2010/09/30

Tolosaldeko 27 herritan ezin dira haurrak euskaraz erregistratu




Laster aita/ama izango zara? Badakizu haurra jaiotakoan egin beharreko lehenengo tramite administratiboa haurra erregistratzea dela? Badakizu haurra jaio den herrian edo gurasoen bizitokian bakarrik erregistratu ahal izango duzula? Badakizu eskualdean Tolosan bakarrik dagoela haurrak euskaraz erregistratzeko aukera? Zilegi da hori, XXI. mendean?

Usurbilen hiru gurasok (argazkian) eskaera egin dute haurra euskaraz erregistratzeko, eta horrek soka luzea ekarri du prentsan: Berrian, Garan, Diario Vascon...

Behatokiak eta UEMAk dei egin diete gurasoei bake epaitegietan eta erregistro zibiletan haurrak euskaraz erregistratzeko eskaerak egiteko, euskarazko aukera lehenbailehen jar dezaten lortzeko.

Beraz, guraso izango bazara, eskaera ahalik eta lasterren jartzea komeni zaizu; hau da, haurra jaio baino lehen. Horretarako, jarri harremanetan Behatokiarekin (902194332) edo UEMArekin (943260372).


Read more...

2010/09/28

Gaztelaniak euskara estali du eitb.com-en



Bagenekien noentiendotarrak nagusi zirela EAEko legebiltzarrean, eta bagenekien diskurtsoetan euskarazko jarduna ez zela gaztelaniakoaren adinakoa izango.



Baina ez genekien eitb.com-ek gaztelaniaren alde euskara estaltzeraino egingo zuenik. Sustatun salatu dutenez, eitb.com-en azken saioa streaming bidez eman zuten, eta euskarazko jarduna gaztelaniazko itzulpenak estali zuen. Hau da, euskaldunei euskaraz entzun ordez, gaztelaniazko itzulpena entzuten zuten.

Anekdota hutsa da edo adibide argigarria?

Read more...

2010/09/27

LEHEN HITZETIK ZERBITZUA EUSKARAZ (Zigor Etxeburua)








Azken hogei urteotan, euskalgintzak behin eta berriz azpimarratu du nahitaezkoa dela alor-sozioekonomikoaren euskalduntzea, euskararen berreskurapen-prozesuan aldaketa kualitatiboa lortzeko.
Segi irakurtzen
Norbanako helduon eguneroko bizipen eta harreman gehienak lan-munduaren eta aisiaren eremuetan egiten ditugu, gure eguneko denbora-tarte ia osoa ematen baitugu horretan (lana eta lantokia, zerbitzuen eskaintza, aisia, bezeroak). Eta edonork ziurta dezakeenez, Euskal Herriko gizarte-bizitzan gaztelaniak eta frantsesak euskarak baino erabilpen askoz ere handiagoa dute, euskarak hainbat esparru erabat arrotz izateraino. Era berean, eta hizkuntzen erabilera sozialari loturik, hizkuntza hegemonikoek ez dute euren abiada moteltzen; aitzitik, bizkortu eta bizkortu ari dira, eta gurearen tamainako hizkuntzek egunerokoa dute bizirik irauteko ahalegina egin beharra. Horiek hala, eta jakinik harremanak beti hizkuntzaren batean egiten direla, bizkor ondoriozta daiteke ez dela euskararen egoera normalduko gizarte-bizitza euskaldundu gabe. Euskarak funtzio guztiak berreskuratu behar ditu, euskarak ez baitu etorkizunik izango erabiltzen ez bada (Baña nik, izkuntza larrekoa, nai aunat ere noranaikoa, X. Lizardi). Horretaz jabeturik, euskalgintzak sentiberatze-lan handia egin du gizarte-eragile eta entitateek bat egiteko euskara normalizatzeko helburuarekin, eta egitasmo ugari garatu ditu arlo sozioekonomikoan jarduten duten entitateen hizkuntza-normalizazioa laguntzeko. Lorpenak ugariak izan dira, ehunka baitira euskaraz lan egitera iristeko bidean abiatu diren entitateak.
Baina, helburu horretara iristeko funtsezko arazo bat dago, euskaraz bizitzeko hautuak aurrez aurre duela euskal herritar gehienek euskara ez ezagutzea. Euskalgintzak aspaldi erreparatu zion horren garrantziari, eta ikastolak, gau eskolak zein euskaltegiak antolatu zituen, arazoari ganoraz eutsiz. Urteotan aurrerapausoak egin dira gazteen euskalduntzean, egiteke gehiegi dagoen arren. Eta aitortza handiena merezi dute helduaroan euskara ikasteko ahalegina egin duten milaka euskal herritarrek. Hala eta guztiz ere, hori guztia ez da nahikoa izan, eta gazte euskaldunek eskolako ataria igaro bezain pronto topatzen duten gizarte-bizitza erabat erdalduna da. Hori azaltzeko hiru eragile eta hiru arrazoi daudela esan daiteke. Eragileak, partiketa administratibo bakoitzeko instituzio nagusiak. Hau da, Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua; Iparraldeari dagokionez, instituziorik eza bera izan da eragilea. Eta arrazoiak, lehena, eragile horiek sustatu ez izana heldu guztiok euskara nahikotasunez ikastera iristeko adinako ekimenik (horrek berekin dituen inplikazio politikoengatik). Bigarrena, instituzio horiek gazteen hala moduzko euskalduntzea sustatzera mugatu izana. Eta azkena, euskararen erabilera norbanakoon borondatearen eta gazteen sorbalden gain utzi izana, (adibidez, Jaurlaritzak are eta gehiago kamustu du berez nahikoa ahula zen Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideei buruzko Dekretua, euskaraz artatzen ez duenari zigorrak ezartzeko aukera baztertuz). Beste administrazioek hori aurreikusi ere ez dute egin. Azken horri loturik, badago nahikoa aztertu ez den beste aldagai ‘pertsonalago’ bat, bi erdaren nagusigo posizioa, eta horrek eragiten duen euskaldunon gutxiagotasun-konplexua. Erdaldunek badakite euskaldunok nahitaez gaztelaniaz edo frantsesez jakin badakigula, eta horretaz baliatzen dira asko beren erantzukizunei iskin egiteko. Era berean, euskaldun gehiegik azaltzen du praktikarik ez duen ‘euskararen aldeko’ jarrera.
Beraz, euskararen erabilera orokortzera iristeko bi erronka nagusiek bete gabe jarraitzen dute: euskaraz bizi ahal izatea legez bermatzea eta euskararen ezagutza unibertsala lortzea. Inpase egoeran gaude. Ataka horretatik ateratzeko, zerbitzuen alorra eragin nahi duen ‘Lehen hitzetik zerbitzua euskaraz’ eragite-ekintza jarri du abian Kontseiluak, euskalgintzak abiatutako bideari eutsi eta are indar handiagoa eman nahirik. Eman lezake ingurumari ekonomikoa ez dela euskararen eskakizunaren alde egiteko egokiena, mundu mailako krisiaren erdian egonik. Baina, krisi garai hau euskararentzat aukera bilakatu beharra dago. Zerbitzuen arloaren ezaugarria da, hizkuntza ezagutu eta erabili behar izateaz gain, bezeroen nahiak asetzea dela helburu. Guztiok bezero izan gaitezkeela baliatuz, euskaldunon eragiletza bultzatu nahi dugu esparru horretan. Harreman komertzialetan, langileen eta bezeroen artean euskaraz hitz egin ahal izatea eta euskaraz hitz egitea eragin nahi da, euskara zerbitzu-hizkuntza izatea. Horretarako, kanpainan parte hartu nahi duten herrietan, euskaldunei dei egingo zaie euskaraz bizi daitezen, erosketak euskaraz egin ditzaten, euskarazko zerbitzuak eska ditzaten. Euskaraz artatuak izan nahi dugula jakinarazi, eta euskaraz nahikotasunez moldatzen ez denari hizkuntza ikastea proposatu. Jadanik ez baitute balio ‘no entiendo’ edota ‘je ne comprend pas’ bezalakoek. Euskaldunon kontzientziatuok euskaraz bizitzeko jarrera geure egin eta indartuz gero, bizkortu dezakegu eragile sozial eta politikoek euskararekiko jokabide aktiboak izatea. Gonbidatuta zaudete euskararentzat garatu eta zabaldu nahi ditugun esparruotan eragitera. Zerbitzu-emaile euskaldunak aukeratu nahi ditugulako, euskaraz bizi nahi dugulako.

Zigor Etxeburua Urkizu
Kontseiluko kidea

Read more...

2010/09/23

Zenbat eta zenbat jende dago oraindik "Egun on" esaten ikasi ez duena?





Galdera horren gainean aritu da hausnartzen Jesus Mari Mendizabal Diario Vascon. Abiapuntu duela urte batzuk Hondurasetik Irunera joandako aitona baten adierazpenak izan ditu. Honduraseko pertsona horrek esker oneko hitzak baino ez ditu bertako jendearekin, eta bilobek euskara ikas dezaten defendatzen du. Horiekin alderatuta, aspalditik hemen bizi diren askoren jarrera kritikatzen du, eta haientzat da gure semaforo gorria ere.



Artikulu osoa irakurri nahi baduzu, egin klik hemen.

Read more...

2010/09/20

Tolosaldean, erdara uhinetatik belarrietara datorkigu



Tolosaldean entzuten diren irratietan gaztelania da jaun eta jabe. Neurketa egin arte ez gara konturatu gaztelaniaren nagusitasuna zenbatekoa den. Begiratu datuei:

Segi irakurtzen





IRRATIA



HIZKUNTZA

1

RNE 1

Gaztelania

2

EUSKADI IRRATIA

Euskara

3

TROPICAL

Gaztelania

4

INFO 7

Euskara

5

COPE

Gaztelania

6

RADIO MARIA

Gaztelania

7

CADENA 100

Gaztelania

8

GIPUZKOA FM

Gaztelania

9

KISS FM

Gaztelania

10

ONDA CERO

Gaztelania

11

TXOLARRE IRRATIA

Euskara

12

LOCA FM

Gaztelania

13

HERRI IRRATIA / ONDA VASCA

Euskara-gaztelania (gaztelaniaz gehiago)

14

RADIO EUSKADI

Gaztelania

15

EITB IRRATIA

Euskara-gaztelania

16

RNE CLASICA

Gaztelania

17

RNE 3

Gaztelania

18

CUARENTA

Gaztelania

19

SER

Gaztelania

20

SEGURA IRRATIA

Euskara-gaztelania


Tolosaldeko gune batzutan bestelako irratiak ere entzuten dira; indar gutxirekin, baina entzuten dira. Zerrendan, gehien edo nabarmen entzuten direnak adierazi nahi izan ditugu.




Read more...

2010/09/17

Zergatik ez zuen jakin behar euskaraz? Beltza zelako?




"Ninaizgara" egitasmoaren sustatzaileek Tolosako taberna batean gertatutako pasadizo baten berri eman digute. Pasadizoaren protagonista Adama Diarra da, Beasainen bizi den senegaldarra. Hona hemen zer zioen Aiurri aldizkariaren 247. zenbakian:

Segi irakurtzen


Adama Diarra: Euskara etorkinentzat oso garrantzitsua izan beharko lukeela uste dut. Euskara bertako gizakiak, gizartea, kultura… hobeto ezagutzeko bidea da. Ni kale saltzailea naiz eta eskarmentuak esaten dit lagunak egitea errazten dizula izugarri. Adibidez, gogoratzen naiz lehengo egunean Tolosako taberna batean gertatu zitzaidana. Tabernara sartu, baina ia inor ez zen ohartu han nintzenik. “Kaixo, erosi nahi al duzue…?” galdezka hasi nintzaien han zeudenei. Berehala, niri begira jarri eta “zuk euskaraz egiten duzu?”, galdetu zidaten, harrituta. Nire produktuak erosten hasi ziren orduan, baina aldi berean nire bizitzaz interesatu ziren biziki, nor nintzen, nondik netorren…



Zergatik ez zuen, ba, euskaraz jakin behar? Beltza zelako?


Nigaizgugara egitasmoak blog bat du: ikusi nahi baduzu, egin klik hemen.


Eta egitasmoan dabiltzanei Aiurrik egindako elkarrizketa ikusi nahi baduzu, egin klik hemen.

Read more...

2010/09/15

Euskarazko filmak Zinemaldian: gutxi, baina interesgarriak


Donostiako Zinemaldian, kopuruari dagokionez, euskarazko filmak urrun daude beste hizkuntzetakoetatik, baina, kalitatez, ez du ematen besteak baino eskasagoak direnik.

Azken urteetan bezala, euskarazko filmak Zinemira sekzioan bildu ditu Zinemaldiak. Hona hemen ikugai izango ditugunak:


Segi irakurtzen

- "Debekatuta dago oroitzea": Saturrarango emakumeen kartzela 1944an itxi zuten, eta oraindik ere isilpean daude gauza asko. Film honetan, memoria historikoa berreskuratzeko ahalegina egin dute.
- "Amerikanuak": AEBetako Nevadara joandako euskaldunen nondik norakoak ditu hizpide. Nostalgi tonu batean, herrialde arrotz batean bizitza duina eramateko borrokaren berri emango digute.
- "Sagarren denbora. 25 urte deserritik itzultzen": Euskal independentismoarekiko konpromisoa duen bikotea da protagonista: beren maitasuna 7.000 kilometroko distantziarekin bizi behar izan dute, bietako Afrikako irla txiki batean erbesteratuta baitago.
- "TTAUP, TTAUP! Arraun kolpeka": 2007ko denboraldian, Zumaiako traineruak bizi izandakoa du hizpide dokumentalak. Entrenamenduz entrenamendu, estropadaz estropada, traineru bateko kideen gorabeherak ikusiko ditugu.
- "80 egunean": atzerriko jaialdietan egon ondoren, Euskal Herrira bueltan etorri zaigu Axun eta Maiteren istorioa. 50 urteren buruan, berriro elkarren berri edukiko dute, baita ondo pasa ere, Axunek Maite lesbiana dela jakiten duen arte, behintzat.
- "Mugaldekoak": ETBko telesailaren aurretik filmatuta dago, eta Comète sarea du ardatz. 40ko hamarkadaren hasieran, Ipar Euskal Herritik hegazkinlari ingelesak mugaz bestalde ekartzea zuen helburu sareak.

Zinemaldian edo gerora pelikula horietakoren bat ikusten baduzu, kontatu zer iruditu zaizun: euskararensemaforoa@gmail.com

OHARRA:
Beste film batzuk ere badira Zinemiran, baina guk dakigula hemen aipatutakoak bakarrik dira euskaraz. Erraturik bagaude, eskertuko genuke jakinaraztea.

Read more...

"Hable en cristiano": enegarren atala


Juan Mari Zulaika informatikariak Bilbon gertatutako pasadizo bat kontatu digu Berrian, "Oraindik ere hable en cristiano" izenburupean. Hona hemen Bilbon neska-mutil batzuekin izandako elkarrizketa:


- [Igogailu publiko batera sartzeko] Barrura, barrura.
- Hable en español.
- Como con Franco, ¿o qué?
- Pues, sí, ¿y qué?
- Zoaz ba antzarrak perratzera!
- Un respeto, por favor.
- El mismo que a Franco, claro.

Hortik aurrera gertatutakoa eta pasadizoak Juan Marirengan eragin dituen hausnarketak irakurtzeko, egin klik hemen.

Ez ahal dira halakoak gertatuko gure eskualdean!



Read more...

Galtzakomik komiki Lehiaketa abian da aurten ere


Abian da III. Ibarra Galtzakomik komiki lehiaketa. Komikiaren gaia librea da, eta komikiak, noski, euskaraz izango dira. Edozeinek parte hartu ahal izango du: 12 urtetik beherakoek, 12-18 urte artekoek eta 18tik gorakoek.


Lanak aurkezteko epea azaroaren 19an bukatuko da, eta sari oparoak daude. Beraz, badakizue, familia: edozein adinetakoak izanagatik ere, hartu papera eta rotuladorea eta hasi marrazten!

Bestelako xehetasunak ikusteko, egin klik hemen.

Read more...

2010/09/13

Billabonako EHEren gonbidapen interesgarria



Billabonako Euskal Herrian Euskarazek -ez al da Villabona?- mezu hau bidali digu facebooken bidez, eta mezua bertako ahalik eta jende gehienari helaraztea komeni dela iruditzen zaigu:

Billabonako Euskal Herrian Euskarazeko taldekideok gurekin batera euskararen aldeko lanean parte hartzera gonbidatzen zaitugu. Zoritxarrez, Billabonako herrian lan handia dugu oraindik egiteko. Guztion artean euskaraz biziko den Billabona lortuko dugu!

Euskararen alde egotetik, euskararen alde egitera animan zaitez!!

Gurekin harremanetan jartzeko; billabona@euskalherrianeuskaraz.org
edo bidali mezua "facebook" bidez.

Mila esker
Billabonako Ehe

Read more...

2010/09/08

Elebidek gero eta erabiltzaile gutxiago ditu... Eta gu ez gara harritzen







Jaurlaritzak 2009. urteko Elebideren balantzea aurkeztu du: 225 intzidentzia jaso dituzte, 2008an baino %6 gutxiago. Eta gu ez gara harritzen.

Izan ere, alde batetik, ez dugu uste Jaurlaritzak euskararen aurka hartutako erabakiek asko laguntzen dutenik, eta, horrez gain, funtzionamenduan ere badu zer hobetua, "Elebide: Deitu ezazu bihar" artikuluan semaforoaren lagun batek salatu zuenez.

Read more...

2010/09/06

Jose Antonio Loidi bekak, euskarazko ikerketa lanengatik





Irungo Udala Semaforoarekin harremanetan jarri da Jose Antonio Loidi bekaren berri eman dezagun. Ikerketa bat egitearen truke 9.000 euroko beka eskura daiteke. Ikerketa esparruak honako hauek dira: antropologia, filologia, antropologia, filologia, toponimia, literatura, osasun publikoa hidrologia eta botanika.

Proiektua, azterlana eta memoria euskaraz egingo dira. Eskaera epea irailaren 6tik 24a arte izango da. Informazio gehiago nahi baduzu, egin klik hemen.

Read more...

2010/09/03

Gaztezulotik Hollywoodera, zergatik ez?



Gaztezulok I. Bideo Lehiaketa antolatu du. Bideoek gutxienez minutu bateko eta gehienez hiru minutuko iraupena behar dute izan, eta hizkuntz edukiak euskarazkoa behar du izan.

Bideoak Euskaltubera edo Youtubera igo behar dira eta linka gaztezulo@gaztezulo.com helbidera bidali, azaroaren 15a baino lehen.

Bideo onenaren egileak 1.500 euroko diru saria jasoko du. Ez da makala!

Informazio gehiago nahi izanez gero, egin klik hemen.

Read more...

Katalana han eta hemen




Helios del Santok, zuzeu albistariaren bidez, pasadizo interesgarri bat ekarri digu: Schlecher drogeria batera sartu, eta katalogoa katalan hutsez topatu du. Non eta Iruñean!

Tolosaldean zabaltzen duten propagandan, berriz, ez dago katalanik eta euskararik ere ez, eta horixe salatu zuten UEMAk eta Galtzaundik eskualdeko publizitatearen neurketan. Zertarako?

Webgunea ere hamar hizkuntzatan dago, eta euskaraz zipitzik ere ez.

Artikulu osoa irakurri nahi baduzu, egin klik hemen.

Read more...

2010/09/01

"80 egunean", ozeanoaren beste aldean


"80 egunean" aspaldi kendu zuten Euskal Herriko karteleretatik, baina pelikularen ibilbidea ez da amaitu: egunotan Montrealgo "Festivals des film du monde" jaialdian eman dute. Gainera, 2010eko Donostia Hiria Sarirako hautagaia izatea lortu du.

Euskarak etxerako bakarrik balio ez duen beste froga bat dugu, beraz.

Zorionak Semaforoaren partetik, bidea ez da erraza izan-eta!

Read more...

  ©Template by Dicas Blogger.