2011/11/28

Gabon mezuak euskaraz zabaltzeko lehiaketa antolatu dute


Bizkaia Irratitik mezua bidali digute, gabon mezuakj zabaltzeko lehiaketa antolatu dutelako. Honako hau da mezua:

Mezua irakurri


Gabonetan elkarri zorionak eman edota urteberri on bat opatuz bidaltzen diren mezuak, euskaraz sortu eta zabaltzeko helburua dauka "Txioka Sarean" lehiaketak. Euskararen erabilera sustatzez, euskaraz zoriontzeko eskaintzea ere badu xedetzat lehiaketak.

Abenduan egingo da lehiaketa. Abenduaren 1etik 18ra bitartean bidalitako mezu proposamenak sartuko dira lehiaketan. Eta horretarako sare sozialak erabiliko dira:

1 . Twitterra #gabonagurra etiketa mezuan ipinita.
2. Facebook-en “Gabonetan euskaraz zoriondu da” izenburua duen taldearekin bat eginez.

Mezuak euskarazkoak izan behar dira. Eta ez dute sexu, arraza edo bestelako bazterketa edukirik izango.
Formatuari dagokionez, mezuak idatzizkoak bakarrik izan daitezke, edota bestelako euskarri zein formatutan jasotakoa: gabon-postala, argazki muntaia, ikus-entzunezkoa…

Hiru sari emango dira:
- Mezu edo esamolde originalenari
- Euskarri originalenari
- Bizkaierazko mezurik onenari

Sari-banaketa abenduaren 21ean, Santo Tomas egunean izango da, Euskaltzaindiaren egoitzan egingo dugun ekitaldi berezian, goizeko 12:30ean.

Sariak gabon jaiekin lotuz, gabonetako otzara bat, bi lagunentzat Areatzako SPAn egotaldia eta Lekeitioko Eguren electrodomesticos-ek emanda Samsung Galaxy tableta.


Read more...

Nola babestu herri txiki euskaldunak, euskaldun izaten jarrai dezaten?


Igeldoko igela babestuta dago, Oria ibaia babestuta dago, Gipuzkoako kostaldea babestuta dago, Pagoeta babestuta dago… Horien aurka ezin da ezer egin, eta, gizartean gaizki ikusita egoteaz gain, legezko babesa ere badute. Eta herri txiki euskaldunak? “Habitat” euskalduna babestuta dago? Badago biderik babes hori lortzeko? Nondik etor daiteke babesa? Nork emango dio?

Artikulu honetan, Imanol Haro Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko hizkuntz normalizatzaileak galdera horiek erantzuten hasteko bideari ekin dio, eta herri euskaldunek izan duten babesari eta etorkizunean izan beharreko babesari buruz dihardu.

Artikulua bi modutan irakur dezakezu:


- Bestetik, artikulua Semaforora ekarri dugu, eta beheraxeago daukazu atalez atal irakurtzeko aukera.

- Batetik, Galtzaundi aldizkariaren 353. alean ere argitaratu da. Aldizkariaren PDFa jaisteko, sartu Galtzaundiren webgunean eta jaitsi 353. alearen PDFa.

Artikuluaren atalak ez dira zertan jarraian irakurri, baina komeni da hemen ageri diren hurrenkera irakurtzea. Irakurri nahi duzun atala aukeratu, bertan sakatu eta irakurtzekoa bistaratuko zaizu.

Sarrera

Artikuluan herri txiki euskaldunez arituko naizenez, lehenengo kontua herri txiki euskaldunak zer diren definitzea izango da. Orriotako hausnarketetan, 2.000 biztanletik behera eta euskaldunak biztanleen %75etik gorakoak dituzten herriak izan ditut buruan; esate baterako, honako hauek eta hauen antzekoak:

Baliarrain: 110 biztanle inguru; euskaldunak %92.
Elduain: 250 biztanle inguru; euskaldunak %90.
Amezketa: 1.000 biztanle inguru, euskaldunak %90.
Alegia: 1.600 biztanle inguru, euskaldunak %80.
Anoeta: 2.000 biztanle eskas, euskaldunak %75.

Horrez gain, gehienbat UEMAn eta Tolosaldean dauden udalerriak izan ditut kontuan, herri horietako errealitatea hobeto ezagutzen dudalakoan. Orokortzeak duen arriskuaz oharturik, zertzelada handitan arituko naiz, jakinda salbuespenak asko direla, eta ñabardurak, zer esanik ez.

Zer-nolako herriak dira?


Herriak nolakoak diren azaltzean, bi faktore nagusi etorri zaizkit burura: batetik, herriak isolatuta egon dira, eta, bestetik, euskararen “arnasguneak” izan dira.

Isolatuta egon dira

Herriak euskaldun mantentzeko faktore nagusiak isolamendu geografikoa eta isolamendu sozio-ekonomikoa izan dira, eta ez herritarron kontzientzia linguistikoa.

Batetik, isolamendu geografikoa dago: herriak ez dira inguruko herriekin ondo komunikatuta egon.

Bestetik, isolamendu sozio-ekonomikoa dago: ez dute industrializazio prozesu handirik izan. Hau da, industrializazio zirkuituetatik at egon dira, eta herrira ez dira enpresa handiak etorri euren lantegiak jartzera.

Bi faktore horiek eman diote babesa euskarari, beste edozein faktoreren gainetik. Alegia, bi faktore horiek eragin dute herriko euskaldunak beste hizkuntzetako hiztunetatik aparte geratu izana, eta, horren ondorioz, euskara “osasuntsu” mantentzea.

Nolanahi ere, ezin da bazterrean utzi beste faktore bat: herriaren autoerregulazioa. Izan ere, herri askotan hazkunde neurtuaren eta jasangarriaren aldeko apustua egin dute, eta globalizazioak eta desarrollismoak zeharka baino ez dute eragin herriko bizitzan.

Isolamenduaren eta autoerregulazioaren adibiderik argiena Orexa da. Zergatik da, bestela, Orexa eskualdeko herririk euskaldunena?

Euskararen arnasguneak dira

Herri txiki euskaldunek bere osotasunean betetzen dute Iñaki Marko Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak euskararen “armasguneei” buruz emandako definizioa: “Euskararen arnasguneak da espazio bat non hiztunen kontzentrazio demografiko handia dagoen eta hizkuntzaren transmisio naturala indarrean dagoen”.

Hau da, herri horiek “Euskaldunen fabrikak” dira: euskaldunak fabrikatzen dituzten habitatak/lurguneak/tokiak dira. Horren ondorioz, habitat/lurgune/toki horietan euskara ikasten da Cacereseko herri batean gaztelania ikasten den bezala (etxean, kalean, lagun artean, eskolan…).

Nolako euskaldunak ditugu? Tokatu egin zaie euskaldunak izatea edo aukeratu egin dute?

Herriotan, sinplifikatuz eta onartuta sinplifikatzeak arrisku handia dakarrela, bi motatako herritarrak ditugu, euskararekiko atxikimenduari dagokionez:

- Euskaldun izatea “tokatu” zaiona: Ingurune euskaldunean jaio eta bizi denez, euskara modu naturalean barneratu eta euskaraz bizi den euskalduna. Alemanian alemana alemanez bizi den bezalaxe bizi da, edo, haren antzeko egoeran; hots, normalizatuta edo ia normalizatuta euskararen ikuspuntutik. Hiztun horiek ez dute kontzientzia linguistiko (handi)rik, eta euren euskalduntasuna beste hiztun/hizkuntza batzuetatik aparte bizi izanaren ondorioa da. Halakoek ez dute (ia) inoiz parte hartu euskalgintzaren dinamiketan: euskara taldeetan, euskara batzordeetan, euskara sustatzeko kanpainen antolaketan…

- Euskaldun izatea aukeratu duena: Euskaldun batzuek gune euskaldunak aukeratu dituzte bizitzeko; hau da, bizitzera Alegiara edo Tolosara joateko aukera zutenean, Alegia hautatu dute, “euskaldunagoa delako”. Eta ez dira bakarrik gune euskaldunetara joan direnak, baizik eta bertan geratu direnak, nahiago dutelako, besteak beste, euskaraz bizi den gune batean bizitzen jarraitu. Baita euskaldunberriak ere, edo euskaldunberrien seme-alabak, euskara ikasteko ahalegina egin dutenak, edo halakoak inguruan dituztenak. Hor badago kontzientzia linguistikoa, badago euskaraz bizitzeko nahi bat, eta horrek garrantzia du bizitzako hautuetan. Halakoak izaten dira euskalgintzan aritzen direnetako gehienak.

Sailkapen sinplifikatu horrez gain, beste hausnarketa interesgarri batzuk ere ekarri nahi ditut hona.

Hiztun naturalak dira?

Bai. Oro har, hizkuntza modu naturalean barneratu dute, Cacereseko herri txikietan gaztelania barneratu duten bezala. Joera izan dezakegu pentsatzeko naturalagoak direla euskaldun izatea “tokatu” zaienak euskaldun izatea aukeratu dutenak baino.

Ez-interbentzionistak dira?

Ez dute uste hizkuntz politikan esku hartu behar denik. Ez dituzte ikusten euskaldunok etorkizunean ere euskaldun izaten jarraitzeko izan ditzakegun arriskuak, eta ez dute uste halako faktoreetan esku hartu behar denik. Joera izan dezakegu pentsatzeko interbentzionistagoak direla euskaldun izatea aukeratu dutenak euskaldun izatea “tokatu” zaienak baino.

Zer-nolako kontzientzia linguistikoa dute?

Kontzientzia linguistikoa neurtzeko neurgailuren faltan, honako hau botatzen ausartuko naiz: herritarrek, oro har, ez dute herriko euskararen egoerak atzera ez egiteko adinako kontzientziazio linguistikorik. Beste hitz batzuetan esanda, herriko euskara suntsitzen duten faktoreak indartsuagoak dira kontzientziazioak eragin ditzakeenak baino.

Aldatzen ari dira arrotzekiko hizkuntza ohiturak?

Azken urteetan ezezagunaren aurreko hizkuntz ohiturak aldatzen ari direlako susmoa dut. Lehen, edonori euskaraz egiten zioten (Zein haiz? Nongoa haiz?); orain, berriz, indartzen ari da ezezagunari, arrotzari edo herrikoa izateko itxura ez duenari zuzenean gaztelaniaz egiteko joera (¿De dónde eres?). Ondorioztatu dezakegu euskarak integrazio indarra galdu duela euskaldunon kontzientzietan.

Hiru kasu: Aduna, Baliarrain eta Alegia

Isolamenduarekin eta kontzientziazioarekin amaitzeko, bi ideia nabarmendu nahi ditut.

Lehen, babesa isolamenduak ematen zuen; orain, ordea, globalizazioak dakarren guztiaren aurrean gero eta zailagoa da isolatuta bizitzea (bai geografikoki, bai sozio-ekonomikoki), eta babesa beste iturri batetik lortu beharko genuke. Zergatik ez dio legeak berak ematen babes hori?

Lehen, babesa handia zen garaian, kontzientziazio lausoa nahikoa zen. Orain, ematen du ez dela nahikoa eta kontzientziazioa indartu behar dela. Eta ez genuke ulertu behar kontzientziazioa noranzko batean bakarrik: kanpokoak ez ezik bertakoak ere kontzientziatu beharko genituzke.

Babesak eta kontzientziazioak zer-nolako eragina izan dezaketen ikusteko, adibide batzuk ekarriko ditugu hona.

***************************************************************************

Adunara bizitzera 30 lagun etortzen badira, Donostiara 12.600 lagun joatea bezala da. Eta erdaldunak badira?

Babesa

Ikuspuntu soziolinguistiko batetik, badaukagu egoera hori saihestea edota baldintzatzea? Etxebizitzak edo bestelako obrak egiteko, beharrezkoa da eragin ekologikoaren gaineko txostena egitea. Txosten horretan aurreikusten da obra hori egiteak zer-nolako eragina izango duen ingurunean, eta, kalteak eragiten baditu, neurri zuzentzaileak hartu behar izaten dira.

Zergatik ez behartu obra egiten duena eragin soziolinguistikoaren gaineko txostena ere egitera? Txostena egitea derrigorrezkoa balitz, aukera izango genuke obrak herriko euskaldunengan eta “habitat” euskaldunean izango lituzkeen ondorioak aurreikusteko, baita neurri zuzentzaileak ezartzeko aukera ere.

Kontzientziazioa

Kanpotarrei begira, adunarrek eta Adunako Udalak badaukate herrira etorri berri direnak euskararen beharraz kontzientziatzea? Badaukate jende hori euskalduntzea? Ze baliabiderekin? Ze epetan? Nork hartuko du euskalduntzearen gastua bere gain?

Bertakoei begira, gorago azaldutako mentalitate aldaketa saihestu beharko litzateke (ezezagunari erdaraz aritzera eramaten gaituena). Kontuan hartzen al ditugu euskaraz jarduteko ditugun aukerak edo berehala lerratzen gara gaztelaniara?

***************************************************************************

Baliarrainen, urtegia eraikitzearen ondoriozko desjabetzeak direla-eta, 6 lagun behartzen badituzte herria uztera, Donostiatik 9.000 lagunek alde egin behar izatea bezala da. Eta euskaldunak badira?

Babesa

Ikuspuntu soziolinguistiko batetik, badaukagu egoera hori saihestea edota baldintzatzea? Artikuluaren sarreran esan dugunez, Igeldoko igela babestuta dago, Pagoeta babestuta dago, Oria ibaia babestuta dago... Udalerri euskaldunetako euskara/euskalduna, berriz, ez dago babestuta. Zergatik ez izendatu udalerri euskaldunak “euskararen babes eremu”? Zergatik ez ezarri baldintza zorrotzagoak azpiegitura handiak egiteko “euskararen babes eremu” horietan?

Kontzientziazioa

Halako egoeren aurrean, herritarrak kontzientziatze hutsak ez du aurrerabiderik ekarriko. Izatekotan, behetik gorako kontzientziazio eta presio lana egin beharko litzateke, azken helburua buru politikoak kontzientziatzea baita; hau da, herritar euskaldun kontzientziatuen presioaz buru politikoek barneratzea babes neurriak hartzeak premia handia duela.

***************************************************************************

Alegiako supermerkatu batera egunean 120 pertsona sartzea da Donostiako batera 11.000 sartzea bezala. Eta erdaraz bakarrik atenditzen badituzte?

Babesa

Udalerri euskaldunetako euskaldunek badute eskubiderik salerosketak euskaraz egiteko? Beste aldeak, supermerkatukoak, badauka euskararen gaineko betebeharrik edo euskara existitzen ez den tokietan bezala joka dezakete? Gaur egun, euskaldunen hizkuntz eskubideen lege babesa hutsaren hurrena da, bai udalerri euskaldunetan, bai bestelakoetan. Zergatik ez hasi gune jakin batzuetan (“euskararen babes eremuetan”) bezero euskalduna babesten duten neurriak abian jartzen, gero horko esperientziak gainerako tokietara zabaltzeko? Zergatik ez behartu supermerkatu kateak neurri jakin batzuk hartzera? Zergatik ez egokitu legea horretara?

Kontzientziazioa

Lege babesik eduki gabe ere, supermerkatu kateek borondaterik badute, hitzarmenak sina ditzakete UEMArekin edo/eta beste erakunde publiko batzuekin. Hitzarmenetan konpromisoak zehaztutakoan, konpromiso horien betetze maila neurtu eta baloratu, eta, horretarako, gauza asko eduki behar dira: giza baliabideak, segimendurako baliabideak sortzea, harreman bideak garatzea…

Hala ere, kontzientziazioak ez du zertan noranzko bakarrekoa izan. Euskaldunok hizkuntz eskubideen urraketen aurrean dugun jarrera aktibatzeko asko dago egiteko, eta artikuluan hizpide ditugun herriotan beste inon baino baldintza aproposagoak daude halako lanketak abian jartzeko: herri txikiak dira, baldintza soziolinguistiko onak daude, urraketak toki gutxi eta jakin batzuetan geratzen dira…

Udalaren funtzionamendua

Orain arte, udalerria izan da aztertu dugun habitata, baina udalerrien baitan badago habitat txikiago bat, mikrohabitata: udala. Herri hauetako udalaren funtzionamenduan ezaugarri hauek ditugu:

Lehenik eta behin, azpimarratu behar da naturala ez dela legala. Habitat euskaldunean udalak ere euskaraz egitea da naturala, baina legeak erdararen presentzia dakar. Orexako Udalaren webguneak gaztelaniaz ere egon behar du, Anoetako herriko festen programak gaztelaniaz ere egon behar du, Altzoko Udalak ateratzen duen bandoak gaztelaniaz ere egon behar du, Amezketako Udalak ateratzen duen argitalpenak gaztelaniaz ere egon behar du… Aurrera begira, ezinbestekoa izango da euskarari -euskara hutsezkoari- bidea emango dion legea garatzea.

Bigarrenik, udalek ez dute nahiko baliabiderik, hizkuntza plangintzak egiteko. Ez dute euskara zerbitzu propiorik (UEMArena, gehienez), ez dute euskara aurrekonturik, ez dute euskara zinegotzirik (euskara kontuez bakarrik arduratzen denik)…

Hirugarrenik, udal langileen euskara maila dago: euskara lan hizkuntza, zerbitzu hizkuntza eta harremanetarako hizkuntza duten udalek ez dute bermerik udaletan nahikoa euskara maila duten langileak edukitzeko. Aurrerantzean ere halakoak iristeko arriskua dago, baldin eta ez bada bestelako neurririk hartzen udalean euskaraz lan egiten dakiten langileak ari daitezen. Euskaraz nahiko maila ez duten langileekin nekez iritsiko da udal bat euskaraz funtzionatzera, eta, gaur egun, ez dago bermerik langile euskaldun prestatuak izateko.

Laugarrenik, zirkuitu administratiboa euskaraz egiteko zailtasunak daude. Orain arteko ibilbidean, ikusi dugu legeak eta udalek egindako eskaerak ez direla nahikoa izan, administrazioen arteko harremanak euskaraz izateko.

Mikrohabitat horrek ere babesa izan behar du, lau puntu horietan aurrerapenak borondatearen araberakoak izan ez daitezen.

Ondorio nagusiak

- Herriak euskaldun mantentzeko faktore nagusia babesa izan da. Aurrerantzean ere horrek izan beharko luke, nahiz eta babesa emango dion iturri nagusia legea izan, eta ez isolamendu geografikoak edo sozioekonomikoak.

- Kontzientziazioa indarberritu behar da, bai kanpoko eragileena, bai herrikoena.

- Naturala denari –euskara erabiltzeari– bidea eman behar zaio: legezko oztopoak kendu, zailtasunak arindu...

- Beste toki/eremu/habitat batzuetan aurrerapena denak (elebitasun orekatuak, adibidez) ez du zertan aurrerapenik ekarri udalerri euskaldunetan. Erdararen eta euskararen parez pareko erabilera ezin da izan helburu udalerri euskaldunetan.

- Arnasguneei lehentasunezko trataera garbia aitortu zaio “Euskara 21” txostenean, baina paperetik errealitatera egin behar du jauzi lehentasunezko trataerak. Honako hau diote “Euskara 21” txostenean:

“Hizkuntza batek, garatuko bada, bera nagusia den esparruak behar ditu. Arnasgune horietan, eta ez beste inon, bilatu beharko du biziberritu nahi den hizkuntzak helduleku nahikorik, bai belaunaldiz belaunaldiko transmisioari, bai hizkuntzaren funtzio komunikatiboari, bai hizkuntzaren balio erreferentzialari dagokionez.
Arnasgune horiek zaindu, sortu eta, hala balitz, hedatu ezean, alferrik izango da, seguenera, gainerako ahalegin oro. Horrenbestez, LEHENTASUNEZKO TRATAERA GARBIA eman beharko zaie euskararen arnasguneei XXI. mende hasierako hizkuntza politikan”.
(Eusko Jaurlaritza, Euskara-21, 2009)

Egilearen oharra

Artikuluan “hizkuntz ekologia” kontzeptua aipatu ere ez dut egin, baina begien bistakoa da hizkuntz ideologia horren eragina artikuluan, eta horregatik aipatu ditut “habitata” eta antzeko kontzeptuak, baita kontserbazionismo ekologistarekin lotutako adibideak ere (animaliak, ibaiak…). Norbaitek hizkuntz ekologian sakondu nahi badu, argibide hauei jarraitzea gomendatzen diot.

www.uema.org webgunean, Topaketara joan eta honako eduki hauek irakur ditzakezu:

- UEMAren ibilbidea eta etorkizuna, hausnarketa. Jon Bollar Intxausti, UEMAko lehendakaria.

- Zergatik hizkuntza ekologiarekin bat? Belen Uranga, Soziolinguistika klusterra.

- De l´ecologia a la sostenibilitat lingüístiques: del marc tèoric al propositiu i pràctic. Albert Bastardas, Bartzelonako unibertsitatea

- Hizkuntza ekologia eta udalerri euskaldunak: oinarri juridikoak. Xabier Ezeizabarrena, Eusko Ikaskuntzako Zuzenbide Saila.

- Hizkuntzaren arnasguneak eta hizkuntzarekiko komunitatearen Gizarte Erantzunkizuna. Iñaki Marko, Euskal Herriko Unibertsitatea.

Eduki horiez gain, mintzaldien bideoak ere ikusgai daude (euskaraz eta katalanez).

Artikuluaren oinarria Gipuzkoako Foru Aldundiaren enkarguzko lana izan da. Diputazioak UEMAri eskatu zion tipologia jakin bateko herriak aintzat hartu eta ze egoeratan dauden aurkeztea. Aurkezpena urriaren 28an egin genuen Villabonako Mintzolan, Gipuzkoako hainbat herritako teknikari eta hautetsien aurrean, eta eduki horiek izan dira oinarri artikulu honetarako.

Mila esker, halaber, Aizbea Renteria eta Miren Aburuza lankideei, euren ekarpenengatik.

Egilea: Imanol Haro, UEMAko hizkuntz normalizatzailea (gipuzkoa2@uema.org)

Read more...

Euskarazko Produktuen Katalogoa: Sartu eta ikusi!


Eskualdeko etxe askotara helduko zen honezkero Euskarazko Produktuen Katalogoa. Katalogoa laguntza handia da Gabonetan euskarazko produktuak erosi nahi ditugunontzat. Bertan ditugu euskarazko jostailuak, liburuak, filmak, musika...

Paperezko bertsioa eskuratu ezin duenak ez du zertan kezkatu: jo www.katalogoa.org webgunera, eta hantxe aukera zabala izango duzu.

Etxeko txikiek eskertuko dizute. Eta hain txikiak ez direnak ere bai, segur aski...

Read more...

Gazteak euskaraz sare sozialetan: agurtzeko, zoriontzeko eta beste ezertarako ez?


Goiburuan dakarrena da Soziolinguistika Klusterrak atera duen ondorio nagusia, sare sozialetan dabiltzan Bilboko gazteen hizkuntz jokabidea aztertuta:

- Gaztelaniazko mezuak %80 inguru dira.
- Euskarazko mezuak %15 inguru dira.
- Euskaraz dauden zorion mezuak %70 inguru dira.

Aztertutako gazteak Bilbokoak dira, 12 eta 18 urte artekoak, eta Tuenti sare sozialaren erabiltzaileak.

Asier Basurto Klusterreko kideak honako hausnarketa hauek plazaratu ditu Berrian:

Segi irakurtzen





- "Ez da erraza jakitea zergatik dagoen horrenbesteko aldea euskararen eta gaztelaniaren artean. Ikusi dugu maila sinbolikoan euskara darabiltela, eta euskaraz egiteko gaitasuna ere badutela, baina ez freskotasuna. Hori euskara ez erabiltzearen ondorio da, baina baita arrazoia ere. Ez baduzu erabiltzen, ez duzu freskotasun hori lortzen, eta ez baduzu freskotasunik, ez duzu erabiltzeko gogorik".

- "Inork ez du gaztelaniaz zoriontzen edo agurtzen. Euskarazko formulak barneratuta dauzkate. Formula horiek orokortuta daude, baita erdaldunen artean ere."

- "Ikusi dugu taldetik kanpoko norbaitek luzaroagoan esku hartu beharko lukeela taldearen ohituretan eragin ahal izateko; gazteen harremanetan barneratuta egon behar luke".

- "Testuingurua aldatu egin da. Lehen, euskaldun guztien lehen hizkuntza euskara zen; orain, berriz, euskaldun gehiago daude euskara bigarren hizkuntzatzat dutenak, lehenengotzat dutenak baino".

- "Euskaldun gehiago bizi dira hirietan herrietan baino. Fenomeno hori guztiz berria da. Gazte euskaldunaren soslai berria dago, eta askotan ez dugu ulertzen zergatik ditugun halako datuak, iraganeko soslaiekin jokatzen dugulako".

Datuak eta hausnarketak irakurrita, galdera bat sortu zaigu: Ikerketa Tolosaldean egingo balute, datu berdintsuak aterako lirateke, edo oso bestelakoak?

Hona hemen albiste honekin lotura duten beste esteka batzuk:

- "Euskararen sarean, nekezago!" (Berrian, 2011-11-21)
- "Nerabeak, Interneteko Sare Sozialak eta Euskara" (Soziolinguistika Klusterra)
- Klusterrari buruzko erreportajea Hamaika Telebistan: Webgunea, sare sozialak eta abar

Read more...

2011/11/24

"Nire aitatxo esan dit ez dit eramangola"


Semaforoa hankaz gora utzi du Xabier Etxaniz Rojok nabarmendutako esaldiak: "Nire aitatxo esan dit ez dit eramangola". Esaldia Berria egunkarian idatzi du, "Oharra" artikuluan.

Hona hemen artikuluaren pasadizo esanguratsu bat, zertaz ari den hobeto ulertzeko:

"Egunen batean haur horrek ikasiko du. Donostiako ikastola pribatu bateko ikaslea da eta ikasi egingo du. Ikasi egingo du eta titulu bat emango zaio, zer gutxiago!

Eta ikasten ez badu… nori axola zaio? Azken batean, denok ulertu dugu oharra…

Ez al da hala, Zeela anderea?"

Bestela, artikulu osoa irakurri nahi baduzu, egin klik hemen.

Read more...

Aurrera doa ezabatu eta euskaraz bizi ekimena Euskal Herri osoan




ezabatueuskarazbizi_errotxapea01

Azaroaren hasieran "Ezabatu eta euskaraz bizi" ekimena aurkeztu zuenetik, Euskal Herrian Euskaraz taldeak hainbat herritan egin ditu ekintzak: besteak beste, Iruñean, Durangon, Gasteizen, Santutxun, Burlatan eta beste toki batzuetan.

Goiko argazkia EHEren webgunetik jaitsi dugu, eta Errotxapeakoa da. Beste asko ere badaude. Ikusi nahi badituzu, egin klik hemen.



Read more...

2011/11/18

Iberdrolak ere kasu egin al digu?



Kasu egin al digute Iberdrolakoek? Iberdrolari webgune bat euskaratzeko eskaera egiteko deia egin dugu, eta semaforokide batek erantzuna jaso du Iberdrolatik. Honako hau idatzi diote:

Egun on
Lanean gaude. Laster egongo da prest.
Mila esker

Laster egongo dela prest? Egia izango ahal da!

Ez da kasu egin digun bakarra. Hona hemen Semaforoaren "lorpen" batzuk:

- "Abalcisqueta" desagertu da (Semaforoan, 2009-12-14)
- Tolosako Udalak semaforo gorria berde bihurtu du (Semaforoan, 2011-11-03)

Read more...

2011/11/17

Gartxot iritsi zaigu zinema aretoetara




Gartxot iritsiko zaigu gaur zinema aretoetara. XII. mendean girotutako istorioa da: Gartxot bardoa da, eta herriko abade berriak deserriratu egin du, eta semea bahitu. Juanjo Elordi eta Asisko Urmeneta dira marrazki bizidunetako filmaren zuzendariak, eta Benito Lertxundiren musika du.

Informazio gehiago nahi baduzu, filmari buruzko webgunera jotzea da onena.

Euskarazko marrazki bizidunekin lotutako albiste gehiago ere jarri dutugu blogean:

- Pottokiek badakite euskaraz (eta ondo asko gainera) (Semaforoan, 2011-08-04)

- Aita batek esana: Bob Esponjak badaki euskaraz (Semaforoan, 2010-11-17)

Read more...

Gero, Ikeara joan eta haserretu egingo gara euskararik ez dugulako ikusten...


... baldin eta orain ez badugu ezer egiten. Euskaraz ostia! blogaren bidez jakin dugunez, beste Ikea bat datorkigu Euskal Herrira, Hiriburura, hain zuzen (Lapurdi). Blogean dei egin digute euskaldunoi, mezu bat bidali eta tokiko hizkuntza aintzat hartzeko neurriak har ditzaten.

Orain ezer egiten ez badugu, alferrik izango dira kexak hemendik urte batzuetara. Orain da zerbait egiteko unea! Mezua zertan datzan eta nora bidali behar den jakiteko, jo Euskaraz ostia! blogeko albistera.

Bestalde, gogorarazi nahi dizuegu Iberdrolari mezuak bidaltzeko deia ere egin dugula, webgune batean euskara swahiliaren pare jarri dutelako.

Read more...

2011/11/11

Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen V. Txapelketa antolatu dute. Bazatoz?


Posta elektronikoz Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen V. Txapelketaren berri eman digute Irungo Udalekoek:

Lankide agurgarriak, Datorren azaroaren 26an, IRUNgo OLA Sagardotegian, EUSKAL HERRIKO HITZ GURUTZATUEN V. TXAPELKETA ospatuko da. Informazio gehiago nahi izanez gero, begiratu www.xedera.com orrialdean. Eskertuko genizueke informazio hau zuenean jakinaraztea eta ahal baduzue, zuen ohiko kanalen bidez honen berri ematea (agenda, ohar-taula…). Kontuan izan izena emateko epea azaroaren 23an itxiko dela. Espero dugu egitasmo hau gustuko izatea. Mila esker zuen laguntzarengatik.

Hortxe informazioa. Ez du plan txarra ematen, ezta?

Read more...

Berdin zaigu Iberdrolaren webgunean euskara swihiliaren pare agertzea?


Iberdrolak enpresak Iberdrola dorreari alegiazko bisita egiteko webgunea jarri du martxan, eta euskara swahiliaren pare ageri da: ez da inondik inora ageri.

Horren harira, posta elektronikoz mezu hau iritsi zaigu:

Polita bai baina erdera hutsean, arraioa! Kexa bat bialdi gura izanez gero, bialdu helbide honetara: comunicacion@iberdrola.es

Guk mezu hau bidali diegu:

Euskalduna naizen aldetik, eskertuko nizueke Iberdrola dorreari buruzko webgunea euskaraz ere jarriko bazenute.

Badakigu lehenbailehen jarriko duzuela, eta aldez aurretik eskerrak eman nahi dizkizuet kasu egiteagatik.

Mezu hori edo antzekoak bidaltzen baditugu, seguru kasu egingo digutela! Nola ez, ba!


Read more...

Gaztelania sustatzea premiazkoa da? Jakina! Gu bat gatoz Zaldieroarekin!


Semaforoak bat egiten du Zaldieroaren komikiko talibanak esandakoarekin: "[Nafar Gobernuak gaztelera sustatzeko eta zaintzeko ekimena] Erdaldun gizajoek merezi dute. "Zona no vascofonoan2 pilatuak, mugatuak, isolatuak bizi diren horiek!".

Norbaitek bere buruari galdetu badio zergatik eman diogun semaforo berdea albiste honi, begira dezala hiztegian "ironia" hitzaren definizioa.

Komikia hobeto ikusteko, sakatu goiko argazkiaren gainean edo jo Berriaren webgunera.

Read more...

2011/11/10

Ikaztegietan arazo bat dute. Lagunduko diezu?




Ikaztegietatik mezu hau bidali digute:

Aupa,

Ikaztegietako euskara eta kultura batzordearen izenean idazten dizuet.
Azkenaldian, kezkatu samartuta gaude gure herriko haurrek erdaraz gero eta gehiago hitz egiten dutelako, orain artean inongo arazorik izan ez denean.

Horren gainean, Ikaztegietan ekimenen bat antolatu nahian gabiltza, baina egia esan gure imajinazio ez da oso handia...

Haurrak euskaraz hitz egin dezaten ekimenik ba al duzue antolatuta? Ideiren bat eman ahalko bazenigute...

Zuen erantzunaren zain, aldez aurretik mila esker.


Iker Otamendi
Ikaztegieta kultura batzordearen izenean


Norbaitek mezuren bat helarazi nahi badio, idatzi gure helbidera eta gu geu arduratuko gara mezua Ikerri helarazteaz: euskararensemaforoa@gmail.com. Bestela, erantzunen atala ere erabil dezakezue.

Read more...

2011/11/09

Elebide: Ardiak gara ahate artean?


Zergatik erabili ditu Jaurlaritzak animalien irudiak Elebideren propaganda egiteko? Animalia horien artetik, nor da euskalduna? Ardia? Hala bada, zergatik aukeratu dute abere otzan bat? Zergatik ez dago zezenik propagandan? Nor kontratatuko dute irrati edo telebistako iragarkiak egiteko? Ardi latxaren bat? Zer-nolako autopertzepzio sortzen dute halako iragarkiek euskaldunongan? Zer dauka buruan iruditegi hori hautatu dutenek?

Zer esan nahi du ardiak duen harridura ikurrak? Builaka ari dela? Builaka hitz egiten dugula iradoki nahi digute? Zergatik hitz egiten du ardiak ozenago ahateak baino? Naturala al da ahateak ardiari ez ulertzea? Naturala al da administrazio elebidunean dabilen langile batek euskaldunari ez ulertzea? Ardiak gara ahate artean?

Hona hemen Elebiderekin lotutako beste albiste batzuk.

- Elebidek gero eta erabiltzaile gutxiago ditu... Eta gu ez gara harritzen (Semaforoan, 2010-09-08)

- Elebide: "Deitu ezazu bihar" (Semaforoan, 2010-03-29)

Read more...

2011/11/03

Tolosako Udalak semaforo gorria berde bihurtu du


Tolosako Udalari semaforo gorria jarri genion, herritar bati isuna gaztelaniaz jartzeagatik. Horren harira, Tolosako alkateak mezua bidali digu posta elektronikoz, udalak hartu dituen neurrien berri emateko:

Segi irakurtzen


Kaixo,

Lehenik eta behin barkamena eskatu nahiko nuke udal honetako udaltzainekin izandako arazoarengatik. Honen berri izan bezain pronto argibideak eskatu dira eta horrelakorik berriro ez gertatzeko irizpideak jarri ditugu.

Gure asmoa, udal honetan sartu ginenetik aipatu izan dugun moduan, euskara hizkuntza nagusia, beikularra izatea da.

Zentzu horretan, udal honen jarduna euskaraz izatea nahi dugu eta bide horretan eman beharreko urratsak emateko prest gaude.

Euskararen Semaforoa bezalako guneak eskertzekoak dira, modu honetan herritarrak aukera baidu bere kexa eta ezinegonak plazaratzeko eta guk aukera dugu hauen berri izan eta dagokigunean behintzat aldaketak egiteko.

Zuei, eskertuko nizueke, baldin eta kexa sartu zuen herritarraren emaila baldin baduzue, gure erantzunaren berri ematea.

Besterik ezean agurtzen naiz.

Gure aldetik, azalpenok eta hartutako neurriek semaforo berdea merezi dute.

Horrenbestez, gogorarazi nahi dizugu halako kasuren bat gertatzean guregana jo dezakezula: euskararensemaforoa@gmail.com.

Read more...

2011/11/02

Semaforokideen %69k hobeak direlako kontsumitzen dituzte euskarazko hedabideak


Bukatu da euskarazko hedabideei buruzko inkesta egiteko epea, eta hauek dira emaitzak:

- Guztira, 73 lagunek erantzun dute.
- 50 lagunek erantzun dute euskarazko hedabideak hobeak direla eta horregatik irakurtzen/entzuten/ikusten dituztela (%69).
- 13 lagunek erantzun dute hobeak direla baina ez dituztela irakurtzen/entzuten/ikusten (%18).
- 4 lagunek erantzun dute ez direla hobeak, baina euskarazkoak irakurtzen/entzuten/ikusten dituztela (%5).
- 3 lagunek erantzun dute ez direla hobeak eta horregatik irakurtzen/entzuten/ikusten dituztela erdarazkoak (%4).
- 3 lagunek erantzun dute ez dakitela zer erantzun (%4).

Gailu bakoitzetik behin bakarrik bozkatu ahal izan da.


Read more...

  ©Template by Dicas Blogger.