2011/08/30

Hobe euskaraz gaizki idatzitakoa gaztelania hutsezkoa baino?




Goiko argazkiaren bidez, Donostiako lagun batek euskaraz gaizki idatzitako kartel bat salatu zuen duela aste batzuk Semaforoan. Salaketa hori egin duenetik ez omen du euskarazko beste kartelik ikusi BBVAren sukurtsal horretan. Hona hemen bere mezua:

Segi irakurtzen


"Egun on, Semaforoko lagunok.

Duela aste batzuk argazki bat bidali nizuen, Donostiako BBVAren Antigua auzoan euskaraz gaizki idatzitako kartel bat zela eta. Kartelean, hau zeukaten: "Horixe da zure bankua ROBETXATZEA".

Salaketa baino gehiago hausnarketa bat ireki nahi nuen euskaraz gaizki idatzitako kartelekin euskaldunek zer egin beharko genuen eztabaidatzeko, baina hara nola diren kontuak: Semaforoan argazkia argitaratu denetik ez dute beste kartelik edo propagandarik jarri euskaraz.

Semaforoa irakurri al dute BBVAkoek? BBVAren beste sukurtsaletan ere gauza bera gertatu al da?

Eta zer egingo dut hurrengoan, isildu? Hobe euskaraz gaizki idatzitakoa gaztelania hutsekoa baino?

Lagun honek esandakoarekin lotuta hainbat albiste argitaratu ditugu Semaforoan:

Read more...

2011/08/26

Semaforokideen %87k eskualdeko alkateek prentsaurrekoak euskaraz egitea nahi dute


Soka luzea ekarri dute Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Ana Carrere Andoaingo alkateak euskaraz egindako prentsaurrekoek. Zenbait kazetarik jarrera hori salatu dute; adibidez, Isabel Landak, El País egunkarian edo Periodista Digitalek.

Segi irakurtzen




Semaforoan gaia gure eskualdera ekarri eta inkesta egin dugu. Hona hemen emaitzak:

Galdera

Ze hizkuntzatan egin behar dituzte prentsaurrekoak Tolosaldeko alkateek?

Erantzunak

- Euskaraz: 136 erantzun (%87)
- Euskaraz eta gaztelaniaz: 9 (%6)
- Euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez: 7 (%4)
- Ez zaie inporta: 5 (%3)
- Euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez: 0 (%0)

Oharrak

- Guztira, 157 bozka izan dira.
- Gailu bakoitzetik behin baino ezin izan da bozkatu.
- Inkesta hilabetez eduki dugu blogean, uztailaren 26tik abuztuaren 26 arte.

Ondorioak

- Ondorioak Tolosaldeko hautetsiek atera behar dituzte. Kasu egingo digute?
- Emaitzek gogoetarik iradokitzen badizute, jarri harremanetan gurekin, posta elektronikoz (euskararensemaforoa@gmail.com), facebook bidez edo erantzunen atalean.

Read more...

2011/08/17

ETB2ko albistegien betiko ohitura nazkagarria (Xabier Mendiguren)



Pil-pilean dago berriro ere gaia: euskaldunak euskara ez den hizkuntzetan mintzo zaizkigu ETBn. Oraingoan, Xabier Mendigurenek egin du salaketa, "ETB2ko albistegien betiko ohitura nazkagarria" artikuluan: euskaldun bat erdaraz hitz egiten, beste bat gaztelaniara bikoiztuta...



Read more...

2011/08/12

Kameratoiko irabazleak izendatu dituzte



Kameratoia Topaguneak antolatzen du, eta gazteoi zuzendutako lehiaketa da. Lehiakideek epe jakin bat dute film labur bat idatzi, irudiak grabatu eta edizioa egiteko. Aurtengo irabazleak hauek dira:




Segi irakurtzen


1. saria



Egilea: Epalzaren alargunak



Izenburua: III (Hiru)



Argumentua: Garazi eta Maddi urtegira joan dira lasai-lasai, arratsalde pasa. Batzuetan elkarrizketa surrealistak gidoirik gabekoak dira.



2. saria



Egilea: JR PRODUCCIONES



Izenburua: Abokalipsis nau



Argumentua: Abokalipsisa heldu da! Bekatari guztiak zigortuak izango dira Jaungoikoaren esku. Zigortuak izango dira bost bokaletatik lau baztertzera.



3. saria



Egilea: EZ DOK 1, EZ DOK 3



Izenburua: Txiri-txiri, pitxin



Argumentua: Gaizka antropologoa, euskal gizartean aldaketa sakonak eragin dituen aisialdirako leku baten ikerketa egiten ari da.



Film labur horiek guztiak ikusteko, Topagunearen webgunera joan zaitezke.

Aurreko edizioetakoak ikusteko, berriz, Youtubeko zerrenda ikus dezakezu.

Read more...

2011/08/11

%18,57: zenbaki kezkagarria euskaldunontzat, ezta?


Gipuzkoa, Bizkaiko eta Arabako lanpostuen %18,57an eskatzen da euskara, Adecco enpresak egindako txostenaren arabera (PDFa jaits dezakezu, gaztelaniaz). 2009an %16,76 izan ziren; beraz, gora egin du ehunekoak.

Nafarroan %4,37 da zenbakia, eta han ere gora doa, 2009an %3,85 izan zelako.

Zenbakiek gora eginagatik ere, ez zaigu iruditzen lan munduari semaforo berdea emateko moduan gaudenik, ezta?


Read more...

2011/08/08

1.058 orrialdeko nobela argitaratugabea, "porkulo hartzea dijuan hizkuntza batean"


Sekula ezagutu ez dugun bezalako nobela idatzi du Ibai Mendinueta donostiarrak: mila orrialdetik gorakoa, euskalkietan idatzia, XVI. mendean girotua eta inork ez dio argitaratu nahi izan!

Segi irakurtzen


"Xenda bi ez duk lizentzi" izena du, eta Interneten jarri du, edonork jaitsi eta eskuratzeko moduan, bai PDF bertsioan, bai EPUB bertsioan.

Oso adierazgarriak iruditu zaizkigu eleberriaren hitzaurreko lehenengo lerroak:

"Liburu hau idazteko arrazoiak, hoinbeste ordu idatzi, pentsatuta berrirakurtzen pasatzeko arrazoiak, ez dira gutxi izan. Baiño seguru asko arrazoi nagusia, pixkana pixkana, heriotz dultze baten eran, ta iya konturatu re gabe, porkulo hartzea dijuan gure hizkuntza honekiko maitasuna izan da".

Berrian ere eman dute nobelaren berri, "Mila orrialdeko abentura" artikuluan, eta Ilbeltzen blogean ere bai.

Read more...

2011/08/04

Pottokiek badakite euskaraz (eta ondo asko, gainera)


Azken asteotan bolo-bolo dabil pottokien kontua, zineko pelikula dela-eta. Zoritxarrez, zinematokietan gaztelaniaz bakarrik ikusi ahal izango ditugu, baina horrek ez du esan nahi hori aukera bakarra denik. Izan ere, pottokiek badakite euskaraz, eta euskaraz ikus daitezke. Non? Nola?

Segi irakurtzen


Webgune honetan pottokien telesailaren 48 atal dituzu. Bertan ikusteko edo jaisteko aukera ematen dute, eta teknologia berrietan gu bezain baldarra bazara, ez kezkatu: sustaturen webgunean atalak ikusteko argibide guztiak dituzu!

Eta zerrenda ez da hor bukatzen: 196 pelikula eta 104 telesail dituzu. Zerrenda osoa ikusteko, egin klik hemen. Ikusiko duzunez, pottokiak ez dira euskaraz ikasi duten bakarrak. Honako hauek ere badaude: "Dragoi bola", "Hello Kitty", "Yogi", "Tintin", "Marco", "Heidi", "Harriketarrak", "Tom eta Jerry", "Scooby-Doo", "Asterix"...

Hona hemen eduki honekin lotutako beste albiste batzuk:

- Aita batek esana: Bob Esponjak badaki euskaraz (Semaforoan)

Read more...

2011/08/01

Osakidetza eta euskara: zer gertatzen ari den ulertzeko "pista" batzuk



Osakidetzak 2.600 lanpostu atera ditu azken lan eskaintza publikoan, eta eragile politiko batzuek (LAB, Aralar, EA eta EAJ tartean) salatu dute deialdiak euskaldunen hizkuntz eskubideak urratzen dituztela. Egia ote?

Semaforoaren Ikerketa Batzordeak gaiari heldu dio, eta mendi buelta egin gabe eta hondartzara joan gabe geratu da, gaiaren gaineko datuak biltzen.

Segi irakurtzen



Azterketa eredua, aldatuta


Azken urteetan aldez aurretik zehaztutako galderetan oinarritzen zen azterketa, eta asko ziren azterketan gehieneko puntuazioa lortzen zutenak eta berdinduta geratzen zirenak. Rafael Bengoa Osasun sailburuak adierazi du kasu horietan euskara izaten zela erabakigarria lanpostua eskuratzeko.

Hartara, azterketa eredua aldatu egin du Osasun Sailak, gehieneko puntuazioa lortzea zailagoa izateko. Horren ondorioz, Bengoaren arabera, euskara jakitea ez da erabakigarria izango (Berrian, 2011-07-27 eta 2011-07-28).


Puntuazio sistema ere, aldatuta


Azken deialdian 198 puntu lortu ahal izango dira gehienez: 100 azterketarekin, 80 curriculumarekin eta 18 euskararekin (%9,09). 2008an, adibidez, 187 puntu izan zen gehienekoa: 100 azterketarekin, 70 curriculumarekin eta 17 euskararekin (%9,09) (Diario Vascon, 2011-07-27, gaztelaniaz).


Legezkoa da deialdia?


Euskarari dagokionez, deialdiek honako dekretu hau bete behar dute: 67/2003 Dekretua, martxoaren 18koa, euskararen erabilera Osakidetza Euskal Osasun Zerbitzuan normalizatzekoa. Dekretua eta bestelako, Osakidetzaren webgunera jo dezakezu.

Behatokiak iragarri du Jaurlaritzak argitaratuko dituen deialdi guztiak banaka aztertuko dituela eta aukerarik egonez gero auzitara joko duela:

"Suposatzen dugu legearen bermea izango dutela deialdiek, baina nahiko genuke Jaurlaritzako ordezkariek azaltzea zergatik eman dituzten atzerapausoak, eta zergatik betikotuko dituzten herritarren oinarrizko eskubideak" (Behatokiaren webgunetik).

Jaurlaritzakoak, berriz, beste azalpen batzuk ematen ari dira...


Euskara ez omen da arazoa, "euskara ezartzearen abiadura baizik"


Rafael Bengoaren hitzak dira, deialdia aurkeztu zuten egun berekoak:

"El euskara no es un problema, lo que convierte en problema para los trabajadores de Osakidetza es la velocidad a la que se quiere impulsar esa discriminación positiva" (Garan, 2011-07-27, gaztelaniaz)

Euskara ez da arazoa. Eskerrak!


Baina azkarregi al doa, bada, euskara Osakidetzan?


Bengoaren analisia ez dator bat "Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuaren Euskara Plana: 2005-2011ko ebaluazio partzialari buruzko txostenak" dioenarekin (Osakidetzaren webgunean dago eskuragarri. Egin klik hemen).

Hona hemen hitzez hitz txostenak jasotako ondorio batzuk:

[Zuzendaritzaren inplikazioa, 15. or.] "Dena dela, oro har, zuzendaritza-talde guztien inplikazioa apala izan da eta transbertsalitate falta izan dute. [...] Erakunde Zentralaren motibazio eta aitzindaritza faltak [elebitasuna hedatzeko] gabezia hori neurri batean babestu eta, zalantza barik, indartu egin du. Erakunde Zentralak erreferentzia eta eredu izan behar luke erakundeetako zuzendaritzentzako, baina ez da horrela izan".

[Langileek euskara planaz duten ezagutzaz, 11. or.] "Langile zenbaitzuek Planaren ildo nagusien berri badute, baina beste askok ez du planaren funtsezko edukien berri".

[Erakunde Zentralaren Euskara Planaz, 12. or.] "Erakunde Zentralak egoera txarragoa du gainerako zerbitzu-erakundeek baino, hasieran euskara-plana erredaktatu arren, ez duelako berau martxan jarri eta, ondorioz, ez daukalako ezta euskararen erabilerako programarik ere".

[Aplikazio informatikoez, 16. or.] "Plana kudeatzeko Euskara Zerbitzu korporatiboak eta euskara-arduradunek eskura dauzkaten aplikazio informatikoek (besteak beste, plantilla, unitate programak eta prestakuntza) gabezia garrantzitsuak dituzte, eta horrek haien lanak eraginkortasuna galtzen du".

[Hizkuntz eskakizunez, 21. or.] "Osakidetzako langileen %15,91k (3.579 lanpostu) daukate derrigortasun data ezarrita [euskara maila jakin bat lortzeko data zehatza] eta lanpostu horiek betetzen dituzten langileen %40,92k egiaztatu dute dagokien hizkuntza-eskakizuna".

[Dagokien hizkuntza-eskakizuna egiaztatu ez duten langileez, 29. or.] 2008. urteko urrian, 1.448 langilek ez zeukaten euren lanpostuari zegokion hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta. Horietatik 707 (%45,73) profesional sanitarioak dira eta 741 (%59,85) administrazio eta zerbitzu orokorretako profesionalak".

[Osakidetzako langileen eta pazienteen arteko ahozko erabileraz, 34. or.] "Oro har, aurrerapenak egin dira pazienteak eta erabiltzaileak euskaraz atenditzeko dauden irizpideen alorrean. [..] Aurrerapen horiek, berriz, apalak dira, langile askok oraindik ez baitituzte protokoloak ezagutzen, eta, horrela, ez dituzte betetzen".

[Osakidetzako arduradunen ekitaldi publikoez, 35. or.] "Ez dirudi maila sinbolikotik haratago heldu denik, ez delako euskara erabiltzen ekitaldi horietan zehaz, batez ere atentzio espezializatuan".

[Bozgorailu, erantzungailu eta abarrez, 37. or.] "Euskararen presentzia are eta baxuagoa da harremana zeharkakoagoa den neurrian. Horrela, mailarik baxuenak megafonian eta erantzungailu automatikoetan daude, batez ere atentzio espezializatuan".

[Medikuek pazienteei ematen dizkieten agiriez, 38. or.] "Mediku eta pazientearen arteko eguneroko harremana bideratzen duten dokumentuak -Osabideren bitartez kudeatu eta banatzen dira- gaztelera hutsean daude: dietak, tratamenduak, zainketak, gomendioak, ariketa-taulak, etab".

[Atentzio espezializatuaz, 39. or.] "Euskararen idatzizko erabilera ospitaleetako unitate asistentzialetan, lehen mailako atentziokoetan baino askoz baxuagoa da, oro har; esana dago, gainera, alor horretakoa ere eskasa dela".

[Web orriez, 40. or.] "[...] testuak euskaraz sortzeko garaian, itzulpenarekiko menpetasuna erabatekoa da eta Web-orria lantzen duten teknikariak ez dira gai hizkuntza ofizial biekin jarduteko".

[Argitalpenez, 41. or.] "[...] itzulpenekiko menpetasun handia sumatzen da, oro har, euskararen erabilera normalizatzeko prozesuaren kaltetan".

[Ekitaldi publikoez, 41. or.] "Biltzar eta jardunaldietako hedabide eta deialdietan euskara erabiltzen da; ez, ordea, edukiak komunikatzeko orduan (ikus-entzunezko euskarriak, biltzarra garatzeko dokumentazioa, komunikazioak eta hitzaldiak). Argi dago, beraz, euskara alor sinbolikora mugatzen dela".

[Langileentzako ikastaroez, 46. or.] "Oraindik oso ikastaro gutxi eskaintzen dira euskaraz ohiko etengabeko prestakuntzari dagokionez, eta eskaini direnetan, emandako gai-motak eta euren garrantzia ez da beti izan egokia".

Ikusten da, bai, euskara "ziztu bizian" ezartzen ari dela Osakidetzan... Gehiegizko abiaduraren arazoa konpontzeko, hona hemen Anjel Lertxundik Berrian emandako irtenbidea:

"Hemendik aurrera, kontsultara goazen aldiro, jardun gaitezen mantso-mantso eta silabak ondo markatuz: «Sen-da-gi-le (pausa) kos-ko-bi-lo-ta-ko (pausa) mi-nez na-go». Gauza bera egin beharko lukete profesional euskaldunek ere ebakuntza geletan: «Aizu (pausa) bis-tu-ri-a (pausa) pa-sa-tu-ko (pausa)
me-se-dez?» (Berrian, 2011-07-31).



Eta ez-euskaldunak euskara derrigorrezkoa den postuetan...


Osakidetzak berak emandako datuen arabera, 92 postutan gutxienez euskara bermatuta ez zuten hautagaiei eman dizkiete postuak, nahiz eta euskara jakitea derrigorrezkoa zen postu horiek hartzeko. Salaketa Berrian eman zuten jakitera, martxoan (Berrian, 2011-03-04).


"Dei" efektua


Deialdiaren baldintzek EAEtik kanpoko hautagaiak erakartzea eragingo du (bai espaniarrak, bai Espainiarekin hitzarmena duten beste herrialde batzuetakoak), eta ematen du helburu hori ere baduela deialdiak.

Una oferta que tambien será irresistible para el resto de candidatos procedentes de otras comunidades autónomas, ya que la convocatoria vasca puede crear un "efecto llamada". (Noticias de Gipuzkoan, 2011-07-27, gaztelaniaz)


Eskualdeko egoera


Eskualdean, 2009an, UEMAk bultzatuta, 14 udalek mozioak onartu zituzten, herri horietako osasun etxeetan langile euskaldunak eskatzeko. Maiatzean, jendaurreko ekitaldi batean, udalek, Behatokiak eta beste eragile batzuek Osakidetzaren jarrera salatu zuten Villabonan. Goiko argazkia ekitaldi hartakoa da. Honela dio mozioen 5. puntuak:

"[...] Bosgarrenik, Udalak euskaraz bizitzeko nahia eta premia aldarrikatzen ditu berriro ere, eta, horren harira, eta, udalerri euskalduna izatearekin zintzo eta koherente jokatze aldera, Osakidetzari irmo eskatzen dio gure herritarrei osasun zerbitzua ematen dieten langile orok euskaldunak izan behar dutela eta hori betetzeko eskura dituen neurri guztiak har ditzala".

UEMAko beste udal askok ere mozio hori onartu eta Jaurlaritzari helarazi zioten. Ez du ematen mozioetan eskatutakoa legeak dioenetik oso urrun dagoenik:

"Zentro sanitarioen eragin- edo jarduera-eremuetako euskaldunen portzentajea %70etik gorakoa denean, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak elebidunak eskainiko ditu zerbitzu asistentzialak eta bezeroak atenditzeko eremuetakoak"


Zergatik ez mediku ingelesak?


Hizkuntzak baino profesionaltasuna lehenesten denez, laster izango ditugu mediku ingelesak, eta denok poz-pozik egongo gara, Pello Salaburuk ironiaz Diario Vascon adierazi duen bezala.

De modo que los pediatras que se van a incorporar tras el proceso saludarán con un 'Hellodarling', que siempre es mucho más fino que 'Egunon, polita'. Todo son ventajas. Se prima la profesionalidad, por encima de todo: en Sanidad quieren que opere quien sabe manejar la cuchilla, no quien tenga mejor labia. Yo también. (Diario Vascon, 2011-07-28, gaztelaniaz)


Eta etorkizunean?


Oso hedatuta dago denborarekin gauzak hobera egingo dutelako ustea: "Gero eta euskaldun gehiago egingo denez, gero eta euskaldun prestatuago gehiago egongo dira eta horiek izango dira gure medikuak, erizainak...".

Medikuntza euskaldundu! taldea ez dator bat iritzi horrekin: salatu dute EHUk erraztasunak ematen dizkietela gaztelaniaz ikasten duten ikasleei, eta, horren ondorioz, gero eta gutxiago direla ikasketak euskaraz egiten dituztenak. 2006-06 ikasturtean, medikuntzan %46,54 ziren euskarazko ikasleak eta 2009-10ean %37,58. Hona hemen taldeak esandakoa:

"Beren lurraldeko unibertsitatean lehen mailan sartzeko izaten dute arazoa. Hori hemen eginda, erraztasunak badituzte beren herrialdeko unibertsitatean jarraitzeko. Lehen mailan lekurik gabe geratzen diren ikasle euskaldunak sartu gabe gelditzen dira" (Berria, 2007-04-02)

Apirilean itxialdia egin zuten ikasleek, legezko aldaketa eskatzeko eta dekanotzari konpromiso zehatzak eskatzeko
(Berrian, 2011-04-07).


Zergatik halako albiste bat udan?


Gure susmoa da ez dela kasualitatea halako albiste bat uda partean jakinarazi izana. Ezkutupean pasa nahi dute albistea, oporretan gaudela aprobetxatuta? Enteratu ere ez bagara egiten, hobeto? Bestela ere, axola zaigu kontu hau?

Hona hemen albistearekin lotutako beste eduki batzuk:

- Nolako pediatra nahi dugu? Euskalduna? Kalitatezkoa? Euskalduna eta kalitatezkoa? (Semaforoan)

- Kepari gertatu zaiona ez al zaigu gehiegitan gertatzen? (Semaforoan, Behatokiak helarazitako bideoa)

- Osakidetza "demasiado rapido" euskalduntzen (Osasuna Euskalduntzeko Erakundeko Karlos Ibargurenen iritzia Berrian)

- Osakidetza eta euskara (Pello Etxabe, Berrian)

- Ehuneko cincuenta (Beñi Agirre, Izaro Newsen)

Read more...

  ©Template by Dicas Blogger.