2010/03/09

Orexako Kontsu tabernan euskaraz, fresko-fresko eta bizi-bizi




Orexako Kontsu udal tabernan egon gara arduradun berriarekin, Nereo Cantero azkoitiarrarekin. Taberna zazpi hilabetez egon da itxirik, eta abendutik aurrera Nereok hartu du taberna-jatetxea gobernatzeko ardura. Euskararen aldetik, aurrerapauso handia izan da Nereo etortzea, azken arduradunak erdaldunak baitziren.


Semaforoa Orexan egon da, Nereorekin berriketan, euskara fresko-fresko eta bizi-bizian.



Segi irakurtzen



SEMAFOROA: Nolatan bururatu zitzaiaan Orexara etorri eta taberna-jatetxeaz arduratzea?


NEREO: Ni igeltsero ninduan, eta lanik gabe geratu ninduan. Igeltsero lanik aurkitu ez eta iloba batek kontatu zidaan Orexan zer aukera nuen eta etortzea erabaki nian.


SEMAFOROA: Ez dek erraza izango, familia izanda. Azpeitian bizi hintzen, eta Orexara etortzea ez dek makala izango.


NEREO: Nik jornala ateratzen badiat, bale. Ez nauk hona etorri millonarioa izatera. Nik beti esaten nian: “Loteria tokatzen bazaidak, mendi punta batera joango nauk bizitzera”. Hori izan diat betiko ilusioa. Eta, bueno, familiarekin moldatzen nauk. Asteburuetan emaztea etortzen zaidak eta semea batzuetan.


SEMAFOROA: Zer pentsatzen huan Orexari buruz etorri aurretik?


NEREO: Hombre, pentsatzen nian ni kanpotarra izanda, ba, parakaidista moduan hartuko ninduketela. “Hementxe zetorrek kanpotarra”. Ulertzen didak, ezta? Uste nian jende itxia izango zela, baina juxtu kontrakoa aurkitu diat.


SEMAFOROA: Nola definituko hituzke orexarrak?


NEREO: Niretzat, jende irekia, hurbila eta konfiantzazkoa dek. Atera kontuak: inaugurazio egunean herriko lau pertsona etorri hituan eta egun hartan soziedadera joatera gonbidatu nindutean. Semeak ere [hamazazpi urte ditu] berehala egin dizkit bertako lagunak. Oso gustura gaudek denok.


SEMAFOROA: Agian, jendeak estimatuko dik hi euskalduna izatea. Izan ere, azken arduradunak ez hituan euskaldunak...


NEREO: Bai, igual izango dik zerikusia. Ni, behintzat, gustura egoten nauk herriko jendearekin eta uste diat haiek ere gustura daudela nirekin.


SEMAFOROA: Izan ere, euskara inportantea duk halako herritan...


NEREO: Begira, ni azkoitiarra nauk eta Azpeitian bizi nauk, eta sekulako amorrazioa sentitzen diat taberna batera joan eta euskaraz ez dakitenean edo menua euskaraz ikusten ez dudanean. Non gaudek? Ez al gaudek, ba, Euskal Herrian?


SEMAFOROA: Zer-nolako bezeroak izaten dituk? Zer dituk, herrikoak ala kanpotarrak?


NEREO: Herritarrak kafea hartzera edo pote bat hartzera etortzen dituk, eta tarteka bazkaltzera ere bai. Asteburuetan, berriz, kanpotarrak ibiltzen dituk, mendira etortzen diren kuadrillak eta abar. Igande politak egiten dituenean, jende pixka bat etortzen dek. Hilaren bukaerarako, adibidez, Bizkaitik autobus bat etorriko zaidak 55 lagunekin. Interneten bidez Orexaren berri izan zitean, hona deitu eta denentzako bazkaria enkargatu zitean.


SEMAFOROA: Edariak eta janariak zerbitzatzeaz gain, gauzak ere antolatu dituk bertan, ezta?


NEREO: Bai, gehienbat, bertako jendeak esanda. Nik ez diat apartekorik pentsatu behar. Herrikoek proposatzen zidatek zer egin. Orain arte, Euskadiko Mus Txapelketaren klasifikatoria antolatu diagu, baita txiste kontalarien emankizuna ere, bertako kultura batzordearekin.


NEREO: Publizitaterik onena ahoz ahokoa dek. Jendea gustura egon badek, beste bati esango ziok toki majoa dela, eta horrek askoz gehiago egiten dik ez-zekiat-non publizitatea jartzea baino. Nolanahi ere, Euskadi Irratian eta Hitzan atera nauk. Irratian saio bat egin ziaten herri txikietako ostatuei buruz, eta Hitzakoak inaugurazioan egon hituan. Han agertzea ez dek kalterako izango.


SEMAFOROA: Bueno, Nereo, noiz arte egongo haiz hemen?


NEREO: Oraingoz, urte beteko kontratua zeukeat eta, gero, lau urte gehiagorako luzatzeko aukera zeukeagu udala eta biok jarraitu nahi badiagu.



Semaforoaren lagunok, badakizue: toki lasai batera joan nahi baduzue zerbait hartzera eta elkarrizketa interesgarri bat edukitzera, horraxe aukera: Orexako Kontsu taberna.

0 erantzun:

  ©Template by Dicas Blogger.