2010/12/30

"Lehen hitzetik zerbitzua euskaraz" jarri dute abian Tolosako dendetan




Abenduaren 20tik aurrera "Lehen hitzetik zerbitzua euskaraz" kartelak ikusiko zenituzten Tolosako denda askotan. Kartelak kanpaina baten isla dira, eta kanpainaren helburua da dendariak eta bezeroak gonbidatzea salerosketan Tolosan berezko den hizkuntza, euskara, erabiltzera. Egitasmoan eragile hauek ari dira elkarlanean: Galtzaundi, Kontseilua, Tolosako Udaleko Euskara zerbitzua, Tolosa&Co eta hiru ikastetxe (Orixe, Laskorain eta Hirukide).

Segi irakurtzen


Ekimenak hiru atal izan ditu: jakintzaren behaketa, erabileraren behaketa eta hizkuntza paisaiaren behaketa.

Jakintzaren behaketa Tolosa&Co elkartearen ardura izan da. Dendetan inkesta bat banatu dute, jendaurreko langileen hizkuntza maila ezagutzeko. Horrez gain, Tolosan euskara ikasteko dauden aukeren gaineko informazioa banatu dute.

Erabileraren behaketan, hiru ikastetxeetako 27 ikasle aritu dira. 75 dendatan, 200 elkarrizketa egin dituzte, bezeroen eta langileen arteko hizkuntz jarrerak behatzen. Hona hemen datuak: elkarrizketen %47 euskaraz egin dira, %24 gaztelaniaz eta %29 ele biz. Elebitako horietatik %50ean agurra baino ez da izan euskaraz; hau da, beste guztia gaztelaniaz izan da.

Hizkuntza paisaiaren arduradunak Galtzaundi eta Kontseilua izan dira.

Eragileek prentsaurrekoan ekimena baloratu dute.

Kontseiluko ordezkariak eskerrak eman dizkie parte hartzaile guztiei, horrelako lanketak aberasgarriak direlako eta euskararen egoera barneratzeko aukera dutelako.

Galtzaundiko ordezkariak aurreratu du datu onak espero dituztela eta azterketa burututakoan merkatari elkartera eta udaleko euskara zerbitzura igorriko dutela azterketa osoa.

Tolosako Udaleko ordezkariak dendarien eragina nabarmendu dute eta iragarri dute eragileekin elkarlanean jarraituko duela gisa horretako kanpainak bultzatzen.

Tolosa&Co-ko ordezkariak adierazi du Tolosan euskaraz erosteko aukera dagoela, euskararen aldeko apustua egiten dutela eta horretan ahaleginduko direla aurrerantzean ere.

Ekimenari buruz gehiago jakin nahi baduzu: jo Galtzaundiren webgunera edo Tolosaldeko Hitzara.


Read more...

2010/12/23

Bartzelona Futbol Taldeari, eskerrik asko


Ez, hizki hauen helburua ez da Bartzelonak ematen omen duen ikuskizunagatik eskerrak ematea. Hara zer jakin dugun: Bartzelona-Reala partidaren aurretik, Bartzelonak euskara hutsezko idatzia eman zien Euskal Herritik joandako hedabideei.

Moltes grácies, Barcelona!

Badute zer ikasia beste batzuek!

Read more...

AEKren partetik Zorionak!


Aitor Calvillok, AEKren izenean, goialdeko postaltxoa bidali digu, mezu honekin:

Zorionak eta urte berri on, euskalakari!

Semaforoaren partetik urte berri on zuei ere, eta Korrika on!

Read more...

Txorizonak eta Urte Zerri On!


Jaso ditugun postaltxo guztien artetik originaleenetakoa hauxe da. Mirenek bidali digu, eta "Txorizonak" eta "Urde Zerri On!" opa digu.

Umore faltarik ez dezagula izan 2011n ere!

Read more...

UEMAren partetik, urte berri on!


Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak urte berri on opa digu, goialdeko postal horren bidez.

Semaforoaren partetik ere urte berri on!


Read more...

Zigor Agirrezabalaren partetik, Gabon pasa!




Zigor Agirrezabalak zorion goialdeko postala bidali digu testu honekin:

"Hurrengo urtean,
eta denon artean,
ea horma guztiak
apurtzen ditugun.

Gabon pasa!"

Semaforoaren partetik, gabon pasa Zigor eta gainerakoei! Lan handia izango dugu hormak apurtzen.


Read more...

Erein argitaletxeak urte berri ona opa digu




Erein argitaletxeak urte berri ona izan dezagula opa digu, eta, horretarako, goialdeko postaltxoa bidali digu, Xabier Leteren testu zoragarri batekin.

Semaforoaren partetik ere urte berri on Ereinekoei eta beste guztiei!

Read more...

Banaizgaratik urte berri ona opa digute



Petra Elsenek, Banaizbagara elkartearen izenean, urte berri ona opa digu mezu honen bidez:
"Proiektu honek pausuak eman ditza eskaini dizkiguzuen denbora, aholku, arreta, elkarlan eta laguntza txikia eta handiagatik: ESKERRIK ASKO 2011 urte zoriontsu eta emankorra izan dezauzen opa dizuegu".

Urte berri on Banaizbagara elkarteari Semaforoaren partetik!

Read more...

2010/12/21

Haurrak euskaraz erregistratzeko aukera: etengabe atzeratzen duten kontua



Hilabeteak aurrera doaz, eta eskualdeko 27 herritan haurrak euskaraz erregistratu ezinik jarraitzen dugu, behin eta berriro salatu dugunez. Eskualdetik kanpora, egoera berdintsua da: Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko 230etik gora bake epaitegitan ezin da haurra euskaraz erregistratu.

Segi irakurtzen



Horren aurrean, bada mugimendua: batetik, hainbat gurasok eskaera egin dute haurra euskaraz erregistratu ahal izateko neurriak har ditzaten, eta, bestetik, UEMAko udalak mozioa onartzen hasi dira, bake epaitegietan euskararen aldeko neurriak har ditzaten. Semaforoan eman dugu horren berri.



Arazoa aspalditik dago konpondu gabe, nahiz eta batzuk arazoa konponduta zegoela adierazi. Hona hemen Patxi Lopez lehendakariak 2010eko irailaren 23an Eusko Legebiltzarrean esandakoa (gaztelaniaz esan zuen, euskararekin lotutako gaia izanda ere): "Por otra parte, lo que hasta la fecha ha sido una fuente de quejas constantes se ha resuelto: desde ahora en todos los juzgados se podrán hacer en euskera las inscripciones de nacimiento, defunción y matrimonio". Diskurtso osoa ikusi nahi baduzue, egin klik hemen (pasartea 11. orrrialdean duzue).

Patxi Lopezek hori esan eta hurrengo egunetan prentsaren bidez jakin genuen arazoa ez zegoela konponduta, baina urte bukaerarako konponduta egongo zela: sei tokitan esperientzia pilotu batzuk abian jartzekoak ziren, aplikazio informatiko bat ezartzeko, eta aurreratu zuten urte bukaerarako posible izango zela aplikazio informatiko horren bidez haurrak euskaraz erregistratzea, baita beste tramite batzuk egitea ere. Albistea hedabide askotan argitaratu zen; besteak beste, Berrian, Noticias de Gipuzkoan, Irekian...

Gerora, beste albiste baten bidez, Jaurlaritzak beste atzerapen bat iragarri zuen: aplikazio informatikoa ezartzeko lanak urteko azken hiruhilekoan hasiko dira, eta 2011ko lehenengo hiruhilekoan bukatzea espero da. Albistea irakurtzeko, egin klik hemen.

Gauzak horela, ez da harritzekoa guraso askok hartutako bidea: Jaurlaritzak konponbidea eman zain geratu gabe, ahaleginak egin dituzte seme-alaba jaioberriak euskaraz erregistratzeko. Hori egin dute Usurbilen, Adunan, Zizurkilen, Andoainen, Zarautzen...

Beraz, zer komeni da egitea?

Horregatik, aita edo ama izatekotan bazara eta semea/alaba euskaraz erregistratu nahi baduzu, haurra jaio aurretik eskaera egitea komeni zaizu. Horretarako, eskaera eredua UEMAk emango dizu. Jarri beraiekin harremanetan, telefono honetan: 943260372.

OHARRA: Patxi Lopezen argazkia Zuzeutik hartu dugu.

Read more...

Haurrak euskaraz erregistratzeko mugak: gurasoak eta UEMA ez daude geldirik


Hilabeteak aurrera doaz, eta eskualdeko 27 herritan haurrak euskaraz erregistratu ezinik jarraitzen dugu, Semaforoan behin eta berriro salatu dugunez. Gauza bera gertatzen da Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko 230etik gora herritan. Horren aurrean, UEMAko udalak eta gurasoak ez daude geldirik.


Segi irakurtzen


Zer egin dute udalek?

Eskualdeko udalei dagokienez, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak bultzatuta, mankomunitateko 13 udalek mozioak onartu dituzte bake epaitegietako hizkuntz egoera salatzeko: Amezketak, Adunak, Ikaztegietak, Alegiak, Belauntzak, Elduainek, Orexak, Baliarrainek, Anoetak, Gazteluk, Leaburu-Txaramak, Altzok eta Irurak.

Eskualdetik at, Usurbilek, Oiartzunek, Aulestik eta Atxondok ere onartu dute mozioa, baita UEMAk berak ere.

Mozioari buruz gehiago jakin nahi baduzu, egin klik hemen.

Zer egin dute gurasoek?

Gurasoei dagokienez, hainbatek ahaleginak egin dituzte jaioberriak euskaraz erregistratu ahal izateko:

- Andoainen, haurra euskaraz erregistratzeko eskaera egin zuten bi gurasok, eta Semaforoan gertutik jarraitu genion kasuari.
- Adunan, bi gurasok egin dute eskaera
- Zizurkil, batek egin du eskaera eta erantzunaren zain dago.

Horrez gain, eskualdetik kanpo ere izan dira ahaleginak:


- Usurbilen hiru amak prentsaren aurrean salatu zuten euren herriko egoera
- Zarautzen ere gauza bera egin zuten guraso batzuek (ikus Erlo Telebistako bideoa).

Eta ez dira bakarrak. Euskal Herriko bazter askotan sortu dira antzeko ekimenak (Zestoan, Igorren...).

Beraz, zer komeni da egitea?

Horregatik, aita edo ama izatekotan bazara eta semea/alaba euskaraz erregistratu nahi baduzu, haurra jaio aurretik eskaera egitea komeni zaizu. Horretarako, eskaera eredua UEMAk emango dizu. Jarri beraiekin harremanetan, telefono honetan: 943260372.

Read more...

2010/12/19

Eskualdeko 13 udalek hitzarmena sinatu dute Kutxarekin eta Euskadiko Kutxarekin




Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak sustatuta, eskualdeko 13 udalek hitzarmena sinatu dute Euskadiko Kutxarekin eta Gipuzkoako Kutxarekin. Hitzarmenaren bidez, bi finantza erakundeek konpromisoa hartu dute UEMAko udalerrietan eskaintzen dituzten komunikazio guztiak euskaraz egiteko. Hitzarmenean, konpromiso zehatzak daude, eta bost urteren buruan osorik betetzea aurreikusten da. Hitzarmen ekitaldia Deban egin dute, eta, guztira, 40 udalek sinatu dute hitzarmena.

Segi irakurtzen



Bi kutxek hartutako konpromiso nagusiak honako hauek dira: langile finko zein aldi baterakoak euskaldunak izatea eta behar bezala prestatuta egotea komunikazioak euskaraz ondo eskaintzeko; bezeroei lehen hitza euskaraz egitea; produktuak kontratatzen direnean eskaintza euskaraz egitea; txartelak euskaraz sortzea kontrakoa esan ezean; euskara erabiltzeko sustapena era desberdinez egitea, publizitate, kartel eta esku orriak euskaraz egotea eta lehentasuna izatea; libreta eta kontuetako idazpenak euskaraz egotea; etab.

Bost urtetako iraupena duen hitzarmen honen jarraipena egiteko, urtero helburu zehatzak ezarriko dira eta bilakaera nola doan ikusteko, hizkuntza neurketa zehatza egingo da udal hauetan.

Argazkian, honako hauek daude: Marta Medinabeitia Gipuzkoako Kutxako Mendebaldeko zuzendari komertziala, Juan Mari Osteriz Euskadiko Kutxako Gipuzkoa-Kostaldeko Lurraldeko zuzendaria, Jon Bollar UEMAko lehendakaria eta Helena Larrañaga Ikaztegietako Udaleko ordezkaria.

Hauek dira hitzarmena sinatu duten eskualdeko udalak: Aduna, Alegia, Altzo, Amezketa, Anoeta, Baliarrain, Belauntza, Elduain, Gaztelu, Ikaztegieta, Irura, Leaburu-Txarama eta Orexa.

Read more...

2010/12/15

Nabigatzailea euskaraz jartzea uste baino errazagoa eta onuragarriagoa da


Ordenagailuko nabigatzailea euskaraz jartzea erraz-erraza da, eta aukera emango dizu web orrietako informazioa euskaraz bistaratzeko.

Guk ere jarri dugu gure ordenagailuan. Pentsa zer erraza den gu bezalako baldarrontziek egin ahal izan badugu.

Nabigatzailea nola euskaratu jakiteko, egin klik hemen.

Read more...

2010/12/14

Zer egin jakiteko, "Zer egin...?" argitaratu du EMUNek


Euskaraz aritu nahi izatea eta ezin izatea eguneroko ogia da gutako askorentzat. Askotan, asaldatu eta haserretu egiten gara, eta horrek ez ditu gauzak konponbidean jartzen. Zer egin halako kasuetan?

Galdera horri erantzuteko, EMUNek liburuxka bat argitaratu du. Liburuxka Kataluniako Plataforma per la Llengua erakundeak egindakoaren egokitzapena da, eta sarean aurki dezakezue.

Liburua deskargatzeko, egin klik hemen.

Read more...

Eskerrak Zuri Ohorezko Aipamena Mattin Amundarainentzat izan da


Galtzaundiren 2010eko Eskerrak Zuri Oherezko Aipamenak Mattin Amundarain Tolosa abizenak ditu. Amezketakoa da jaiotzez. Lan kontuak medio, Arrasaten urte asko egin ditu. Egun, berriz, Tolosan bizi da. Euskararen zabalkundeari ordu asko eskaini dizkio: euskara irakasten, Arrasate Euskaldun Dezagun sortzen, Arrasateko ikastola bultzatzen... aritu izan da eta, egun ere, 79 urterekin, Tolosako Mintzalagun egitasmoko hiztunetako bat da. Galtzaundiko bazkidea ere bada.

Galtzaundiren 334. alean elkarrizketa egin diote. Irakurri nahi baduzu, egin klik hemen (aldizkari osoaren PDFa da).

Read more...

Gutxienez beste 10 urtetarako indarrak hartu ditu Txolarrek (Txolarre Irratia)


Txolarre irratiko kideok indarberrituta idazten ditugu lerro hauek, abenduaren 11n bizi izan genuenak emandako indarrarekin. Txolarre Eguna ahaztezina izango da guretzat. Eguerdiko 12:30etan, puntu puntuan hasi zen eguneko lehen ekitaldia. Loatzo musika eskolako kideen emanaldiak berotu zuen herria egunsenti hotzari aurre eginez.

Segi irakurtzen


Txolarretik plazaraino joan, bertan geldialdia egin eta hainbat pieza eder eskaini zizkiguten. Ordurako hasi zen jendea plazara inguratzen, bazkariaren atariko. Txolarre Egunean, kuku elkartean egin genuen kabia bertso bazkarirako. 60 bat lagun elkartu ginen elkartean bazkari goxoa dastatzera: Menestra, Oilaskoa patatekin eta txokolate tarta. Kafeen ostean eguneko momentu hunkigarrienetako bat izan genuen, Jon Miranda urteotako esatariari omenaldi xumea eskainio baikenion bertaratutakoek.

Ondoren barre algaraz bete zen Kuku, Amaia Agirre eta Aitzol Barandiaranek eskainitako bertsoaldiekin. Txolarre irratian izango da datozen egunetan bertsoaldi horiez gozatzeko aukera. Izan zen tartean ariketa berezirik ere, jendeak idatzitako hitzekin bertsoak osatu zituzten bertsolariek, besteak beste.

Eguzkia ezkutatua zen Kukutik irten eta anoetar gazteen trikitia lagun, herrian barnako trikipoteoari ekin genionerako. Dantzarako tarterik ere izan zen tabernaz tabernako ibilian. Dozenaka pertsona izan ziren triki poteoan parte hartu zutenak, bazkarikoak eta gerora bertaratutakoak.

Gaztetxean izan genuen eguneko azken geldialdia. Aretoa erabat beterik zela, gogoan iltzatuta gelditzeko moduko kontzertua eskaini ziguten Berri Txarrak taldekoek. Payola disko berriko kantuak nagusi, baina aurreko zenbait perla ere eskaini zituen Lekunberriko taldeak. Musika ona, eta giro bikaina izan zen, goizaldera arte luzatu zena.

Txolarre irratiak, eskerrak eman nahi dizkie bertaratu ziren guztiei, Txolarre Eguna ospatzera etorri ziren eskualdeko herritar guztiei, eurak baitira Txolarreren oinarri. Eta nola ez, eskerrak bereziki, Loatzo Musika Eskola, Kuku elkartea, Anoetako udala eta Anoetako gaztetxeari. Euren ekarpena funtsezkoa izan da Txolarre Egun borobila antolatzeko. 10 urteak ospatuta, aurrera begira jartzeko unea da orain, eta horretarako akuilu bikaina izango da larunbatean jasotako indar energia.

Urtarrilean izango dugu hurrengo zita handia, Tolosan egingo den bertso saioan. Eta bien bitartean eguneroko enkontrua fm-aren 107.5ean eta www.txolarre.org atarian. Bertan sartu eta ezkerreko estekan klikatuta entzun ahal izango dituzue TXOLARRE EGUNEKO audio eta argazkiak. Facebooken eta Twitterren ere topatuko gaituzue.

Gora Tolosaldea!! Eskerrik asko!!!


Read more...

2010/12/04

Koldo Izagirrek euskararen erailketa programatuta dagoela salatu du




Durangoko Azokaren zirimolan gaudela, oihartzun handia izan du Koldo Izagirreren "Autopsiaren frogak" liburuaren aurkezpenak. Izenburuak besterik iradoki dezakeen arren, euskararen egoerari buruzko saiakera da, eta, bertan, idazleak hitz gordinak erabili ditu. Hona hemen Izagirrek esandako batzuk:


Ikusi esandakoak eta beste


- "Euskararen erailketa programatuta dago, kanpotik bezala barrenetik".
- "Dakigun bakarra da euskaldunok inozotzat hartzen gaituztela eta, maluruski, arrazoia eduki dezakete".
- "Hizkuntza bat bestearen zerbitzuan jartzeko tresneria dugu elebitasun ofiziala, urteetan nazionalistek zuzenduriko hizkuntza politikak sortua".

Horiez gain, Izagirrek "autodeterminazio linguistikoa" aldarrikatzen du. Bere hitzetan, "euskararen ez-subordinazioa" litzateke, euskara ez egotea subordinatua beste helburu batzuetara".

Liburuari buruz, hara zer dioen Gorka Arrese editoreak:

- "Liburua ondo zorroztutako labana da".
- "Gure eguneroko bizitzan euskararen klixetzat pasarazten dizkiguten kontzeptu asko atzekoz bestera, edo aldrebes jartzen dituelako, eta argudio izugarri onak ematen dituelako".

Zuzeuk aurkezpenean esandakoei buruzko informazio osatuagoa eskaini du. Egin klik hemen.

Read more...

Postontzietan gaztelania nagusi, bai Tolosaldean, bai beste bazter askotan




Etxeko postontzietan jasotzen dugun publizitatearen eta hizkuntza eskubideen gaineko txostena aurkeztu du Behatokiak. Euskal Herriko toki jakin batzuetan jasotako datuetatik ondorio hauek nabarmendu ditu Behatokiak:

Segi irakurtzen


- Etxeetara bideratzen duten propaganda gehiena (%78) erdara hutsez dago.
- Badago ondorioztatzea badagoela nola-halako zonifikazio bat eta euskararen erabilerak harremana duela toki bakoitzean euskarak duen estatusarekin.
- Legean ez dago oinarririk enpresa bati iragarkietan euskara erabil dezan derrigortzeko.

Azken batean, ondorio horiek bat egiten dute duela hilabete batzuk Galtzaundi euskara taldeak eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Tolosaldean egindako azterketarekin.

Kontseiluaren webgunean informazio gehiago dago. Egin klik hemen.

Read more...

Euskaldun bat, kitxua bat eta joruba bat (Lorea Agirre)





Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, gauza asko idatzi dira, interesgarriak batzuk eta txepelkeriak beste batzuk. Hausnarketa interesgarrienetako bat Lorea Agirrek egin du, Berrian, "Euskaldun bat, kitxua bat eta joruba bat" izeneko artikuluan.

Hona hemen artikuluko "harribitxi" batzuk:

Segi irakurtzen

- "Euskaraz aurrera edo atzera egitea jendearen esku dago, zu bezala oinez doazen horiek dira erantzule".
- "Ikasgelan euskaraz egin behar da, udaletxeko plenoan ez. Ume parkean euskaraz egin daiteke, justizia epaitegian ez. Herri Urratsen komeni da euskaraz hitz egitea, bulegoan hobe ez. Hizkuntzaren zonifikazioa ez baita Nafarroara mugatzen, Koldo Izagirre idazleak berriki ohartarazi digunez".
- "Bilbon gaztelera jakin gabe bizi diren afrikarrak ba omen dira. Beraz, ez da beharrezkoa gaztelera jakitea Euskal Herriko guneren batean. Baina gune hori ez da euskalduna. Hala ere, euskararentzako problema ez da bizilagun afrikar hori bere hizkuntza eta guzti. Arazoa litzateke yorubadun elebakar auzo hori erietxeko mediku balitz, edo epaile, edo polizia. Orduan hobe genuke yoruba ikasi".
- "Marcela Lagarde antropologoak emakumeez esana, gaur euskarara ekar liteke: oraindik ere ze gutxiagotasun mailan geratuko garen ari gara negoziatzen".

Artikulu osoa irakurtzea merezi du, gure ustetan. Irakurtzeko, egin klik hemen.

Read more...

2010/12/02

Euskararen Nazioarteko Eguna: Tolosaldeko Euskararen Semaforoak Euskal Herriari


Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, Tolosaldeko Euskararen Semaforoak honako hau jakinarazi nahi dio Euskal Herriari, euskaldunon herriari:




1.- Semaforoak ez du parte hartuko abenduaren 3an euskararen “aldeko” inolako ekimen hutsal, folkloriko eta alferrikakotan.



2.- Semaforoak salatu nahi du abenduaren 3ko ekimen askoren benetako helburua eragile jakin batzuek euskararen alde egiten duten lan eskasa zuritzea besterik ez dela.



3.- Euskararen Nazioarteko Egunean, Tolosaldeko Euskararen Semaforoak jai hartu du, eta ez du mezurik zabalduko edota erantzungo.



4.- Bihartik aurrera, euskararen eta euskaldunen aldeko lanean jarraituko dugu, pozez eta harro, gure estiloan. Izan ere, beste askok ez bezala, ez dugu asmorik 364 egunez euskararekin lotutako gaiak baztertuta edukitzeko.



5.- Eguna libre dugunez, orgia bat antolatu dugu semaforokide batzuen artean. Nola ez, euskaraz.



Tolosaldeko Euskararen Semaforoa
Tolosaldean, 2010eko abenduaren 3an

Read more...

  ©Template by Dicas Blogger.