Donostiako Nazioarteko Zinema Jaialdian izan da Euskararen Semaforoa
Euskarak presentzia du Zinemaldiko ekitaldi gehienetan. Jendaurreko tratuan ere, euskara harreman hizkuntza da. Eta bestelakoetara oso ohituta gaudenez euskaldunok, paradisua bailitzan hartzen dugu Zinemaldia. Irla bat, non euskaldunoi euskaraz erantzuten zaigun, non ekitaldi bakoitzaren lehen hitza euskaraz egiten den, non euskaldun bezala errespetatuak sentitzen garen.
Gure inozentzia ordea, berehala zapuzten da ikusten dugunean Australiatik etorritako kazetari begi-urdinari, ondoko leihatilan, guri bezain abegikor eta sinpatiko erantzuten diotela bere hizkuntzan. Eta berdin produktore frantses bati, eta berdin Malagako zinema jaialdiko arduradun bati. Eleaniztasun orekatua da hori.
Zinemaldian lau hizkuntza nagusiek (euskarak, gaztelaniak, ingelesak eta frantsesak) izan behar duten espazio, garrantzia eta denbora neurtua dago, neurtuegia, akaso. Euskal Herrian egoera ezberdina bizi duten hizkuntzentzako, trataera berdina.
Maialen Lujanbiok Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalean kantatu zuen bezala, Donostiako Zinema Jaialdia ez dago “euskaratik eta euskaraz” pentsatuta. Bere nazioarteko dimentsioa ikusita, susmoa dugu, antolatzaile taldeak ingelesa erabiliko duela nagusiki. Eta tristea da esatea, baina Zinemaldia gaztelaniaren inguruan ardaztuta ez egoteak bermatzen dio, hain juxtu, euskarari, besteen pareko presentzia.
Hori Zinemaldiak kanpora begira daraman hizkuntza politikari dagokionez esan dezakeguna. Beste hainbat ertz ere baditu jaialdiak, euskaldunontzat batere borobilak ez direnak. Filmen promoziorako eta salerosketarako balio izaten du astebete irauten duen ekitaldiak. Zurrunbilo horretatik urrun ibili garen arren, kanpotik begiratuta, ez dirudi zirkuitu horietan euskara batere entzun denik. Euskara ez da, itxuraz, propagandarako eta salmentarako hizkuntza. Balio erantsirik ez du.
Bitxia egin zaigu Euskal Herritik kanpoko kazetariek euskararekiko agertu duten jarrera. Haientzat Zinemaldian entzun litezkeen hamarnaka hizkuntzetatik “beste bat” da euskara. Errusiera, japoniera, alemana, arabiera, portugesa edota turkieraren pareko; Baina bisitatzen ari diren toki horretako bertako jatorrizko hizkuntza denaren arrastorik ez.
Bien bitartean, ez ditugu ahaztu nahi aurtengo edizioan aurkeztu diren euskarazko filmak: “Urte berri on, amona!”, “Bertsolari”, “Bi anai” … Baina horietako batean jarri nahi dugu arreta: “Arriya” pelikulan. Guk ahotan ibili dugun gaiaren inguruan gogoeta egiteko gonbita egiten digu. Gai asko ageri dira filma horretan eta horietako bat hizkuntzen erabilera bera da.
Badugu zeregina oraindik euskara lehen planora ekarri, Zinemaldiko izar protagonista bihurtu eta alfonbra gorrian paseatzen jarri nahi badugu. Lehen pausoa izan liteke Gaztelun bizi den Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak hartu omen duen erabakia. Off the record jakin dugu, AEKra gerturatu dela irakasle eske euskara ikasteko. Bejondeiola!
0 erantzun:
Post a Comment