2010/02/22

Barregarria ala negargarria?




Semaforoaren lagun bati e-mailez mezu hau iritsi omen zaio. Mezuaren hizkuntza euskara den edo ez aztertzen ari gara. Baina nork idatzi du hau? Euskalki berri bat al da? Itugaizera? Hau zer da, barregarria ala negargarria? Noiz arte horrelakoak? Hona hemen mezua, hitzez hitz, semaforoaren lagunak jaso bezala:

Segi irakurtzen

++++++++++++++++++++++++++++++++++++++++++++++++++++++++++++++++

Ustedekin elkar ukituz jartzen gara lasterketa BILBAO-BILBAO-ren ospakizunaren informatzeko otsailaren 14an, 10.606m-ren distantzia batekin. Probak 11:00 ordutara hasiera emango du San Ignacioren kiroldegitik eta Zorratzaren kiroldegian amaitzean.

Probaren kartela eransten dugu.

Infomatzen diogu gure web-orriaren izenaren aldaketaren eta posta elektronikoko berriaren http://www.eventosbhm.com/ zuzendu ahal izango duen / bhm@eventosbhm.Com.
Jadanik haren inskripzioak egin ahal dituzte e-mailan barrena desiratzen badute, o bien agertu gure bulegoetan telefonoa: Nº 6 planta 2 Dpto 13 A. José Mª Olabarri C / (Bilbao). 944236575 telefonoa.
E-mail bhm@eventosbhm.Com
Beste informazio baten bat desiratzen dute gurekin elkar ukituz jarri ez dezaten zalantza egin.
Bihotzeko bat har bezate agur egiten dut. ++++++++++++++++++++++++++++++++++++++++++++++++++++++++++++++++
Bai, bai agur eta hurrena arte. Ea hurrengoan pixka bat hobeto moldatzen zareten euskaraz. Ez da zaila izango.
Horrelako beste harribitxirik topatzen baduzue, bidali iezaguzue helbide honetara: euskararensemaforoa@gmail.com .

Read more...

Amezketako Udalak barne erabilera plana onartu du


Amezketako Udalak euskararen barne erabilera plana abian du, osoko bilkurak onartu duenetik.



UEMAk diseinatu du plana, eta neurriak abian dira.

Segi irakurtzen


Nolanahi ere, plana abian jartzeak ez du alde handirik ekarriko aurreko egoeraren aldean. Izan ere, UEMAn egon gabe ere, Amezketako Udalak ehuneko handi batean betetzen zituen UEMAren irizpideak.

Irizpide horien baitan, herritarrei zerbitzua euskaraz ematea da lortu beharreko helburu nagusia. Horren harira, aldaketak ekarriko ditu planak; esate baterako, herritarrentzako ikastaroak euskaraz izango dira, herriko kartelak euskaraz egongo dira (obretakoak...), udalak kontratatutako enpresek euskararen gaineko betekizunak izango dituzte...

UEMAri eta Amezketako Udalari ezinbestekoa iruditzen zaie herritarren parte hartzea. Edozein kezka, proposamen edo salaketa egiteko, herritarrak UEMAko bulegoarekin harremanetan jar daitezke: 943260372 edo gipuzkoa2@uema.org.

Read more...

Gune euskaldunak XXI. mendean: badago zer hausnartua



Lanaren egilea Dabid Anaut da, Leitzaldeko euskara teknikaria, eta Leitzan euskararekin zer gertatzen ari den da lanaren gai nagusia.

Segi irakurtzen


Hausnarketak Leitzari buruzkoak badira ere, gainerako udalerri euskaldunetarako oso baliagarriak diren hausnarketak ageri dira lanean.

Lan osoa jaitsi nahi baduzue, sakatu hemen.

Onena litzateke bere lana irakurri ondoren zuek epaitzea. Baten batek hausnarketak konpartitu nahi baditu, bloga zabalik du, jakina.







Read more...

Semaforo gorriak eta berdeak banatu ditugu berriro ere Txolarre Irratiko uhinen bidez













Semaforo kideek hilabeteroko bisita egin diogu Txolarre Irratiari. Semaforo gorriak banatu ditugu:

- Semaforo gorria, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailari eta geure hizkuntza eskubideen urraketak salatzeko dugun ohitura faltari.


Segi irakurtzen


- Semaforo berdea, berriz, euren seme-alabak euskara hutsezko ereduetan matrikulatuko dituzten gurasoei, abizenak euskal grafiara aldatzeko UEMAk sustatu duen kanpainari eta UEMAko udalerrietan merkatariek euskararekiko agertzen duten konpromisoari.

Horrenbestez, Euskararen Semaforoa piztu da beste behin Txolarre Irratian. Saioa entzun nahi baduzu, sakatu hemen!

Eta zuk? Nori emango zenioke semaforo gorria? Eta berdea? Bidali zure iritzia gure posta elektronikoko helbidea: euskararensemaforoa@gmail.com .

Ondo segi.

Read more...

2010/02/18

GIPUZKOAN, TXALOAK GARESTI

2009ko Bertsolari Txapelketa Nagusia amaituta, oraindik ere haren oihartzunak entzuten dira bazterretan.
Baina, dena ez da txapelketa. Bertsolariek han-hemenka jarraitzen dute, plazaz plaza kantuan, eta saio bakoitzaren ostean, sarritan bueltako bidean saioa aztertzen: gaiak, ateraldiak, entzuleen erantzuna…

Segi irakurtzen


Txapelketa nagusi hau baino dezente lehenago (2007-09-19), Berrian idatzi zuen Iratxe Ibarra bertsolari bizkaitarrak entzuleen hotz-beroen gainean. Artikulu horretatik Bizkaiko eta Gipuzkoako entzuleak alderatzen dituen zatiak atera ditugu:

- [...] Izan ere, saioa amaitu ostean, trago bat hartuaz egiten ditugu saioaren gaineko komentarioak, eta gero kotxean normalean beste mintzagai batzuk izaten ditugu, nahiz eta saioari lotuta egon: "Gai jartzailie zelako majue" edo "antolatzailie apur bat pesautxue, ezta?" edo "honeek Gipuzkoako entzuliek zelako epelak dien!".

- Gipuzkoan asko ibili gara bertso-kabaretarekin, eta entzulea oso gertu izan dugu gehienetan, [...]. Eta Bizkaian ez bezala, txaloa "garesti" topatu dugu askotan, salbuespenak izan diren arren (Hondarribia, Zestoa, Antzuola, Errezil...).

- Epeltasun horri buruz sarri egin dugu berba Onintza, Oihane eta hirurok [Onintza Enbeita, Oihane Perea eta Iratxe Ibarrak], eta pare bat arrazoi aipatu izan ditugu:

1.- Kabareteko kideak arabarrak eta bizkaitarrak garela, eta beraz, urrunago sentitu gaituzte, identifikatzeko zailago (bertsokera, hizkera...).

2.- Gipuzkoakoa entzule tradizionalagoa dela. Bertsoa biluzik entzutera ohituta, musika, poesia eta beste elementu batzuk ez dituztela apreziatu, beharbada.

- Edo gipuzkoar batek esan zidan moduan, agian probintzia hiritartzen hasi da, pasibotasunean eroso sentitzen...

- Dena dela, ezin da orokortu. Ez dezatela gipuzkoarrek pentsatu entzule txarrak direnik, exijenteak edo pasibo samarrak baino ez. Gainera, esan beharra daukat entzulerik onenak ere bertan aurkitu ditugula. Ez dauzkagu ahazteko Hondarribiko andre koadrilla eta Antzuolako Gaztetxeko entzule finak.

Horra hor Iratxek botatakoak. Ez dakigu kasualitatea izango den, baina salbuespenen artean ez du eskualdekorik aipatu. Hotzak izan gara beti ala hozten ari gara? Edo, are okerrago, hiritartzen (=ñoñostiartzen) ari gara eta pasibotasunaz gozatzen hasi gara?

Read more...

2010/02/02

Abizenak euskal grafiaz jartzeko kanpaina jarri dute abian UEMAko herrietan











Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak abian jarri du abizenak euskal grafiaz jartzeko kanpaina, Guk abizenak, zuk? leloarekin, eta dei egiten die euskaldunei bere izanarekin koherente izateko eta abizenak euskalduntzeko.

Izan ere, edozein udalerritako telefono listina hartu besterik ez dago kanpainaren premiaz ohartzeko: Aguirre, Echeverría, Alcain, Ormaechea, Urretavizcaya...
Abizena aldatzea, gainera uste baino errazagoa da. Zer egin behar duzuen jakin nahi baduzu, sakatu hemen.

Read more...

Euskarazko ahozko tratua bermatuta dago establezimenduen %94an





Eskualdeko Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) herrietan egindako merkataritza kanpainaren datuak eman dituzte jakitera. Kanpaina UEMAk, udalek, Galtzaundi euskara elkarteak eta Kontseiluak egin dute elkarlanean, eta hiru helburu izan ditu:
1.- Establezimenduan euskara zenbat eta zer-nola erabiltzen den jasotzea.
2.- UEMAk merkatari eta ostalarientzako prestatutako euskarazko materiala eskaintzea: euskarazko fakturak, karteltxoak, hiztegiak, zabalik/Itxita txarteltxoak...
3.- Bai Euskarari Ziurtagiria sustatzea.
Guztira, 116 establezimendu bisitatu dituzte (tabernak, dendak, jatetxeak, farmaziak...), eta sustatzaileek honako datu hauek nabarmendu dituzte:
- 109 establezimendutan bermatuta dago euskarazko ahozko tratua (%94an).
- Oro har, merkatari eta ostalariek estimu handia diote UEMAren eskaintzari.
- Idatzikoari begira, bada oraindik zer hobetua: kartelak, oharrak, agiriak...
Tolosaldeko Hitzak bi orri eskaini dizkio kanpainari. Albistea irakurri nahi baduzu, sakatu hemen.
Hemendik eskerrak eman nahi dizkiogu Hitzari albisteari toki hori emateagatik.

Read more...

  ©Template by Dicas Blogger.