2010/06/17

"Hitza azti": Euskararekin jolasean, ezkerretik eskubira eta eskubitik ezkerrera


Anoetako herritar batek "Hitza azti" liburuaren berri eman digu. Liburu harrigarria bezain miresgarria, zinez. Izan ere, Iñaki Arranzek hitzen alderik jolasgarriena erakutsi digu "Hitza azti" liburuan.

Hizkuntzaren alde ludikoaren erakusle, liburuaren izenburua: ezkerretik eskubira edo eskubitik ezkerrera gauza bera irakur daiteke!

Hitz jokoak euskara hobeto lantzeko eta ulertzeko modua dela erakutsi digu Iñaki Arranzek, adibide irudimentsu askorekin. Adibideok erabili.com webgunetik hartu ditugu.

Ikusi adibideak



  • Palindromoa: ezkerretik eskuinera zein eskuinetik ezkerrera berdin irakurtzen den hitza. Liburuaren izenburua bera, Hitza azti, palindromo bat da (nahiz eta h letrak palindromo osoa izatea eragozten duen). Nik enara neraman amaren aranekin (Teresa IGEREGI).

  • Monobokalismoa: bokal bat hartu eta horixe bakarrik erabili ahal izatea, nahi beste kontsonante lagun dituela. Inki-minki ikiriki kirik. Triki-miki indibiri kirrik. Kili-kili jili-jili irrik (Joxantonio ORMAZABAL).

  • Antanaklasia: hitz pare homonimoak (berdin idatzi arren esanahi ezberdina duten hitz pareak, alegia) esaldi batean paratzea. Politikan ez dago gauza politikan! (LAZKAO TXIKI).

  • Anagrama: Hitz bateko letrak nahastu eta beste hurrenkera batean jarrita sortzen den hitza. Probie, pobrie.

  • Asmatitzak: Eskribizitzen, izkhiriatzen, idihazten jarrahituko drugu gruk ofikzio lagun iragurgarriok (Joseba SARRIONANDIA).

  • Sintaxia / Morfología lardaskatzea: Salgai naukagu (Iñaki SEGUROLA).

  • Zentzu biko esaldiak: Zuk eta biok badugu zerbait komunean, maitea (Joxerra GARZIA).

  • Eten nahasiak: Zer uko Loreak, zeruko loreak zeru koloreak baditu? (Anjel LERTXUNDI).

  • Metaketa: Nola geroko benturaren benturan benturaturik galtzen garen (AXULAR).

  • Hitz eskailerak: Horrekin da mundu bat hasten, hazten, hezten, hesten eta bukatzen (DAVANT-IRATZABAL).

  • Errima errebesak: Xentimoko xentimentuak (JosAnton ARTZE).

  • Hitz beteak: Kafka sentitzen naiz, garbi-garbi, f bat gorabehera (Juan Kruz IGERABIDE).


Read more...

2010/06/15

Jendetsua, hunkigarria eta aldarrikatzailea izan da UEMA Eguna





Aurtengo UEMA Eguna giro onean bizi izan genuen: 300 lagunetik gora elkartu ginen herri bazkarian, eta Tolosaldeko jenderik ez zen falta izan.

Zoritxarrez, euriak ere Mallabiara joan nahi izan zuen, eta bat egin zuen udalerri euskaldunen aldarrikapenarekin. UEMA Egunak hunkipen handiko uneak ere izan zituen; batez ere, Iñaki Arregi Ihartza UEMAko koordinatzailearen omenaldiak.


Read more...

Txikiak handi Altzon


Egun handia ospatu genuen Altzon igandean. Euriak ere ekarpen garrantzitsua egin zuen, eta ez zuen jaia makaldu. Jende ugari egon zen, eta eskola txikien aldarrikapena indartuta atera zen. Zorionak antolatzaile guztioi!

Hedabideetan zer-nolako oihartzuna izan duen ikusi nahi baduzue, egin klik hemen.

... eta datorren urtean Abaltzisketan. Beraz, eskualdean hirugarren urtez. Han ere ikusiko dugu elkar, ziur.

Read more...

2010/06/10

"Noentiendotarrak" Berrian



"Noentiendotarron dekalogoak" oihartzun handia izan du sarean: zu zeu albistarian, sustatun... Berria egunkarian ere aipatu du Anjel Lertxundik. Pasadizo polit baten berri eman digu eguneroko zutabean. Irakurri nahi baduzu, egin klik hemen.




Read more...

2010/06/09

Bigarren euskara batua behar dugu?


Bigarren euskara batua behar ote dugun galderari erantzuten saiatu da Xabier Amuriza, "Euskara Batuaren bigarren jaiotza" liburuan. "Euskara eguneroko lantresna dutenen artean, diskurtso handiak baino soluzio txiki bat nahiago duten guztiei" eskaini die lana.

Segi irakurtzen


Amurizaren ustetan, euskarak bigarren jaiotza behar izateak ez du esan nahi lehenengoa puskatu behar denik, baina gaineratu du asko aurreratu den arren gauza asko bete behar direla, euskara osoa, lehiakorra eta nazionala izateko.

Liburuak hiru zati ditu. Lehenengoan, euskararen hutsuneei buruz dihardu; bigarrenean, aditz trinkoen erabileraz, eta hirugarrenean, hiztegiaren premiez.

Euskararen hutsuneei dagokienez, euskarazko erlatiboei konponbidea ematen saiatu da; batez ere, inguruko hizkuntzetan egitura horrek garrantzi handia duelako eta euskarak horren zati handi bat airean daukalako.

Aditz trinkoei dagokienez, aditz trinkoak galdu baino, berreskuratu egin behar direla dio, zehaztapenaren eta laburtasunaren mesedetan. Hau dio, besteak beste: "(...) eroriko nintzateke nekagarriaren ordez, zergatik ez esan, analogia sinple bat eginez, nerorke?".

Hiztegiari dagokionez, zer hobetua dagoela adierazi du: "Guk hitz batzuk hartzen ditugu eta beste batzuk ez, familiak apurtzen ditugu... Kaotikoa da gurea". Inguruko hizkuntzekin konpartitutako askoz ere lexiko gehiago behar dugula uste du Amurizak.

Hortxe Amurizak mahai gainean jarritako gaia. Bigarren euskara batuaren hastapenetan ote gaude?

Read more...

2010/06/03

Noentiendotarron dekalogoa


Noentiendotarren dekalogoa.


1.- Euskaraz egiten digutenean, noentiendotarrok beti gauza bera erantzungo dugu: “No entiendo”. Esaldi hori beti erabiliko dugu, salbuespenik gabe eta sistematikoki. Parean duguna euskaraz hitz egiten tematzen bada, hau esango diogu: “¡Que te he dicho que no entiendo!”.



Segi irakurtzen


2.- Noentiendotarroi euskaraz egiten digutenak edukazio txarrekoak izango dira, eta horixe aurpegiratuko diegu beti. Ezin dugu euskaldun bakar bat ere utzi edukazio txarrekoak direla sinestarazi gabe.



3.- Talde batean euskaraz ari badira eta gu haiengana joaten bagara, gaztelaniaz hitz egiten jarriko ditugu. Hartara, honako formula aplikatuko dugu beti: zazpi euskaldun gehi erdaldun bat berdin zortzi erdaldun (7 euskaldun + 1 erdaldun = 8 erdaldun).



4.- Euskaldunek uste dutenaren aurka, noentiendotarrok elebidunak gara. Izan ere, aldian behin, “Agur” esaten dugu. Are gehiago, elebitasunaren izurria hain zabalduta egotearen ondorioz, zerbait ulertzen badugu, jakinaraziko dugu ez dugula ulertu, eta dekalogoko lehenengo puntuko irtenbidera jo eta hau esango dugu: “No entiendo”.



5.- Noentiendotarrok euskararen presentzia nimiñorik gabe bizitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu, hemen (hau da, vascongadetan) eta Murtzian, azken batean gauza bera izan beharko bailuke batean edo bestean bizi. Ideologia horri noentiendismoa esango diogu.



6.- Noentiendotarron jarduera politiko bakarra noentiendismotik ondorioztatzen dena da. Hartara, edozein testuingurutan, edozeinekin eta edozein tokitan “No entiendo euskera” esan, eta gainerakoak gaztelaniaz hitz egiten jartzeko eskubidea aldarrikatu eta gauzatuko dugu.



7.- Noentiendotarrak ez gara arrazistak. Hartara, etorriberriei ere onartzen diegu guk adinako eskubidea noentiendismoan murgiltzeko eta euskara arbuiatuz bizi ahal izateko.



8.- Noentiendotarrok noentiendotarrak bultzatuko ditugu beren jardunean eta lan eremuan: enpresa munduan, hedabideetan, politikan… Gizartearen elitean ahalik eta noentiendotar gehien kokatzen saiatuko gara, noentiendotarrismoa zabaltzeko eta indartzeko.



9.- Noentiendotarron dekalogoko puntuak negoziaezinak, errebisaezinak eta aldaezinak dira.



10.- Noentiendotarrok gorroto dugu dekalogo hau, euskaraz dagoelako, eta ez duelako bat egiten noentiendotarrismoaren oinarri ideologikoarekin; hau da, euskararik gabe bizitzeko eskubidearekin.




Horraino “Noentiendotarren dekalogoa”. Zenbat lagunek egiten ote dute bat dekalogo honekin Euskal Herrian?



Tolosaldeko Euskararen Semafororako, Martin Kitto (martinkitto3@gmail.com).



Read more...

2010/06/01

100. BIXI BIXI SEGURA IRRATIAN



Lehengo asteazkenean, maiatzaren 26an, 100. Bixi bixi irratsaioa eskaini zuten Segura irratitik. Saio berezi honetan, segurarrek eman zuten herriko biziaren berri, guztia Segurako Herriko Plaza Nagusian. Gonbidatuen artean modu batera edo bestera “herriko bizitzan” parte hartzen duten hainbat lagun izan ziren.

Segi irakurtzen


BIXI BIXI Segurako EBPN Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren barruan Segura Irratian egiten duten irratsaioa da. Hitz edo Irri euskara elkarteak bultzatuta eta Segurako udalak eta Foru Aldundiak babestuta. Saioak euskara biziberritzea du helburu eta nahia. Horrela astero-astero hainbat arlo jorratuz, euskara han eta hemen duen presentziaz argibideak ematen dituzte, gai bakoitzean adituak diren gonbidatuekin. Segurakoek batez ere eta Goierriko gaiek izan dute lehentasuna beti Bixi-bixin.
Gure semaforoan egiten dugun bezala, euskararen aldeko jarrerak zoriondu edota bere kasuan salatu ere egiten dute, egoera bakoitzean erlearen EZTIA (semaforo berdea), edota ZIZTADA (semaforo gorria) eskainiz.

Zorionak BIXI BIXI irratsaioa bultzatzen duten guztioi.

Read more...

  ©Template by Dicas Blogger.