2011/03/08

Haurrak euskaraz erregistratzea: Ikaztegietar batek ere egin du eskaera



Ikaztegietar batek eskaera egin du haurra euskaraz erregistratzeko. Dagoeneko, gutxienez lau dira eskualdean eskaera egin eta erantzunaren zain daudenak: bat Adunan, bi Zizurkilen eta Ikaztegietakoa.

Haurrak euskaraz erregistratzeari eta eskaerei buruzko informazioa UEMAren webgunean daude. Ikusi nahi baduzu, egin klik hemen.

Read more...

Badago gurea bezalako herri bat 50 urteren buruan euskalduntzea?




Izenburuan botatako galderari erantzun borobila eman dio Mikel Hernández Abaituak: "Gurea lako herri bat 50 urtean euskaldundu daitekela uste dauenak ez daki ezer soziolinguistikaz. Hortik baikortasunak eta ezkortasunak".

Mikelek Bizkaie! aldizkarian egin ditu adierazpenak, "Azukre xehea, gatz larria" liburuaren harira. Elkarrizketa irakurtzeko, Bizkaie! aldizkariaren webgunera jo dezakezu.

Gaiarekin lotuta, hizkuntz politikaren errotiko aldaketa bat nondik etor litekeen ikusteko, artikulua idatzi du Gotzon Barandiaran idazleak Garan: "Euskalgintzak ebatzi".

Euskaldundu liteke gure herria 50 urtean? Horra hor galdera. Erantzunik edo gogoetarik baduzu, bidaliguzu: euskararensemaforoa@gmail.com.

Read more...

Gipuzkoan ez dago bermerik gidabaimeneko azterketa praktikoa euskaraz egiteko


Joxe Luis Iturriotz orexarra Beasaingo Igartza autoeskolako arduraduna da, eta Semaforoarekin solasaldia izan du. Salatu du gidabaimena ateratzeko azterketa praktikoa euskaraz egin nahi duenak ez duela bermerik azterketa euskaraz egiteko.


Hona hemen zer zer gertatu zitzaien azterketa praktikoa euskaraz egin nahi zuten batzuei, aste bat lehenago euskaraz egin nahi zutela jakinarazita: "Aztertzaileak bi aukera eman zizkiean euskaraz egin nahi zuten hiru laguni: gaztelaniaz egin edo etxera joan. Hori bai, dena edukazio onez eta errespetuz. Azkenean, gaztelaniaz egin zitiztean azterketa praktikoak".


Segi irakurtzen



SEMAFOROA: Gaur egun, baten batek gidabaimena atera nahi baldin badu, zer urrats egin behar dizkik, eta urrats horietako zer egin zezaketek euskaraz eta zer ez?

JOXE LUIS ITURRIOTZ (JLI): Autoeskolan matrikulatzen denak irakaskuntza teoriko guztia euskaraz jaso zezakek, gurean behintzat. B gidabaimena ateratzeko azterketa teorikoa ere egin zezakek euskaraz, guk duela bi urtetik eskaintzen diagu aukera hori, baina beste gidabaimenak ateratzekoak ez (kamioia, autobusa, motoa, atoia...).

SEMAFOROA: Zer gertatzen dek azterketa praktikoan?

JLI: Praktikoa ez zegok bermatuta euskaraz. Beren kabuz aztertzaile batzuk saiatzen ari dituk, baina arazoak zeudek. Tristea dek baina Trafikoko arduradunei aldez aurretik abisatu zieagu pertsona batzuek azterketa euskaraz egin nahi dutela, eta, gero, azterketaren egunean ez ziotek aukerarik eman euskaraz egiteko.

SEMAFOROA: Zer pasa huan zehazki?

JLI: Aztertzaileak bi aukera eman zizkiean euskaraz egin nahi zuten hiru laguni: gaztelaniaz egin edo etxera joan. Hori bai, dena edukazio onez eta errespetuz. Azkenean, gaztelaniaz egin zitiztean azterketa praktikoak.

SEMAFOROA: Ez zagok aztertzaile euskaldunik?

JLI: Baten batek ulertzen dik, beste batek borondatez egin izan dik euskaraz... Baina ez zegok mekanismorik euskaraz egin ahal izateko. Kontua dek aztertzaile taldeak 3 egunetan Donostian, egun batean Azpeitian eta beste batean Beasainen egiten dituztela azterketak, eta ez dutela ematen bermerik euskaraz egiteko. Guk nahi diagu azterketa euskaraz eskatzen duenak euskaraz egin ahal izatea.

SEMAFOROA: Hori lortze aldera, zer egin dek orain arte?

JLI: Alde batetik, idatziz bidali zieat eskaera, baina erantzuna berbera izan dek beti: Trafikoko Madrilgo arduradunei berbidali ziotek eskaera eta handik ez dek sekula erantzunik etorri.

SEMAFOROA: Berez, legez, euskaldun batek bazeukak eskubiderik azterketa praktikoa euskaraz egiteko?

JLI: UEMAren bidez, Behatokiarekin jarri ninduan harremanetan, eta Behatokiaren erantzuna izan huan ez dagoela inon halakorik idatzita, eta, horren ondorioz, Euskararen Legeak esandakoa bete behar dela; hau da, erakunde publikoekiko tratua administratuak nahi duen hizkuntza ofizialean egin behar dela. Azterketa praktikoa Trafikoren ardura denez eta hori erakunde publikoa denez, pentsatzekoa dek eskubidea badugula. Elebideri ere bidali zioat salaketa, baina oraindik ez diat erantzunik jaso.

SEMAFOROA: Zer-nolako pausoak emango dituk aurrerantzean eskubide hori berma dadin?

JLI: Idatzi bat prestatu diat, Trafikok neurriak har ditzan, eta nire asmoa dek idatzi hori Gipuzkoako ahalik eta autoeskola gehienek sinatu eta bidaltzea. Hori dek bide bat, eta bestea dek astez aste euskaldunek azterketa euskaraz egin nahi dutela aldez aurretik jakinaraztea.

SEMAFOROA: Hau Gipuzkoan bakarrik gertatzen dek?

JLI: Nik dakidala Bizkaian ez dek halakorik gertatzen, eta beste herrialdeetako egoeraren berri ez diat. Dena dela, seguru Katalunian ez dela horrelakorik gertatzen.

SEMAFOROA: Hik, adibidez, zer-nolako neurriak hartu dituk hire autoeskolan?

JLI: Debagoieneko Mankomunitateak konbenioa sinatu zien AEOL argitaletxearekin, eta, Unai Zuluaga Igorre autoeskolako arduradunak euskarara itzulita zeukana oinarri hartuta, euskarazko eskuliburuak argitaratu zitiztean. Horrez gain, informatika bidezko testak ere euskaratuta zeudek, eta multimedia programa bat ere bai. Gainera, diru laguntzak ere bazeudek euskarazko material hori erosteko. Guk, adibidez, Beasaingo Udalaren diru laguntza jaso genian.

SEMAFOROA: Batzuek pentsatuko diate euskaraz zailagoa dela gaztelaniaz baino.

JLI: Ez, hori ez dek egia. Euskaraz ondo moldatzen bahaiz, euskaraz ateratzea dek onena.

SEMAFOROA: Zorte on, Joxe Luis. Ea hemendik gutxira Trafikokoei Semaforoaren argi berdea ematen diegun.

JLI: Hala izan dadila.


Read more...

Eroskik euskarazko kultur produkzioak baztertzen ditu propaganda agirietan



Tolosako Julenek goiko argazkia eta komentario hau bidali digu posta elektronikoz:

"Hilabeteak dira fijatzen naizela, eta Tolosako Maxieroskiko paperezko propagandan ez dute inoiz iragartzen euskarazko kultur produkturik. Eroskik ez du inoiz euskarazko kultur produkturik sartzen paperezko propagandan, ez pelikularik, ez libururik, ez diskorik. Erabat salagarria iruditzen zait. Zergatik ez dago euskaraz?".

Julenez gain, Santi Leon ere Donostiako FNACen gertatutako pasadizo batetik abiatu da, saltoki handietako "normaltasunari" buruz hitz egiteko. Artikulua Berrian argitaratu da, "Normaltasuna" izenburuarekin.

Read more...

2011/03/03

Baina, badago ala ez dago euskarazko komikirik?




Dani Fanok berretsi egin du duela aste batzuk Semaforoan jaso genituen adierazpena: "Euskarazko komikia ez da existitzen". Hori bai, ñabardura bat eman dio: "Agian apokaliptikoegia naiz". Argia.com-en dago elkarrizketa.

Bestalde, Dani Fanoren aurreneko adierapenen harira, erantzun bat iritsi zaigu Arte Bizkarra Kulturgintza taldetik. Hauxe da:



Ikusi erantzuna


Gorka Velascoren "Gaur egungo BeHIak. Hezkuntzaz hausnartzen" aurkeztu zuen 2008an Getxoko VII Komiki Azokan. Liburu horretan, marrazki xume eta sotilak aho biko testuekin uztartuta, egileak hezkuntza eta irakaskuntzari buruzko hausnarketarako gonbitea luzatzen dio ikusle irakurleari.

Horren geroztik aurkezpen batzuk egin ditu.

Azkena Zaragozako IX Komiki Azokan (ikusi honen webgune ofizialean: http://www.saloncomiczaragoza.com/autores.html)

Info gehiago:

www.berria.info/.../«Institutu_guztiak_dira_BeHIak».htm

www.gaur8.info/edukiak/20090904/155095/Institutuak-BeHIak-hausnarketarako-larre-bihurtu-ditu-Gorka-Velascok

www.hikhasi.com/fitx/fitxategiaJeitsi.php?id=168&emota=2&dmota=pdf

www.deia.com/2010/03/05/bizkaia/margen-izquierda-encartaciones/vacas-con-mensaje

Bakoitza bere momentuan Euskadi Irratiko Tere Belokik, "Arratsaldekoak" saioan, Edurne Ayusok, "Amaruna", eta Onda Vascako Kike Alonsok elkarrizketa bana egin diote.

Informazio gehiago behar izanez gero.
artebizkarrakulturgintza@gmail.com

Read more...

Euskara ez da betebeharra izango EAEn, irrati lizentziak lortzeko


Euskal Autonomia Erkidegoan euskara ez da derrigorrezkoa izango FM irratien lizentzia lortzeko. Euskal Jaurlaritzaren ikus-entzunezko komunikazioko dekretu proiektuak meritutzat hartuko du, baina ez betebehartzat. Tokiko telebisten lizentzietarako, ordea, betebeharra izan zen.


Alderdi Popularrak 2008an egindako proposamena aintzat hartu du Jaurlaritzak, eta ez du portzentajerik jarriko.

Lehendik ere, eskualdeko irratien panorama ez da "oso euskalduna", Semaforoan salatu genuenez.

Albisteari buruz gehiago jakin nahi baduzu, Berriara jo dezakezu.

Koskak eta Arrosak alegazioak jarri dizkiote dekretuari: egin klik hemen.


Read more...

Euskara mozorroturik (Maite Asensio)


Maite Asensiok "Euskara mozorroturik" izeneko artikuluaren berri eman digu. Iñauterien giroan murgilduta gauden honetan, honako gogoeta hau kontuan hartzekoa iruditu zaigu:


"Oraindik ez dut ulertzen, urtean zehar euskaraz egin eta iñauterietan mozorroturik gazteleraz egiten duen jendea. Ez dakit urtean zehar mozorro baten atzean egoten diren, eta iñauterietan sentitzen dutena egiten duten edo alderantziz den. Noizbait zergaitia ulertzeko gai izango naizen ere ez dakit, horretara iritsi gabe, iñauteri euskaldunago batzuen zain geratuko baiz, beti ere datozen bezala hauetan gozatuz".

Artikulu osoa irakurtzeko, jo aisia.net webgunera.

Andu Lertxundik Berrian ere mozorroak eta hizkuntzaren erabilera izan ditu hizpide, "Mozorrar" artikuluan.

Read more...

  ©Template by Dicas Blogger.