2011/02/28

Kelseneko Ainhoa Montes, Semafororako: "Euskarak gaztelaniak adina balio du lanerako"


Refractarios Kelsenek eta Hirukide ikastetxeak Bai Euskarari Sariak irabazi izanak poz handia eman digu, biak eskualdekoak baitira. Hori dela eta, biekin harremanetan jarri gara, sarien aitzakiapean, zer egiten duten eta euskara euren eguneroko lanean nola erabiltzen duten jakiteko.

Refractarios Kelsen 1966an sortu zen, baina Calcinor taldeak 2001ean erosi eta, gaur egun, %100aren jabe da; beraz, 10 urte darama Kelsenek Calcinor taldearen barruan. Zazpi urte dira euskararen normalizazioan pausoak eman eta lanean ari direla. Semaforoaren galderak Planifikazio eta Prozesu-kontrol Saileko Ainhoa Montes Arkaiak erantzun dizkigu.

Ikusi elkarrizketa



SEMAFOROA: Zer eman dizue Ziurtagiriaren Elkarteak urte hauetan? Zer eman dizue sariak lehendik ez zenutena?

Ainhoa Montes (AM): Lankide paregabea izan da zazpi urtetako ibilbide honetan, batez ere helburuak eta eman beharreko pausoak finkatu behar genituen hasierako garai hartan. Gidari trebea izan da ereduak ezartzen. Bestalde, Bai Euskarari Sariaren bitartez eginiko lana ere aintzat hartze horrek guretzat garrantzi handia izan du, indarberritu egin gaitu erronka berriei aurre egiteko. Zer gehiago eman digun? Calcinor taldeari, egindako lanak prestigioa eta ospea ematen digula erakutsi izana, bai guri Kelesen bezala, bai Calcinorri talde bezala.

SEMAFOROA: Euskalgintzako kide eta talde ugari ezagutza-erabilera korapiloa ezin askaturik dabiltza (euskara ezagutu bai, baina erabili ez). Zuek nola ikusten duzue korapilo hori eta zertan oinarritu zarete korapiloa askatzeko bideari ekiteko?

AM: Leku askotan dago lana erdaraz egin behar delako ideia, ideia okerra, bestalde; euskarak gaztelaniak adina balio du lanerako. Kelsenen lan egitera sartzen diren guztientzat euskara plus bat da, bere lana aurrera eramateko behar duen ala ez kontuan hartu gabe. Jendea estimulatzen saiatzen gara gure eguneroko hartu-emanetan euskara erabil dezaten, bai ahoz bai idatziz; azken finean, askotan arazoaren mamia gaztelerarekiko dugun joera baita.

SEMAFOROA: Bezeroak eta zuen inguruan aritzen direnak konturatzen al dira euskararen normalizazioaren alde egiten duzuen lanaz? Estimatzen al dute?

AM: Dudarik gabe. Bezero askoren deiak jaso ditugu sariarengatik zorionak eta euskararen alde eginiko lanarengatik eskerrak emateko. Kontuan hartu behar da ingurugiro euskalduna dugula eta euskaldunak, euskaldun izateaz harro sentitzen garela. Sariak oihartzun ikaragarria izan du, eta, kasu askotan, inbidia dutela ere aitortu digute.

SEMAFOROA: Zuen enpresaren egoitza Adunan dago: herri txikia eta euskalduna da Aduna. Euskararen alde hartutako neurriak berdin-berdin hartuko zenituzten egoitza beste toki batean jarri izan bazenute?

AM: Euskal Herriaren barne, bai.

SEMAFOROA: Lan mundua eta euskara. Horra beste erronka bat. Zer irudituko litzaizueke euskararen aldeko gutxieneko neurri batzuk legez derrigorrezkoak izatea?

AM: Nahitaezkoak. Ea arlo honetan epe laburrean zerbait ikusteko aukera dugun, pauso ikaragarria izango litzateke.

SEMAFOROA: Askotan, enpresetan normalizazioaren gaia alde batera uzteko "aitzakia" izaten da enpresa kanpokoa dela esatea: "Gure nagusiak ez daude hemen, eta euskara kontuak ez zaizkie axola". Nola azaltzen zaio Euskal Herritik kanpoko nagusiei euskararen aldeko apustua egin behar duzuela?

AM: Oso erraz. Enpresari, bere baloreetan sartu behar zaio oreka soziala mantentzeko inguruarekin ahal duen gehiena integratu behar duela eta euskaldun ingurune batean, hizkuntzaren erabilerak tentsioak baretzen dituela.

SEMAFOROA: Bai Euskarari Sariak jaso dituzten biak Tolosaldekoak zarete (Kelsen eta Hirukide). Kasualitatea ote? Tolosaldean aukera handiagoa al dago beste eskualde batzuetan baino euskararen normalizazioan neurri aurrerakoiagoak edo ausartagoak hartzeko?

AM: Ez bereziki. Lagunduko duela ziur gaude, baina azkenean enpresetako euskaldunen ausardia da garrantzitsuena.

SEMAFOROA: Nola ikusten duzue zuen enpresa euskararekin, hemendik bost urte edo hamar urtera? Zer helburu eduki nahiko zenituzkete lortuta ordurako?

AM: Gaur egun, bulegoetan lan egiten duen jendea euskalduna da, eta hemendik bost urtera tailer eta bulegoetako jende guztiak elkarrekin euskaraz aritzeko gai izan beharko luke. Hori da lortu nahi duguna. Belaunaldi gazte berriak euskaldunak dira gehienbat, ikastolan aritutakoak, ez genuke arazo handirik aurkitu beharko. Aurrera begira, gure katalogoa jadanik euskaratuta dugu eta inprimatze pausoa besterik ez zaigu gelditzen. Gainontzeko dokumentazioari dagokionez, kalitate eskuliburua euskaratzea dugu gure berehalako zereginen zerrendan -3.000 orrialde inguru-.


Read more...

Haurrak euskaraz erregistratzea: Ibarran ez, baina laster bai


Semaforoaren Ikerketa Batzordeak jakin duenez, Ibarran laster egongo da haur jaioberriak euskaraz erregistratzeko aukera (martxoan). Izan ere, Ibarran, Gipuzkoako beste bost herritan bezala, esperientzia pilotu bat jarriko dute abian, aplikazio informatiko baten bidez hainbat tramite egin ahal izateko (tartean, haurrak euskaraz erregistratzea).

Orain arteko esperientzia pilotuek sei-zazpi hilabete iraun dute. Ez dakigu horrek zer esan nahi duen zehazki, baina esperientzia pilotuak bururaino eraman arte ezin badute erregistroa euskaraz egiteko aukera beste herrietara zabaldu, bolada luze batean eskualdean Tolosan eta Ibarran ez beste herrietan ezingo da umeen erregistroa euskaraz egin.

Read more...

2011/02/23

"Ezin da beste batzuentzat hara egin". Nork ulertu du zerbait?


Uxune Martinezek mezu bat bidali digu, goiko argazkiarekin batera, Hona hemen zer kontatu digun:


Urtarrilaren 7an Barakaldoko Gabonetako Parkean egon ginen, bertan, Jaurlaritzak antolatutako ekintza baten geundela argazkian bidaltzen dizuedana zegoen idatzita. (Tirolina zegoen tokian jarrita, gero konturatu ginen, Jaurlaritzaren izenpean zeuden aktibitate guztietan kartel berdina zegoela.)

Ondo ibili!

Read more...

AEK ez dago biluzik Nafarroan






Helios Del Santok idatzi digu. AEKren zuzendaritzakidea eta Nafarroako eleduna da, eta hau kontatu digu:

Azken egunotan bideoa iragartzen duen promo sorta zabaldu izan dugu. Arrakasta polita izan dute; aste bakar batean, bideoaren promozioak 8.000 ikustaldi baino gehiago izan dituelako. Gaurkoan bideoa bera zabaltzeko unea iritsi da.

Hona hemen linka: http://www.blogak.aek.org/nafarroakoeuskaltegietatik/

Segi irakurtzen



Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politikaren ondorioz; euskaltegion diru laguntzak oso desegokiak dira. Egoeraren larria aztertuta behar-beharrezkoa da aldaketa bat Gobernuaren jokaeran. Hala eta guztiz ere, zorionez, euskaltegion lanak, ahalik eta nafar gehien euskalduntzearenak, indartsu jarraitzen du, herritarrek ederki babesten dutelako haien zeregina.

Dena den, esaten den bezala, hitzek baino askotan irudiek hobeki azaltzen dutelakoan, goza ezazue bideoarekin eta, azkenik, bideoa ahalik eta gehien zabaltzea eskertuko genizueke.

Read more...

AEK-ko ikasleen kultur ekintzetan giro ona nagusi



Andoaingo eta Amasa-Villabonako AEKren euskaltegietan eskualdeko herritar asko dabiltza euskara ikasten, eta handik bidali diguten mezuagatik esango genuke oso ondo pasatzen ari direla ikasturtea:

Segi irakurtzen


Urteko moduan Amasa-Villabona eta Andoaingo AEK euskaltegiko ikasleentzat hainbat kultur ekintza antolatu dira. Kultur ekintza hauen helburua bikoitza da, alde batetik, ikasleak elkar ezagutu eta euskaraz hitz egin ahal izateko harreman sareak osatzen laguntzea eta bestetik, egunerokotasunarekin apurtu eta ekintza interesgarri eta gustagarriak egitea.

Ikasturtea urrian hasi zen eta urriaz geroztik hainbat eta hainbat ekintza egin dituzte.

Azaroan Donostiako Ontzi museora egin genuen bisita.

Ontzi Museoa Donostiako portuan dagoen XVIIII. Mendeko eraikina da. Museoan iraupen luzeko erakusketak egiten dira. AEKko ikasle eta irakasleok ikusi genuen erakusketa “Euskaldunak eta Pazifikoa. Andres Urdanetaren omenez" izan zen (erakusketa hau martxoaren 20a arte dago ikusgai). Erakusketa honen helburua Ozeano Barean izandako euskal presentziaren historia aditzera ematea da, Filipinar uharteetan, Japonen, Amerikako kontinenteko mendebaldeko kostalde inguruan eta Txina hegoaldeko kostaldeko lurretan besteak beste.

Museora heldu ginenean Amagoiak egin zigun harrera eta bera izan zen bisita gidatuan zehar erakusketari buruzko azalpenak eman zizkiguna: bertan euskaldunek nabigazio eta merkataritzarako ibilbide berriak esploratzen eta deskubritzen betetako eginkizun garrantzitsua azaldu zigun; ekonomian, zientzia eta kultur arloan, administrazioan eta erlijio kontuetan izan zuten jarduera biziarekin batera. Erakusketak kronologikoki XVI. mendetik, (deskubrimenduen garaitik: atal batzuk Juan Sebastian Elkano, Andres Urdaneta eta Migel Lopez de Legazpiri eskainita daude) gaur egun arte hartzen du, eta Asiarekiko merkataritzako trukeak, euskal enpresak Txinan finkatzea eta bertako etorkinak Euskal Herrian aipatzen ditu.

Euskaldunok itsasoarekin dugun lotura handia ezagutu ahal izan genuen modu atsegin eta oso interesgarri batean eta Amagoiari eskerrak eman behar dizkiogu. Guztiok oso gustora ikusi genituen koadro, maketa eta beste zenbait objektu eta bere azalpenak aho zabalik entzun genituen. Denbora gutxi izan genuen arren bisita oso polita izan zen.

Ekintza hau euskaltegiko eskola egun batean burutu genuen lanketa baten harira antolatu genuen.

*Abenduaren 3an, EUSKARAREN EGUNA:

Euskararen egunaren harira Andoaingo euskaltegian ekitaldi xume bat antolatu genuen. Ekitaldi honetan ikasleon artean “euskarazko hitzik politena” aukeratu, euskararekiko geure konpromisoa finkatu eta abesten jardun ginen.

Irakasle batek euskararen egunaren nondik norakoekin sarreratxo bat egin zuen, gero ikasleek euskaraz gehien gustatzen zitzaizkien hitzak aukeratu zituzten eta beste ikasleei azaldu zieten hitz hori aukeratzearen arrazoia. Segidan, bozketa bat burutu genuen guztion artean eta bozketa honen ondorioz “Txalaparta” hitza izan zen saritua. Sari gisa “Korrika Laguntzaile” txartela eman zitzaion irabazleari, eta honekin batera baita domina eder bat ere. Ondoren guztiok geure euskararekiko konpromisoa adierazteko asmotan “kontratu” bat sinatu genuen: euskara ikasle (eta irakasle) izanik geure egunerokotasunean euskaraz hitz egiteko konpromisoa hartuz, bai euskaltegian eta bai euskaltegitik kanpo ere, bakoitzak ahal duen neurrian.

*Urtarrilean : Sagardotegia.

Urte berriari gogoz ekiteko, otsailaren 4an euskaltegiko ikasle-irakasleak Hernaniko Iparragirre sagardotegira joan ginen. Agate Deunaren bezpera izanik, kantuan aritzeko aukera ere izan genuen eta jarraian afari ederra egin genuen sagardotegian.


Read more...

2011/02/22

Palindromo lehiaketan, penak uzteko aldarriak irabazi du




Juan Mari Agirreurretak (argazkian dagoen bizardunak) irabazi du Arrasate Euskaldun Dezagun euskara elkarteak antolatutako palindromo lehiaketa ; hau da, ezkerretik eskuniera eta eskuinetik ezkerrera berdin irakurtzen diren esaldien lehiaketa.

Guztira, 47 jaso dituzte. Hona hemen batzuk:

- Utzi penak Ane, piztu! (Irabazlea)
- Ogiaren irinera igo
- Atzean sena, eta barregura karu gerra batean esna ezta?
- Atzo, arotza, zeruak erreka urez aztora ozta

Albistea Berriaren bidez jakin dugu, eta argazkia facebook bidez iritsi zaigu. Ezin izan dugu kalitate hobeagokorik aurkitu.

Read more...

2011/02/21

Euskal Herrian gero eta disko gehiago argitaratzen dira erdaretan


Gorka Bereziartuak datu kezkagarri baten gainean hausnartu du Argian: 2010ean, 300 lan berri gehiago atera ziren, eta horietako gehienak erdaretan grabatu ziren.

Hona hemen Gorkaren artikuluaren pasarte esanguratsu bat: "Zenbait estilok ingelesez hobeto ematen dutela belarrira, hori da gehienetan errepikatzen dena. Baina joera orokortzen hasia denean, itsu beharko genuke aukera estetikoa bakarrik ikusiko bagenu. Eta gor, fenomeno sozial zabalagoen oihartzuna ez bagenu entzungo.

Artikulu osoa irakurri nahi baduzu, Argia.com webgunera jo dezakezu.

Oharra: argazkia Gorkaren artikulutik bertatik atera dugu.

Read more...

Baliarrainen, gaztelaniaz ondo eta euskaraz gaizki


Baliarraingo herrigunearen sarreran jarri duten kartela ondo idatzita dago gaztelaniaz, baina euskaraz akats larri samarrak ditu. Ikusi, bestela:

- Promovida por el Ayuntamiento de Baliarrain / Baliarriaingo Udalak sustatu. Herriaren izena ere gaizki jarri dute!


- Plazo de ejecución / Gauzatzeko epea: 1 mes / 1 hilabetea.


- Zonas peatonales / Oineskoentzako guneak


Kartelean zehaztu denez, Espainiako Gobernuak finantzatu du obra. Nork itzuli ote du?

Ez da halakorik gertatzen den aurreneko aldia:

Read more...

2011/02/17

Kontseiluaren udal neurketa: Tolosa 13. postuan dago



Kontseiluak udaletan garatzen diren hizkuntz politikak neurtu ditu. Neurtutako 66 udaletatik bakarra da eskualdekoa, Tolosa, eta 13. tokian dago (Ikus rankinaren PDFa). Norberak jakingo du zer koloretako semaforoa merezi duen postu horrek. Guk laranja eman diogu.



Bestalde, udalez udal dauden aldeak kontuan hartuta, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak honako hau esan du: "Udaletako hizkuntza-politikak aztertu ostean dagoen egoera hoberen definitzen duen hitza nahaspila da". Azalpen gehiago irakurtzeko, Kontseiluaren webgunera jo dezakezu.

Read more...

Euskarazko hedabide ez publiko askok konpromisoak eskatu dizkiete instituzioei



Euskarazko hedabide ez publiko askok agerraldi bateratua egin dute, instituzioei konpromiso handiagoak eskatzeko. Agerraldia eskaera egiteko prozesuaren bigarren urratsa da, duela bi aste editorial bateratua argitaratu baitzuten, izenburu honekin: "Euskarazko hedabideak, beste jauzi baterako ordua"

Agerraldiaren bideoa ikusteko, egin klik hemen, eta prentsaurrekoaren testua irakurtzeko, egin klik hemen (PDFa). Bi estekak argia.com-ekoak dira.


Horrekin lotuta, artikulu interesgarria idatzi du Lorea Agirrek Berrian: "Gu nork irakurriko".

Read more...

Mendilibar euskaraz eta Izko presidentearen "ezinegona" (Berria egunkaritik)


Raül Agnéren kasua blogean jarri eta gutxira, hara zer jakin dugun Berriari esker:

Asteartean, Jose Luis Mendilibar Osasuna futbol taldeko entrenatzaile berriaren aurkezpenean, azken bost galderak euskaraz egin zizkion Berriako kazetariak. "Lehen galderatik sumatu zen Patxi Izko presidentearen ezinegona", irakurri dugu Berrian: "'Bazeneukan gogoa euskaldun bat etortzeko, ezta?', esan zion Izkok kazetariari lehen galderaren ostean, graziarik gabeko txantxa eginez".

Bideoa ikusteko, egin klik hemen.

OHARRA: Argazkia wikipediatik atera dugu, eta lizentzia hau du: Creative Commons Atribution-Share Alike 2.0 Generic
.

Read more...

2011/02/15

Baten batek egingo luke Raül Agnék egindako gauza bera Euskal Herrian?


Sarean hedadura handia izan du Raül Agné Girona futbol taldeko entrenatzailearen bideoak. Hiru aldiz gaztelaniaz galdetu eta hiruretan gaztelaniaz erantzun du. Katalanez galdetu diotenean, katalanez hasi da, eta zer gertatu da? Ikusi hemen.

Nork egin du gauza bera Euskal Herrian? Nork egingo luke?

Futbolarekin eta hizkuntzekin lotutako beste albiste batzuk:

- Ramos, Piqué, katalana, gaztelania eta "andaluziera" (Youtubeko bideoa)
- Bartzelona Futbol Taldeari, eskerrik asko
- Reala eta "Euskararekin bat": hausnarketarako kontu batzuk

Read more...

2011/02/14

Haurrak euskaraz erregistratzea: zain eta zain eta irtenbiderik ez


Haurrak euskaraz erregistratzea ezinezkoa da oraindik eskualdeko herri guztietan, Tolosan izan ezik. Patxi Lopezek joan den irailaren 23an arazoa konponduta zegoela iragarri arren, azken egunotan honako hauek jakin ditugu:

Segi irakurtzen

- Adunan, guraso batzuek beren borondatearen aurka haurra gaztelaniaz erregistratu behar izan dute. Adunako beste guraso batzuek eskaera egin dute alaba euskaraz erregistratzeko (alaba apirilean jaioko da, ondo bidean), eta erantzunik ere ez diote eman. Bigarren eskaera egin du, haurra jaiotzen denerako erregistroa euskaraz egiteko aukera egongo delako itxaropenarekin.

- Zizurkilgo ama batek eskaera egin zuen haurra euskaraz erregistratzeko, eta hark ere erantzunik ez du jaso. Horrek ere bigarren eskaera egin du. Herri berean, beste guraso batzuek eskaera bideratu diote bake epaitegiari, haurra jaiotzen denerako erregistroa euskaraz egin dadin.

- Bien bitartean, prentsaren bidez jakin dugu erregistroa euskaraz egiteko aukera ematen duen aplikazio informatikoa toki jakin batzuetan jarriko dutela abian; adibidez, Ibarran. Semaforoak ezin izan du egiaztatu zertan den Ibarrako Bake Epaitegiaren egoera, baina UEMAren bidez jakin duenez esperientzia pilotua hilabete bukaera aldera jarriko da abian Errenterian.

- UEMAk dei egin die seme-alabak eduki behar dituzten gurasoei haurrak euskaraz erregistratzeko eskaerak egitera, bide horretatik bakarrik etorriko baita aurrerabidea. Horretarako, webgunean jarri dituzte informazioa eta eskaera ereduak.

Haurrak euskaraz erregistratzearekin lotutako albiste gehiago dituzu hemen:

- Haurrak euskaraz erregistratzeko aukera: etengabe atzeratzen duten kontua
- Haurrak euskaraz erregistratzeko mugak: UEMA eta gurasoak ez daude geldirik
- Haurrak euskaraz erregistratzeko eskaerak: badago mugimendua
- Bi andoaindarrek eskaera egin diote Tolosako Erregistro Zibilari haurra euskaraz erregistratzeko
- Tolosaldeko 27 herritan ezin dira haurrak euskaraz erregistratu


Read more...

Horrela erdalduntzen dira euskaldunen eta erdaldunen arteko elkarrizketak











Demagun lagun talde batean euskara erabiltzen duten pertsonak A, B eta D direla eta erdara erabiltzen duen pertsona C dela. Demagun, halaber, C agertzen den bakoitzean euskaldunek erdarara jotzen dutela.

Hori hala izanik, hauxe da euskararen etorkizuna lagun taldean, goiko eskeman ikus dezakezunez:

- 10 elkarrizketatik 4 euskaraz izango dira, eta 6 erdaraz.

KONTUZ! Hizkuntza bat nola gal daitekeen erakusteko adibide praktikoa da hau. Euskarari BAI esatea ez da nahikoa, euskaldunok erabili eta besteok ikasi behar dugu, etorkizunean euskaraz bizi nahi badugu.

Read more...

Milaka euskaltzale "sasi guztien gainetik" ibili dira Donostian


Milaka euskaltzale ibili dira Donostiako kaleetan sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe. Manifestazioaren amaieran, omenaldia egin diote Txillardegiri.


Horrekin lotuta, Txillardegiri elkarrizketa interesgarria egin diote Berrian. Titular nagusia, deigarria da: "Estatu batekin, agian, euskara ez da salbatuko; gabe, ziur ezetz".

Read more...

2011/02/11

Patxi Lopez, indarkeria, euskara eta asmatutako albiste bat (Martin Kitto)


Patxi Lopezen adierazpenek sortutako polemika baretzen hasi den hoinetan, Martin Kitto Semaforoaren lagunak artikulu "xelebre" hau helarazi digu:

Patxi Lopez lehendakariak gezurtatu egin du euskara indarkeriarekin lotzen saiatu denik. Lehendakariak argitu duenez, bere asmoa ez zen euskara indarkeriarekin lotzea, baizik eta indarkeria euskararekin lotzea.

Segi irakurtzen


Horren harira, Patxi Lopezek iragarri du Jaurlaritzak, euskararen aldeko etengabeko lanaren baitan, dekretu bat aterako duela indarkeria erabiltzen duten guztiek euskara derrigorrez erabil dezaten. Dekretuak bere baitan hartuko ditu tratu txarrak ematen dituztenak, torturatzaileak, asesinoak, lapurrak eta indarkeriarekin lotutako beste delitu egile batzuk. Dekretuak hiru mailatako hizkuntza eskakizunak ezarriko ditu.

Delitu egile txikientzat, lehenengo perfila. Hartara, lapur-biktima hartu-emanetan, mehatxu anonimoetan eta telefono bidezko irainetan, adibidez, oinarrizko elkarrizketa euskaraz izateko nahikoa maila bermatu beharko dute delitu egileek.

Espetxe zigorra ezarrita duten odolik gabeko delituen egileentzat, bigarren perfila ezarriko da. Bigarren perfilak barne hartuko ditu, besteak beste, tratu txar psikikoak eta fisikoak euskaraz eman beharra. Halaber, idatzizko maila ere bermatu beharko dute; eta, horren ondorioz, argindarraren, telefono konpainien eta seguruen fakturak euskaraz izateko derrigortasuna ezarriko du dekretuak.

Odol delituetarako, hirugarren perfila ezarriko du dekretuak. Hartara, hildakoek salaketa jarri ahal izango dute baldin eta hiltzaileek ez badiete zerbitzua euskaraz ematen.

Azkenik, Patxi Lopezek adierazi du dekretua betetzen aurrenekoak bere alderdikideak eta alderdiarekin lotutako eragileak izango direla eta lan asko dutela egiteko.

Argazkia Gorka Arrietarena da, eta LGPL lizentzia du.

Egilearen oharra: albistea, jakina, gezurretakoa da goitik beheraino.

Martin Kitto (martinkitto3@gmail.com)

Hona hemen egile beraren beste artikulu batzuk:

- Noentiendotarron dekalogoa
- Maixol Arregi, ETB1en azken mohikanoa

Read more...

Euskararen arnasguneei buruzko hausnarketak zabaltzen dabil Dabid Anaut


Dabid Anaut Leitzako euskara teknikariak euskararen arnasguneei buruzko hausnarketak zabaltzen dabil aspaldi honetan. Aste honetan, Orion eman du hitzaldia. Semaforoan, bere lana ekarri genuen gogora, "Gune euskaldunak XXI. mendean: badago zer hausnartua" albistearekin.

Segi irakurtzen


Gogoetak nondik nora doazen ikusteko, Berrian Dabidi egin diote elkarrizketatik entresaka batzuk egin ditugu. Hona hemen zer dioen gai jakin batzuez:

- Arnasguneez: "Arnasgune deitzen diegu herri euskaldunei, euskarak arnasa hartzen duelako horietan, eta herriok ere arnasa ematen diotelako euskarari bere osotasunean".

- Arnasguneak blindatzeaz: "Ezinbestekoa da, beraz, guneok babestea, euskararen egoera blindatzea. Baina ezin dugu haien bizkarraren gainean jarri euskararen etorkizun osoa".

- UEMAz eta guneez: "Euskara nagusi den guneak behar direla planteatu du UEMAk sortzetik. Guneok sozialak eta birtualak ere izan daitezke, baina espazio hegemonikoak behar ditu euskarak, azken boladan euskalgintzan mopdan jarri den terminoa erabiltzearren".

- Udalerri euskaldunez: "Arnasgune bakoitza leku bat da, baina interesgarri litzateke horiek batzea. [...] Baina hemen [udalerri euskaldunetan] euskara bizi-bizi dago, eta hemengo bizitasuna ez dago beste inon. Euskalgintza zalantza garai batean dago. Urteetako esperientziaren ondorioz, mila planteamendu daude. Nirea denetan zailena da: sintesia. Eredu zaharra eta berria, identitatea eta pragmatika, emozioak eta ideologia, intuizioa eta planifikazioa... Horiek denak sintetizatu behar ditugu.

- Egin behar dugunaz: "Euskararen aldeko gauzak egin beharrean, gauzak euskaraz egin behar ditugu".

Berrian egin dioten elkarrizketa osoa irakurtzeko, egin klik hemen, eta lan osoa deskargatzeko, hemen (PDFa).

Dabiden argazkia Argia.com-etik atera dugu.

Read more...

Kelsenek eta Hirukidek jasotako sariak oihartzun handia izan du hedabideetan


Kelsenek eta Hirukidek Bai Euskarari Sariak jaso izanaren albisteak oihartzun handia izan du hedabideetan. Hona hemen albistea jaso duten hedabideen zerrendatxoa:


- Gipuzkoako Hitza

Datuok Semaforoaren lagun batek bidali dizkigu, eta guk osatu. Beste nonbait ere argitaratu badute, eskertuko genuke gurekin harremanetan jartzea eta zerrenda osatzea: euskararensemaforoa@gmail.com.

Read more...

LABek EuskoTreni eta Metrobilbaori eskaerak egin dizkie euskara ez baztertzeko




LABek berretsi egin ditu duela egun batzuk kaleratutako salaketak eta Euskotrenekoeta Metrobilbaoko zuzendaritzei eskatu die aldatzeko euskalduntze prozesuan duten jarrera eta galdutako denbora berreskuratzeko. Eskaera gutun bidez egin dute, eta kontzentrazioa ere egin dute, goiko argazkian ikusten denez.

Gutunean, LABek bi enpresei jakinarazi die zerbitzua publikoa izanik bezeroei arreta bi hizkuntza ofizialetan eman ahal izatea bermatu behar dutela eta hori betetzen ez dutenez ezin dela esan kalitatezko zerbitzua eskaintzen ari direnik.

Read more...

2011/02/07

Gu ere ordenagailua euskaratzen




Gu bezalako bazarete eta ordenagailua euskalduntzen ari bazarete, oso interesgarria irudituko zaizue Ander Goñi Bitarlan informatika zerbitzuetako adituak emandako laguntza.

Anderrek artikulu batean bildu ditu hainbat baliabide euskaratzeko irtenbideak (sistema eragileak, testu prozesadorea, nabigatzailea...).

Artikulua irakurtzeko, egin klik hemen.

Read more...

2011/02/04

Refractarios Kelsen-ek eta Hirukide Ikastetxeak Bai Euskarari Sariak jaso dituzte


Ziurtagiriaren Elkarteak bi entitate saritu ditu Bai Euskarari Sarien bigarren edizioan, eta biak eskualdekoak dira! Refractarios Kelsen enpresa bat bata, eta Hirukide Ikastetxea bestea.

Sari banaketa Donostiako Victoria Eugenia Club-ean egin dute.

Segi irakurtzen



Refractarios Kelsen enpresa Adunan dago, eta arrazoi hauengatik jaso du saria:

- Errotulazioa, kanpo eta barneko dokumentazioa eta beste hainbat elementu euskaratzen egin duten ahaleginagatik.
- Hornitzaileekin harremanak euskaraz izateko egin duten saiakeragatik, ahozko eta idatzizko harremanak euskaraz izan nahi dituztela adierazi baitiote hornitzaile bakoitzari, bai aurrez aurre, bai idatziz.

Ainhoa Montes Planifikazio eta Prozesu Kontrol saileko buruak eskerrak eman, eta honako hau esan du: "Barnera begira langileen motibazioa eta kohesioa areagotzeko balio izan dio Bai Euskarari Ziurtagiriak gure enpresari, eta, kanpora begira, gizartearekin daukan konpromisoa asebetetzeko".

Bestalde, Hirukide Ikastetxeak ere jaso du saria, besteak beste, entitatean euskara txertatzeko hizkuntza plangintza eratu eta hedatu dutelako. Saria Joseba Antxustegietxarte Hirukide Ikastetxeko Hizkuntza Plangintza arduradunak jaso du, eta honako hau nabarmendu du: "[...] irakaskuntza akademikoetan ez ezik, gelaz kanpoko ekintzetan ere (kirolak, aisialdi taldeak, begiraleen prestakuntza...) esfortzu handia ari gara egiten euskararen presentzia eta erabilpena areagotzeko.

Emaitzak oso onak dira: 2002an Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu zuten, eta, iaz, Bai Euskarari Ziurtagiriaren "Zerbitzua eta Lana euskaraz" maila.

Semaforoak eskura duen saririk handiena eman nahi die Kelseni eta Hirukideri: Gure semaforo berdea! Zorionak eta eutsi goiari!

Albisteari buruzko gauza gehiago irakurtzeko, jo Bai Euskarariren webgunera.

Read more...

2011/02/03

ETBn euskaldunek euskaraz hitz egiteko sinadura bilketa martxa onean doa


ETBn euskaldunak gaztelaniaz hitz egiten ikustea ohitura bihurtu da, zoritxarrez. Hori dela eta, sinadura bilketa jarri dute abian helburu honekin: Euskal Telebistako agintari eta langileei eskatzea ez eskatzeko euskaldunei erdaraz egin dezaten.


Sinadura bilketa ziztu bizian doa: bi asteren buruan 2.800 sinaduratik gora! Agiria irakurri eta sinatu nahi baduzu, egin klik hemen.

Semaforoak ekimenaren berri eman du, baina ez du antolatu.

Zuzeun ere jarri dugu albistea, eta iritzi ugari eragin ditu. Sustatun ere ekimenaren berri eman dute.

Read more...

2011/02/01

Hitano ikastaroa Anoetan. Animatuko haiz?




Hika egiten al dun? Hika egitea gustatuko al litzaiake? Hika egitean zalantzak al ditun? Hika modu txukunagoan egin nahi al duk?

Anoetako Udalak hitano ikastaroa antolatu dik/din, 30 ordukoa, eta izena emateko epea otsailaren 2an bukatu bada ere, data horretatik aurrera ere bazagok/bazagon izena emateko aukera.

Argazkikoa Ritxi Lizartza dek/den, ikastaroa emango duena.

Informazio gehiago nahi baduk/badun, onena den/dek telefonoz Anoetako Udaleko Euskara zerbitzura deitzea: 943651200. Ikastaroan parte hartzeko, materiala bakarrik ordaindu behar dun/duk (30 euro)!

Animatuko haiz?

Read more...

Euskarazko hedabideak, beste jauzi baterako ordua (Hainbat hedabidek)




Euskarazko 60tik gora hedabidek agiri bateratua argitaratu dute, adierazteko jauzi bat emateko garaia dela (horregatik aukeratu dugu goiko argazkia). Halaber, jakinarazi dute instituzioen konpromiso sendoagoa ere egunerokoan ikusi nahi dutela.

Semaforoak besarkada handi bat eman nahi die euskarazko hedabideetan ari diren guztiei. Zuentzat Semaforo berdea, eta eutsi goiari!

Artikulu osoa irakurri nahi baduzu, egin klik hemen.

Read more...

  ©Template by Dicas Blogger.