Herri euskaldunetan hautagai euskaldunak sartzeko eskatu die UEMAk partiduei
Datorren urteko udal hauteskundeak hizpide nagusi diren honetan, garrantzitsua iruditzen zaigu zerrendetan hautagai euskaldunak sartzeko ekimenen berri ematea. Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen Zuzendaritza Batzordeak alderdi politikoei eskatu die udalerri euskaldunetan hautagai euskaldunak sartzeko, "Hau ez da Olentzerorentzako gutuna" izeneko idatzian.
Ez dira gaia gizarteratzen saiatu diren lehenengoak: Iñaki Arruti Lasarte-Oriako Udaleko euskara teknikariak ere izan du hizpide gai hori, "New Yorkeko taxi-gidariak eta Gipuzkoako zinegotziak" artikuluan.
Lortuko al dugu Tolosaldeko hautetsi guztiak euskaldunak izatea? Nola?
4 erantzun:
Facebook bidez, Iker Mintegiak iruzkin hau helarazi digu:
Iker(e)k idatzia:
"Herri euskaldunetan baino, Euskal Herriko herri guztietan ez al lukete behar??? Hizkuntz eskubidea bermatu beharko litzake, herri hortan pertsona bakarrak euskaraz eginen balu ere. Jendarte aurreko edozein postuetan jarduteko euskaraz jakiteak ezinbestekoa behar luke, postu publikoetan bederen... Administrazioa, Gizarte Ongintza, Politika, Zuzenbidea, Justizia, Ertzaintza, ..."
Txopik erantzun hau argitaratu du Sustatun, UEMAren artikuluaren harira:
"Diozun gehienarekin ados nago, baina badago egin duzun simil edo konparazio horretan akats nabarmen bat. Hego Euskal Herriko biztanleek gaztelaniaz hitz egiten dakite, Espainiar estatuko legeek hori agintzen bait dute. Beraz, jarri duzun adibide horrekin desberdintasun handi bat dago, herritarren eta agintarien artean hizkuntza amankomun bat existitzen bait da. Belgiar estatuan adibidez ez da hori gertatzen eta horregatik gune bakoitzean hizkuntza eskakizunak benetan betetzen dira.
Edozein kasutan, hautagaiak euskaldunak izatea eta administrazioan euskaraz jardun ahal izatearena (beste gai askoren artean) niri ere beharrezkoak iruditzen zaizkit euskararen normaltasuna lortu ahal izateko.
Agintarien artean emakumeak erdia inguru izatea bilatzen da, emakumeak biztanleriaren erdia inguru bait dira. Arrazoi berdinagatik, herri batetan biztanleriaren gehiengoa euskalduna bada, herriko agintari gehienak euskaldunak izan beharko liratekela uste dut."
UEMAren artikuluaren harira, Jonjo Agirrek ere erantzuna argitaratu du. Erantzuna Erabili.com-en dago, eta hauxe da:
"Euskaraz funtzionatu nahi duen administrazio batean ez-euskaldunak jartzea, ogi zuria egin nahi eta irin beltza erabiltzea bezalakoa da.
>Ozenago esatea badago, baino argiago nekez. Zorionak, eta eskari bat. Olentzarori ez, baina gure politikariei bidaliko bazenie..."
(JONJO AGIRRE MARTÍNEZ euskara teknikaria da Eusko Jaurlaritzan)
Beste erantzun bat ere argitaratu dute Erabili.com-en. Iritzia eman duena Jazinto Bikandi izan da. Hona hemen bere ekarpena:
"Argia-ko erantzun batetik:
"1982ko egun batez Eusko Legebiltzarrean "zorioneko 8.3 artikulu" hura eztabaidatu zenean, EAJko Pedro Miguel Etxenikek EEko Jose Luis Lizundiari eta PSEko José Antonio Maturanari, hurrenez hurren: "Nik badakit Lizundia jaunak hain zuzen ez duela inondik inora inor gutxietsi nahi, eta inola ere ez duela nahi Udal askotan legea malgutasunez erabiltzerik -eta horretarako dago gero onetsiko dugun aldibaterako erabakia-. Gauza bera esan dezaket Alderdi Sozialistaren jarrerari buruz, nik jakin baitakit Maturana jauna eta Alderdi Sozialista honen alde daudela, teknikarien irizpenekin ados daudela, hain zuzen Sánchez Carrión eta herri honetako beste aditu garrantsitzuen irizpenekin ados daudela, elebakartasunaren gordeleku izan daitezkeen guneetan euskara bultzatzea garrantzitsutzat jotzearen alde daudela gune horiek zabalkundearen bitartez hizkuntza batek behar duen sendotasuna ekartzen dutelako". Hori ez bada "arnasgune"... 1983an etorri ziren Estatuaren Abokatua, Iruñeko Agiria, etc."
Euskararen Legeaz idatzi asko idazten da. Ez Eusko Ikaskuntzak (http://www.eusko-ikaskuntza.org/eu/publicaciones/colecciones/riev/publicacion.php?o=1268) ezta Euskaltzaindiak ere (http://www.euskaltzaindia.net/dok/euskera/71475.pdf) dizute txintik esango goiko horretaz".
JAZINTO BIKANDI
Post a Comment