2010/05/14

Asko ikasi dugu Amezketako Hizkuntz Eskubideen Tailerrean




Amezketako Kultur Astearen barruan, Hizkuntz Eskubideen Tailerra antolatu zuten, eta arrakasta handia izan zuen: 30 lagunetik gora bildu ginen. Paul Bilbaok dinamizatu zuen tailerra, eta, besteak beste, gure eguneroko bizitzan egiten dizkiguten hizkuntz eskubideen urraketez konturatzeko balio izan zuen saioak. Hona hemen saioan ateratako kontu batzuk:


Segi irakurtzen


- Hizkuntz eskubideen kontzientzia dute hizkuntz eskubideen urraketak jasaten dituztenak.


- Hizkuntz eskubideak lurraldetasunari lotuta daude: euskaldunok hizkuntz eskubideen jabe gara euskararen lurraldean; hau da, Euskal Herrian.


- Euskal Herrian berezko hizkuntzan jarduteagatik gertatzen diren urraketak hartzen ditu kontuan Behatokiak.


- Gaur egun, Euskal Herrian, hizkuntz eskubideak legez gaindi daude. Beraz, askotan gertatzen da hizkuntz eskubideen urraketa legezko urraketa izatea.


- Lege batzuk aitortzen dizkigute hizkuntz eskubide batzuk euskaldun batzuoi; beste lege batzuek, berriz, ez dute euskaldunon hizkuntz eskubiderik aintzat hartzen.


- Hizkuntz eskubidea norberarena da, eta ez erakunde publikoarena edo enpresa batena.


- Euskaldunak, eta, hedaduraz, euskal hiztunen komunitateak, eskubidea du Euskal Herrian euskara erabiltzeko, tokian tokiko legea edozein delarik ere.


- Urraketa guztiak dira larriak, baina eremu euskaldunetako urraketak nabarmenagoak dira, eta, askotan, kontrako jarrera sutsuagoa eragiten dute.


- Euskararen normalizazioa lortuko bada, modu mailakatuan izango da, eta, hor, eremu euskaldunek abanguardia izan beharko lukete, eta euskararekiko exijentzia maila koska bat gorago jarri.


- Urraketa askotan, urraketak ez ezik irainak, tratu zakarrak eta abar ere izaten dira.


- Ez da egia eramu pribatuan hizkuntz eskubiderik ez dagoela. Katalunian, adibidez, legea garatuago dago alde horretatik, eta estableziemendu komertzialetako hizkuntz eskubideak arautzen ditu.


- Larriena ez da urraketa bera, baizik eta urratzailearen inpunitatea eta horrek urratzailearengan eragiten duen oldarkortasuna.


Laburbilduz, tailerraren ondorioz, parte hartzaile baten hitz esanguratsuak ekarri nahi ditugu gogora: "Aurrerantzean, betaurreko berri batzuekin bezala hasiko gara errealitatea ikusten, orain arte ikustezinak diren urraketak ikusten hasiko gara-eta".


0 erantzun:

  ©Template by Dicas Blogger.