2012/03/20

Ze itxura eduki behar du euskaldunak?


Aldabataria blogean hausnarketarako beta ematen duen komiki bat aurkitu dugu (sakatu marrazkiaren gainean hobeto ikusteko). Marrazkia Jon Arangurenena da, eta, marrazkia ikustean, galdera hau sortu zaigu: ze itxura du euskaldunak? Eta ze itxura erdaldunak?

Duela urte eta erdi, antzeko egoera bat ekarri genuen blogera: Zergatik ez zuen jakin behar euskaraz? Beltza zelako?

Read more...

2012/03/19

Arrakastatsua izan da Euskaraz Bizi Eguna


Arrakastatsua izan da larunbateko Euskaraz Bizi Eguna, eta Semaforoak zoriondu egin nahi du EHE egindako lan guztiagatik.


Eguna nola joan zen ikusteko, EHEren webgunera jo dezakezu.

Euskaraz Bizi Egunaren harira, egun horretan zenbat euskara erabili den izan dute hizpide Sustatun. Albistea ikusteko, egin klik hemen.

Read more...

2012/03/12

Manchesterren zoriontzekoa dena Villabonan ere zoriondu behar al dugu?



Semaforoaren facebookean bolo-bolo dabil goiko argazkia: Manchesterren futbol estadioan ateratako argazkia da (Azkue Fundazioari esker izan dugu horren berri), eta kartela ingelesez, euskaraz eta gaztelaniaz dago. Dena da zoriona eta poza, euskarak tokia izan duelako, beste hizkuntza batzuekin batera.


Villabonan, berriz, beste seinale honek deitu du gure arreta (erdiko argazkia). Hori ere euskaraz dago, beste hizkuntza batekin batera. Hori ere zoriontzekoa al da? Arazorik sortuko al luke euskara hutsez balego? Erdaldun petoenak ere ez da du kapazitaterik seinalearen edukia ulertzeko? Seinaleak ele biz jartzea ez al da absurdoa toki batzuetan?

Albiste honek segida izan du. Ikusi nahi baduzu, egin klik hemen.

Duela aste batzuk, Ibarrako seinale batek ere eman zigun elebitasun ereduez hitz egiteko: ikusi hemen.

Read more...

2012/03/09

ETB Nafarroan: eta orain, zer?


Nafarroan ETBrekin gertatutakoaren harira, bi hausnarketa egin nahi ditugu, ahots gora:

1.-Nola hitz egin daiteke hizkuntzen arteko elkarbizitza naturalaz? Ikusi Zaldieroaren hausnarketa goian) edo ikusi hemen.

2.- Eta orain, zer?

Kasuak zer esana ematen badizu, idatziguzu erantzunen atalean, facebooken edo bidali zure gogoeta posta elektronikoz (euskararensemaforoa@gmail.com).

Read more...

2012/03/08

Euskara doan ikasteko proiektuak erantzun handia izan du Alegian





Tolosaldeko Hitzaren bidez jakin genuen Alegian etorkinek euskara doan ikasteko aukera izango dutela. Esperientzia pilotu horren ezaugarri nagusia zen euskara ikasteko nahiz alfabetatzeko eskolak antolatu dituela udalak, eta proiektua auzolanean oinarrituta dagoela, boluntarioekin.

Orain gutxi jakin dugu 37 lagunek eman dutela izena ikastaroak jasotzeko. Animo guztiei!

Alegiako alkateari egindako elkarrizketa irakurri nahi baduzu, jo Tolosaldeko Hitzara.

Read more...

2012/03/06

Jaurlaritzak ekarpen itzela egin dio euskarazko umoreari: testu itzultzaile automatikoa


Gaztelaniatik euskararako testu itzultzaile automatikoa aurkeztu du Jaurlaritzak, eta guk, gure txokotik, asko estimatu dugu txiste elebidun txarrak egiteko eman digun aukeragatik.

Begira zer-nolako itzulpenak ematen dituen (ezkerrean, gaztelaniaz idatzi duguna, eta, eskuinean, euskarazko baliokidea, negritan):

Muchas gracias: Grazia asko.
Aupa Athletic: Athletic-a altxatzen du.
Arriba España: Goian Espainia.
Abierto mañana y tarde: Bihar eta berandu irekita (klasiko bat)
La prima de mi abuela: Nire amonaren saria.
Hoy hace buen tiempo: Gaur duela denbora on.
Necesito una cazadora de niña: Bat behar dut zamarra neskako.
Amo a Laura: Laura-rako Jabea.

Guk eskerrak eman nahi dizkiogu halako ekarpen umoretsuak egiten dituenari. Hortxe duzue, nahi dituzuen frogak egiteko: www.itzultzailea.euskadi.net.

Testu itzultzailearen gaineko hausnarketa serio eta mamitsuagoak egin nahi badituzue, beste toki hauetara joan beharko duzue: sustatura, erabili.com-era edo Berriara, besteak beste.

Zuzeun, Jaurlaritzaren itzultzailea eta google alderatu dituzte: zein da hobea?

Read more...

2012/03/05

Badugu palindromo irabazlea: ANIMATUTA BAZEN, EZABATUTA MINA


Arrasate Euskaldun Dezagun taldekoek jakinarazi digutenez, Euskarazko Pelindromoen 2. edizioak badu irabazlea. Guztira, 61 palindromo jaso dituzte. Hona hemen bidali diguten mezua:

Irakurri mezua


Egun on:

Otsailaren 15ean amaitu zen Arrasate Euskaldun Dezagun euskaldunon elkarteak antolatutako Euskarazko palindromo lehiaketaren 2. edizioan parte hartzeko epea. Euskal Herriko hainbat txokotatik jaso ditugu palindromoak, Donostia, Azkoitia, Aretxabaleta, Zumarraga, Oiartzun, Lizarra, Alegi, Etxarri Aranaz, Eibar eta Gasteiz. Guztira 61. Arrasatetik ez dugu palindromorik jaso beraz Arrasateko palindromo onenaren saria hutsik geratu da.

Aurkeztutako 61 palindromoetatik kanpoan geratu ez diren 52en artean onena aukeratzea izan da Makos Gimeno palindromogilea, Oskar Elizburu Erdu-AEK euskaltegiko zuzendaria eta Amaia Arana Arrasateko Udal Euskaltegiko zuzendariak osatutako epaimahaiaren lana. Palindromoak ulergarriak eta hizkuntza aldetik zuzenak izateaz gain, beraien balio literarioa eta artistikoa, luzera eta aberastasun semantikoa baloratu dira.

ANIMATUTA BAZEN, EZABATUTA MINA!

Hauxe da Euskarazko palindromo lehiaketaren 2. edizioko Euskal Herriko Palindromo onena, Pasaian jaio eta gaur egun Aretxabaletan bizi den Juan Mari Agirreurreta Elosegik egina.

Amaia Arana epaimahaikidearen eskutik jaso du Agirreurretak ( argazkian) irabazitako saria, Debako Txindurri-Iturri Nekazal turismo sagardotegiari esker, bertan bi lagunendako sagardotegi afaria, logela eta gosaria.

Honekin batera bidaltzen dizuet saria banaketako argazkia.

Ondo izan

Maite Agirre Ena

AED elkarteko dinamizatzailea



Guk, gure aldetik irabazlea ez ezik parte hartzaile guztiak zoriondu nahi ditugu.

Read more...

  ©Template by Dicas Blogger.