2010/12/19

Eskualdeko 13 udalek hitzarmena sinatu dute Kutxarekin eta Euskadiko Kutxarekin




Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak sustatuta, eskualdeko 13 udalek hitzarmena sinatu dute Euskadiko Kutxarekin eta Gipuzkoako Kutxarekin. Hitzarmenaren bidez, bi finantza erakundeek konpromisoa hartu dute UEMAko udalerrietan eskaintzen dituzten komunikazio guztiak euskaraz egiteko. Hitzarmenean, konpromiso zehatzak daude, eta bost urteren buruan osorik betetzea aurreikusten da. Hitzarmen ekitaldia Deban egin dute, eta, guztira, 40 udalek sinatu dute hitzarmena.

Segi irakurtzen



Bi kutxek hartutako konpromiso nagusiak honako hauek dira: langile finko zein aldi baterakoak euskaldunak izatea eta behar bezala prestatuta egotea komunikazioak euskaraz ondo eskaintzeko; bezeroei lehen hitza euskaraz egitea; produktuak kontratatzen direnean eskaintza euskaraz egitea; txartelak euskaraz sortzea kontrakoa esan ezean; euskara erabiltzeko sustapena era desberdinez egitea, publizitate, kartel eta esku orriak euskaraz egotea eta lehentasuna izatea; libreta eta kontuetako idazpenak euskaraz egotea; etab.

Bost urtetako iraupena duen hitzarmen honen jarraipena egiteko, urtero helburu zehatzak ezarriko dira eta bilakaera nola doan ikusteko, hizkuntza neurketa zehatza egingo da udal hauetan.

Argazkian, honako hauek daude: Marta Medinabeitia Gipuzkoako Kutxako Mendebaldeko zuzendari komertziala, Juan Mari Osteriz Euskadiko Kutxako Gipuzkoa-Kostaldeko Lurraldeko zuzendaria, Jon Bollar UEMAko lehendakaria eta Helena Larrañaga Ikaztegietako Udaleko ordezkaria.

Hauek dira hitzarmena sinatu duten eskualdeko udalak: Aduna, Alegia, Altzo, Amezketa, Anoeta, Baliarrain, Belauntza, Elduain, Gaztelu, Ikaztegieta, Irura, Leaburu-Txarama eta Orexa.

0 erantzun:

  ©Template by Dicas Blogger.