2010/08/31

Tolosako geltokian euskara geldirik eta mutu oporraldian






Udako oporretan ere ez da falta izan euskararen eta euskaldunen aurkako urraketarik eskualdean. Hona hemen Tolosako Idoiak helarazi digun pasadizoa:

Ez naiz egunero trenean ibiltzen den horietakoa, baina gaur bertan erabili behar izan ditut RENFEren zerbitzuak. Tolosako leihatilako gazteak (praktikatan zirudien) txartela norako nahi nuen ozta-ozta ulertu didala uste dut, baina tira; badakit bestetan euskaldunak ere egoten direla bertan.

Ondoren etorri da bozgorailuko oharra. Ni bertan nengoela, bi tren iragarri dituzte eta bietan gaztelania huts-hutsa erabili dute. NOIZ ARTE? EZ AL DA, BADA, ERRAZA HORI KONPONTZEA? ESAN BEHARREKOA IDATZITA EDUKI ETA KITTO!!!

Eta zuei, urte askoan txapela kaskoan!

Gure aholkua, salaketa jartzea: Renfeko geltokian bertan, edo, bestela, Behatokian.

Read more...

Reala eta "Euskararekin bat": hausnarketarako kontu batzuk



Futbol liga hasi den honetan, eta Realaren elastiko txuri-urdin berrian nonahi ikusten hasi garen honetan, komeni da Realarekin eta euskararekin lotura duen gau bat gogora ekartzea: Gipuzkoako Foru Aldundiak 1.200.000 euro eman(go) dizkio Realari, elastikoetan "Euskararekin bat" leloa eramateagatik eta euskararen aldeko neurri batzuk hartzeagatik (tartean, euskara plana abian jartzea).


Segi irakurtzen


Etorkizunera begira jarri aurretik, begira diezaiogun egungo egoerari. Realak Bai Euskarari Ziurtagiria du, "Bidean" mailan. Zer gertatzen da, euskaraz mailaz igotzeko diru laguntza behar duela? Beste enpresa batzuek beren poltsikotik ordaintzen dute euskararen alde hartzen dituzten neurriak. Realak ezin du hori egin?

Beste batzuek askoz gutxiagorekin konformatu behar dute. Euskararen normalizazioari dagokionez, zer-nolako ekarpena egingo dio Realari emandako dirutzak? Foru Aldundiak ez du bestelako lehentasunik? Demagogoa izatea leporatuko digute, baina demagogoagoa da errealitatea: bestelako diru laguntzak murrizten dituzten garaian, Realari halako dirutza ematea ere! Ez dago euskararen normalizazioan gauza hoberik 1.200.000 eurorekin egiteko?

Realeko jokalariek ez dute euskara planik behar izan, igoerako ospakizunetan euskara sano-sano erabiltzeko, eta, horregatik, zoriondu egin dituzte, gainera. Zoriondu egin behar dira euskaldunak jendaurrean euskaraz egiteagatik?

Zoriontzeko motibo askorik ematen ez duena Jokin Aperribay Realeko presidentea da. Eska diezaiokegu dirutza jasoko duen kirol elkarteko presidenteari euskararen aldeko konpromiso pertsonal bat hartu eta euskara ikasten hasteko?

Badira hori baino gauza errazagoak egiteko, eta duela gutxi arte ez ditu egin Reala: Irutxuloko Hitzak salatu du Realaren denda ofizialean Gaztelaniazko "Centenario" kontzeptua honela itzuli dute euskarara: "Ehunurtearrena". Realaren webgune ofizialean ere hamaika aldiz aurkitu dugu informazioa gaztelaniaz bakarrik. Bi gauza txiki, baina esanguratsu. 1.200.000 euro ez al da nahikoa diru dendako errotuluetan gauzak euskara txukunean jartzeko, webguneko testuak euskaraz sortzeko edo, bestela, gaztelaniatik euskarara berehalakoan itzuli eta eskaintzeko?

Dirutza horren truke Real Sociedad de Fútbol taldeak izena ere aldatu beharko lukeela diotenak ere badaude. Eta zer izen jarriko genioke? Zalaparta handia sortuko al luke izena aldatzeak? Zer litzateke hobe, tradizioari eustea, edo, euskararekiko harremanetarako garai berri baten seinale, izena ere aldatzea?

Galderak galderak dira, eta norbaitek erantzunak ematen hasi beharko luke, baina agian bada galdera bat besteen aurretik egin beharrekoa: diru laguntza horren atzean ez da egongo euskararen normalizazioaz gaindiko bestelako interesik?

Read more...

2010/07/19

"INDOOR KARTING GIPUZKOA", euskalduneei eskainitako arreta: % 0,000














Tolosan zabaldu dute, gazteentzako erakargarria izan daitekeen gune berri bat:
700 metroko zirkuitua, taberna eta jatetxea, 150 autoentzako aparkalekua, billarrean edota dardotan jolasteko guneak, denda, taldeentzako ospakizun bereiziak, lehiaketak, zozketak, paintball, motorrak,... eta non dago EUSKARA???
Ez duzue aurkituko, sarreran ez dago ongi etorririk, barruan inolako seinalerik, webgunea ere elebakarra (erdalduna noski), eta hiztunak... auskalo.
Euskaldunentzako behintzat ez du irteera on bat izan abiadura handiko gune berri honek. Beraientzako gure SEMAFORO GORRIA!!!

Read more...

2010/07/13

Semaforoak urtebete egin du


Duela urtebete, Tolosaldeko semaforoetan kartel xelebre batzuk agertu ziren. Karteletan, honako hau zegoen idatzita: "Semaforoak euskaraz". Herritarrak elkarri galdezka aritu ziren: "Zer ote da hau?".

Galdera horri erantzun nahian, hainbat azalpen ibili ziren bolo-bolo: kartelek hauteskunde kanpainarekin zerikusia zutela, semaforoetako entzunezko mezuak euskaraz jartzeko kanpaina zela, autoeskoletan gidabaimena euskaraz ateratzeko kanpaina zela...

Segi irakurtzen

Hedabideek ere eman zuten gure berri: Berrian, Garan, erabili.com-en...

Azkenean, argitu zen misterioa: begiaurrean duzu. Tolosaldeko Euskararen Semaforoa izeneko bloga.

Abian jarri ginenetik urtebete pasa da, eta makina bat gauza lortu ditugu, eta beste asko lortzeko ditugu.

LORTU DUGUNA

- Semaforoa elikatzen eta sustatzen talde eragile langile eta jator bat eratu dugu.

- Urtebetean, ehun albistetik gora jarri ditugu blogean, eta, zorionez, gehiago izan dira berri onak (berdeak) txarrak baino (gorriak): %60 berdeak, %20 laranjak eta %20 gorriak.

- Semaforoaren diseinua urtarrilean aldatu genuenetik, 5.400 bisitatik gora izan ditugu. Egun batzuetan, 300 bisitatik gora jaso izan ditugu.

- Bi/Hiru astean behin 910 helbidetara bidaltzen ditugu blogean jarritako albisteak.

- Facebooken 410 lagunek egin dute bat Semaforoarekin.

- Google bilatzailean ere bagara zerbait: "Euskarararen semaforoa" idatzi eta 1.350 sarrera ditugu.

- Bloga, searearen bidez ez ezik, irrati bidez ere zabaltzen ari da. Hilean behin, semaforokideak Txolarre Irratira joan eta semaforo berdeak eta gorriak banatzen ditugu.

- Blogak oihartzun handia izan du hedabideetan, eta ez bakarrik hasieran. Blogean argitaratutako albisteak beste hedabide askotan ere argitaratu dira: Garan, Berrian, Sustatun...- Herritar batzuk semaforoa bere egiten dute, eta gurekin harremanetan jarri dira euren inguruan gertatutako zerbaiten berri emateko, baita euskararekin dituzten kezkak jakinarazteko ere.


LORTZEKO DAUKAGUNA

- Semaforoaren helburua ez da agerkari digital bat izatea, euskararen aldeko dinamika eraginkor bat lortzea baizik. Horregatik, semaforoaren helburua saretik aurrez aurreko ekimenak egiteko jauzia ematea da.

- Eskualdeko euskalgintzako eragile askotan etsipena da nagusi. Etsipena da, beraz, borrokatu beharreko arerio nagusia.

- Zoriontzeko ez ezik salatzeko gauza asko ikusi eta pairatu ditugu urtebetean. Euskararen eta euskaldunen aurkakoek bere horretan jarraitzeko asmoa dutenez, guk ere hortxe jarraituko dugu, baina nahiago genuke gehiago bagina.

- Semafororokide potentzial asko daude, eta horietako asko semaforora hurbiltzea nahiko genuke. Zergatik ez zara gurekin harremanetan jartzen?

Izan ere, semaforoa ez inoren jabetza. Zu ere semaforokide izan zaitezke. Jarri harremanetan gurekin, posta elektronikoko helbide honetan: euskararensemaforoa@gmail.com.


Read more...

2010/06/23

LEHEN HITZETIK ZERBITZUA EUSKARAZ


Lehen hitzetik zerbitzua euskaraz from Euskararen Kontseilua on Vimeo.

Read more...

Balio ez zuena baliogabetu dute


Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Jaurlaritzaren jarrera salatu du, 2008ko hizkuntz eskubideen dekretua aldatu dutelako. Izenburu esanguratsua duen iritzi artikulua helarazi digute: "Balio ez zuena baliogabetu dute". Artikulua Jon Bollar UEMAko lehendakariak sinatu du, UEMAren Zuzendaritza Batzordearen izenean.

Segi irakurtzen


Balio ez zuena baliogabetu dute


Eusko Jaurlaritzak, euskararen aurkako hizkuntz politikaren baitan, beste urrats bat eman du: Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideei Buruzko Dekretua aldatu du, (ia) osorik baliogabetzeraino. Baliogabetzearen ondorioz, Jaurlaritzak uko egin dio enpresa-bezero harremanetan euskararen aldeko neurriak betearazteari, eta, horren ondorioz, enpresen borondatearen mende egongo da euskararen aldeko neurriak hartzea; adibidez, bezero euskaldunari hizkuntz tratu egokia ematea.


Jaurlaritzak jakinarazi du ez diela isunik jarriko bi hizkuntza ofizial dauden lurralde batean salerosketetan zerbitzua hizkuntza batean bakarrik eskaintzen duten enpresei. Baina, 2008an dekretua onartu zenetik, zenbat isun jarri dira, bada? Zenbat diru bildu du Jaurlaritzak euskara baztertzen duten enpresei isunak jarrita? Gaude diru kopuru hori urrun dagoela Kataluniako Generalitatek biltzen duenetik, eta susmoa dugu kopurua hutsaren hurrena izan dela.


Baina hemen kontua ez da zenbat diru bildu den edo bil zitekeen. Hemen kontua da dekretuaren ibilbidea antzua izan dela: aurreko legealdiko Jaurlaritzak paperean hizkuntz eskubide batzuk aitortzen zizkigun EAEko euskaldunoi enpresa batzuekiko harremanetan (negozio bolumen handiko enpresekin, saltoki handiekin, garraio publikoko enpresekin, komunikazio eta telefonia konpainiekin…), baina hori paperean soilik geratu da. Paperean zegoenak ez du bi urtetan jauzi egin errealitatera. Hortaz, legealdi honetako Jaurlaritzak zergatik baliogabetu du dekretua, praktikan nahikoa indargabetuta bazegoen?


Egungo Jaurlaritzak ez duelako ontzat hartzen euskaldunok dekretu hutsal batean ere hizkuntz eskubide batzuk aitortuta edukitzea. Euskal Herrian dugun hizkuntz gatazkan, euskaraz bizi nahi dugunon eta euskaraz bizitzen uzten ez digutenen arteko gatazkan, Jaurlaritzak argi utzi nahi izan digu non kokatzen duen bere burua: euskaraz bizi nahi dugunon aurka. Bezero euskaldunaren eta enpresa erdaldunaren arteko harremanei dagokienez, bi mezu argi igorri ditu. Enpresei hauxe esan die: “Segi gaztelania ezartzen, ez duzue zigorrik izango-ta!”. Euskaldunoi, aldiz, beste hau: “Enpresekiko harremanetan, ez duzue eskubiderik”. Zigorgabetasuna enpresentzat eta babesik eza euskaldunontzat.


Erabakia argudioz jantzi nahian, Jaurlaritzak adierazi du zehaztapenak atzeratu egingo dituztela errealitate soziolinguistikoak horretarako abagunea eman arte. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, eta, hedaduraz, udalerriok osatzen duten lurguneak errealitate soziolinguistiko propio bat du, baita borondate argi bat ere: euskara sendotzea lurgune horren baitan. Zergatik ez baliatu egoera soziolinguistiko hori, enpresa-bezero arteko harremanetan euskararen aldeko neurri eraginkorrak hartzen hasteko? Eskaera hori ez dago ezerezean oinarrituta. Gogora ekarri nahi dugu berriro ere Jaurlaritzaren Aholku Batzordeak “Euskara 21” txostenean zehaztutakoa: “(…) Arnasgune horiek [gune euskaldunak] zaindu, sortu eta, ahal balitz, hedatu ezean, alferrik izango da, seguruenera, gainerako ahalegin oro. Horrenbestez, lehentasunezko trataera garbia eman beharko zaie euskararen arnasguneei XXI. mende hasierako hizkuntza politikan”. Hor duzue “abagunea”, abagunerik ikusi nahi baduzue behintzat.


Eta, bestela, aukera hori jorratu nahi ez baduzue ere, euskaraz bizi nahi dugunoi beste traba bat jarri nahi badiguzue ere, jakin ezazue euskaldunok ere oso argi daukagula jarraitu beharreko bidea: euskaraz bizitzen jarraitu, kalean, etxean, eskolan, unibertsitatean, administrazioan, lanean eta, jakina, salerosketan ere bai.




Read more...

2010/06/21

Yurre Ugarte tolosarra literatura munduan murgildu zaigu


Yurre Ugarte Tolosarra literatura munduan murgildu da, "Gasolindegian" lanarekin. Ipuinez osatutako nobela da: protagonista, hasieran, langabezian egongo da, eta, gero, gasolindegi batean hasiko da lanean. Guza batetik bizi nahi eta beste batetik bizi beharra suertatuko zaio, beraz, eta hori islatu nahi izan du Ugartek.

Zarauzko Garoa liburu dendakoek promoa ere egin diote. Ikusi hemen.

Yurre Ugarte gidoigintzan eta antzerki ekoizpenean aritu da orain arte, gaztelaniaz nahiz euskaraz, baina literaturara jauzi egitean euskara hautatu du; izan ere, bere hitzak hartuta, "literatura idazterakoan aurreneko hizkuntza bezala euskara ateratzen zait". Elkarrizketa ere egin diote Tolosaldeko Hitzan.

Read more...

  ©Template by Dicas Blogger.