2011/10/21

Euskarazko hedabideak Tolosaldean (II). Zer dio Txolarre Irratiak?




Azken asteotan euskarazko hedabideen egoera dugu hizpide nagusi Semaforoan: inkesta jarri dugu martxan eta prentsaurrekoetan erabili beharreko hizkuntzei buruzko hainbat artikulu argitaratu ditugu (Joseba Kamiorena eta Andoni Egañarena, esaterako). Lanketa horretan ezinbestekoa iruditu zaigu eskualdeko euskarazko hedabideei ere aukera ematea, euren gogoetak eta kezkak gizarteratzeko.

Tartean, Txolarre Irratia dago. 2000. urteko abenduaren 26an egin zuen lehen emankizuna Txolarre Irratiak. Bizpahiru urte lehenago sortu zen eskualdean, ordea, irratia martxan jartzeko talde eragilea. Herritarrek osatutako taldea izan zen. Garai hartan “itzalita” zegoen Villabonako Loatzo udal irratiaren azpiegiturak baliatu zituzten Tolosalde osora euskarazko irratia zabaltzeko.

Segi irakurtzen


Premia: garai hartan irratia martxan jartzeko talde eragilean bildu ziren herritarrek irudikatu zuten hiztun komunitate bat, eskualdeko 28 herriak hartuko zituena. Komunitate horrek euskaraz bizitzeko hautua egina zuen eta komunikatzeko tresnen premia sumatzen zuen. Behar horretatik abiatutako egitasmoa da Txolarre.

Izaera: eskualdeko herritar talde batek sortu zuen proiektua izanik, izaera herrikoia du irratiak. Juridikoki kultur elkarte bezala eratuta dago eta eskualdeko edozein herritarrek du eskubidea irratiko batzordean parte hartzeko. Txolarrek ez du loturarik inongo komunikazio talde edo enpresarekin. Irratiari dagozkion erabakiak bertan hartzen dira, bertakoek hartzen ditugu. Zehaztu beharra dago, gurea ez dela irrati “librea”. Izen hori 80. hamarkadan hain ugari eta emankor izan ziren irrati autogestionatuak eta okupazio mugimenduarekin lotura zutenak izendatzeko erabiltzen zen. Txolarre izan liteke independentea nahi bada, askea, baina ez “irrati librea”. Hiztun komunitate horren zerbitzura lanean ari den irratia da, asmo horrekin sortutako. Irrati “komunitario” dei diezaiokegu, ez publiko, ez pribatu, ez libre. Funtzio sozial argia duen irratia: euskararen geroratzea ziurtatzea Tolosaldean.


Helburuak:
Hedabide garen neurrian, informatzea, entretenitzea eta formazioa ematea da gure egiteko nagusia. Euskaraz egiten dugun neurrian ekarpen garrantzitsua egiten diogu hizkuntzaren normalizazioari. Baina hala ere, gure egitekoa haratago doa. Ezinbesteko tresna gara, adibidez, hiztun komunitatea trinkotzeko (elkarrekin harremanetan jar ditzakegu eskualdeko euskaldunak, komunitate baten parte sentiarazi diezaiekegu …). Geure lana behar bezala eginez gero, prestigioa eman diezaiokegu hizkuntzari eta eskualde osoa euskararen inguruan ardaztu dezakegu.

Emaitzak: egiteko edo funtzio asko ditugu beraz, euskarazko hedabideok. Arrakasta/porrotaren neurgailutzat entzule kopuruak kontutan hartzea ez zaigu egokia iruditzen. Tresna garen neurrian gure egitekoa zenbaterainoko eraginkortasunez egiten dugun neurtzea ez da gauza erraza eta ezin da zenbaki batera mugatu. Poztuko ginateke, irratia entzun edo ez, Txolarre eskualdeko euskaldunontzat erreferentzia izango balitz eta arrasto hori utziko balu. Alde horretatik, eskualdean irratirako bideratu diren baliabideak zeintzuk diren eta ondorioz zabalkunderako zein zailtasun izan diren ikusita, Txolarrek lortu duen oihartzunarekin harro egoteko moduan gaude.




SEMAFOROA: Hedabideak bi krisialdi pairatzen ari dira: krisialdi ekonomikoa eta hedabide tradizionalen krisialdia. Nola eragin dute zuenean?



TXOLARRE IRRATIA: Susmoa dugu hedabide tradizionalen krisialdiak gehiago eragiten diola paperekoari, ikus-entzunezkoari baino. Neurri handi batean, hedabideak kontsumitzeko ohitura aldatu da eta gaur egun bat batekoa, momentukoa, azkarra eta ikusgarria dena lehenesten da; eta hori sarean topa dezakegu. Zentzu horretan nahikoa bat bateko medioa da irratia eta etengabe modu berrietara egokitu beharko duen arren, eutsi diezaioke krisialdiari. Hala eta guztiz ere, ez zaigu iruditzen kontsumo ohitura horiek berezkoak direnik, probokatuak baizik; eta alde horretatik, ohitura horiek aldarazteko gai inor bada, hedabideak dira. Gurea bezalako tokiko hedabide txiki, gertuko eta komunitariook eredu parte hartzaileak bultzatu beharko genituzke. Hedabideon “kontsumoaren” partez, hedabideon “erabilera” bultzatuz.

Txolarre Irratiari ere eragiten dio krisi ekonomikoak. Egia da gainerako hedabideei baina neurri txikiagoan eragiten diola, neurri handi batean, merkatutik kanpo funtzionatu duelako urte guztiotan. Arlo pribatuari dagokionean, eskualdeko herritarrek egindako ekarpenak (material salmenta, ekitaldien antolaketa, txosnak, dohaintza …) izan dira sostengu eta hemen beheranzko joera sumatzen da, noski. Erakunde publikoetatik, berriz, Txolarrek jaso du laguntza, baina oso modu apalean. Eusko Jaurlaritza edo Diputaziotik ez da diru-laguntzarik jaso inoiz eta eskualdeko udal askok ere ez dute bere ekarpenik egin hamar urteotan. Ondorioz, baliabide exkaxekin egin behar izan du aurrera irratiak. Ez du esan nahi horrek egoera horrekin konforme gaudenik, gure ustez, aurrera begira baliabide gehiago bideratu beharko baitira euskarazko medioetara.

Hala ere, krisia testuinguruaz kontziente gara. Ekonomian aditu izan gabe, esan dezakegu aurrera begira beste funtzionatzeko era batzuk bultzatu beharko direla: gertuagoko sareak sustatu, jasangarriagoak, eraginkorragoak, autogestionatuak … Gutxiagorekin bizitzen ikasi beharko dugula, beraz. Inork esperientzia badu horretan, Txolarrek du.

SEMAFOROA: Zer irakurketa egiten duzue otsailean 60tik gora hedabidek egindako eskaeretatik ("Beste jauzi baterako ordua" adierazpena)?

TXOLARRE IRRATIA: Txolarre Irratiak bat egin du hasieratik adierazpenarekin. Puntu guztietan dator bat eta garrantzitsua ikusten du euskarazko hedabide ez publikoak jendartean sektore bezala agertzea. “Beste jauzi baterako ordua” adierazpena sinatu aurretik, oso antzeko dokumentua sinatzeko proposamena luzatu zien Txolarrek eskualdeko gainerako hedabideei.

SEMAFOROA: Zertan aldatu beharko luke administrazio publikoen eta euskarazko hedabideen arteko harremanak, euskarazko hedabideen egoera hobetzeko?

TXOLARRE IRRATIA:
Euskara ez dago egoera normalean eta hortaz euskarazko hedabideok ezin dugu lehiatu hizkuntza indartsuagokoekin. Auto-finantziazio erabatekoa hizkuntza-normaltasunarekin batera etorriko da. Eta aldi berean, euskarazko hedabideak eragile gara normaltasunaren bidean.

Administrazio publikoetako hizkuntza politiketan euskarazko hedabideak normalizazio bidean giltzarri garela aitortzen da eta ondorioz laguntza bideratu behar zaigula. Paperetan letra larriz aitortzen da, baina gero hedabideok ez dugu nahikoa sostengu jasotzen.

Argi utzi nahi dugu laguntza publikoak ez duela beti dirutan etorri beharrik: sustapenean, zabalkundean edota fidelizazioan ahalegin txikia eginik laguntza handia eman dezakete administrazioek. Erakunde publikoak izan beharko lukete, bestalde, euskarazko hedabideen erabiltzaile behinenak, haien atzetik etorriko dira gero herritarrak. Tamalez orain arte, alderantziz gertatu da maiz.

Zeregin aktiboagoa beharko lukete erakundeek, euskarazko hedabideekin elkarlanean. Komunikabideok ez genuke harreman hau morrontza bezala ulertu behar, helburu komunak dituzten erakundeen (publikoen eta ez publikoen) arteko lankidetza bezala baizik. Aldi berean, erakunde publikoetan ordezkari (politiko) direnek euren interes partidistak lankidetza honetatik kanpora utzi beharko lituzkete.

Hortaz, euskarazko hedabideei laguntza (dirutan ere) ematerako orduan, lehenetsi behar diren irizpideak, gure ustez ez dira izan behar hainbeste kuantitatiboak (entzule/irakurle/ikusle kopurua, auto-finantziazio maila, zabalkunde eremua …) kualitatiboak baizik. Hedabideentzat egitura indartsu eta sendoak sortzen lagundu behar dute erakundeek, hizkuntza normalizatzeko tresna eraginkorrak izan daitezen. Hala badira, geroz eta entzule/irakurle/ikusle gehiago izango dituzte, geroz eta laguntza publiko gutxiago beharko dute, geroz eta errazago zabalduko dira … benetan erreferentziazkoak bihurtuko zaizkigu.


SEMAFOROA: Nola ikusten duzue zuen hedabidea hemendik 5 urtera? Eta 10 urtera?

TXOLARRE IRRATIA: Ez gara iragarle, baina Txolarre neurri handi batean izango da eskualdeko herritarrek erabakitzen dutena. Behar bati erantzunez herritarrak izan ziren irratia sortu zutenak duela 10 urte baino gehiago eta urteotan iraun badu izan da herritarrek beraiek balio bat eman diotelako. Erabiltzen ez diren tresnak kamustu egiten dira eta ibiltzen ez diren bidezidorrak sasiak hartzen ditu. Eskualdeko euskaldunek euskaraz informazio jasotzeko premia agertzen duten bitartean segituko du Txolarrek. Hemendik 5-10 urtera Tolosaldean euskararen estatusa beste bat izatea nahi genuke eta hori, besteak beste, euskarazko medioetan egindako lanari esker izatea. Bide egokian goazela esan nahi luke horrek.

SEMAFOROA: Zer-nolako harremana duzue eskualdeko euskarazko gainerako hedabideekin?

TXOLARRE IRRATIA: Elkar ezagutzen dugu eta harremana badugu. Bildu izan gara eskualdeko euskarazko hedabideen arteko elkarlanaz hitz egiteko. Harremanaren nolakotasunean ez dugu gehiegi sakondu nahi. Bistakoa da ez dela hartu eman erraza. Esan dezagun, oso izaera ezberdineko euskarazko hedabideak ditugula eskualdean eta horrek zaildu egiten duela elkarren arteko ulermena. Maiz esan izan dugu hizkuntza diferenteak erabiltzen ditugula hizketarako, eta horrela nekeza da adostasunetara iristea.

SEMAFOROA: Zer-nolako elkarlana bidera daiteke hedabide horiekin?

TXOLARRE IRRATIA: Aurreko galderari emandako erantzunak ez du esan nahi, inondik inora, gure artean elkarlana bideratu behar ez denik. Bideratu bakarrik ez, egoki eta beharrezko ikusten dugu Txolarretik. Hala ikusi izan dugu betitik.

Azkeneko urteotan, hedabideen arteko elkarlanaz asko hitz eginda eta gehienetan arinegi. Oinarri batzuk:

a) Elkarlanak eskatzen du, lehenik eta behin, elkarrekin aritu beharko duten hedabide horien aitortza egitea. Lau hanka izango baditu mahaiak, lauak berdin dira ezinbesteko elkarlanerako.

b) Egia da elkarlanak, sinergiak aprobetxatu eta hedabideak modu eraginkorragoan antolatzen lagunduko digula. Horrek ez du esan nahi, baliabideak beharko ez direnik eta norabide horretan ahalegin bat egin beharko ez denik. Sektorearen aldeko apustua guztiok egin beharko dugu.

c) Eskualdearentzat zerbitzu edo produktu hobeak eskaintzea izan dadila elkarlanerako abiapuntu. Hiztun komunitateari begira dugun ardurazko betekizuna egokiago egiteko irizpidea lehenetsi dezagun.

Eta hortik aurrera, beldurrik gabe, erantzukizunez, arduraz eta eskuzabaltasunez jokatuz gero, ziur gaude denok kabituko garen jokaleku bat topatuko dugula.

SEMAFOROA: Zer mezu helarazi nahiko zeniekete eskualdeko euskaldunei?



TXOLARRE IRRATIA: Segitzeko holaxe. Emaitza kolektiboa izan da uhin bidez aireratu duguna eta egindako bidea eskualdeko euskaldunek egina dela. Badakigu, urteotan zenbait garaitan herritarrek ahalegina egin behar izan dutela irratia jarraitzeko. Baina kantuak ziona moldatuz: Txolarreren mugak, euskararenak, gure baitan daude gehienak … Eta hain zuzen, geure baitatik, eskualdeko euskaldunok osatzen dugun komunitatearen barrutik eraginda lortuko dugu mugak gainditzea. Euskarazko hedabideak entzunez/irakurriz/ikusiz, hauetan parte hartuz, guretzako propio sortutako tresnak erabiliz lortuko dugu euskara izatea Tolosaldeko hizkuntza hegemonikoa, gure territorio librea.




0 erantzun:

  ©Template by Dicas Blogger.