2011/04/15

Hirukideko euskara teknikariak: "Ez al gabiltza ustez bakoitzari dagokion esparrua eta klientela zaintzen?






Kelsenekin egin bezala, Hirukide ikastetxearekin ere harremanetan jarri gara, biek ala biek irabazitako Bai Euskarari Sariaren aitzakiarekin. Hirukiden hiru hizkuntza teknikari dituzte: Joseba Antxustegietxarte, Maite Etxabarri eta Ane Lasa. Hiruron izenean erantzun dituzte Semaforoaren galderak, eta erantzunak ez dira inondik inora hutsalak izan.

Irakurtzen jarraitzeko, egin klik hemen


Lehenik eta behin, Hirukideren ibilbidearen eta egituraren zertzelada batzuk eman nahi ditugu: Hirukide 2003an sortu zen, eta, egun, 1.350 ikasle eta 130 langile inguru ditu. Tolosaldeko 0-18 urte bitarteko har eta gazteen heziketaz arduratzen dira ikastetxean (D ereduan), eta hiru gunetan daude: batean, Haur Eskola eta Haur Hezkuntza; beste batean, Lehen Hezkuntza; eta, hirugarrenean, Bigarren Hezkuntza.

SEMAFOROA: Zer eman dizue Ziurtagiriaren Elkarteak urte hauetan? Zer eman dizue lehendik ez zenutena?

JOSEBA, MAITE etaANE: Ziurtagiriaren Elkartearen laguntza eskertzekoa izan da, batez ere kanpo eragileekin (hornitzaile, administrazioa...) euskara arloan aurrerapausoak emateko errefeentziak eskaini dizkigulako.

Gainera, aurtengo sariari esker, batetik, gure lana eta izena hainbat lekutan ezagutzera eman dira, eta, bestetik, Tolosaldean gurekiko dauden aurreiritzi ikaragarri okerrak ouskatzeko aukera bikaina ere eman digu, erreferente izatearen konfiantza eta aurrera egiteko animoa.

SEMAFOROA: Euskalgintzako kide eta talde ugari ezagutza-erabilera korapiloa ezin askaturik dabiltza (euskara ezagutu bai, baina erabili ez). Zuek nola ikusten duzue korapilo hori eta zertan oinarritu zarete korapiloa askatzeko bidea jorratzeko?

JOSEBA, MAITE eta ANE: Zein da korapiloa lotu duena? Korapiloa askatu nahian gabiltzanok errua ez daukagulakoan gaude, baina zenabt ari gara elkarrekin lanean? Zenbat tokitatik ari gara aldi berean, batera, korapiloa askatzeko ahaleginean? Zenbaterainoko konplizitatea dugu? Ez al gabiltza ustez bakoitzari dagokion esparrua eta klientela zaintzen?

Guretzat, elkar-lana, sarea osatzea, inplikazioa eta emozioak kontuan izatea lagungarriak dira (Elhuyar eta Adimen Emozionaletik ateratako bizipenak dioena). Gainera, geroz eta garbiago daukagu denok aurrera egiteko, norberagandik hasita denon arteko osaketa eta ardura partekatua egon behar duela. Beraz, ikastetxearen inguruan dauden eragile guztien parte-hartze eta inplikazioa bultzatzen ahalegintzen gara (ikasle, langile eta familiak). Denon artean erantzun behar diogulako erronka honi.

Horrela, jolas orduetan, aisialdian, kiroletan... hau da, arlo ez-formaletan erabilera bultzatzea daukagu helburu nagusia.

Bestalde, Tolosako beste eragileekin elkarlana ezinbestekoa da ikasleek herrian ere euskaraz hitz egin dezaten.

SEMAFOROA:Ikasleak eta ikasleen gurasoak konturatzen al dira euskararen normalizazioaren alde egiten duzuen lanaz?

JOSEBA, MAITE eta ANE: Sari honek bereziki ilusioa egin digu, ez delako guk bilatu edo eskatu dugun gauza bat, kanpo eragile batek, hainbat eta hainbat elkarterekin lan egiten duenak gure lana azpimarratu duelako. Guk, saria, familiei eskaintzen diegu. Eurek Hirukiden jarri duten konfiantza aukera ona izan delako, eta hori ez dugu guk esaten, kanpokoek baizik.

SEMAFOROA: Ikastetxera joaten direnen artean denetarik duzue: euskaraz bizi diren familiak, euskaraz erdizka dakitenak, batere ez dakitenak... Zer-nola jokatzen duzue talde horiekin? Denekin berdin?

JOSEBA, MAITE eta ANE: Familia tipologia bakoitzari erantzun egokiena ematen ahalegintzen gara, eta hor azpimarratu behar dugu Hezkuntza Komunitatearen esfortzua denok batera ekiteko. Hirukidek Tolosaldean soziologikoki dagokion zati bati erantzuten dio. Hor, eta azkar azalduz, batetik, betiko euskaldunak dauzkagu, bestetik "toloxar kaletarrak", eta, azkenik, etorri berriak.

Tutoreok izugarrizko lana egiten dugu erantzun egokia emanez guztiak euskalduntzeko; beste kontu bat da talde bakoitzak duen erabilerarako kontzientzia eta borondatea, bakoitzak dituen ezaugarrien abiapuntuak ezberdinak izanik, helmuga ezberdina delako. Noski, euskaldun-euskaldunekin denok errazago asmatzen dugu.

SEMAFOROA: Gazteak eta euskara. Horra beste erronka bat. Egia al da ume izatetik nerabe izatera pasatzean hizkuntza aldatu ohi dutela edo hori mito bat da? Zuek nola ikusten duzue 12-16 urte artekoek euskararekin duten harremana?

JOSEBA, MAITE eta ANE: Egia borobila da; urtero, neurketek horixe adierazten digute; helduen eredua oso garrantzitsua da, baita gazteek eurek esanda, egiten duten kultura- eta aisialdi kontsumoa: zinea, musika... DBHn nabarmena da; gerora eta haiekin hausnarketak bideratuta, Batxilergoan hasten dira kontzientzia hartzen eta borondateak (hizkuntzarekiko hautuak) hor garrantzi handia du.

Ohitura kontua ere ba omen da, eurek esanda; eta ohitura horiek aldatzea oso zaila ikusten dute.

Argi dago etxeko egoerak baldintzatzen duela neurri handian euskararen erabilera; etxeko transmisioa eteten bada, askoz zailagoa da eskolatik hori bultzatzea; ikasleak ez dira bizi isolaturik; hortaz, beste eremuetan eragitea oso garrantzitsua da; batez ere ez-formaletan, aisialdian, kiroletan, eta hor jarri nahi ditugu gure hurrengo erronkak; sintonia estuan ahalegindu beharko ginateke gurasoak, irakasleak, begiraleak, entrenatzaileak... erronka honen aurrean.

SEMAFOROA: Bai Euskarari Sariak jaso dituzten biak Tolosaldekoak zarete (Kelsen eta Hirukide). Kasualitatea ote? Tolosaldean aukera handiagoa al dago beste eskualde batzuetan baino euskararen normalizazioan neurri aurrerakoiagoak edo ausartagoak hartzeko?

JOSEBA, MAITE eta ANE: Tolosak berak baino, inguruak eragiten du aukera horretan, eta ikusi besterik ez dago asteburuetan eta feria egunetan gertatzen dena; alegia, euskara gehiago entzuten dela; kalean, berriz, eta azterketa soziologikoek ere horrela adierazten dute, Tolosa beti izan da nahiko berezi: gerra aurretik ere lehenengoetakoa izan omen zen gaztelaniara jotzeko, baina berreskurapena hasi zenean, inon baino gehiago egin ziren aurrerapausoak; orain, berriz, eta datuen arabera, egonkortu egin omen da erabilera, eta, ezagutzaren aldean, espero baino eskasagoa omen da.

Tolosak eskualdeari ez dio erantzun egokia ematen, eta ikastetxeok euskaldundu ditugun gazteei ere ez. Euskara Hezkuntzatik soilik lantzen bada, emaitza positiboak hezkuntzatik soilik etorriko dira. Gizarteko beste arloetan petatxoak jarriz ezin da aurrera egin, gehienez, toki berean geratuko gara. Gu etxeko lanak egiten ari gara.

SEMAFOROA: Gipuzkoako Hitzan egindako elkarrizketan adierazi duzu eragileok indarrak bildu behar ditugula. Zer-nolako egituratan bildu beharko ginateke eta zertarako?

JOSEBA, MAITE eta ANE: Euskarari egitura zatituak eta egonkortasun eskasekoak kalte egiten diotela jakin badakigu. Instituzioak herri mugimenduen edo erakunde pribatuen lankidetzarekin elkarlanean arituz, hortik etorriko da bidea. Zertarako? Euskara gizarte eleanitzeko bizkarrezur bezala jartzeko.

Horretara heltzen garen bitartean, Tolosaldean bada euskaraz gauzak egin eta euskaraz indarrak jartzen dituen elkarte xumea, anitza eta denon bilgunea izan daitekeena: Galtzaundi.









0 erantzun:

  ©Template by Dicas Blogger.