2010/04/29

EHU ala… UPV soilik?

“Eman ta zabal zazu” edota “jaso ta etsi zazu”?
Gure herrietako gazteek unibertsitatera iristean sekulako arazoak izaten dituzte beren ikasketekin jarraitu eta euskaraz egiteko.
Lizentziaturaren ondoren 3.zikloko ikasketak hasi nahi dituen jendeak euskaraz egin nahi baditu, ezinezkoa da kasurik gehienetan. Hasteko, derrigorrezkoak diren kurtso guztiak erderaz egiten dira ia arlo guztietan.
Segi irakurtzen
Ondoren, “ikertzeko gaitasuna” titulua eskuratzeko epaimahai baten aurrean defentsa egin behar izaten zen (oraintxe aldatu dute programa eta gaur egun ez da egiten). Defentsa hori euskaraz egiteko, oztopo handiak gainditu behar izaten ditu ikasketa bide hori hartzen duen jendearen gehiengoak. Azkenik, doktore-tesia euskaraz egiteko epaimahai egokia lortzeko zailtasunak topatu daitezkeen arren, sarritan erabiltzen da hori aitzakia gisan, euskeraz egiterik ez dagoela esateko. Trabaz betetako ibilbide horrek, euskaldun ugari tesiak beste hizkuntzetan egitera bideratzen ditu.
Gainera, hainbat katedradun irakasle eta zuzendarik gazteleraz edota ingelesez aurkeztutako tesiak txalotzen dituen bitartean, euskaraz aurkeztu nahi dutenei ez diete inolako bultzadarik eskaintzen, alderantziz baizik, harriak bidean jarri, oztopoak nonahi, eta arazoak ematen dituen horietako bat bezala sentitu arazten zaituzte.
Beraz, kontua ez da soilik UPVn ikasketak euskaraz eskaintzeko zerbitzuak ez dituztela betetzen, baizik are eta okerrago, katedradun batzuk euskararen erabilpena unibertsitatean oztopatu egiten dutela, arazo bat bezala azaltzen dute gaia. Gezurra dirudi baina Euskal Herriko Unibertsitatea izena duen honetan gure kultura eta jakinduria zabaldu beharrean,… ahaztu ez… txikitu eta mesprezatu egiten dute. Ikusi besterik ez dago, UPVn egiten diren doktore-tesien artean, zenbat egiten diren euskeraz, eta gainera, urtez-urteko bilakaera aztertuz gero, argi dago kopuru hori ez dela handitzen.
Universidad del Pais Vasco, jaso gure semaforo gorria eta arren,… ez ezazu zure “birusa” zabaldu!!!

0 erantzun:

  ©Template by Dicas Blogger.