2010/12/21

Haurrak euskaraz erregistratzeko mugak: gurasoak eta UEMA ez daude geldirik


Hilabeteak aurrera doaz, eta eskualdeko 27 herritan haurrak euskaraz erregistratu ezinik jarraitzen dugu, Semaforoan behin eta berriro salatu dugunez. Gauza bera gertatzen da Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko 230etik gora herritan. Horren aurrean, UEMAko udalak eta gurasoak ez daude geldirik.


Segi irakurtzen


Zer egin dute udalek?

Eskualdeko udalei dagokienez, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak bultzatuta, mankomunitateko 13 udalek mozioak onartu dituzte bake epaitegietako hizkuntz egoera salatzeko: Amezketak, Adunak, Ikaztegietak, Alegiak, Belauntzak, Elduainek, Orexak, Baliarrainek, Anoetak, Gazteluk, Leaburu-Txaramak, Altzok eta Irurak.

Eskualdetik at, Usurbilek, Oiartzunek, Aulestik eta Atxondok ere onartu dute mozioa, baita UEMAk berak ere.

Mozioari buruz gehiago jakin nahi baduzu, egin klik hemen.

Zer egin dute gurasoek?

Gurasoei dagokienez, hainbatek ahaleginak egin dituzte jaioberriak euskaraz erregistratu ahal izateko:

- Andoainen, haurra euskaraz erregistratzeko eskaera egin zuten bi gurasok, eta Semaforoan gertutik jarraitu genion kasuari.
- Adunan, bi gurasok egin dute eskaera
- Zizurkil, batek egin du eskaera eta erantzunaren zain dago.

Horrez gain, eskualdetik kanpo ere izan dira ahaleginak:


- Usurbilen hiru amak prentsaren aurrean salatu zuten euren herriko egoera
- Zarautzen ere gauza bera egin zuten guraso batzuek (ikus Erlo Telebistako bideoa).

Eta ez dira bakarrak. Euskal Herriko bazter askotan sortu dira antzeko ekimenak (Zestoan, Igorren...).

Beraz, zer komeni da egitea?

Horregatik, aita edo ama izatekotan bazara eta semea/alaba euskaraz erregistratu nahi baduzu, haurra jaio aurretik eskaera egitea komeni zaizu. Horretarako, eskaera eredua UEMAk emango dizu. Jarri beraiekin harremanetan, telefono honetan: 943260372.

0 erantzun:

  ©Template by Dicas Blogger.