2010/09/03

Gaztezulotik Hollywoodera, zergatik ez?



Gaztezulok I. Bideo Lehiaketa antolatu du. Bideoek gutxienez minutu bateko eta gehienez hiru minutuko iraupena behar dute izan, eta hizkuntz edukiak euskarazkoa behar du izan.

Bideoak Euskaltubera edo Youtubera igo behar dira eta linka gaztezulo@gaztezulo.com helbidera bidali, azaroaren 15a baino lehen.

Bideo onenaren egileak 1.500 euroko diru saria jasoko du. Ez da makala!

Informazio gehiago nahi izanez gero, egin klik hemen.

Read more...

Katalana han eta hemen




Helios del Santok, zuzeu albistariaren bidez, pasadizo interesgarri bat ekarri digu: Schlecher drogeria batera sartu, eta katalogoa katalan hutsez topatu du. Non eta Iruñean!

Tolosaldean zabaltzen duten propagandan, berriz, ez dago katalanik eta euskararik ere ez, eta horixe salatu zuten UEMAk eta Galtzaundik eskualdeko publizitatearen neurketan. Zertarako?

Webgunea ere hamar hizkuntzatan dago, eta euskaraz zipitzik ere ez.

Artikulu osoa irakurri nahi baduzu, egin klik hemen.

Read more...

2010/09/01

"80 egunean", ozeanoaren beste aldean


"80 egunean" aspaldi kendu zuten Euskal Herriko karteleretatik, baina pelikularen ibilbidea ez da amaitu: egunotan Montrealgo "Festivals des film du monde" jaialdian eman dute. Gainera, 2010eko Donostia Hiria Sarirako hautagaia izatea lortu du.

Euskarak etxerako bakarrik balio ez duen beste froga bat dugu, beraz.

Zorionak Semaforoaren partetik, bidea ez da erraza izan-eta!

Read more...

2010/08/31

Tolosako geltokian euskara geldirik eta mutu oporraldian






Udako oporretan ere ez da falta izan euskararen eta euskaldunen aurkako urraketarik eskualdean. Hona hemen Tolosako Idoiak helarazi digun pasadizoa:

Ez naiz egunero trenean ibiltzen den horietakoa, baina gaur bertan erabili behar izan ditut RENFEren zerbitzuak. Tolosako leihatilako gazteak (praktikatan zirudien) txartela norako nahi nuen ozta-ozta ulertu didala uste dut, baina tira; badakit bestetan euskaldunak ere egoten direla bertan.

Ondoren etorri da bozgorailuko oharra. Ni bertan nengoela, bi tren iragarri dituzte eta bietan gaztelania huts-hutsa erabili dute. NOIZ ARTE? EZ AL DA, BADA, ERRAZA HORI KONPONTZEA? ESAN BEHARREKOA IDATZITA EDUKI ETA KITTO!!!

Eta zuei, urte askoan txapela kaskoan!

Gure aholkua, salaketa jartzea: Renfeko geltokian bertan, edo, bestela, Behatokian.

Read more...

Reala eta "Euskararekin bat": hausnarketarako kontu batzuk



Futbol liga hasi den honetan, eta Realaren elastiko txuri-urdin berrian nonahi ikusten hasi garen honetan, komeni da Realarekin eta euskararekin lotura duen gau bat gogora ekartzea: Gipuzkoako Foru Aldundiak 1.200.000 euro eman(go) dizkio Realari, elastikoetan "Euskararekin bat" leloa eramateagatik eta euskararen aldeko neurri batzuk hartzeagatik (tartean, euskara plana abian jartzea).


Segi irakurtzen


Etorkizunera begira jarri aurretik, begira diezaiogun egungo egoerari. Realak Bai Euskarari Ziurtagiria du, "Bidean" mailan. Zer gertatzen da, euskaraz mailaz igotzeko diru laguntza behar duela? Beste enpresa batzuek beren poltsikotik ordaintzen dute euskararen alde hartzen dituzten neurriak. Realak ezin du hori egin?

Beste batzuek askoz gutxiagorekin konformatu behar dute. Euskararen normalizazioari dagokionez, zer-nolako ekarpena egingo dio Realari emandako dirutzak? Foru Aldundiak ez du bestelako lehentasunik? Demagogoa izatea leporatuko digute, baina demagogoagoa da errealitatea: bestelako diru laguntzak murrizten dituzten garaian, Realari halako dirutza ematea ere! Ez dago euskararen normalizazioan gauza hoberik 1.200.000 eurorekin egiteko?

Realeko jokalariek ez dute euskara planik behar izan, igoerako ospakizunetan euskara sano-sano erabiltzeko, eta, horregatik, zoriondu egin dituzte, gainera. Zoriondu egin behar dira euskaldunak jendaurrean euskaraz egiteagatik?

Zoriontzeko motibo askorik ematen ez duena Jokin Aperribay Realeko presidentea da. Eska diezaiokegu dirutza jasoko duen kirol elkarteko presidenteari euskararen aldeko konpromiso pertsonal bat hartu eta euskara ikasten hasteko?

Badira hori baino gauza errazagoak egiteko, eta duela gutxi arte ez ditu egin Reala: Irutxuloko Hitzak salatu du Realaren denda ofizialean Gaztelaniazko "Centenario" kontzeptua honela itzuli dute euskarara: "Ehunurtearrena". Realaren webgune ofizialean ere hamaika aldiz aurkitu dugu informazioa gaztelaniaz bakarrik. Bi gauza txiki, baina esanguratsu. 1.200.000 euro ez al da nahikoa diru dendako errotuluetan gauzak euskara txukunean jartzeko, webguneko testuak euskaraz sortzeko edo, bestela, gaztelaniatik euskarara berehalakoan itzuli eta eskaintzeko?

Dirutza horren truke Real Sociedad de Fútbol taldeak izena ere aldatu beharko lukeela diotenak ere badaude. Eta zer izen jarriko genioke? Zalaparta handia sortuko al luke izena aldatzeak? Zer litzateke hobe, tradizioari eustea, edo, euskararekiko harremanetarako garai berri baten seinale, izena ere aldatzea?

Galderak galderak dira, eta norbaitek erantzunak ematen hasi beharko luke, baina agian bada galdera bat besteen aurretik egin beharrekoa: diru laguntza horren atzean ez da egongo euskararen normalizazioaz gaindiko bestelako interesik?

Read more...

2010/07/19

"INDOOR KARTING GIPUZKOA", euskalduneei eskainitako arreta: % 0,000














Tolosan zabaldu dute, gazteentzako erakargarria izan daitekeen gune berri bat:
700 metroko zirkuitua, taberna eta jatetxea, 150 autoentzako aparkalekua, billarrean edota dardotan jolasteko guneak, denda, taldeentzako ospakizun bereiziak, lehiaketak, zozketak, paintball, motorrak,... eta non dago EUSKARA???
Ez duzue aurkituko, sarreran ez dago ongi etorririk, barruan inolako seinalerik, webgunea ere elebakarra (erdalduna noski), eta hiztunak... auskalo.
Euskaldunentzako behintzat ez du irteera on bat izan abiadura handiko gune berri honek. Beraientzako gure SEMAFORO GORRIA!!!

Read more...

2010/07/13

Semaforoak urtebete egin du


Duela urtebete, Tolosaldeko semaforoetan kartel xelebre batzuk agertu ziren. Karteletan, honako hau zegoen idatzita: "Semaforoak euskaraz". Herritarrak elkarri galdezka aritu ziren: "Zer ote da hau?".

Galdera horri erantzun nahian, hainbat azalpen ibili ziren bolo-bolo: kartelek hauteskunde kanpainarekin zerikusia zutela, semaforoetako entzunezko mezuak euskaraz jartzeko kanpaina zela, autoeskoletan gidabaimena euskaraz ateratzeko kanpaina zela...

Segi irakurtzen

Hedabideek ere eman zuten gure berri: Berrian, Garan, erabili.com-en...

Azkenean, argitu zen misterioa: begiaurrean duzu. Tolosaldeko Euskararen Semaforoa izeneko bloga.

Abian jarri ginenetik urtebete pasa da, eta makina bat gauza lortu ditugu, eta beste asko lortzeko ditugu.

LORTU DUGUNA

- Semaforoa elikatzen eta sustatzen talde eragile langile eta jator bat eratu dugu.

- Urtebetean, ehun albistetik gora jarri ditugu blogean, eta, zorionez, gehiago izan dira berri onak (berdeak) txarrak baino (gorriak): %60 berdeak, %20 laranjak eta %20 gorriak.

- Semaforoaren diseinua urtarrilean aldatu genuenetik, 5.400 bisitatik gora izan ditugu. Egun batzuetan, 300 bisitatik gora jaso izan ditugu.

- Bi/Hiru astean behin 910 helbidetara bidaltzen ditugu blogean jarritako albisteak.

- Facebooken 410 lagunek egin dute bat Semaforoarekin.

- Google bilatzailean ere bagara zerbait: "Euskarararen semaforoa" idatzi eta 1.350 sarrera ditugu.

- Bloga, searearen bidez ez ezik, irrati bidez ere zabaltzen ari da. Hilean behin, semaforokideak Txolarre Irratira joan eta semaforo berdeak eta gorriak banatzen ditugu.

- Blogak oihartzun handia izan du hedabideetan, eta ez bakarrik hasieran. Blogean argitaratutako albisteak beste hedabide askotan ere argitaratu dira: Garan, Berrian, Sustatun...- Herritar batzuk semaforoa bere egiten dute, eta gurekin harremanetan jarri dira euren inguruan gertatutako zerbaiten berri emateko, baita euskararekin dituzten kezkak jakinarazteko ere.


LORTZEKO DAUKAGUNA

- Semaforoaren helburua ez da agerkari digital bat izatea, euskararen aldeko dinamika eraginkor bat lortzea baizik. Horregatik, semaforoaren helburua saretik aurrez aurreko ekimenak egiteko jauzia ematea da.

- Eskualdeko euskalgintzako eragile askotan etsipena da nagusi. Etsipena da, beraz, borrokatu beharreko arerio nagusia.

- Zoriontzeko ez ezik salatzeko gauza asko ikusi eta pairatu ditugu urtebetean. Euskararen eta euskaldunen aurkakoek bere horretan jarraitzeko asmoa dutenez, guk ere hortxe jarraituko dugu, baina nahiago genuke gehiago bagina.

- Semafororokide potentzial asko daude, eta horietako asko semaforora hurbiltzea nahiko genuke. Zergatik ez zara gurekin harremanetan jartzen?

Izan ere, semaforoa ez inoren jabetza. Zu ere semaforokide izan zaitezke. Jarri harremanetan gurekin, posta elektronikoko helbide honetan: euskararensemaforoa@gmail.com.


Read more...

  ©Template by Dicas Blogger.