2010/04/09

Gaztelania jaun eta jabe eskualdeko postontzietan jasotako propagandan



Gaztelania da, zalantzarik gabe, Tolosaldeko etxeetako postontzietan jasotzen den propagandako hizkuntza nagusia: lau enpresatik hiruk gaztelania bakarrik edo gaztelania nagusiki erabiltzen dute.

Argazkian, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko eta Galtzaundiko kide bana daude: eskuetan euskarazko agiriak dituzte, eta hankanpean gaztelaniazkoak. Ikusten denez, euskara hutsezkoak hutsaren hurrena dira. Izan ere, 2009. urte osoan bi enpresak baino ez dituzte bidali gure etxeetara euskara hutsezko propaganda agiriak: iragarkilaburrak.com eta Renault Autoberri.


Segi irakurtzen


Galtzaundik eta UEMAk eskualdeko zortzi udalerritan egin dute neurketa, eta, guztira, 670 agiri neurtu dituzte. Neurketa Tolosaldeko zortzi herri hauetan egin dute: UEMAko lautan (Adunan, Iruran, Anoetan eta Alegian), eta beste lautan (Tolosan, Ibarran, Zizurkilen eta Villabonan).


Gainera, egitasmoaren baitan, Tolosa ez beste udalek gutunak bidali dizkiete enpresei euskararen presentzia gutxienez gaztelaniazkoaren parekoa izateko, baina udalen eskaerari ia inork ez dio jaramonik egin. Bi enpresak baino ez dute jarrera aldatu: Tolosako Berezi arropa dendak eta Anoetako Renault Autoberrik.


Agiriotako hizkuntza neurtzeaz gain, Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren laguntzarekin, Galtzaundik eta UEMAk legean arakatu dute jakiteko badagoen aukerarik publizitatean euskara erabil dezaten eskatzeko, eta ondorioztatu dute ez dagoela legezko oinarririk euskararen presentzia bermatzeko.

Eskualdeko eta herriz herriko datuak ikusteko, sakatu hemen.



0 erantzun:

  ©Template by Dicas Blogger.