2011/01/26

LABek tren enpresetan ematen den euskararen diskriminazioa salatu du (LAB)



LAB sindikatuak prentsa oharra helarazi digu, eta Semaforoan tarte bat egin nahi izan diogu. Hona hemen LABek helarazitakoa:

- Gasteizko Gobernuaren Garraio Sailak EuskoTren zein Metro Bilbaon indarrean diren euskara planak ezabatu nahi ditu.
- Bi enpresotako azken lan eskaintzetan euskara jakitea derrigortzen duen baldintza kendu da.
- LABek enpresa hauetan euskarari egiten zaion eraso oro salatuko du.

Segi irakurtzen


LAB sindikatuak Gasteizko Gobernuaren Garraio Sailak kudeatzen dituen tren garraio enpresetan euskararekiko duen jarrera salatu nahi du publikoki.

EuskoTrenek bere administrazio kontseiluak 2002an onartutako Euskara Plana du indarrean, eta Metro Bilbaok 2008an sinatutako Hitzarmenean ere Euskara plana jasotzen da.

Zerbitzu publikoa eskaintzen duten bi enpresa hauetan Euskara Plana egon eta euskararen normalizazioaren aldeko urratsak egin diren arren, Iñaki Arriola eta Ernesto Gasco buru diren Gasteizko Gobernuaren Garraio Saila plan hauek bazterreratu nahian dabil, desagertu arte, bai bere eguneroko ezarketan, bai etorkizuneko negoziazio kolektiboetan. PSE euskara lan munduan baliogabeko bihurtzeko ahaleginean dabil, gaztelera jakiteari beharrezko eta derrigorrezko irizten dion bitartean. Euskara emeki-emeki akabatu nahian dabiltza.

Era berean, gaur egungo EuskoTren zein Metro Bilbaoko kudeatzaileek ez dituzte euskararen sustapen eta erabileraren gaineko enpresa hitzarmenak betetzen. Ezin ahaztu, aurreko administrazioarekin ere aipatu planak garatu gabe zirela.

Metro Bilbaoren kasuan, bi lan eskaintza daude, bata barne mailakoa eta bestea kanpo deialdia, eta hauetan ez da euskararen jakintza exijitzen, zehazki Erosketa eta Kontratazio zein Marketing buruzagitzarako eskaintzak dira. Beraz, ezin izango da hornitzaile eta bezeroekin euskara bidezko harreman normalizaturik bermatu, aipatu sailen arduradunak ez baldin badira euskaldunak.

Bestalde, EuskoTrenen indarrean da tranbia gidari, autobus gidari, mekanikari-neumatiko eta elektriko-elektroniko lan potsak osatzeko deialdia, eta oinarrietan ez da, Euskara Planak zehazten duen bezala, euskararen ezagutzarik eskatzen.

Honen guztiaren aurrean, LABek, bai Gasteizko Gobernuaren zein enpreson kudeatzaileen aurrean, euskararen normalizazioan atzera urratsak egiten ari direla nabarmendu nahi du, honako asmoekin:
- Hautaketa prozesuan iruzurra eta kontrola areagotzea,honek entxufismoa dakarrelarik
- Zerbitzu publikoen erabiltzaileen eskubide urraketa
- Euskal hizkuntzarekiko eta bere normalizaziorako lanarekiko mespretxua sustatzea.
- Langileok euskaraz lan egiteko (euskara ikasteko eta lanean erabiltzeko) eta lan harremanak euskaraz garatzeko ditugun eskubideen urraketa.

LABek uste du deialdi hauek ez direla legezkoak, beraz bertan behera utziak izan daitezen eskatzen dugu, Euskara Planen araberako deialdiak egin daitezen. Bestela, epaitegietara joko dugu, bertan behera gera daitezen.

Era berean, LABek Gasteizko Gobernu eta enpresen kudeatzaileei dei egiten die EuskoTren zein Metro Bilbaon egiten duten hizkuntza politika alda dezaten, bestela antzematen den hizkuntza diskriminazio oro salatuko dugula aurreratzen.

Bukatzeko, LABek gizarteari eta zehazki euskatzaleei dei egiten die egoera hau sala dezaten, aipatutako bi enpresa publikoetan euskararen gaineko araudia betea izan dadin".

0 erantzun:

  ©Template by Dicas Blogger.