etxetik kanpoko alorretan ikusezin bihurtzeko. Baina debeku, eraztun umilgarri eta desagerrarazte politiken gainetik, burkadunek eutsi egin diote enbatari. Bizirik iraun dute; etxeko zulotik hainbat esparrutara hedatu dira. Apal-apal eta zarata handirik gabe. Lehengo talibanen oinordeko diren oraingoek modu leunagoak dituzte, baina argi dute helburua: haiena ez beste hizkuntza guztiak gutxiengo kontrolatuan irautea, ezinaren ezinez, ahitu arte.

Haien hizkuntza derrigorrezkoa da; besteena, hautazkoa. Haien hizkuntzak ofizialtasuna du, eta unibertsaltasunak bermatzen duen kultur bikaintasunaren zigilua. Bestea patois bat da, ezin inposatu dena. Herritar guztiek dakite talibanen hizkuntza. Gutxi batzuek besteak. Beraz, medikuei, epaileei, poliziei, agintariei, enpresariei... ezin eskatu talibanena ez den mintzairarik. Eskuzabalegi jokatu dutela. Horixe da mezua.

Anonymous,  23:43  

Uste dut harrigarria ez dela gaur egun duten euskararekiko jarrera. Hemen benetako hizkuntza ofiziala, denok derrigor ikasi behar duguna eta dakiguna espainola da. Eliza katolikoa bera ere, komunitatea bateratu nahian eta denek uler dezaten, euskal elizkizunak alde batera utzi eta sasi-elebidunak sustatzen hasi da. Kexatu eta talibantzat eta inposatzailetzat jotzen zaituzte. Lehen, behintzat, Elizaren babesa-edo bagenuen. Orain hura ere ez.

Inposaketa barik, murgiltzea da buruan eduki behar duguna. "Molestatu" dezagun (zentzurik lasaienean) gaztelera hutsean mintzo den komunitatea. Ez gaitezen geure astotik jaitsi. Baina egin dezagun denok hola. Zer da kontua? Gutariko asko ez da bere hizkuntzan mintzo, D ereduan ikasi eta etxetik euskara ekarri arren. Errazagoa omen da Inperioaren hizkuntza.

Aitor Elizaran Egidazu (facebook bidez),  08:29  

Gatiburen abestixek esaten dauen moduen, "LOTSABAKUEK", kasu honetan pluralien.

Mister K,  10:25  

Nik uste det honek irakurketa politiko garbia duela. Alderdi Popularrak soka tenkatuko zuen, Patxi Lopezek presoei buruz esandakoaren ondoren, eta sozialistek "opari" bat eman nahi izan diote: kaña euskarari!
Negargarria.

Semaforoa,  11:27  

Zuzeun ere albistea lantzen ari dira. Inkesta bat jarri dute martxan, Jaurlaritzaren erabakia baloratzeko: http://zuzeu.com/2011/10/07/inkesta-zer-iruditzen-zaizu-saltoki-handietan-euskarazko-zerbitzua-eskaintzera-behartzen-zuen-legea-bertan-behera-uztea/comment-page-1/#comment-16416

Semaforoa,  09:03  

(Serio Demoniotik ateratako zatia)

Ulua bolizko dorrean

Ulu luze, kraskatu, basati batek urratu du Iratiko oihaneko gaueko lasaitasuna. Bolizko dorreko sukaldean, Yoda harrikoa egiten ari da. Izu hotzikara batek bizkarrezurra astindu dio. Eskuartean duen katilua erori, eta lurraren kontra lehertu da: akabo 1985eko Herri Urratseko oroigarria. Uhuri ikaragarri horren sorburua hurbil duela iruditu zaio, bolizko dorrearen barruan dagoela. Kandela hartu, eta korrika batean abiatu da Mitxelena XVI.aren gelarantz, salbu ote den ikustera. Iritsi delarik, Mitxelena aulkian eserita eta burua mahai gainean, egunkariaren gainean botata ikusi du. Ez da mugitzen. “Gorentasuna ongi al dago?”, galdetu du Yodak, zeharo larriturik. Bizpahiru segundo amaiezin igaro dira Mitxelena XVI.ak erantzun duen arte. “Ez ba, Yoda, ez nago ongi. Nola egonen naiz ongi PPko Oiarzabalek egin dituen adierazpenak egin eta gero. Irakurri al dituzu?”. Yodak, jakina, irakurri ditu, Mitxelena XVI.ak egunero Berria goitik behera irakurtzera behartzen baitu. “Bai, Gorentasun… Oso fuertea iruditu zait Kontseiluko horiek nortzuk diren galdetzea”, esan dio, horixe entzun nahi zuelakoan. “Hori huskeria da, Yoda. Hemen larria dena da Kontseiluko kideak euskararen taliban deitu izana”, txilio egin dio. “Eskutitz bat diktatuko dizut, hartu pergaminoa, tintontzia eta bolaluma“, agindu dio jarraian. “Bai, Gorentasun”, men egin du Yodak. Mitxelena XVI.a diktatzen hasi da: “Iñaki Oiarzabal parlamentari txit agurgarria, agur eta erdi: Jakin dezala berorrek ez zaidala batere egokia begitantzen Kontseiluko kideak euskararen taliban deitzea. Kontseiluko kide guztiak gutxienez elebidunak dira, hots, euskara ez ezik, gaztelera edo frantsesa ere badakite. Zenbaitetan, biak. Eta, are gehiago, kasu askotan, ingelesez ere moldatzen dira. Nola izanen dira, bada, talibanak halako jarrera linguistiko malgu eta txepela darabiltenak? Gazteleraz eta soilik gazteleraz, frantsesez eta soilik frantsesez dakiten horrenbeste euskal herritar elebakar izanda, nola deituko ditugu taliban linguistiko halako eleanitz indargeak? Euskararen egiazko taliban batek euskara besterik ez du jakin behar. Ni neu euskaldun elebakarra naiz, eta horrexegatik naiz ni, Mitxelena XVI.a, ezizenez, Euskararen Talibana. Euskararen Taliban bat eta bakarra dago, ni neu. Ez dezala berorrek ahaztu. Ez nazala berorrek berriz nahastu halako jendilaje funtsik gabearekin. Ez dadila errepika. Adeitasunez baina irmoki, Mitxelena XVI.a, Euskararen Talibana. Bolizko Dorrea. Iratiko Oihana. Nafarroa. Euskal Herria. 2011Ko urriaren 6a”. Eskutitza diktatzen amaitu eta gero ere, amorraturik segitzen du Mitxelena XVI.ak. Beste ulu luze, kraskatu, basatia bota du.

  ©Template by Dicas Blogger.