2012/02/21

Hara! Poliziari euskaraz hitz egitea ez da delitua... ezta Nafarroan ere!


Nobedadea: poliziari euskaraz hitz egitea ez da delitua. Hori ondorioztatu dezakegu Itziar Claver eta Haizea Ramirez Altsasuko Euskal Herrian Euskaraz taldeko kideei gertatutakotik.

Ezabatu eta Euskaraz bizi ekimenaren baitan, Foruzainek identifikatu egin zituzten, eta handik bi hilabetera isuna jarri zizkieten:

- Foruzaingoari euskaraz egitea desobedientziatzat hartu zutenez, 150 euroko bi isun.
- Trafiko seinaleaak eraldatzeagatik, 3.000 euroko bi isun.

Oraintsu jakin dugu desobedientziarekin lotutako isunak bertan behera utzi dituztela. Ez, ordea, besteak.

Beraz, badakizue: poliziarekin euskaraz hitz egitea ez da delitua... ezta Nafarroan ere!

Informazio gehiago nahi baduzu, jo EHEren webgunera. Guk bertatik atera dugu argazkia.

3 erantzun:

hartsuaga 14:39  

Ezaguna behar lukeena harrigarria da ordea. Aspaldian ditugu lege oso progreak euskaldunen eskubideak babesten dituztenak. Baina inor ez da arduratu orain arte eskubide horien berri euskaltzaleen artean zabaltzen, eta honelako epaia ustekabe gertatzen da. Horra hor alor bikaina lantzeko. Tamalez batzuei ez zaie interesatzen berria zabaltzea "gatazka linguistikoa" eragingo ote duen beldurrez. Eta beste batzuei berriz legearen barnean jardutea ez zaie behar bezain "antisistema" iruditzen. Artean alorrak antzu eta landu gabe dirau....

Martin,  13:19  

Bat nator zurekin, Hartsu.

Legezkotasunaren gaineko eztabaidak ondorio hauetara garamatza:

A iritzi taldea: “Lege markoa ez da nahikoa; beraz, euskaldunon (=euskaraz mintzo garenon) borrokaren helburua lege markoa aldatzea da”.

B iritzi taldea: “Lege markoa nahikoa da; beraz, euskaldunon (=euskaraz mintzo garenon) eskubideak bermatuta daude, eta ez dugu borrokarik egin behar”.

Nire ustez, egin beharreko galderak hauek dira: Zenbateraino gaude zapalduta euskaldunak? Zer-nola bultza dezakegu euskalduna zapalkuntza egoeratik ateratzera eta gatazka linguistikoan murgiltzera?

Gatazka linguistikoa azaleratu, masa kritiko euskalduna sortu, indar korrelazioa aldatu, gizarte eraldaketa… Horiek ez dira etorriko legezkotasunaren gaineko eztabaidatik.

Semaforoa,  14:45  

Zaraitzun 7.300 euroko isuna jarri diete Euskararen Egunean jarritako kartel batzuengatik: http://berria.info/albisteak/61548/7300_euroko_isuna_jarri_diete_zaraitzun_euskararen_egunean_jarritako_kartel_batzuengatik.htm

  ©Template by Dicas Blogger.