2010/04/29

EHU ala… UPV soilik?

“Eman ta zabal zazu” edota “jaso ta etsi zazu”?
Gure herrietako gazteek unibertsitatera iristean sekulako arazoak izaten dituzte beren ikasketekin jarraitu eta euskaraz egiteko.
Lizentziaturaren ondoren 3.zikloko ikasketak hasi nahi dituen jendeak euskaraz egin nahi baditu, ezinezkoa da kasurik gehienetan. Hasteko, derrigorrezkoak diren kurtso guztiak erderaz egiten dira ia arlo guztietan.
Segi irakurtzen
Ondoren, “ikertzeko gaitasuna” titulua eskuratzeko epaimahai baten aurrean defentsa egin behar izaten zen (oraintxe aldatu dute programa eta gaur egun ez da egiten). Defentsa hori euskaraz egiteko, oztopo handiak gainditu behar izaten ditu ikasketa bide hori hartzen duen jendearen gehiengoak. Azkenik, doktore-tesia euskaraz egiteko epaimahai egokia lortzeko zailtasunak topatu daitezkeen arren, sarritan erabiltzen da hori aitzakia gisan, euskeraz egiterik ez dagoela esateko. Trabaz betetako ibilbide horrek, euskaldun ugari tesiak beste hizkuntzetan egitera bideratzen ditu.
Gainera, hainbat katedradun irakasle eta zuzendarik gazteleraz edota ingelesez aurkeztutako tesiak txalotzen dituen bitartean, euskaraz aurkeztu nahi dutenei ez diete inolako bultzadarik eskaintzen, alderantziz baizik, harriak bidean jarri, oztopoak nonahi, eta arazoak ematen dituen horietako bat bezala sentitu arazten zaituzte.
Beraz, kontua ez da soilik UPVn ikasketak euskaraz eskaintzeko zerbitzuak ez dituztela betetzen, baizik are eta okerrago, katedradun batzuk euskararen erabilpena unibertsitatean oztopatu egiten dutela, arazo bat bezala azaltzen dute gaia. Gezurra dirudi baina Euskal Herriko Unibertsitatea izena duen honetan gure kultura eta jakinduria zabaldu beharrean,… ahaztu ez… txikitu eta mesprezatu egiten dute. Ikusi besterik ez dago, UPVn egiten diren doktore-tesien artean, zenbat egiten diren euskeraz, eta gainera, urtez-urteko bilakaera aztertuz gero, argi dago kopuru hori ez dela handitzen.
Universidad del Pais Vasco, jaso gure semaforo gorria eta arren,… ez ezazu zure “birusa” zabaldu!!!

Read more...

NEURONAK ERE EUSKARAZ!!!











Euskararen erabilgarritasuna bizitzako arlo guzietara hedatzen dela eta horietan guztiz baliagarria dela sinistuta gaude, nahiz eta urteetan “aditu batzuek” bestelakoak adierazi, hau da, soilik baserri inguruan erabiltzen den hizkuntza antzina eta antzua dela.
Segi irakurtzen
Naroa Anabitarte tolosarrak ederki baino hobeto erakutsi digu, zientzian ere euskararen erabilpena guztiz baliagarria dela, horrela, 2009ko ekainean bere ikasketak amaitu eta honako tesis doktorala aurkeztu zuen:
“Alzheimer gaixotasunarekin erlazionatutako proteinen ultra-egitura mailako kokapena baldintza fisiologikoetan: APP eta PS1 arratoi helduen hipokanpokoko neuronetan”.
Zerbait ulertu al duzue?... gai hori gertukoa ez baduzu noski ezetz, baina ez euskaraz ezta erdaraz ere.
Naroak hainbat urte eman ditu unibertsitatean neuronen inguruko ikasketak egiten, Donostiako EHUan, Leioan eta baita ere Norvegian. Euskaraz matrikulatuta egon arren gazteleraz eman behar izan ditu ikasgai batzuk, ez behintzat berak hala eskatuta noski. Bere azken urrats nagusia tesis doktorala aurkeztea izan da, eta ez pentsa baina, euskaraz egiteko sekulako arazoak eta trabak jarri izan diote bidean, non eta Euskal Herriko Unibertsitatea izeneko erakunde horretan. Bere lan guztia bertan behera uzteko zorian egon zen, hordago handira bota ere bai, edo euskaraz edo ezer ez!... eta azkenean inolako etsipenik gabe, lortu zuen beste edozein lekutan hain naturala izan daitekeena egitea, hau da, bere ama hizkuntzan ikasketak amaitzea eta tesis doktorala aurkeztea.
Zorionik beroena Naroari,… lana asko dago egiteko, hala ere argi daukagu zuk emandako urrats hori erreferentzi bat izan daitekeela, bide horretatik jo nahiko duten beste ikasle gazteentzat.

Read more...

2010/04/23

Euskaraz irakurtzea gozamena delako




Liburuaren Nazioarteko Egunarekin bat, Irakurri, gozatu eta oparitu izenarekin, irakurzaletasuna bultzatzeko kanpaina jarri du abian Topaguneak. Kanpainaren helburuak euskarazko liburuak irakurtzea eta irakurleak harremanetan jartzea dira. Eskualdean, Tolosan, Asteasun eta Villabonan egingo dute kanpaina.

Hauxe da kanpainaren funtsa: liburutegietan euskarazko liburu bat hartzen baduzu, fitxa bat bete beharko duzu. Fitxa beteta, liburuak erosteko txartelak lortuko dituzu; %25koa edo %50ekoa, euskara elkarteko bazkidea bazara. Horrenbestez, liburu bat opari ahal izango diozu lagunari, senideari edo nahi duzunari.

Iaz, 933 fitxa bete ziren, eta 537 liburu saldu. Aurten, apirilaren 24tik uztailaren 24ra izango da kanpaina.

Informazio gehiago nahi baduzu, egin klik hemen.

Read more...

2010/04/15

"Egizu deklarazioa euskaraz" kanpaina jarri dute abian eskualdeko 18 udalek



Tolosaldeko 18 udal kanpaina berean! Kanpainaren leloa "Egizu deklarazioa euskaraz" da, eta helburua da errenta aitorpena euskaraz egin dezagun. Iaz, %12k bakarrik egin zuen errenta aitorpena euskaraz eskualdean.


Jakin nahi duzu errenta euskaraz egiteko zer egin behar den? Jakin nahi duzu zure herrian zenbatek egiten duzuen deklarazioa euskaraz? Bada, egin klik hemen.

Read more...

2010/04/12

Egunkaria kasua: absoluzioa bai, baina...





Egunkaria kasuaren epaia dela eta, poza adierazi nahi izan digute semaforoaren lagun batzuek. Semaforoa ere poztu egiten da, nola ez, auziperatuak absolbitu izanaz. Nolanahi ere, absoluzioaz harago, gure egiten ditugu Juan Mari Torrealdairen hitzak:
Eta garaipena? Garaipena ere bada?, galdetzen diogu geure buruari. Absolbitu egin gaituzte, bai, baina amesgaizto honetan sartu ere Audientzia Nazionalak sartu gintuen. Eta nolako zazpi urteak izan diren!
Konturatu garenez, bestalde, sozialki oso barneratuta dago pertzeptzio hau atzo ezagututako epaiaren aurrean. Ez diogu poz hori ukatuko euskal gizarteari, bere baitan hala barneratu badu. Beti ere kontuan hartuta, besteak beste, auzia oraindik itxi gabe dagoela, pieza ekonomikoa oraindik hor dagoela, akusazioak Entzutegi Gorenarenaren aurrean aurkez dezakeen balizko helegitea ere hor egon daitekeela.
Adierazpen osoa irakurri nahi baduzu, sakatu hemen.

Read more...

Gmail eta Hotmail euskaraz jar daitezke







Ikusten duzuenez, Semaforoan atal berri bat ireki dugu: teknologia berriak. Izan ere, Pirux izeneko lagun bat semaforoarekin harremanetan jarri da, Gmail eta Hotmail nola euskaratu azaltzeko. Hona hemen zer idatzi digun:

Hotmail eta Gmail euskaraz dira, baina ez askok ez daki.
Ezinbestekoa da zuk ere euskaraz erabiltzea! Euskarazko kontu kopurua kontabilizatzen dute, eta honen arabera erabaki asko hartzen dira.

Oso erraza da aldatzea.

Read more...

"Alegian euskaraz bizi gara": Orain bai!





Semaforoan Alegiako kartel batzuk izan ditugu hizpide behin baino gehiagotan. Oraingoan, berriz, semaforo berdea eman nahi diogu udalari, "Alegian, euskaraz bizi gara" kartela jartzeagatik eta UEMAko kide dela erakusteagatik.

Argazkiko kartela Ikaztegietatik Alegiarako bidean dago.

Read more...

2010/04/09

Gaztelania jaun eta jabe eskualdeko postontzietan jasotako propagandan



Gaztelania da, zalantzarik gabe, Tolosaldeko etxeetako postontzietan jasotzen den propagandako hizkuntza nagusia: lau enpresatik hiruk gaztelania bakarrik edo gaztelania nagusiki erabiltzen dute.

Argazkian, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko eta Galtzaundiko kide bana daude: eskuetan euskarazko agiriak dituzte, eta hankanpean gaztelaniazkoak. Ikusten denez, euskara hutsezkoak hutsaren hurrena dira. Izan ere, 2009. urte osoan bi enpresak baino ez dituzte bidali gure etxeetara euskara hutsezko propaganda agiriak: iragarkilaburrak.com eta Renault Autoberri.


Segi irakurtzen


Galtzaundik eta UEMAk eskualdeko zortzi udalerritan egin dute neurketa, eta, guztira, 670 agiri neurtu dituzte. Neurketa Tolosaldeko zortzi herri hauetan egin dute: UEMAko lautan (Adunan, Iruran, Anoetan eta Alegian), eta beste lautan (Tolosan, Ibarran, Zizurkilen eta Villabonan).


Gainera, egitasmoaren baitan, Tolosa ez beste udalek gutunak bidali dizkiete enpresei euskararen presentzia gutxienez gaztelaniazkoaren parekoa izateko, baina udalen eskaerari ia inork ez dio jaramonik egin. Bi enpresak baino ez dute jarrera aldatu: Tolosako Berezi arropa dendak eta Anoetako Renault Autoberrik.


Agiriotako hizkuntza neurtzeaz gain, Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren laguntzarekin, Galtzaundik eta UEMAk legean arakatu dute jakiteko badagoen aukerarik publizitatean euskara erabil dezaten eskatzeko, eta ondorioztatu dute ez dagoela legezko oinarririk euskararen presentzia bermatzeko.

Eskualdeko eta herriz herriko datuak ikusteko, sakatu hemen.



Read more...

  ©Template by Dicas Blogger.