2012/06/19

Billabonako EHEk Osakidetza kritikatu du

 Billabonako Euskal Herrian Euskaraz-ek Osakidetza kritikatu du, BECen egindako oposaketengatik. Hona hemen helarazi digute oharra:

Segi irakurtzen

Datorren asteburuan Eusko Jaurlaritzak esleitutako lanpostu publikoak eskuratzeko azterketa egin behar izango du Hezkuntza eta Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoetara (LEP) aurkezten den herritar andanak. Ekainaren 15,16 eta 17an Barakaldoko BECen egingo diren oposaketek ez dute berrikuntza handirik ekarriko herri euskaldunari dagokionez. Zaharrak berri, beraz.

Oraingoan ere, euskaldunon hizkuntza eskubideak urratu egingo dira. Behin eta berriz huts egin duten euskara planak existituko ez bailiran, kontratazio-politikak ez du bermatuko langile berriek euren lana euskaraz egin edo administraziora hurbiltzen diren herritarrei ematen zaien zerbitzua euskaraz izatea. Arazo horiei aurretik datozen guztiak gehitu behar zaizkio. Hemendik aurrera ere, hortaz, euskaldunok enegarren mailako herritar izaten jarraituko dugu administrazioaren aurrean eta ezin izango dugu merezi dugun zerbitzu duinik jaso. Euskaraz bizi nahi dugun herritarrok aspalditik datozen oztopoekin egingo dugu topo aurrerantzean ere Jaurlaritzaren iruzur berri honen bidez.

Egoera hau ez da kasualitatea. Jaurlaritza gidatzen dutenen bultzada politikoak eraginda dator. Bengoa eta Celaà sailburuek kargua hartu dutenetik, gainera, herri euskaldunaren aurkako erasoak areagotu eta atzerapauso dezente eman dira. Honengatik guzti honengatik, iraganeko formulak salatu eta euskaraz bizitzeko ezinbestekoa den hizkuntza politika burujabea aldarrikatzea dagokigu euskaldunoi.

Billabonako EHEtik, salaketa ozen plazaratu nahi dugu, oposaketa hauekin etorkizunean osakidetzan euskaraz artatuak izateko dugun eskubidea urratzen jarraituko zaigulako eta orokorrean Osasun Sistema euskalduntzeko bidean atzera pauso galanta izango direlako.

Bestalde, EHEk heldu den larunbatean (ekainak 16), goizeko 10:30ean BECen bertan LAB sindikatuarekin batera egingo dugun elkarretaratzeko deialdia zabaldu nahi dugu. Hemendik, herritar euskaldun eta euskaltzale oro deitu nahi dugu aipatu ekimenean parte hartzera.

Euskaraz bizi nahi dugulako, Osakidetzan euskaraz!

Billabonako Euskal Herrian Euskaraz (EHE)

1 erantzun:

Anonymous,  13:15  

Hona hemen Euskal Herria Sozialista blogak atzo bertan Sortu alderdiaren prozesu eratzailearen eztabaiden harira, euskararekiko erakutsi duen mespretxua:

http://euskalherriasozialista.blogspot.com.es/2012/11/los-ustachas-vascos-necesitan-ya-sortu.html

“Euskal Herria Sozialista” ala “Vascongadas Socialistas”?

(Oharra: “Ustacha” naziekin kolaboratu zuten independentista kroaziarrak izan ziren.)

  ©Template by Dicas Blogger.