2011/02/23

AEK-ko ikasleen kultur ekintzetan giro ona nagusi



Andoaingo eta Amasa-Villabonako AEKren euskaltegietan eskualdeko herritar asko dabiltza euskara ikasten, eta handik bidali diguten mezuagatik esango genuke oso ondo pasatzen ari direla ikasturtea:

Segi irakurtzen


Urteko moduan Amasa-Villabona eta Andoaingo AEK euskaltegiko ikasleentzat hainbat kultur ekintza antolatu dira. Kultur ekintza hauen helburua bikoitza da, alde batetik, ikasleak elkar ezagutu eta euskaraz hitz egin ahal izateko harreman sareak osatzen laguntzea eta bestetik, egunerokotasunarekin apurtu eta ekintza interesgarri eta gustagarriak egitea.

Ikasturtea urrian hasi zen eta urriaz geroztik hainbat eta hainbat ekintza egin dituzte.

Azaroan Donostiako Ontzi museora egin genuen bisita.

Ontzi Museoa Donostiako portuan dagoen XVIIII. Mendeko eraikina da. Museoan iraupen luzeko erakusketak egiten dira. AEKko ikasle eta irakasleok ikusi genuen erakusketa “Euskaldunak eta Pazifikoa. Andres Urdanetaren omenez" izan zen (erakusketa hau martxoaren 20a arte dago ikusgai). Erakusketa honen helburua Ozeano Barean izandako euskal presentziaren historia aditzera ematea da, Filipinar uharteetan, Japonen, Amerikako kontinenteko mendebaldeko kostalde inguruan eta Txina hegoaldeko kostaldeko lurretan besteak beste.

Museora heldu ginenean Amagoiak egin zigun harrera eta bera izan zen bisita gidatuan zehar erakusketari buruzko azalpenak eman zizkiguna: bertan euskaldunek nabigazio eta merkataritzarako ibilbide berriak esploratzen eta deskubritzen betetako eginkizun garrantzitsua azaldu zigun; ekonomian, zientzia eta kultur arloan, administrazioan eta erlijio kontuetan izan zuten jarduera biziarekin batera. Erakusketak kronologikoki XVI. mendetik, (deskubrimenduen garaitik: atal batzuk Juan Sebastian Elkano, Andres Urdaneta eta Migel Lopez de Legazpiri eskainita daude) gaur egun arte hartzen du, eta Asiarekiko merkataritzako trukeak, euskal enpresak Txinan finkatzea eta bertako etorkinak Euskal Herrian aipatzen ditu.

Euskaldunok itsasoarekin dugun lotura handia ezagutu ahal izan genuen modu atsegin eta oso interesgarri batean eta Amagoiari eskerrak eman behar dizkiogu. Guztiok oso gustora ikusi genituen koadro, maketa eta beste zenbait objektu eta bere azalpenak aho zabalik entzun genituen. Denbora gutxi izan genuen arren bisita oso polita izan zen.

Ekintza hau euskaltegiko eskola egun batean burutu genuen lanketa baten harira antolatu genuen.

*Abenduaren 3an, EUSKARAREN EGUNA:

Euskararen egunaren harira Andoaingo euskaltegian ekitaldi xume bat antolatu genuen. Ekitaldi honetan ikasleon artean “euskarazko hitzik politena” aukeratu, euskararekiko geure konpromisoa finkatu eta abesten jardun ginen.

Irakasle batek euskararen egunaren nondik norakoekin sarreratxo bat egin zuen, gero ikasleek euskaraz gehien gustatzen zitzaizkien hitzak aukeratu zituzten eta beste ikasleei azaldu zieten hitz hori aukeratzearen arrazoia. Segidan, bozketa bat burutu genuen guztion artean eta bozketa honen ondorioz “Txalaparta” hitza izan zen saritua. Sari gisa “Korrika Laguntzaile” txartela eman zitzaion irabazleari, eta honekin batera baita domina eder bat ere. Ondoren guztiok geure euskararekiko konpromisoa adierazteko asmotan “kontratu” bat sinatu genuen: euskara ikasle (eta irakasle) izanik geure egunerokotasunean euskaraz hitz egiteko konpromisoa hartuz, bai euskaltegian eta bai euskaltegitik kanpo ere, bakoitzak ahal duen neurrian.

*Urtarrilean : Sagardotegia.

Urte berriari gogoz ekiteko, otsailaren 4an euskaltegiko ikasle-irakasleak Hernaniko Iparragirre sagardotegira joan ginen. Agate Deunaren bezpera izanik, kantuan aritzeko aukera ere izan genuen eta jarraian afari ederra egin genuen sagardotegian.


0 erantzun:

  ©Template by Dicas Blogger.