2010/07/13

Semaforoak urtebete egin du


Duela urtebete, Tolosaldeko semaforoetan kartel xelebre batzuk agertu ziren. Karteletan, honako hau zegoen idatzita: "Semaforoak euskaraz". Herritarrak elkarri galdezka aritu ziren: "Zer ote da hau?".

Galdera horri erantzun nahian, hainbat azalpen ibili ziren bolo-bolo: kartelek hauteskunde kanpainarekin zerikusia zutela, semaforoetako entzunezko mezuak euskaraz jartzeko kanpaina zela, autoeskoletan gidabaimena euskaraz ateratzeko kanpaina zela...

Segi irakurtzen

Hedabideek ere eman zuten gure berri: Berrian, Garan, erabili.com-en...

Azkenean, argitu zen misterioa: begiaurrean duzu. Tolosaldeko Euskararen Semaforoa izeneko bloga.

Abian jarri ginenetik urtebete pasa da, eta makina bat gauza lortu ditugu, eta beste asko lortzeko ditugu.

LORTU DUGUNA

- Semaforoa elikatzen eta sustatzen talde eragile langile eta jator bat eratu dugu.

- Urtebetean, ehun albistetik gora jarri ditugu blogean, eta, zorionez, gehiago izan dira berri onak (berdeak) txarrak baino (gorriak): %60 berdeak, %20 laranjak eta %20 gorriak.

- Semaforoaren diseinua urtarrilean aldatu genuenetik, 5.400 bisitatik gora izan ditugu. Egun batzuetan, 300 bisitatik gora jaso izan ditugu.

- Bi/Hiru astean behin 910 helbidetara bidaltzen ditugu blogean jarritako albisteak.

- Facebooken 410 lagunek egin dute bat Semaforoarekin.

- Google bilatzailean ere bagara zerbait: "Euskarararen semaforoa" idatzi eta 1.350 sarrera ditugu.

- Bloga, searearen bidez ez ezik, irrati bidez ere zabaltzen ari da. Hilean behin, semaforokideak Txolarre Irratira joan eta semaforo berdeak eta gorriak banatzen ditugu.

- Blogak oihartzun handia izan du hedabideetan, eta ez bakarrik hasieran. Blogean argitaratutako albisteak beste hedabide askotan ere argitaratu dira: Garan, Berrian, Sustatun...- Herritar batzuk semaforoa bere egiten dute, eta gurekin harremanetan jarri dira euren inguruan gertatutako zerbaiten berri emateko, baita euskararekin dituzten kezkak jakinarazteko ere.


LORTZEKO DAUKAGUNA

- Semaforoaren helburua ez da agerkari digital bat izatea, euskararen aldeko dinamika eraginkor bat lortzea baizik. Horregatik, semaforoaren helburua saretik aurrez aurreko ekimenak egiteko jauzia ematea da.

- Eskualdeko euskalgintzako eragile askotan etsipena da nagusi. Etsipena da, beraz, borrokatu beharreko arerio nagusia.

- Zoriontzeko ez ezik salatzeko gauza asko ikusi eta pairatu ditugu urtebetean. Euskararen eta euskaldunen aurkakoek bere horretan jarraitzeko asmoa dutenez, guk ere hortxe jarraituko dugu, baina nahiago genuke gehiago bagina.

- Semafororokide potentzial asko daude, eta horietako asko semaforora hurbiltzea nahiko genuke. Zergatik ez zara gurekin harremanetan jartzen?

Izan ere, semaforoa ez inoren jabetza. Zu ere semaforokide izan zaitezke. Jarri harremanetan gurekin, posta elektronikoko helbide honetan: euskararensemaforoa@gmail.com.


2 erantzun:

Anonymous,  08:51  

Zorionak, beraz, eta jarraitu horrela!

Anonymous,  01:11  

Segi bai, segi, Euskal Herriak zuok lakoak behar dituz ta!

  ©Template by Dicas Blogger.