2009/09/25

ZERBITSUA ESKAINTZEN DUTE, ZERBITZUAREN ORDEZ










Semaforoaren lagun batek honako argazki hauek bidali dizkigu. Tailerra Tolosatik Anoetarako bidean dago, eta zerbitzua eskaini ordez zerbitsua eskaintzen dute. Zerbitzua ortografiaren maila berean badago, ez dakit nork eramango lukeen automobila tailer horretara.

Read more...

2009/07/01

EUSKAL IRRATIAK AURRERA!


Nafarroako Gobernuak legeak jaso gabeko hainbat irrati kateen emankizunak bertan behera uztea ebatzi du. Haien frekuntziek Noaingo aireportuko aire segurtasuna “arriskuan” jartzen dutela argudiatu du horretarako, nahiz eta uhinen arloa ez den bere eskumenekoa.
Segi irakurtzen
Emisioak eteteko agindua jaso duten irratien artean dago Iruñerrian euskara hutsean emititzen duen Euskalerria Irratia.
Uhinen zaintza ez da Nafarroako Gobernuaren ardura, Espainiako Telekomunikazioetako Zuzendaritza Nagusiaren baizik. Aireportuko seinalean interferentziak ez ditu Euskalerria Irratiko antenak sortzen, baina hala ere, Zuzendaritza honek, interferentziak ikertzeko espedientea zabaldu duenean jabetu da, irrati lizenziarik gabe ari dela emititzen euskara hutsezko irratia. Aitzakia horretaz baliatuta hartu du emisioak eteteko erabakia Sanzen Gobernuak.
Aspaldi egina du Euskalerria Irratiak lizentzia eskaera eta eskaera hori bera egiten dugu Euskal Herriko beste hainbat euskarazko irratik ere. Espainiako Ministro kontseiluak du, irrati lizentziak banatzeko eskumena. Horretarako, aldiro, FMrako plan teknikoak onartzen ditu. Azkena 2006ko irailaren 1ean eman zuen argitara. Espektroaren banaketa horretan irrati publiko eta komertzialentzat baino ez da egiten lekua, Txolarre bezala, izaera herritarra duten irratiak kanpoan utziz.
Gaur gaurkoz, Txolarre Irratiak Amasa-Villabonako Udalak duen irrati zabalkunderako baimena erabiltzen du emititu ahal izateko, baino lizentzia hori ez du Txolarrek zuzenean kudeatzean, egiteko hori, legez, udal korporazioari bakarrik baitakogio. Tolosaldeko euskarazko irratia beraz, egoera “alegalean” dago.
Hau da, Euskal Herrian irratigintzak bizi duen egoera. Lege propiorik ez dugu. Irrati espektroa saturatuta dago; Bertakoak ez diren irratiei ez zaie muga jartzen; Irrati publikoek, espektroan egokitu ez zaien tokia betetzen dute, ez dagokien potentzian; uhinetan euskararen presentzia gero eta urriagoa da; Anabasa honetan, lizentziak merkantzia gisa erabiltzen dira, irrati komertzial handiek salerosketarako txanpon truke bezala erabiltzen dituzte.
Euskal Herriak, euskaldunagoa eta herritarragoa izango den irrati errealitate bat izan dezan, antolatu eta borrokatu behar dugu!

Read more...

ABALCISQUETA? NON DEMONTRE DAGO HORI?


Orendainen bizi den herritar batek Alegiako argazki hauek bidali dizkigu, testu honekin:

“Alegian aspalditik jarrita daude argazkiko kartelak (“Abalcisqueta” argazkia). Urteak dira herriaren izena Abaltzisketa dela. Gainera, errotulu horren parean beste bat dago eta han Abaltzisketa jartzen du.
Alegiako Udalarekin harremanetan jarri eta esan didate Diputazioa jakinaren gainean jarri dutela, baina errotuluak hortxe jarraitzen du. Horregatik, kexa Behatokira ere bidali dut.”
Aurrerantzean, horrelako kexarik baduzue, atera argazkiak eta idatzi helbide honetara: euskararensemaforoa@gmail.com.

Read more...

Tolosaldean ere “Euskaraz seguruago”


Asegurogintza esparruan lan egiten dutenen artean ere badira euskararen normalkuntzan urrats eraginkorrak ematen ari dutenak.
Segi irakurtzen
Horietako bat, Tolosan dugun “Asegurogintza aseguru artekaritza” da. Orain urtebete entitate honetan, beraien zerbitzua guztiz euskaratzeko prozesua abian jarri zuten, eta horretan dihardute etengabe. Artekari lanak betetzen duen entitate honek hainbat aseguru-etxeekin lanean dabil, eta guztiengan eragin nahi du, euskaldunei ere zerbitzu normalizatu bat eskaintzeko. Bide batez, bat egin dute KONTSEILUTIK abiatutako “Euskaraz seguruago” kanpainarekin. Besterik gabe, ZORIONAK eta AURRERA abiatutako ibilbidearekin.

Read more...

HEDABIDEETAN ERE, "SEMAFOROAK EUSKARAZ"



Hedabideek ere gertutik jarraitu dute “Semaforoak euskaraz” kanpaina. Semaforoetan lehenengo kartelak ageri bezain azkar, Galtzaundi aldizkariak eta Tolosaldeko Hitzak albiste banatan ikaragarri indartu zuten “moskeoa”.

Segi irakurtzen
href="http: 556="" semaforoak_euskaraz.htm?="" www.tolosaldekohitza.info="" zureadahitza="">Hitzak eta Galtzaundiren web guneak tolosar baten gutuna zekarten.Gainera, moskeoa are gehiago handitzeko, Galtzaundiren aldizkariak orri osoa eman zion kanpainaren irudiari: ikus GALTZAUNDI argazkia.
Albiste horietatik, ordea, ezin atera zer zen “Semaforoak euskaraz” kanpaina. “Moskeoa” gailurrera iritsi zen: denen ahotan zebilen, baina inork ez zekien zer zen.
Horretarako, aste batzuk itxoin behar izan da.
Denetan azkarrena, Galtzaundi aldizkaria izan da. Ekainaren 19ko alean, hau zioen, ”Tolosaldeko euskararen semaforoa” izenburuarekin: “Eskualdean, euskalgintzaren eremuan eta euskararen inguruan gertatzen diren notizia guztien berri emateko, Tolosaldean blog berria sortu dute”. Ikus GALTZAUNDI2 argazkia.
Web gunean ere izan du tartea albisteak.
Misterioa argituta zegoen ordurako, baina, Galtzaundiren atzetik, eskualdeko nahiz eskualdez kanpoko hedabideak etorri dira:
GARAk, izenburu honekin argitaratu du albistea: “Semaforoek euskaraz ez dakitelakoan? Zur eta lur Tolosaldeko herritar andana”.
BERRIAk, berriz, semaforoak hitz eginarazten jarri ditu: “Semaforoei hitz eginarazten” Ikus BERRIA argazkia
TOLOSALDEKO HITZA esplizituagoa izan da: “Euskara eta Tolosaldea, blog batean bilduta” Ikus HITZA argazkia
Noticias de Gipuzkoak izenburu informatiboagoa aukeratu du: “Tolosaldeko euskaltzale talde batek 'blog' berria zabaldu du” .
Diario Vascok “misterioa” dakar izenburura: “Argitu da Tolosaldeko semaforoetan agertu diren kartelen misterioa”
Interneteko hedabideek ere eman diote tokia albisteari:
Euskal Herrian Euskaraz-ek blogaren helburua aipatu dute: “Euskararen semaforoa blogak Tolosaldeko euskaltzaleen bilgune izan nahi du”.
Euskaraz Bai dinamika herrietan blogak semaforoa piztu dela dio: “Tolosaldean piztu da euskararen semaforoa”.
Bildu.net web guneak GARAtik jaso du albistea.
Erabili.com-ek atentzioa emateko izenburua dakar: “Semaforoak euskaraz hitz egiten?”
Eta aurki.com-ek bertatik hartu du albistea.
Gainera, Euskarari blogak bere zerrendan sartu gaitu.
Eta hori hasiera baino ez da. Ikusiko duzue aurrerantzean...

Read more...

2009/06/18

ONGI ETORRI GURE TXOKORA!!!



Honaino iritsi bazara, jakingo duzu honezkero zein den “Semaforoak euskaraz” kanpainaren helburua. Semaforoz semaforo ikusi dituzun kartelek blog baten berri eman nahi zuten. Baina nondik nora sortu da ideia hori?

Segi irakurtzen
2009ko ekaina. Egun sargoritsua Villabonan, edo Tolosan, edo Ikaztegietan, edo Alegian, edo Altzon (azken batean, zer axola du non?). Tolosaldeko herri batzuetako euskaltzale batzuk elkarri begira, euskara hizpide, etsi samar.
Batek (Iñaki deituko diogu): “Jendeak uste du dena eginda dagoela, euskara normalizatuta dagoela, eta begira: normal bizi diren bakarrak erdaldunak dira”.
Beste batek (Leire deituko diogu): “Gure herrian ere gauza asko dago egiteko, eta hori herri euskaldun-euskalduna dela, e? Baina jendea ez dek konturatu ere egiten. Total, ume guztiek egiten ditek euskaraz, ezta? Bada, horrekin, kito. Dena eginda zagok”.
Beste batek (Asier deituko diogu): “Eta begira zenbat gauza dagoen egiteko: trena hartu det eta rebisoreak gaizki begiratu dit euskaraz egiteagatik, trenean sartu naiz eta ikastolako haurrak jo ta fuego gaztelaniaz entzun ditut, medikuarengana joan naiz eta esan dit berak ez duela euskarazko perfil linguistikorik atera behar eta gaztelaniaz hitz egitera behartu nau (“en cristiano”), herriko supermerkatu berrian dena erderaz dago, eta inork ez dizu egun on ere euskaraz esaten, eta...”
Leirek: “Bueno, jendea hortxe zagok, zer gertatu zain bezala. Akordatzen Egunkaria itxi zutenean zer gertatu zen? Jende pila bat atera zuan kalera. Horrek esan nahi dik egon badagoela jendea, baina zerbaiten zain daudela aktibatzeko”.
Beste batek (Maider deituko diogu): “Bai, ederra bota dek! Jendea, bai, joan huan manifestazioetara eta bestelako mobilizazioetara, eta handik pare bat egunera denak Marca eta Diario irakurtzen. Orain ere zenbat jendek entzuten dik Txolarre Irratia eta zenbatek Cadena Ser edo Radio Euskadi?”
Beste batek (Miren deituko diogu): “Bueno, hi, ez amargatu festa, e? Nahikoa dinagu. Egingo dinagu pixkanaka-pixkanaka.”
Iñakik: “Bai? Eta zer egingo dugu, ba? Elkarri begira egon eta zerbezak edan? Martxa honetan, hori baino ez dugu egingo: hitz eta pitz jardun eta kito.
Beste batek (Txomin deituko diogu): Aizue, lasaitu, mesedez. Zer egin dezakegun? Egin dezatela egin behar dutenak: Ez al ditugu, ba, ikastola, euskaltegia, udaletako euskara zerbitzuak eta ez-dakit-zenbat jende gehiago hori egiteko? Bada, egin dezatela, beraien lana da-eta.”
Orain arte beste bat isil-isilik egon da (Aitzol deituko diogu), eta hitza hartu du: “Ba nik uste det zeozer egin beharko genukeela, eta, gainera, askorik itxoin gabe.”
Leirek: “Ados. Baina, zer egin dezakegu?”
Aitzolek: “Zer iruditzen zaizue blog bat egingo bagenu?”
Beste guztiek, denek batera: “Blog bat? Zer da hori?”
Aitzolek azalpena eman die eta inork ezetz esan ez duenez, aurrera egin dugu, eta bloga sortzera ausartu gara. Bloga sortzeko ideiak “semaforoak euskaraz” kartela ateratzera eraman gaitu eta horrek guztiak zu hemen egotera. Ez da txarra, ezta?
Bada, badakizu, bloga hemen dago, eta aurrerantzean zure esku dago blog hutsa izatea edota Tolosaldeko euskaldunen bilgune izatea.
Bada, horixe: zure esku parte hartzea edo ez. Txominek, Leirek, Maiderrek, Iñakik, Asierrek eta Aitzolek (ze inporta dute izenek?) parte hartzea nahiko genuke. EKIN!!!

Read more...

  ©Template by Dicas Blogger.