2011/02/28

Kelseneko Ainhoa Montes, Semafororako: "Euskarak gaztelaniak adina balio du lanerako"


Refractarios Kelsenek eta Hirukide ikastetxeak Bai Euskarari Sariak irabazi izanak poz handia eman digu, biak eskualdekoak baitira. Hori dela eta, biekin harremanetan jarri gara, sarien aitzakiapean, zer egiten duten eta euskara euren eguneroko lanean nola erabiltzen duten jakiteko.

Refractarios Kelsen 1966an sortu zen, baina Calcinor taldeak 2001ean erosi eta, gaur egun, %100aren jabe da; beraz, 10 urte darama Kelsenek Calcinor taldearen barruan. Zazpi urte dira euskararen normalizazioan pausoak eman eta lanean ari direla. Semaforoaren galderak Planifikazio eta Prozesu-kontrol Saileko Ainhoa Montes Arkaiak erantzun dizkigu.

Ikusi elkarrizketa



SEMAFOROA: Zer eman dizue Ziurtagiriaren Elkarteak urte hauetan? Zer eman dizue sariak lehendik ez zenutena?

Ainhoa Montes (AM): Lankide paregabea izan da zazpi urtetako ibilbide honetan, batez ere helburuak eta eman beharreko pausoak finkatu behar genituen hasierako garai hartan. Gidari trebea izan da ereduak ezartzen. Bestalde, Bai Euskarari Sariaren bitartez eginiko lana ere aintzat hartze horrek guretzat garrantzi handia izan du, indarberritu egin gaitu erronka berriei aurre egiteko. Zer gehiago eman digun? Calcinor taldeari, egindako lanak prestigioa eta ospea ematen digula erakutsi izana, bai guri Kelesen bezala, bai Calcinorri talde bezala.

SEMAFOROA: Euskalgintzako kide eta talde ugari ezagutza-erabilera korapiloa ezin askaturik dabiltza (euskara ezagutu bai, baina erabili ez). Zuek nola ikusten duzue korapilo hori eta zertan oinarritu zarete korapiloa askatzeko bideari ekiteko?

AM: Leku askotan dago lana erdaraz egin behar delako ideia, ideia okerra, bestalde; euskarak gaztelaniak adina balio du lanerako. Kelsenen lan egitera sartzen diren guztientzat euskara plus bat da, bere lana aurrera eramateko behar duen ala ez kontuan hartu gabe. Jendea estimulatzen saiatzen gara gure eguneroko hartu-emanetan euskara erabil dezaten, bai ahoz bai idatziz; azken finean, askotan arazoaren mamia gaztelerarekiko dugun joera baita.

SEMAFOROA: Bezeroak eta zuen inguruan aritzen direnak konturatzen al dira euskararen normalizazioaren alde egiten duzuen lanaz? Estimatzen al dute?

AM: Dudarik gabe. Bezero askoren deiak jaso ditugu sariarengatik zorionak eta euskararen alde eginiko lanarengatik eskerrak emateko. Kontuan hartu behar da ingurugiro euskalduna dugula eta euskaldunak, euskaldun izateaz harro sentitzen garela. Sariak oihartzun ikaragarria izan du, eta, kasu askotan, inbidia dutela ere aitortu digute.

SEMAFOROA: Zuen enpresaren egoitza Adunan dago: herri txikia eta euskalduna da Aduna. Euskararen alde hartutako neurriak berdin-berdin hartuko zenituzten egoitza beste toki batean jarri izan bazenute?

AM: Euskal Herriaren barne, bai.

SEMAFOROA: Lan mundua eta euskara. Horra beste erronka bat. Zer irudituko litzaizueke euskararen aldeko gutxieneko neurri batzuk legez derrigorrezkoak izatea?

AM: Nahitaezkoak. Ea arlo honetan epe laburrean zerbait ikusteko aukera dugun, pauso ikaragarria izango litzateke.

SEMAFOROA: Askotan, enpresetan normalizazioaren gaia alde batera uzteko "aitzakia" izaten da enpresa kanpokoa dela esatea: "Gure nagusiak ez daude hemen, eta euskara kontuak ez zaizkie axola". Nola azaltzen zaio Euskal Herritik kanpoko nagusiei euskararen aldeko apustua egin behar duzuela?

AM: Oso erraz. Enpresari, bere baloreetan sartu behar zaio oreka soziala mantentzeko inguruarekin ahal duen gehiena integratu behar duela eta euskaldun ingurune batean, hizkuntzaren erabilerak tentsioak baretzen dituela.

SEMAFOROA: Bai Euskarari Sariak jaso dituzten biak Tolosaldekoak zarete (Kelsen eta Hirukide). Kasualitatea ote? Tolosaldean aukera handiagoa al dago beste eskualde batzuetan baino euskararen normalizazioan neurri aurrerakoiagoak edo ausartagoak hartzeko?

AM: Ez bereziki. Lagunduko duela ziur gaude, baina azkenean enpresetako euskaldunen ausardia da garrantzitsuena.

SEMAFOROA: Nola ikusten duzue zuen enpresa euskararekin, hemendik bost urte edo hamar urtera? Zer helburu eduki nahiko zenituzkete lortuta ordurako?

AM: Gaur egun, bulegoetan lan egiten duen jendea euskalduna da, eta hemendik bost urtera tailer eta bulegoetako jende guztiak elkarrekin euskaraz aritzeko gai izan beharko luke. Hori da lortu nahi duguna. Belaunaldi gazte berriak euskaldunak dira gehienbat, ikastolan aritutakoak, ez genuke arazo handirik aurkitu beharko. Aurrera begira, gure katalogoa jadanik euskaratuta dugu eta inprimatze pausoa besterik ez zaigu gelditzen. Gainontzeko dokumentazioari dagokionez, kalitate eskuliburua euskaratzea dugu gure berehalako zereginen zerrendan -3.000 orrialde inguru-.


0 erantzun:

  ©Template by Dicas Blogger.