2009/12/02

Euskal Herrian Euskaraz, 30 urtez


Euskal Herrian Euskaraz elkartea 1979. urteko azaroaren 4an aurkeztu zen jendaurrean. Beraz, hilabete honetan 30 urte bete dira mugimendu herritar eta euskaltzale hau lanean hasi zenetik. Durangoko Azoka aukeratu zen lehen agerpena egiteko eta “Euskararik gabe, Euskal Herririk ez” lemapean bidea egiten hasi zen. Egun hartan, euskaldunok osatzen dugun komunitatea eta lurraldea aintzat harturik, egun oraindik gure helburu izaten jarraitzen duena plazaratu zen: Euskal Herri euskalduna erdiestea; eta helburu hori lortzeko, ezinbestean erakunde honek izaera erreibindikatzailea eta borrokatzailea izango zuela adostu zen.

Euskal Herrian Euskaraz sortu zenetik, argi geratu zen EHE ez zela izango bere ekimena bulego baten barruan aurrera eramango zuen eragilea, eta kalea hartzea eta herritarrei zuzenean interpelatzea lehenetsi zen jokamolde nagusi bezala.
Eta horrela ekin genion bideari, irmo, gogotsu, kementsu, eta helburua beti ere garbi genuelarik. Euskaldunoi urratzen zaizkigun hizkuntza eskubideen defentsa eta salaketa lanak hartu zuen gure jardunaren zati handi bat: "ezin da ahantzi euskara eta euskaldunok ez gaudela testuinguru neutral batetan kokatuta. Gure herriak, komunitateak eta hizkuntzak jasan beharreko erasoak bata bestearen atzetik etorri izan dira, egun bezalaxe. Mota askotakoak eta garaira egokituak, baina egituran komunak diren ezaugarriekin: euskalgintzaren ekimena oztopatu, normalizazio prozesua geratu, zatitzen gaituen egitura juridikoa indartu eta babestu...".
Euskarak jasandako eta egun oraindik jasaten duen zapalkuntza agerian uzteaz gain, EHEren beste jardun nagusiak Euskal Herri euskaldun hori gaurdanik eraikitzean datza, hots, dinamika eraikitzaileak abiatzean. Euskarari lehentasuna ematea edozein oinarritzat hartzen dugu, eta Euskal Herri osorako euskararen ofizialtasunaren aldarriak paper berezia jokatzen du bide horretan. Alta, eraikuntza lan hori auzolanean oinarritzea bultzatzen dugu, euskaraz bizi nahi badugu, norbanako bakoitzetik hasita baina guztiok batera ekin behar baitiogu, urratsz-urrats, Euskal Herri euskaldunaren bideari.
Herria berreuskalduntzeko bidean, EHEtik normalizazio prozesuan lan egiten dugu euskalgintzako beste hainbat eragilerekin batera. Kontseiluaren sorrerarekin batera, normalizazio planak bultzatu ditugu herrietan, eta baita nazio mailan ere. Normalizazio planetan eragile sozial, politiko eta sindikalekin batera, herritarren parte hartzea bultzatu nahi dugu EHEtik.
Eta horrela iritsi gara, borrokaz borroka, gaurko egunera. 30 urte daramatza EHEk Euskal Herria berreuskalduntzeko bidean urratsak ematen; 30 urte luze, euskaldunon hizkuntza eskubideen aurkako erasoak salatzen, euskararen normalizazio prozesuan akuilu lana egiten, euskaraz bizitzeko hautua hedatzen eta herritarrei ibilbide horretara atxikitzeko dinamikak eta espazioak eskaintzen. Halarik ere, duela 30 urte EHE sortzera eraman zuten funtsezko arrazoiak arnas betean dira egun, tamalez.
EHEri buruzko beste artikulu interesgarri bat: "Euskararik gabe Euskal Herririk ez".
segi irakurtzen...

Euskalgintzaren mapa



Kontseiluak sortu duen Euskalgintzaren mapa direktorioaren bidez, euskararen normalizazioa lortzeko lanean ari diren elkarte eta erakundeen ekintzak eta egituraketa azaldu nahi dira, eta beren arteko harremanak erraztu eta esperientziak trukatzeko lanabesa izan nahi du.
Horretarako, baina, beharrezkoa da euskalgintzaren eta baita norbanako euskaltzaleen ekarpena. Horregatik, deia luzatzen dizuegu mapa osatzen laguntzeko. Tresna honek guztion lanabesa izatea du helburu.
Euskalgintzaren mapa honetan, sail ezberdinak aurki ditzakegu:

  1. Herri bakoitzeko euskalgintzaren datu basea eta bere egituraketa


  2. Ideien bankua


  3. Albistegia
  4. Berriketarako foroa                                                                                                               Besterik gabe, sortu berri den tresna hau erabiltzeko gonbitea luzatzen dizuegu, sartu, ikusi eta aldaketaren bat erantsi nahi badiozu, edota zure iritzia, proposamena edota albisteren bat gehitu erregistratu zaitez eta erantsi zure ekarpena.    Bere helbidea: http://www.euskalgintza.org/

segi irakurtzen...

2009/10/14

ADUNAKO UDALAK ABIAN JARRI DU HERRIKO ENPRESETAN EUSKARA BULTZATZEKO PLANA

Adunako Udalak herriko enpresetan euskararen erabilera sustatzeko plana jarri du abian, Galtzaundi Euskara Elkartearekin sinatutako hitzarmen baten bidez. Plana asmo handikoa da, herriko 90 enpresa sartuko baitira egitasmoan: lehenengo, udalak gutun bat bidaliko die enpresei, kanpainaren berri emateko, eta, gutunak bidali ondoren, Galtzaundiko teknikari batek bisita egin eta enpresan euskararekin zer-nola jokatzen duten neurtuko du.
Prozesu horretan Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) hizkuntz normalizatzaile batek ere laguntza emango du.
Helburu nagusia 2009. urtea amaitu aurretik enpresekin hartu-emanetan jartzea eta euskararen erabilera neurtzea da.
Enpresekin ez du inoiz horrelako lanketarik egin Adunako Udalak, baina Galtzaundirekiko hitzarmena ez da zerotik abiatuko; izan ere, Adunan, sei enpresak Bai Euskarari Zirutagiria dute, eta beste batzuek, ziurtagiririk ez duten arren, euskara aldeko apustua egin dute hainbat zereginetan.
Horrenbestez, Adunako Udalak eta Galtzaundi euskara elkarteak dei egin diete herriko enpresei Galtzaundiko teknikariari erraztasunak emateko eta euskararen aldeko neurriak hartzeko, Adunako euskararen normalizazioan urrats garrantzitsua delako.
segi irakurtzen...

2009/09/25

ETORRIBERRIEN PROTAGONISMOA ALEGIAKO FESTETAN


Herrietako festetan pregoilari eta txupineroekin dezenteko zalaparta eduki dugu uda honetan.
Alegiako Udalak protagonismoa eman die munduko beste bazter batzuetatik herrira joan direnei, gainerako alegiarrei bi hitz esateko, festen hasierako ekitaldian.
Batzuk beren jatorrizko hizkuntzan hitz egin zuten, eta bat euskaraz.

IKUSI BIDEOA segi irakurtzen...

Tolosako AITZOL UDAL EUSKALTEGIAren izenean



Lehenik eta behin, eskerrak eman behar dizkiegu tolosaldeko udalei datorren ikasturteari begira ere gure euskaltegiaren eskaintza bere udalerrietan kontuan hartu dutelako eta herritarrei horren berri emateko ahalegina egiteko prest daudelako. Garbi dago, ordea, ez dela nahikoa udalak saiatzea, jendeak duela azken hitza euskararekiko jarreran eta erabileran.
Gure eskualdea euskaldun samarra da, zorionez, eta guk uste dugu, aurren aurrena konturatu eta benetan sinistu egin behar dugula altxor baten jabe garela; mendez mende euskaldunei eguneroko bizitzan moldatzeko balio izan badie eta orain ere hala balio badigu, ez dela hutsaren hurrengoa, zenbait jende luzaroan hala sinistarazten saiatu bada ere.
Egia da edadeko jendea badihoakigula eta altxorraren zati bat eurekin doala betiko; baina, horrekin batera, ikusten dugu datorkigun gazte jendeak beste aberastasun bat dakarrela, alegia, bere ama hizkuntzan alfabetatuta dagoela, lehengoak ez bezala. Izan ere, bada gure inguruan sasoiko euskaldun ugari, bestelako garai eta egoeretan hazitakoa, euskara lantzeko aukerarik izan ez duena; horrelako jendeak ikusi behar du oraindik ere garaiz dabilela, alfabetatzeko trenik ez duela betiko galdu, ordutegia eta geltokia aldatuta daudela, baina maiz pasatzen direla trenak euren ingurutik: ibilbide luzekoak batzuk (ikastaroren batean izena eman eta alfabetatu oso izatea aukeratzen dutenentzat) eta ibilbide motzekoak besteak (egunero euskaraz zerbait irakurri edo idazten saiatzen direnentzat aproposak: etxeko, laneko edo umeen eskolako oharrak, udalari egindako eskaerak, prentsako berriak edo aldizkarietako artikuluak...). Badu non aukeratua, pixka bat trebatu nahi duenak!
Hastea izaten da zailena, ausardia pixka bat ere behar baita horretarako; askoz errazagoa da ezer ez egitea... Baina gogoa duenari laguntzeko eskaintza egokia dugu euskaltegian, ikaslearen beharretara egokitzeko prest gainera, ahal den neurrian behintzat: astean hiru egunetan etortzea izan liteke aukera bat; eta, bestela, berriz, tutore baten gidaritzapean egin beharreko lanak izendatu eta hamabostean behin elkartzea nahikoa izaten da; eta hori dena gehitxo dela uste duenarentzat, berriz, antola litezke ikastaro laburrak ere, helburu jakina eta apalagoa dutenak... Era askotara jaso liteke laguntza; baina garbi izan dezala, ez duela jaso bakarrik egingo, zer eskainia eta zer emana baduela berak ere, lehen aipatutako altxor hori balio handikoa dela eta estimatu egin behar duela, euskarak ere harremanetarako eta ondo pasatzeko, lanerako bezalaxe gozatzeko ere balio duela, eta hori lortuz gero denok aterako garela irabazten. Horregatik uste dugu, gure omenaldirik beroena merezi duela bere altxorra zabaltzen, erakusten eta banatzen saiatzen denak, hitz gutxitan esanda bete-betean euskaraz bizitzen saiatzen denak, semaforo honetan dabilenak, besteak beste.
Ez dezala ba inork etsi! Ahal duela eutsi, eta ahal duen neurrian hobetu dezala, gu ere lagun izango gaitu-eta horretan.
Ez dugu esango saiatu gabe egingo duenik; jarritako helburua lortzeak ahalegina eskatuko dio, bidea ez da erraza izango une batzuetan, baina jasotzen joango den sariak mereziko du zalantzarik gabe. Alde batetik, herritarren ahalegina nolabait saritzeko, udal gehienek ematen dituzte laguntzak eta, beste alde batetik, konturatzen denean gaur egun euskaraz oso osorik bizitzeko dituen mugak gainditzea lortu duela, euskaraz gustura idazten duela, euskaraz irakurrita ere disfrutatu egiten duela... horrekin sentituko duen pozak benetan txiki utziko du egindako ahalegina.
Animo, bada, eta segi euskaraz bizitzen !!!
segi irakurtzen...

ZER ESKAINTZEN DIO TOLOSALDEKO AEKk TOLOSALDEARI?

- Euskara ulertu eta hitz egitea.
- Euskal kultura ezagutu eta bertan murgiltzea.
- Euskaraz idatzitako prentsa eta liburuak erosotasunez ulertzea.
- Euskaraz erraz eta eroso idaztea.
- Agiri ezberdinak lortzeko azterketak prestatzea.
- Jende ezberdina eta lagun berriak ezagutzea.
- Euskaldun oso izatea
- …..
Baina horrez gain, TOLOSALDEKO AEKk badu beste ESKAINTZA bat:
HERRIAN BERTAN EUSKALDUNDU ETA ALFABETATZEA
Tolosaldeko AEKren ustez, beharrezkoa eta ezinbestekoa da herritarra bere ingurunean, ingurune hurbiletik gertu, hots, herrian bertan euskalduntzea eta alfabetatzea.
Modu horretara lortuko baita euskaldun oso bat izatetik gero eta euskaldun oso gehiago izatera; azken finean, euskal herri euskalduna lortzea. Beraz, Tolosaldeko AEK taldeak sortzen diren herrietara joango da.
Tolosaldeko AEKren helburu honen aurrean oztopoak eta trabak aurki ditzakegu nonahi eta horren adibide da herrietan taldeak ateratzeko eskatzen den gutxieneko ratioa.
Hala ere, Tolosaldeko AEKk gogotsu ekin dio matrikulazio kanpaina honi eta ahal den guztia egiteko prest dago gure herri txikietan eta ez hain txikietan ere taldeak sortzeko eta ikasleak euskaldun eta alfabetatzeko.
Baietz aurten lortu!

segi irakurtzen...

ZERBITSUA ESKAINTZEN DUTE, ZERBITZUAREN ORDEZ












Semaforoaren lagun batek honako argazki hauek bidali dizkigu. Tailerra Tolosatik Anoetarako bidean dago, eta zerbitzua eskaini ordez zerbitsua eskaintzen dute. Zerbitzua ortografiaren maila berean badago, ez dakit nork eramango lukeen automobila tailer horretara.

segi irakurtzen...