2010/02/18

GIPUZKOAN, TXALOAK GARESTI

2009ko Bertsolari Txapelketa Nagusia amaituta, oraindik ere haren oihartzunak entzuten dira bazterretan.
Baina, dena ez da txapelketa. Bertsolariek han-hemenka jarraitzen dute, plazaz plaza kantuan, eta saio bakoitzaren ostean, sarritan bueltako bidean saioa aztertzen: gaiak, ateraldiak, entzuleen erantzuna…

Segi irakurtzen


Txapelketa nagusi hau baino dezente lehenago (2007-09-19), Berrian idatzi zuen Iratxe Ibarra bertsolari bizkaitarrak entzuleen hotz-beroen gainean. Artikulu horretatik Bizkaiko eta Gipuzkoako entzuleak alderatzen dituen zatiak atera ditugu:

- [...] Izan ere, saioa amaitu ostean, trago bat hartuaz egiten ditugu saioaren gaineko komentarioak, eta gero kotxean normalean beste mintzagai batzuk izaten ditugu, nahiz eta saioari lotuta egon: "Gai jartzailie zelako majue" edo "antolatzailie apur bat pesautxue, ezta?" edo "honeek Gipuzkoako entzuliek zelako epelak dien!".

- Gipuzkoan asko ibili gara bertso-kabaretarekin, eta entzulea oso gertu izan dugu gehienetan, [...]. Eta Bizkaian ez bezala, txaloa "garesti" topatu dugu askotan, salbuespenak izan diren arren (Hondarribia, Zestoa, Antzuola, Errezil...).

- Epeltasun horri buruz sarri egin dugu berba Onintza, Oihane eta hirurok [Onintza Enbeita, Oihane Perea eta Iratxe Ibarrak], eta pare bat arrazoi aipatu izan ditugu:

1.- Kabareteko kideak arabarrak eta bizkaitarrak garela, eta beraz, urrunago sentitu gaituzte, identifikatzeko zailago (bertsokera, hizkera...).

2.- Gipuzkoakoa entzule tradizionalagoa dela. Bertsoa biluzik entzutera ohituta, musika, poesia eta beste elementu batzuk ez dituztela apreziatu, beharbada.

- Edo gipuzkoar batek esan zidan moduan, agian probintzia hiritartzen hasi da, pasibotasunean eroso sentitzen...

- Dena dela, ezin da orokortu. Ez dezatela gipuzkoarrek pentsatu entzule txarrak direnik, exijenteak edo pasibo samarrak baino ez. Gainera, esan beharra daukat entzulerik onenak ere bertan aurkitu ditugula. Ez dauzkagu ahazteko Hondarribiko andre koadrilla eta Antzuolako Gaztetxeko entzule finak.

Horra hor Iratxek botatakoak. Ez dakigu kasualitatea izango den, baina salbuespenen artean ez du eskualdekorik aipatu. Hotzak izan gara beti ala hozten ari gara? Edo, are okerrago, hiritartzen (=ñoñostiartzen) ari gara eta pasibotasunaz gozatzen hasi gara?

0 erantzun:

  ©Template by Dicas Blogger.