2011/09/30

Ni ere euskaraz lanean



Egitasmo berri bat martxan jarri dute Banaiz Bagara eta EMUN elkarteak. Familia euskaldunak eta etxeko langileak lan harremanetan euskaraz hasteko ikastaroak antolatu dituzte.

Nork parte har dezake?

Segi irakurtzen

Programa hau Donostia, Buruntzaldea (Andoain, Urnieta, Lasarte, Hernani), eta Villabonako udalerrietan erroldatu diren familiei eskaintzen da.

Etxeko-laguntzaile edo zaintzaileek eta familiek, elkarrekin ikasi eta beren lan-harremana euskalduntzeko interesa dutenek.

Euskara ez dakiten edo gutxi dakiten eta familia euskaldunetan lan egiten duten pertsonek.
Enplegatu euskaldunen bila dabiltzan eta hizkuntza-aldaketan aktiboki esku hartzeko prest dauden familiek.

Zer eskaintzen da?

Langileari: 2 eskola-ordu astean euskara ikasteko, lan-harremanerako behar duen komunikaziora bideratua.

Familiari: Euskara lan harremanean erabiltzeari buruzko hasierako azterketa: “ibilbide-orri” pertsonalizatua (zer egin dezaket?, adibidez, egunero 15 minutu eskaini, astiro hitz egin, hiztegi jakin bat erabili,…) 2 orduko tailerra hilero asteburuan ariketa praktikoekin, esperientzia-trukea, aholkuak,..

Iraupena: Urria 2011 – urtarrila 2012 (32 eskola-orduak, 8 tutoretza-ordu)

Non: Laguntza etxea (Caritas), Ategorrieta, Intxaurrondo kalea, 30-Donostia

Prezioa: Egitasmo pilotua doako parte-hartzearekin.

Partaide-kopurua: 12 familia eta enplegatuko taldea.

Irakasleak: Banaiz Bagara elkartea, EMUN kooperatiba.

Informazioa eta Izen-ematea:

EMUN:
943-711847
BANAIZ BAGARA: 645 733 818

Informazioa zuzena jaso nahi baduzu jo helbide hauetara:
http://immigrazioa.com/2011/09/13/nik-ere-euskaraz-lanean-nel/
http://ninaizgugara.blogspot.com/



Read more...

Gipuzkoako Bertsolaritza Txapelketa: Inoiz baino aukera gehiago sarrerak eskuratzeko



Laster hasiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, eta, ohikoa denez, Bertsozale Elkarteak inpaktu handiko komunikazio kanpaina jarri du abian.

Gainera, inoiz baino aukera gehiago daude sarrerak eskuratzeko, elkarteak berak jakinarazi duenez: saio guztietarako sarrerak Internet bidez salduko dira, saioa jokatu aurreko astetik. Horretarako bi webgune daude: www.gpuntua.com eta www.bertsosarrerak.eu.

Eskualdean bi saio izango ditugu: final-laurdenetan, Villabonan, Olaederra kiroldegian, urriaren 22an; eta, finalaurrekoetan, Tolosan, Usabal kiroldegian, azaroaren 27an.

Nahi duenak badaki, beraz: bilatu G puntua!

Read more...

2011/09/28

Donostiako Nazioarteko Zinema Jaialdian izan da Euskararen Semaforoa


Euskarak presentzia du Zinemaldiko ekitaldi gehienetan. Jendaurreko tratuan ere, euskara harreman hizkuntza da. Eta bestelakoetara oso ohituta gaudenez euskaldunok, paradisua bailitzan hartzen dugu Zinemaldia. Irla bat, non euskaldunoi euskaraz erantzuten zaigun, non ekitaldi bakoitzaren lehen hitza euskaraz egiten den, non euskaldun bezala errespetatuak sentitzen garen.

Segi irakurtzen


Gure inozentzia ordea, berehala zapuzten da ikusten dugunean Australiatik etorritako kazetari begi-urdinari, ondoko leihatilan, guri bezain abegikor eta sinpatiko erantzuten diotela bere hizkuntzan. Eta berdin produktore frantses bati, eta berdin Malagako zinema jaialdiko arduradun bati. Eleaniztasun orekatua da hori.

Zinemaldian lau hizkuntza nagusiek (euskarak, gaztelaniak, ingelesak eta frantsesak) izan behar duten espazio, garrantzia eta denbora neurtua dago, neurtuegia, akaso. Euskal Herrian egoera ezberdina bizi duten hizkuntzentzako, trataera berdina.

Maialen Lujanbiok Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalean kantatu zuen bezala, Donostiako Zinema Jaialdia ez dago “euskaratik eta euskaraz” pentsatuta. Bere nazioarteko dimentsioa ikusita, susmoa dugu, antolatzaile taldeak ingelesa erabiliko duela nagusiki. Eta tristea da esatea, baina Zinemaldia gaztelaniaren inguruan ardaztuta ez egoteak bermatzen dio, hain juxtu, euskarari, besteen pareko presentzia.

Hori Zinemaldiak kanpora begira daraman hizkuntza politikari dagokionez esan dezakeguna. Beste hainbat ertz ere baditu jaialdiak, euskaldunontzat batere borobilak ez direnak. Filmen promoziorako eta salerosketarako balio izaten du astebete irauten duen ekitaldiak. Zurrunbilo horretatik urrun ibili garen arren, kanpotik begiratuta, ez dirudi zirkuitu horietan euskara batere entzun denik. Euskara ez da, itxuraz, propagandarako eta salmentarako hizkuntza. Balio erantsirik ez du.

Bitxia egin zaigu Euskal Herritik kanpoko kazetariek euskararekiko agertu duten jarrera. Haientzat Zinemaldian entzun litezkeen hamarnaka hizkuntzetatik “beste bat” da euskara. Errusiera, japoniera, alemana, arabiera, portugesa edota turkieraren pareko; Baina bisitatzen ari diren toki horretako bertako jatorrizko hizkuntza denaren arrastorik ez.

Bien bitartean, ez ditugu ahaztu nahi aurtengo edizioan aurkeztu diren euskarazko filmak: “Urte berri on, amona!”, “Bertsolari”, “Bi anai” … Baina horietako batean jarri nahi dugu arreta: “Arriya” pelikulan. Guk ahotan ibili dugun gaiaren inguruan gogoeta egiteko gonbita egiten digu. Gai asko ageri dira filma horretan eta horietako bat hizkuntzen erabilera bera da.

Badugu zeregina oraindik euskara lehen planora ekarri, Zinemaldiko izar protagonista bihurtu eta alfonbra gorrian paseatzen jarri nahi badugu. Lehen pausoa izan liteke Gaztelun bizi den Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak hartu omen duen erabakia. Off the record jakin dugu, AEKra gerturatu dela irakasle eske euskara ikasteko. Bejondeiola!

Read more...

Euskara atsegin dut (AEK)




Praktikatu AEK-koek posta elektronikoz idatzi digute, eskaera hau egiteko:

Kaixo lagunok:

Aurreko urtean mintzapraktika egitasmoetako kanpainaren berri eman genizuen eta zeuen webgunean eskegi zenuten. Aurton ere gauza bera egitea pentsatu dugu. Ondo ikusiz gero zeuen esku geratzen da kanpaina bera zabaltzea. Lotura honetan irudia, bideoa eta kanpainaren azalpena topatuko duzue.

Aldez aurretik, mila esker.

Mila esker zuri gurekin harremanetan jartzeagatik, eta zorte on!

Read more...

2011/09/26

"Es una cosa que hace Brrrr. Hablamos tu idioma" (Koldo Arranz)



Begiratu goiko argazkiari eta irakurri eskuineko kartelean dagoena. Zer iruditzen? Argazkia Portugaleten atera du Koldo Arranzek, eta posta elektronikoz bidali digu, hausnarketa honekin batera:

Agian, gurea hizkuntza baino zarata da batzuentzat (edo onomatopeia behintzat).


Read more...

2011/09/14

Euskarazko hedabideak hobeak dira erdarazkoak baino?


Euskarazko hedabideak hobeak al dira erdarazkoak baino? Galdera horri erantzun argia eman dio Maria Gonzalez Gorosarri kazetari eta ikertzaileak: "Bai, hobeak dira". Begira zer dioen Gonzalezek:

Segi irakurtzen


"Hobeak dira euskarazkoak, eta hori frogatu nahi nuen. Horretarako, hedabide bakoitza bere herrialdean erdaraz gehien zabaltzen den komunikabidearekin konparatu nuen".

"XXI. mendean dagoen oinarri ustela da euskarazko albisteak kalitate txarragokoak direla. Uste ustel horri aurre egin diot".

(Berrian, 2011-06-24)

Hobeak izanik ere, ez du ematen euskaldunon kontsumo ohiturek euskarazkoak lehenestera jotzen dutenik. Euskaldunok gehiago irakurtzen/entzuten/ikusten ditugu erdarazkoak. Orduan, ez ditugu hobeak irakurtzen/entzuten/ikusten?

Emankizun berbera euskaraz edo erdaraz ikusteko aukera dugunean ere, erdarara jo izan dugu, Koldo Aldalur kazetariak jakinarazi duenez:

"[Txapeldunen Ligako] Finala batera eta antzeko baliabideekin eskaini zuten TVE1ek eta ETBko lehen kateak. Euskal Autonomia Erkidegoan audientzia datuak honakoak izan ziren: gaztelaniazko emanaldiak %54ko sharea, euskarazkoak %4,9koa. Raitinga, emanaldia zenbatek ikusi zuten alegia, 30.000 bat lagunek "gure hizkuntzan". Gaztelaniaz zenbatek ikusi zuten zeuek atera kontuak, niri lotsaren lotsaz matrailak gorritzen zaizkit eta!"

(Argia, 2011-07-24)

Guk inkesta egin nahi dugu, zure iritzia jasotzeko: hobeak dira euskarazkoak? Bai? Ez? Horregatik irakurtzen/entzuten/ikusten ditugu? Edo alderantziz?

Inkesta bete nahi baduzu, jo orrialdearen goialdera eta eskuinean hautatu erantzuna.

Eta gaiak gogoetarik sortzen badizu, bidaliguzu:

- Posta elektronikoz: euskararensemaforoa@gmail.com
- Facebook bidez
- Erantzunen atalaren bidez

Parte hartu!

Gaiarekin zerikusia duten beste albiste batzuk:

- ETB1. Kalera bere defentsan (Ramon Labaien, Irutzuloko Hitzan, 2011-09-08)
- Euskarazko hedabideak, beste jauzi baterako ordua (Hainbat hedabidek, Semoroan)
- Napartheitb gehiagorik ez! (Eneko Gotzon Ares, Semaforoan)
- Maixol Arregi, ETB1en azken mohikanoa (Martin Kitto, Semaforoan)

Read more...

Ze hizkuntz politika du Tolosako Udalak kale seinaleetarako?



Goiko hiru argazkiak Tolosako Leidorren ondoan ikusi ditugu asteartean (irailak 13). Hamar metroko tartean kartel bat ele biz, beste bat euskaraz eta hirugarrena gaztelaniaz. Zaila da jakitea Tolosako Udalak zer hizkuntz politika duen kale seinaleetarako.

Zer da? "Multilinguismoa" edo hizkuntz saltsa?



Read more...

2011/09/12

Perdone usted... (Andoni Egaña)



Azken albisteetan toki garrantzitsua eskaini diegu bi albisteri: euskarazko pelikulei eta prentsaurrekoetan erabili beharreko hizkuntzari.

Andoni Egañak bi gaiak lotu ditu Berrian argitaratutako "Perdone usted..." iritzi artikuluan, eta "Bertsolari" dokumentalaren aurkezpena egin beharrak sortutako gogoetaldi baten berri eman digu:

Segi irakurtzen


"Zenbait bertsolarik parte hartu dugu bertan ["Bertsolari" filmean], eta, datorkiguna aurreikusiz, gogoetaldi bati ekin diogu. Prentsaurreko, aurrez aurreko elkarrizketa, irrati eta telebista programa edo gainerakoetan ze hizkuntza erabiliko dugu edo ditugu?"

Artikulu osoa irakurri nahi baduzu, Berria.infora jo dezakezu.

Read more...

2011/09/08

Euskarazko zinemagintzaren loraldian ote gaude?


Udazkenaren usainean Donostiako Zinemaldia iristen zaigu urtero, eta, aurten, garai bertsuan, euskarazko filmak agertu zaizkigu handik eta hemendik. Udazkenean sartzeko gutxi falta dugula, euskarazko zinemagintzaren udaberrian al gaude?

Begira zer dakarren udazkenak euskarazko filmei dagokienez.

Segi irakurtzen


Eta pelikulak ikusten badituzu, zergatik ez diguzu bidaltzen zure iritzia posta elektronikoz (euskararensemaforoa@gmail.com), albistearen erantzunen atalean edo facebook bidez?

ARRIYA

Alberto Gorritibereak zuzendutako filmean, Euskal Herriko mugako herri batean kokatutako istorio bat ikusiko dugu. Pertsonaiak euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez mintzo dira, eta tartean apustu bat, maitasun istorio bat, herri giroa eta, nola ez, harria izango ditugu.

Pelikulak oso muturreko kritikak izan ditu: kritika gehienak oso kritika onak edo oso txarrak dira, ia tarteko biderik gabe.

Kritika onen artean, Berriarena, Argiarena, Gararena (gaztelaniaz) edo La Vanguardiarena (gaztelaniaz) daude.

Txarren artean, Diario Vascorena eta Noticias de Gipuzkoarena daude (gaztelaniaz), baita Urko Aristirena ere. Noticiasen,gainera, zuzendariari egindako elkarrizketa mamitsua argitaratu dute.

Zinemaldian ez ezik, herri askotan ere ikusgai egongo da, eta askok ikusi dute: abuztuaren 27-28ko asteburuan Euskal Herrian ikusle gehien lortu duen filma izan da, Jon Eskisabelek Berriketan.infon azaldu duenez.

Trailerra Zuzeun jarri dute. Ikusi nahi baduzu, egin klik hemen.

Zuk ikusi duzu? Eta zer iruditu zaizu?

BI ANAI

Bernardo Atxagaren nobelan oinarrituta dago filma. Imanol Rayo da zuzendaria, eta hau da sinopsia: Bere aitaren heriotzean, Paulo seme gazteenak bere anaia Daniel ezinduarenardura hartu beharko du. Istorioa Artikutzan, Lesakan eta Iturenen filmatu dute, eta 50eko hamarkadako baserri giroa du.

Orio Produkzioaren webgunean trailerra dago ikusgai. Ikusteko, egin klik hemen.

Zinemaldiko Zinemira sailaren inauguraziorako gorde dute estrainaldia. Ikusten duzunean, zer esango diguzu, liburua hobea dela?

URTE BERRI ON, AMONA!


Telmo Esnalen filmak ere Zinemaldian izango du estrainaldia. Filmaren nondik norakoak hauek dira: burutik gaizki dabilen amona zahar etxe batera eraman nahi dute bi senide, eta, horretarako, plan "makiabeliko" bat jarriko dute abian. "Baina amonak ere badu zer esanik istorio horretan", Esnalek Berriari adierazi dionez.

Donostian, Nafarroako herri batzuetan eta Benidormen filmatu dute. Pertsonaiak gipuzkeraz hitz egingo dute, eta, alde horretatik "Aupa Etxebeste!" filmaren antza izan dezake (Horixe izan zen Telmo Esnalen aurreneko filma).

Eta bilaka-bilaka, filmaren webgunea ere aurkitu dugu. Trailerra edo bestelako informaziorik ikusi nahi baduzu, egin klik hemen.

Konparazioak egingo ditugu, seguru. "Aupa Etxebeste!" baino hobea, okerragoa, desberdina, antzekoegia? Zuk zer diozu?

BERTSOLARI

Asier Altunaren filma dokumentala da, eta hori ere Zinemaldian estreinatuko da. Izenburuak adierazten duenez, bertsolaritza da gaia. Berriak egindako elkarrizketan adierazi duenez, bi urteetako lan luzearen ondorioa da dokumentala.

Radio Euskadin ere egin diote elkarrizketa (gaztelaniaz). Entzun nahi baduzu, egin klik hemen.

Zinemaldiko egitarautik sinopsia atera dugu: "Bertsolariak bat-batean botatzen ditu bertsoak euskaraz. Ahozko tradizio honek jakin du eboluzionatzen eta gure egunotara egokitzen. Dokumental honetan, Euskal Herriko bertsolari ezagunenak izango ditugu, ahozko poesiaren konplexutasuna eta sekretuak kontatzen".

Mondraberri atariak trailerra jarri du. Ikusi nahi baduzu, egin klik hemen.

Eta zuk, zer duzu esateko? Dokumentalak gustuko dituzula, aspergarriak direla?

XORA

Eta euskarazko zinemagintzaren udazkeneko udaberria amaitutakoan ere izango ditugu nobedadeak. Hortxe dator "Xora", zubererazko lehen filma. Hebentik kultur elkarteak bultzatutako egitasmoa da filma.

Oraindik lauzpabost hilabete beharko dituzte irudiak muntatzeko; beraz, 2012aren hasieran zinematokietan egotea espero dute.

Filmari buruzko xehetasun gehiago nahi badituzu, egin klik hemen.

Zure iritzien zain gaude!

Read more...

Osakidetza eta euskara: Hamaika Telebistak ere landu du gaia



Osakidetzarekin lotutako albisteek ez dute etenik. Iñaki Villosladak mezua bidali digu Erabili.com-en bidez, eta "Osakidetza eta euskara: zer gertatzen ari den ulertzeko "pista batzuk" artikuluagatik zoriontzeaz gain, jakinarazi digu Hamaika Telebistak ere gaia landu duela. Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeko Iñaki Peñari eta Roberto Majoni egin diete elkarrizketa. Hona hemen bideoa:



Gehiago irakurri nahi baduzu, egin klik hemen

Horrez gain, Roberto Manjonek bi artikulu idatzi ditu azken egunotan gai beraren gainean. Hona hemen artikuetako pasarte esanguratsu bana:

"Eta, jakina, López eta Bengoaren Jaurlaritzak eztabaida hori plazara atera duenean, ez du egin euskaldunen eskubide orokorra bermatzeagatik, euskaldunek kalitate gutxiagoko osasun-zerbitzuak jasotzen dituztenez, erdaldunek, ordea, bere hizkuntzan jasotzen dituztelarik. Antza denez, horrek guztiak bost axola Lópezi, Bengoari eta Basagoitiri".

("Oposizioak Osakidetzan: euskaldunen eta kalitatearen kaltetan berriro ere", Erabili.com-en, 2011-09-08)

[...] Arartekoak ondo ulertzen du euskaldunek kexa gutxi aurkeztea Osakidetzan euskarak duen erabileragatik, are gehiago kontuan hartzen badugu boterearen paradigma osasun-zerbitzuetan biziki indartzen dela, epaitegietan bezala, alegia, herritarra argiro ahulagoa den eremuetan. [...] Gobernuek, eskuarki, ez diote begiratzen kaltetuek asko kexatzen diren ala ez, argi baitago uzkur egotea dela zapalkuntzaren ondorioetako bat."

("Oposizioak Osakidetzan: amarru zaharrak eta berriak", Berrian, 2011-08-30)



Hona hemen albistearekin lotutako beste eduki batzuk:

- Nolako pediatra nahi dugu? Euskalduna? Kalitatezkoa? Euskalduna eta kalitatezkoa? (Semaforoan)

- Kepari gertatu zaiona ez al zaigu gehiegitan gertatzen? (Semaforoan, Behatokiak helarazitako bideoa)

- Osakidetza "demasiado rapido" euskalduntzen (Osasuna Euskalduntzeko Erakundeko Karlos Ibargurenen iritzia Berrian)

- Osakidetza eta euskara (Pello Etxabe, Berrian)

- Ehuneko cincuenta(Beñi Agirre, Izaro Newsen)

Read more...

2011/09/02

Argia astekariak Semaforoari buruzko erreportajea argitaratu du


Bistan da semaforoek argia behar dutela funtzionatzeko, eta agian horregatik gure Semaforoak ere Argia astekariarekin egin du harremana.

Argia astekariak tarte bat eskaini dio Semaforoari eta siglak ere jarri dizkio (TES), erakunde garrantzitsuei bezala. Honako hau da "Blogari umoretsuak probokatzen" erreportajearen sarrera:

Segi irakurtzen


"Asteburu batean Euskal Herria euskalduntzeko intentziorik ez daukate Tolosaldeko Euskararen Semaforoa (TES) blogaren sortzaileek. Aldarrikapena eta umorea ardatz, euskaldunok zirikatu nahi gaituzte, gure hizkuntz eskubideak beti present izateko."

Erreportaje osoa irakurtzeko, egin klik hemen.

The Washigton Post, Le Monde, Frankfurter Allgemeine Zeitung, ABC, The Guardian eta beste batzuek ere interesa izan dute gurekin harremanetan jarri eta erreportaje bat egiteko, baina guk gureari tinko: lehentasuna euskarazko hedabideei.

Eskerrik asko Argiari eta Onintzari!

Read more...

2011/09/01

Porrotxen mezua, Villabonako jaietan






Porrotx Villabonako festetan. Euskaraz bizi nahi dut!!! from Euskaraz bizi nahi dut on Vimeo.


Oporrak amaituta (gehiengo bati behintzat), udako biharamunak utzitako irudiak ekartzen dizuegu oraingo honetan. Irudi koloretsu eta alaiekin, ilusio handiz betetako mezua helarazi zien Porrotxek Villabonako plazan, uztaileko jaietan bildutako herritarrei. Euskaraz bizitzeko nahi horri semaforo berdea emango diogu behar duen abiada har dezan, jarraitu bide beretik.


Read more...

  ©Template by Dicas Blogger.