2012/06/19

Billabonako EHEk Osakidetza kritikatu du

 Billabonako Euskal Herrian Euskaraz-ek Osakidetza kritikatu du, BECen egindako oposaketengatik. Hona hemen helarazi digute oharra:

Segi irakurtzen

Datorren asteburuan Eusko Jaurlaritzak esleitutako lanpostu publikoak eskuratzeko azterketa egin behar izango du Hezkuntza eta Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoetara (LEP) aurkezten den herritar andanak. Ekainaren 15,16 eta 17an Barakaldoko BECen egingo diren oposaketek ez dute berrikuntza handirik ekarriko herri euskaldunari dagokionez. Zaharrak berri, beraz.

Oraingoan ere, euskaldunon hizkuntza eskubideak urratu egingo dira. Behin eta berriz huts egin duten euskara planak existituko ez bailiran, kontratazio-politikak ez du bermatuko langile berriek euren lana euskaraz egin edo administraziora hurbiltzen diren herritarrei ematen zaien zerbitzua euskaraz izatea. Arazo horiei aurretik datozen guztiak gehitu behar zaizkio. Hemendik aurrera ere, hortaz, euskaldunok enegarren mailako herritar izaten jarraituko dugu administrazioaren aurrean eta ezin izango dugu merezi dugun zerbitzu duinik jaso. Euskaraz bizi nahi dugun herritarrok aspalditik datozen oztopoekin egingo dugu topo aurrerantzean ere Jaurlaritzaren iruzur berri honen bidez.

Egoera hau ez da kasualitatea. Jaurlaritza gidatzen dutenen bultzada politikoak eraginda dator. Bengoa eta Celaà sailburuek kargua hartu dutenetik, gainera, herri euskaldunaren aurkako erasoak areagotu eta atzerapauso dezente eman dira. Honengatik guzti honengatik, iraganeko formulak salatu eta euskaraz bizitzeko ezinbestekoa den hizkuntza politika burujabea aldarrikatzea dagokigu euskaldunoi.

Billabonako EHEtik, salaketa ozen plazaratu nahi dugu, oposaketa hauekin etorkizunean osakidetzan euskaraz artatuak izateko dugun eskubidea urratzen jarraituko zaigulako eta orokorrean Osasun Sistema euskalduntzeko bidean atzera pauso galanta izango direlako.

Bestalde, EHEk heldu den larunbatean (ekainak 16), goizeko 10:30ean BECen bertan LAB sindikatuarekin batera egingo dugun elkarretaratzeko deialdia zabaldu nahi dugu. Hemendik, herritar euskaldun eta euskaltzale oro deitu nahi dugu aipatu ekimenean parte hartzera.

Euskaraz bizi nahi dugulako, Osakidetzan euskaraz!

Billabonako Euskal Herrian Euskaraz (EHE)

Read more...

2012/06/11

Ez al dugu gehiegitan...




 Ez dugu gehiegitan entzuten halakorik? Nora doa euskara?

Read more...

2012/06/08

Bihar, UEMA Eguna Goizuetan


Aurtengo UEMA Eguna Goizuetan izango da, larunbatean (ekainak 9), eta egitarau oparoa izango du: herri bazkaria, dantzaldia, haurrentzako jokoak… Leloa hauxe da: “Euskaraz bizi eta ari, herri euskaldunak aitzindari”. Aurkezpenean parte hartu duten guztiek nabarmendu dute UEMAk euskararen normalizazioan egindako aitzindaritza lana, eta Nafarroako Gobernuaren jarrera kritikatu dute.

Horrez gain, ondo bidean, bost udalerri sartuko dira mankomunitatean: Igantzi, Getaria, Oñati, Ondarroa eta Mañaria.

Informazio gehiago nahi izanez gero, UEMAren web gunera jo dezakezu.

Read more...

2012/06/06

Bien fet, Pep (Rober Gutierrez)


Rober Gutierrezek gogorarazi digu mundu osoaren arreta izatean ere ez dagoela zertan hizkuntz dimisiorik egin beharrik. Pep Guardiola Bartzelonako entrenatzaile ohia izan du hizpide Gutierrezek, erabili.com-en argitaratu duen artikuluan:

Pep Guardiola ez da Barçaren entrenatzailea izango datorren denboraldian. Honezkero izango zenuten horren berri. Bere erabakia azaltzeko prentsaurrekoa eskaini zuen, katalanez, eta mundu osoko kazetariak eta zaleak berari adi egon ziren. Mundu osokoak! Neuk ere ikusi nuen, nahiz eta futbolzalea ez izan. 

Artikulu osoa irakurri nahi baduzu, erabili.com-era jo dezakezu.

Nork egin du gauza bera Euskal Herrian? Nork egingo luke?

Futbolarekin eta hizkuntzekin lotutako beste albiste batzuk:

- Baten batek egingo luke Raül Agnék egindako gauza bera Euskal Herrian?

- Ramos, Piqué, katalana, gaztelania eta "andaluziera" (Youtubeko bideoa)

- Bartzelona Futbol Taldeari, eskerrik asko

- Reala eta "Euskararekin bat": hausnarketarako kontu batzuk

Read more...

2012/06/05

Zain dezagun euskararen birika (Maren Belastegi eta Zigor Etxaburua)


Maren Belastegi UEMAko lehendakariak eta Zigor Etxaburua Gipuzkoako Foru Aldundiko euskara zuzendariak artikulu bat argitaratu dute Berrian, euskararen birikak zaindu beharrari buruz. Izenburuak nahiko argi uzten du artikuluaren mamia: "Zain dezagun euskararen birika".

Hona hemen artikuluaren pasarte esanguratsu bat:

Mendekotasun egoeran dauden euskararen moduko hizkuntzek ere, gure planetak bezala, arnasguneak behar dituzte, beren funtzio guztiak mugarik gabe betetzeko lekuak. Lana, familia bizimodua, lagunartekoa, administrazioarekiko harremana… hizkuntza horretan garatzeko aukera ematen duten lekuak. Oxigenatze tokiak dira, gutxitutako hizkuntzak inposizio eta mendekotasunik gabe, askatasunez garatzea ahalbidetzen dutelako. 

Artikulu osoa irakurri nahi baduzu, Berriaren web gunera jo dezakezu.

Horren gain, UEMA Egunera joateko deia ere egin dute. UEMA Eguna Goizuetan izango da, ekainaren 9an.

 

Read more...

2012/06/04

Eskola Txikien Festa ospatu zen atzo Larraulen


Atzo egun polita izan zen eskualdean: Larraulen Eskola Txikien Festa ospatu genuen, eta mundu globalizatu honetan txikiak ere tokian duela aldarrikatu genuen.

Atzoko festari buruzko eduki batzuk dituzue jarraian (egin klik gainean): ETBk eman zuen bideoa, Garan argitaratutakoa edo DVn argitaratutakoa... Beste asko ere egongo dira, baina asteleheneko aurreneko orduan ez dugu besterik aurkitu.

Datorren urtean, Olaberrian izango da hitzordua!

Read more...

2012/06/01

"Eskola bizia, herri bizia" dokumentala estreinatuko dute Tolosan

 Eskola Txikien Festa iritsi aurretik ere bada zer ikusia, eskola txikiei dagokienez. Larraulgo eskola txikiaren web gunean irakurri dugunez, gaur estreinatuko dute Tolosan "Eskola bizia, herri bizia" dokumentala, eskola txikiei buruzko dokumentala.

Dokumentala Inaki Alcaldek zuzendu du (Larraulgo Eskola Txikiko gurasoa da). Ordubete irauten du, eta Alcaldek azaldu zuenez, “Off ahotsik gabe, udal eta guraso ordezkarien testigantzek eramaten dute haria aurrera, ahots aniztasunez. Hitzak bakarrik ez, ekintzek ere erakusten dute egunerokotasuna”. Irati Aldazabalek eskerrak eman zizkion Alcalderi “dokumentalaren ametsa errealitate bihurtzeagatik”. Eskola Txikien eredua gizarteratzeko asmoz egin du Koordinakundeak dokumentala.

Trailerra, Larraulgo Eskola Txikiaren web gunean duzue.

Guk, Semaforoaren hastapenetatik egin dugun moduan, txikia aldarrikatu nahi dugu, eta eskualdeko nahiz eskualdetik kanpoko jendea animatu nahi dugu ekainaren 3an Larraulera joan dadin. Are gehiago, Alkizan gertatutakoa ikusita.

Eskola txikiekin lotutako informazio gehiago nahi baduzue, hemen dituzue esteka interesgarriak:

- Alkizako eskola berriaren asmoa atzera bota du Jaurlaritzak (Semaforoan, 2012-05-04)

- Gipuzkoako Eskola Txikien webgunea (egitaraua, egunaren aurretiko ekimenak...)

- Larraulgo eskolaren web gunea (prentsaurrekoaren bideoa, abestia...)

- "Txikitasunaz hitz handi batzuk" (Lorea Agirreren artikulua, Berrian, 2011-06-17)

- "Herri euskaldunak eta eskola txikiak" (Paula Kasaresen artikulua, Erabili.com-en, 2011-09-01)

Read more...

  ©Template by Dicas Blogger.