2010/12/14

Gutxienez beste 10 urtetarako indarrak hartu ditu Txolarrek (Txolarre Irratia)


Txolarre irratiko kideok indarberrituta idazten ditugu lerro hauek, abenduaren 11n bizi izan genuenak emandako indarrarekin. Txolarre Eguna ahaztezina izango da guretzat. Eguerdiko 12:30etan, puntu puntuan hasi zen eguneko lehen ekitaldia. Loatzo musika eskolako kideen emanaldiak berotu zuen herria egunsenti hotzari aurre eginez.

Segi irakurtzen


Txolarretik plazaraino joan, bertan geldialdia egin eta hainbat pieza eder eskaini zizkiguten. Ordurako hasi zen jendea plazara inguratzen, bazkariaren atariko. Txolarre Egunean, kuku elkartean egin genuen kabia bertso bazkarirako. 60 bat lagun elkartu ginen elkartean bazkari goxoa dastatzera: Menestra, Oilaskoa patatekin eta txokolate tarta. Kafeen ostean eguneko momentu hunkigarrienetako bat izan genuen, Jon Miranda urteotako esatariari omenaldi xumea eskainio baikenion bertaratutakoek.

Ondoren barre algaraz bete zen Kuku, Amaia Agirre eta Aitzol Barandiaranek eskainitako bertsoaldiekin. Txolarre irratian izango da datozen egunetan bertsoaldi horiez gozatzeko aukera. Izan zen tartean ariketa berezirik ere, jendeak idatzitako hitzekin bertsoak osatu zituzten bertsolariek, besteak beste.

Eguzkia ezkutatua zen Kukutik irten eta anoetar gazteen trikitia lagun, herrian barnako trikipoteoari ekin genionerako. Dantzarako tarterik ere izan zen tabernaz tabernako ibilian. Dozenaka pertsona izan ziren triki poteoan parte hartu zutenak, bazkarikoak eta gerora bertaratutakoak.

Gaztetxean izan genuen eguneko azken geldialdia. Aretoa erabat beterik zela, gogoan iltzatuta gelditzeko moduko kontzertua eskaini ziguten Berri Txarrak taldekoek. Payola disko berriko kantuak nagusi, baina aurreko zenbait perla ere eskaini zituen Lekunberriko taldeak. Musika ona, eta giro bikaina izan zen, goizaldera arte luzatu zena.

Txolarre irratiak, eskerrak eman nahi dizkie bertaratu ziren guztiei, Txolarre Eguna ospatzera etorri ziren eskualdeko herritar guztiei, eurak baitira Txolarreren oinarri. Eta nola ez, eskerrak bereziki, Loatzo Musika Eskola, Kuku elkartea, Anoetako udala eta Anoetako gaztetxeari. Euren ekarpena funtsezkoa izan da Txolarre Egun borobila antolatzeko. 10 urteak ospatuta, aurrera begira jartzeko unea da orain, eta horretarako akuilu bikaina izango da larunbatean jasotako indar energia.

Urtarrilean izango dugu hurrengo zita handia, Tolosan egingo den bertso saioan. Eta bien bitartean eguneroko enkontrua fm-aren 107.5ean eta www.txolarre.org atarian. Bertan sartu eta ezkerreko estekan klikatuta entzun ahal izango dituzue TXOLARRE EGUNEKO audio eta argazkiak. Facebooken eta Twitterren ere topatuko gaituzue.

Gora Tolosaldea!! Eskerrik asko!!!


0 erantzun:

  ©Template by Dicas Blogger.