2010/12/21

Haurrak euskaraz erregistratzeko aukera: etengabe atzeratzen duten kontua



Hilabeteak aurrera doaz, eta eskualdeko 27 herritan haurrak euskaraz erregistratu ezinik jarraitzen dugu, behin eta berriro salatu dugunez. Eskualdetik kanpora, egoera berdintsua da: Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko 230etik gora bake epaitegitan ezin da haurra euskaraz erregistratu.

Segi irakurtzen



Horren aurrean, bada mugimendua: batetik, hainbat gurasok eskaera egin dute haurra euskaraz erregistratu ahal izateko neurriak har ditzaten, eta, bestetik, UEMAko udalak mozioa onartzen hasi dira, bake epaitegietan euskararen aldeko neurriak har ditzaten. Semaforoan eman dugu horren berri.



Arazoa aspalditik dago konpondu gabe, nahiz eta batzuk arazoa konponduta zegoela adierazi. Hona hemen Patxi Lopez lehendakariak 2010eko irailaren 23an Eusko Legebiltzarrean esandakoa (gaztelaniaz esan zuen, euskararekin lotutako gaia izanda ere): "Por otra parte, lo que hasta la fecha ha sido una fuente de quejas constantes se ha resuelto: desde ahora en todos los juzgados se podrán hacer en euskera las inscripciones de nacimiento, defunción y matrimonio". Diskurtso osoa ikusi nahi baduzue, egin klik hemen (pasartea 11. orrrialdean duzue).

Patxi Lopezek hori esan eta hurrengo egunetan prentsaren bidez jakin genuen arazoa ez zegoela konponduta, baina urte bukaerarako konponduta egongo zela: sei tokitan esperientzia pilotu batzuk abian jartzekoak ziren, aplikazio informatiko bat ezartzeko, eta aurreratu zuten urte bukaerarako posible izango zela aplikazio informatiko horren bidez haurrak euskaraz erregistratzea, baita beste tramite batzuk egitea ere. Albistea hedabide askotan argitaratu zen; besteak beste, Berrian, Noticias de Gipuzkoan, Irekian...

Gerora, beste albiste baten bidez, Jaurlaritzak beste atzerapen bat iragarri zuen: aplikazio informatikoa ezartzeko lanak urteko azken hiruhilekoan hasiko dira, eta 2011ko lehenengo hiruhilekoan bukatzea espero da. Albistea irakurtzeko, egin klik hemen.

Gauzak horela, ez da harritzekoa guraso askok hartutako bidea: Jaurlaritzak konponbidea eman zain geratu gabe, ahaleginak egin dituzte seme-alaba jaioberriak euskaraz erregistratzeko. Hori egin dute Usurbilen, Adunan, Zizurkilen, Andoainen, Zarautzen...

Beraz, zer komeni da egitea?

Horregatik, aita edo ama izatekotan bazara eta semea/alaba euskaraz erregistratu nahi baduzu, haurra jaio aurretik eskaera egitea komeni zaizu. Horretarako, eskaera eredua UEMAk emango dizu. Jarri beraiekin harremanetan, telefono honetan: 943260372.

OHARRA: Patxi Lopezen argazkia Zuzeutik hartu dugu.

0 erantzun:

  ©Template by Dicas Blogger.