"INDOOR KARTING GIPUZKOA", euskalduneei eskainitako arreta: % 0,000
Duela urtebete, Tolosaldeko semaforoetan kartel xelebre batzuk agertu ziren. Karteletan, honako hau zegoen idatzita: "Semaforoak euskaraz". Herritarrak elkarri galdezka aritu ziren: "Zer ote da hau?".
Galdera horri erantzun nahian, hainbat azalpen ibili ziren bolo-bolo: kartelek hauteskunde kanpainarekin zerikusia zutela, semaforoetako entzunezko mezuak euskaraz jartzeko kanpaina zela, autoeskoletan gidabaimena euskaraz ateratzeko kanpaina zela...

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Jaurlaritzaren jarrera salatu du, 2008ko hizkuntz eskubideen dekretua aldatu dutelako. Izenburu esanguratsua duen iritzi artikulua helarazi digute: "Balio ez zuena baliogabetu dute". Artikulua Jon Bollar UEMAko lehendakariak sinatu du, UEMAren Zuzendaritza Batzordearen izenean.
Balio ez zuena baliogabetu dute
Eusko Jaurlaritzak, euskararen aurkako hizkuntz politikaren baitan, beste urrats bat eman du: Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideei Buruzko Dekretua aldatu du, (ia) osorik baliogabetzeraino. Baliogabetzearen ondorioz, Jaurlaritzak uko egin dio enpresa-bezero harremanetan euskararen aldeko neurriak betearazteari, eta, horren ondorioz, enpresen borondatearen mende egongo da euskararen aldeko neurriak hartzea; adibidez, bezero euskaldunari hizkuntz tratu egokia ematea.
Jaurlaritzak jakinarazi du ez diela isunik jarriko bi hizkuntza ofizial dauden lurralde batean salerosketetan zerbitzua hizkuntza batean bakarrik eskaintzen duten enpresei. Baina, 2008an dekretua onartu zenetik, zenbat isun jarri dira, bada? Zenbat diru bildu du Jaurlaritzak euskara baztertzen duten enpresei isunak jarrita? Gaude diru kopuru hori urrun dagoela Kataluniako Generalitatek biltzen duenetik, eta susmoa dugu kopurua hutsaren hurrena izan dela.
Baina hemen kontua ez da zenbat diru bildu den edo bil zitekeen. Hemen kontua da dekretuaren ibilbidea antzua izan dela: aurreko legealdiko Jaurlaritzak paperean hizkuntz eskubide batzuk aitortzen zizkigun EAEko euskaldunoi enpresa batzuekiko harremanetan (negozio bolumen handiko enpresekin, saltoki handiekin, garraio publikoko enpresekin, komunikazio eta telefonia konpainiekin…), baina hori paperean soilik geratu da. Paperean zegoenak ez du bi urtetan jauzi egin errealitatera. Hortaz, legealdi honetako Jaurlaritzak zergatik baliogabetu du dekretua, praktikan nahikoa indargabetuta bazegoen?
Egungo Jaurlaritzak ez duelako ontzat hartzen euskaldunok dekretu hutsal batean ere hizkuntz eskubide batzuk aitortuta edukitzea. Euskal Herrian dugun hizkuntz gatazkan, euskaraz bizi nahi dugunon eta euskaraz bizitzen uzten ez digutenen arteko gatazkan, Jaurlaritzak argi utzi nahi izan digu non kokatzen duen bere burua: euskaraz bizi nahi dugunon aurka. Bezero euskaldunaren eta enpresa erdaldunaren arteko harremanei dagokienez, bi mezu argi igorri ditu. Enpresei hauxe esan die: “Segi gaztelania ezartzen, ez duzue zigorrik izango-ta!”. Euskaldunoi, aldiz, beste hau: “Enpresekiko harremanetan, ez duzue eskubiderik”. Zigorgabetasuna enpresentzat eta babesik eza euskaldunontzat.
Erabakia argudioz jantzi nahian, Jaurlaritzak adierazi du zehaztapenak atzeratu egingo dituztela errealitate soziolinguistikoak horretarako abagunea eman arte. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, eta, hedaduraz, udalerriok osatzen duten lurguneak errealitate soziolinguistiko propio bat du, baita borondate argi bat ere: euskara sendotzea lurgune horren baitan. Zergatik ez baliatu egoera soziolinguistiko hori, enpresa-bezero arteko harremanetan euskararen aldeko neurri eraginkorrak hartzen hasteko? Eskaera hori ez dago ezerezean oinarrituta. Gogora ekarri nahi dugu berriro ere Jaurlaritzaren Aholku Batzordeak “Euskara
Eta, bestela, aukera hori jorratu nahi ez baduzue ere, euskaraz bizi nahi dugunoi beste traba bat jarri nahi badiguzue ere, jakin ezazue euskaldunok ere oso argi daukagula jarraitu beharreko bidea: euskaraz bizitzen jarraitu, kalean, etxean, eskolan, unibertsitatean, administrazioan, lanean eta, jakina, salerosketan ere bai.

Yurre Ugarte Tolosarra literatura munduan murgildu da, "Gasolindegian" lanarekin. Ipuinez osatutako nobela da: protagonista, hasieran, langabezian egongo da, eta, gero, gasolindegi batean hasiko da lanean. Guza batetik bizi nahi eta beste batetik bizi beharra suertatuko zaio, beraz, eta hori islatu nahi izan du Ugartek.
Zarauzko Garoa liburu dendakoek promoa ere egin diote. Ikusi hemen.
Yurre Ugarte gidoigintzan eta antzerki ekoizpenean aritu da orain arte, gaztelaniaz nahiz euskaraz, baina literaturara jauzi egitean euskara hautatu du; izan ere, bere hitzak hartuta, "literatura idazterakoan aurreneko hizkuntza bezala euskara ateratzen zait". Elkarrizketa ere egin diote Tolosaldeko Hitzan.

Anoetako herritar batek "Hitza azti" liburuaren berri eman digu. Liburu harrigarria bezain miresgarria, zinez. Izan ere, Iñaki Arranzek hitzen alderik jolasgarriena erakutsi digu "Hitza azti" liburuan.
Hizkuntzaren alde ludikoaren erakusle, liburuaren izenburua: ezkerretik eskubira edo eskubitik ezkerrera gauza bera irakur daiteke!
Hitz jokoak euskara hobeto lantzeko eta ulertzeko modua dela erakutsi digu Iñaki Arranzek, adibide irudimentsu askorekin. Adibideok erabili.com webgunetik hartu ditugu.


Aurtengo UEMA Eguna giro onean bizi izan genuen: 300 lagunetik gora elkartu ginen herri bazkarian, eta Tolosaldeko jenderik ez zen falta izan.
Zoritxarrez, euriak ere Mallabiara joan nahi izan zuen, eta bat egin zuen udalerri euskaldunen aldarrikapenarekin. UEMA Egunak hunkipen handiko uneak ere izan zituen; batez ere, Iñaki Arregi Ihartza UEMAko koordinatzailearen omenaldiak.
©Template by Dicas Blogger.

Hedabideek ere eman zuten gure berri: Berrian, Garan, erabili.com-en...
Azkenean, argitu zen misterioa: begiaurrean duzu. Tolosaldeko Euskararen Semaforoa izeneko bloga.
Abian jarri ginenetik urtebete pasa da, eta makina bat gauza lortu ditugu, eta beste asko lortzeko ditugu.
LORTU DUGUNA
- Semaforoa elikatzen eta sustatzen talde eragile langile eta jator bat eratu dugu.
- Urtebetean, ehun albistetik gora jarri ditugu blogean, eta, zorionez, gehiago izan dira berri onak (berdeak) txarrak baino (gorriak): %60 berdeak, %20 laranjak eta %20 gorriak.
- Semaforoaren diseinua urtarrilean aldatu genuenetik, 5.400 bisitatik gora izan ditugu. Egun batzuetan, 300 bisitatik gora jaso izan ditugu.
- Bi/Hiru astean behin 910 helbidetara bidaltzen ditugu blogean jarritako albisteak.
- Facebooken 410 lagunek egin dute bat Semaforoarekin.
- Google bilatzailean ere bagara zerbait: "Euskarararen semaforoa" idatzi eta 1.350 sarrera ditugu.
- Bloga, searearen bidez ez ezik, irrati bidez ere zabaltzen ari da. Hilean behin, semaforokideak Txolarre Irratira joan eta semaforo berdeak eta gorriak banatzen ditugu.
- Blogak oihartzun handia izan du hedabideetan, eta ez bakarrik hasieran. Blogean argitaratutako albisteak beste hedabide askotan ere argitaratu dira: Garan, Berrian, Sustatun...- Herritar batzuk semaforoa bere egiten dute, eta gurekin harremanetan jarri dira euren inguruan gertatutako zerbaiten berri emateko, baita euskararekin dituzten kezkak jakinarazteko ere.
LORTZEKO DAUKAGUNA
- Semaforoaren helburua ez da agerkari digital bat izatea, euskararen aldeko dinamika eraginkor bat lortzea baizik. Horregatik, semaforoaren helburua saretik aurrez aurreko ekimenak egiteko jauzia ematea da.
- Eskualdeko euskalgintzako eragile askotan etsipena da nagusi. Etsipena da, beraz, borrokatu beharreko arerio nagusia.
- Zoriontzeko ez ezik salatzeko gauza asko ikusi eta pairatu ditugu urtebetean. Euskararen eta euskaldunen aurkakoek bere horretan jarraitzeko asmoa dutenez, guk ere hortxe jarraituko dugu, baina nahiago genuke gehiago bagina.
- Semafororokide potentzial asko daude, eta horietako asko semaforora hurbiltzea nahiko genuke. Zergatik ez zara gurekin harremanetan jartzen?
Izan ere, semaforoa ez inoren jabetza. Zu ere semaforokide izan zaitezke. Jarri harremanetan gurekin, posta elektronikoko helbide honetan: euskararensemaforoa@gmail.com.