2011/03/31

Tolosan, skatezaleei gaztelaniaz eta zikinei euskaraz


Tolosako Idoiak mezu bat helarazi digu, joan den larunbatean Tolosan antolatu zuten skate pista berriaren inaugurazio ekitaldiaren harira:

Irakurtzen jarraitzeko, egin klik hemen


"Larunbat arratsaldean, inaugurazio festaren ondoren, skate txapelketa egin zuten, eta azken 20 minutuetan behintzat ez zuten hitzik egin euskaraz. Esatari gazte bat aritu zen isildu gabe, gaztelania hutsean. Lotsagarria iruditzen zait, alde batetik, Tolosako Udala tartean zegoelako, eta, bestetik, jarduera hori gaztetxoei zuzenduta zegoelako.


Antza denez, euskaldunak ez gara skatezaleak, baina bai zikinak. Izan ere, euskaldunoi euskaraz esan ziguten bakarra izan zen zakarrak zaborrontzietara botatzeko.

Ze mezu helarazi nahi diegu Tolosako eta inguruko herrietako gazteei, jarduera erakargarrienak gaztelaniaz antolatzen badizkiegu?"

Aitor Iztuetak ere salatu du gertaera hori, Tolosaldeko Hitzan, "Skate pistan, en español" artikuluan. Salaketa irakurri nahi baduzue, egin klik hemen.

Horrez gain, The indezents blogean ere skate kontuak izan dituzte hizpide: "Euskarak ez du Skate-rako balio".

OHARRA: Argazkia Tolosaldeko Hitzatik hartu dugu.

Read more...

2011/03/30

Asmazak/Asmazan (II): "Carruajes para Navarra por la calle mayor"


"Asmazak/Asmazan" sekzioari jarraipena eman dio Peio Arruabarrenak. Peiok facebook bidez goiko argazkia bidali digu, gaztelaniazko Tolosako kale izenen bildumarako. Peiok jakinarazi digu Gorriti enparantzan atera duela argazkia, Hostal Oyarbideren paretan.

Semaforoan asmakizun moduan jarri genuen beste hau: Plaza del Tolosa C.F. eta Calle de Berazubi.

Tolosan edo eskualdean horrelako gehiago ikusiz gero, ez eduki zalantzarik, atera argazkia eta bidali hona: euskararensemaforoa@gmail.com.

Hartara, nahiko genuke denon artean kale izenak euskalduntzea!

Read more...

2011/03/28

"5.000 baietz!", zertarako behar dira?




Argitu da "5.000 baietz" kanpainaren misterioa: errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpainaren leloa da. Tolosaldeko 18 udal, Galtzaundirekin eta Kontseiluarekin batera, errenta aitorpena euskaraz egin dezagun sustatzen ari dira, eta eskualdean 5.000 errenta aitorpen euskaraz egitea da erronka.

Prentsaurrekoan, errenta aitorpena euskaraz egiteko argibideak eman dituzte. Tolosaldekoentzat ez ezik gipuzkoar guztientzat ere balio du informazioak:

Segi irakurtzen


- Diputazioak etxera bidaltako proposamena telefonoz berretsi nahi badugu, telefono zenbaki honetara deitu behar dugu: 902 100 040. Une batean, mezu hau entzungo dugu: "Errentakoekin euskaraz egin nahi baduzu, sakatu BAT".

- Diputazioak etxera bidalitako proposamena internetez berretsi nahi badugu, webgune honetara sartu behar dugu: http://www.gipuzkoa.net/. Identifikatu ondoren, 3. pausoan, deklarazioa euskaraz nahi duzula adieraz dezakegu.

- Deklarazioa beste modu batean egiten baduzu (mekanizatua, gestoria baten bidez, Foru Aldundiaren egoitzara joanda…), euskaraz egiteko eska dezakezu.

Erraza, ezta? Baietz 5.000 errenta egin euskaraz! 5.000 baietz! Edo gehiago...

Read more...

Kanpaina Travel Clubi informazioa euskaraz eskatzeko


Lander Iruretagoineak sartean abian jarri duten kanpaina baten berri eman digu. Helburua da Travel Cluben informazioa euskaraz jasotzea.

Zer egin behar den jakiteko, Sustatura jo dezalezu.

Read more...

2011/03/25

Haurrak euskaraz erregistratzea: zilegi, baina zailegi



Semaforoaren lagunek dakiten moduan, hamaika guraso euren seme-alabak euskaraz erregistratzeko lan handia egiten ari da. Aste honetan bertan, eskualdean, Adunan, beste eskaera bat egin dute haurra euskaraz erregistratzeko.

Euskal Herriko hainbat tokitako guraso talde batek haurrak euskaraz erregistratzeko izan dituzten eta dituzten zailtasunak salatu dituzte. Prentsaurrekoa UEMAren eta Behatokiaren babesarekin egin dute; bertan, EAEn haurrak erregistratzea legez onartuta dagoen eskubidea dela adierazi dute.

Behatokiak jakinarazi duenez, Ibarran ere badago haurra euskaraz erregistratzea. Beraz, Tolosaldean 28 udalerritatik bitan egikaritu daiteke eskubide hori.

Prentsaurrekoari buruzko argibide gehiago nahi izanez gero, jo Behatokiaren webgunera.



Read more...

Villabonako Udalak toponimia ikerketaren emaitzak jendaurrean jarriko ditu




Villabonako Udalak toponimiari buruzko ikerketa egin du, IKERMAP enpresaren eskutik, eta bildutako leku-izen guztiak jendaurrean jarriko ditu, herritarren ekarpenak jasotze aldera.

Erakusketa martxoaren 25etik apirilaren 2ra egongo da irekita (astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan 11:00etatik 13:00etara) Gurea Zinemako erakusketa gelan.

Read more...

2011/03/24

Asmazak/Asmazan: non eta noiz atera dugu argazkia?


Asmazan/Asmazak! Non eta noiz atera dugu argazkia? Hona hemen aukerak:

A.- Caceseren, 1945ean.
B.- Tolosan, 1945ean.
C.- Caceresen, 2011n.
D.- Tolosan, 2011n.

Ikusi soluzioa


Zoritxarrez, erantzun zuzena D da.

Read more...

2011/03/23

Koldo Izagirre Tolosan: entzule pila bat eta hausnarketarako hamaika kontu



Argazkian ondo ikusten ez bada ere, Tolosako Kultur Etxeko aretoa lepo bete genuen Koldo Izagirreren hitzaldia entzutera joan ginenak. Ehun lagun inguru bildu ginen.

Galtzaundiren eskutik, idazle pasaitarrak euskararen zapalkuntzaren historiako pasarte batzuk ekarri zituen gogora; "Zapalketa gogor baten historia", bere hitzetan. Horrez gain, Jaurlaritzaren XXI. mendeko hizkuntz politikaren oinarrien argudio falta ere kritikatu zuen.

Joan ez zinetenok baduzue zer irakurria sarean; esate baterako, Galtzaundiren aldizkariaren 340. alean Koldo Izagirreri egindako elkarrizketa.


Read more...

2011/03/18

Euskaraeneak "Ahoz, hari eta ari" antolatu du





Mintzola Fundazioa Tolosako DBHko hiru ikastetxetan ahozko erabilera hobetzeko ikerketa praktikoa egiten ari dela-eta, Euskaraenearen baitan bilduta, elkarte, instituzio, ikastetxe eta komunikabide ezberdinek ere euskara eta ahozkotasuna landuko diren ekimen ugari antolatu dituzte.

Ekimenak "Ahoz, hari eta ari" lelopean egingo dira, martxoak 18 eta apirilak 15 artean.

Egitaraua eta antolatzaileak ikusteko, Galtzaundiren webgunera jo dezakezu.

Read more...

Villabonan euskara ikasteko aukera izango dute etorkinek (BANAIZGABARA elkartea)



BANAIZBAGARA elkarteak mezua bidali digu, Villabonan abian jarriko duten egitasmo bat dela eta. Hauxe da mezua:

Ba al duzu lagun etorkinik (edo bertan jaio arren ikasi ez duenik)? Hemen aukera bikaina lagun horientzat. BANAIZBAGARA elkartearen eskutik euskara ikasteko modu erraza. Zabaldu mezua!!!

Segi irakurtzen


Martxoaren 21etik aurrera Villabonan etorkinek euskara ikasteko egitasmo berria jarriko da martxan. Egitasmo hau ahozko komunikazioari zuzenduta dago, eta mahai baten inguruan eserita, hasieratik eguneroko bizitzako hitzak eta esamoldeak ikassi eta erabiliko ditugu, parte hartzaileei interesatzen zaizkien gaiak kontuan hartuz.

Taldea astelehenetan, arratsaldeko 19:45ean, Villabonako Gaztelekuan bilduko da (Kale Nagusia 79, 2. pisua).

Klaseak dohain izango dira, eta aurretik ez da beharrezkoa izango izena ematea. Ez da ikastaro mugatu bat izango.

Talde iraunkor bat sortzea da asmoa eta urte osoan zehar parte-hartzaile berriak sartzea posible izango da.

Euskarazko komunikazioa bilera horien "erdigunea" izango da, baina aldi berean herritarren arteko elkarbizitza eta kulturen arteko ezagutza bultzatu nahi ditugu egitasmo honen bidez. Zentzu honetan parte hartzeko interesa duten euskaldunek ere ongi etorriak izango dira, bai asteroko bileretan eta bai hilean behin antolatzeko asmoa ditugun kantaldietan.

Egitasmoaren antolatzaileak, Gipuzkoako beste herri batzuetan were etorkinentzako euskara taldeak dinamizatzen duern BANAIAZBAGARA elkartea eta Villabonako Udaleko Euskara Zerbitzua dira.

Informazioa gehiago: BANAIAZBAGARA Elkartea, Petra Elser, 645 733 818
Villabonako Euskara Zerbitzua: 943693 501

Horraino BANAIZBAGAREN mezua.

Bestalde, facebooken, Billabonako EHEren horman, soka luzea ekarri du kartela gaztelaniaz nagusiki gaztelaniaz egoteak.


Read more...

2011/03/15

Teknologia berriei buruzko saioa eskainiko du Hamaika Telebistak, 11.bit izenarekin


Hamaika Telebistak tarte bat eskainiko die teknologia berriei. Saioak 11.bit izena izango du, eta asteazkenero emango dute, martxoaren 16tik hasita, 19:45ean. Ordu erdi iraungo du saioak.

Saioan, albiste teknologikoak, bitxikeriak, aholku praktikoak, euskaraz martxan diren ekimenak eta beste hainbat kontu izango dituzte hizpide.

Saioa Azkue Fundazioarekin sinatutako hitzarmenaren baitan dago. Azkue Fundazioaren webgunean ere emango dute 11.bit.

Gu bezalako baldarrek ulertzeko modukoa izango ahal da!

Read more...

2011/03/08

Haurrak euskaraz erregistratzea: Ikaztegietar batek ere egin du eskaera



Ikaztegietar batek eskaera egin du haurra euskaraz erregistratzeko. Dagoeneko, gutxienez lau dira eskualdean eskaera egin eta erantzunaren zain daudenak: bat Adunan, bi Zizurkilen eta Ikaztegietakoa.

Haurrak euskaraz erregistratzeari eta eskaerei buruzko informazioa UEMAren webgunean daude. Ikusi nahi baduzu, egin klik hemen.

Read more...

Badago gurea bezalako herri bat 50 urteren buruan euskalduntzea?




Izenburuan botatako galderari erantzun borobila eman dio Mikel Hernández Abaituak: "Gurea lako herri bat 50 urtean euskaldundu daitekela uste dauenak ez daki ezer soziolinguistikaz. Hortik baikortasunak eta ezkortasunak".

Mikelek Bizkaie! aldizkarian egin ditu adierazpenak, "Azukre xehea, gatz larria" liburuaren harira. Elkarrizketa irakurtzeko, Bizkaie! aldizkariaren webgunera jo dezakezu.

Gaiarekin lotuta, hizkuntz politikaren errotiko aldaketa bat nondik etor litekeen ikusteko, artikulua idatzi du Gotzon Barandiaran idazleak Garan: "Euskalgintzak ebatzi".

Euskaldundu liteke gure herria 50 urtean? Horra hor galdera. Erantzunik edo gogoetarik baduzu, bidaliguzu: euskararensemaforoa@gmail.com.

Read more...

Gipuzkoan ez dago bermerik gidabaimeneko azterketa praktikoa euskaraz egiteko


Joxe Luis Iturriotz orexarra Beasaingo Igartza autoeskolako arduraduna da, eta Semaforoarekin solasaldia izan du. Salatu du gidabaimena ateratzeko azterketa praktikoa euskaraz egin nahi duenak ez duela bermerik azterketa euskaraz egiteko.


Hona hemen zer zer gertatu zitzaien azterketa praktikoa euskaraz egin nahi zuten batzuei, aste bat lehenago euskaraz egin nahi zutela jakinarazita: "Aztertzaileak bi aukera eman zizkiean euskaraz egin nahi zuten hiru laguni: gaztelaniaz egin edo etxera joan. Hori bai, dena edukazio onez eta errespetuz. Azkenean, gaztelaniaz egin zitiztean azterketa praktikoak".


Segi irakurtzen



SEMAFOROA: Gaur egun, baten batek gidabaimena atera nahi baldin badu, zer urrats egin behar dizkik, eta urrats horietako zer egin zezaketek euskaraz eta zer ez?

JOXE LUIS ITURRIOTZ (JLI): Autoeskolan matrikulatzen denak irakaskuntza teoriko guztia euskaraz jaso zezakek, gurean behintzat. B gidabaimena ateratzeko azterketa teorikoa ere egin zezakek euskaraz, guk duela bi urtetik eskaintzen diagu aukera hori, baina beste gidabaimenak ateratzekoak ez (kamioia, autobusa, motoa, atoia...).

SEMAFOROA: Zer gertatzen dek azterketa praktikoan?

JLI: Praktikoa ez zegok bermatuta euskaraz. Beren kabuz aztertzaile batzuk saiatzen ari dituk, baina arazoak zeudek. Tristea dek baina Trafikoko arduradunei aldez aurretik abisatu zieagu pertsona batzuek azterketa euskaraz egin nahi dutela, eta, gero, azterketaren egunean ez ziotek aukerarik eman euskaraz egiteko.

SEMAFOROA: Zer pasa huan zehazki?

JLI: Aztertzaileak bi aukera eman zizkiean euskaraz egin nahi zuten hiru laguni: gaztelaniaz egin edo etxera joan. Hori bai, dena edukazio onez eta errespetuz. Azkenean, gaztelaniaz egin zitiztean azterketa praktikoak.

SEMAFOROA: Ez zagok aztertzaile euskaldunik?

JLI: Baten batek ulertzen dik, beste batek borondatez egin izan dik euskaraz... Baina ez zegok mekanismorik euskaraz egin ahal izateko. Kontua dek aztertzaile taldeak 3 egunetan Donostian, egun batean Azpeitian eta beste batean Beasainen egiten dituztela azterketak, eta ez dutela ematen bermerik euskaraz egiteko. Guk nahi diagu azterketa euskaraz eskatzen duenak euskaraz egin ahal izatea.

SEMAFOROA: Hori lortze aldera, zer egin dek orain arte?

JLI: Alde batetik, idatziz bidali zieat eskaera, baina erantzuna berbera izan dek beti: Trafikoko Madrilgo arduradunei berbidali ziotek eskaera eta handik ez dek sekula erantzunik etorri.

SEMAFOROA: Berez, legez, euskaldun batek bazeukak eskubiderik azterketa praktikoa euskaraz egiteko?

JLI: UEMAren bidez, Behatokiarekin jarri ninduan harremanetan, eta Behatokiaren erantzuna izan huan ez dagoela inon halakorik idatzita, eta, horren ondorioz, Euskararen Legeak esandakoa bete behar dela; hau da, erakunde publikoekiko tratua administratuak nahi duen hizkuntza ofizialean egin behar dela. Azterketa praktikoa Trafikoren ardura denez eta hori erakunde publikoa denez, pentsatzekoa dek eskubidea badugula. Elebideri ere bidali zioat salaketa, baina oraindik ez diat erantzunik jaso.

SEMAFOROA: Zer-nolako pausoak emango dituk aurrerantzean eskubide hori berma dadin?

JLI: Idatzi bat prestatu diat, Trafikok neurriak har ditzan, eta nire asmoa dek idatzi hori Gipuzkoako ahalik eta autoeskola gehienek sinatu eta bidaltzea. Hori dek bide bat, eta bestea dek astez aste euskaldunek azterketa euskaraz egin nahi dutela aldez aurretik jakinaraztea.

SEMAFOROA: Hau Gipuzkoan bakarrik gertatzen dek?

JLI: Nik dakidala Bizkaian ez dek halakorik gertatzen, eta beste herrialdeetako egoeraren berri ez diat. Dena dela, seguru Katalunian ez dela horrelakorik gertatzen.

SEMAFOROA: Hik, adibidez, zer-nolako neurriak hartu dituk hire autoeskolan?

JLI: Debagoieneko Mankomunitateak konbenioa sinatu zien AEOL argitaletxearekin, eta, Unai Zuluaga Igorre autoeskolako arduradunak euskarara itzulita zeukana oinarri hartuta, euskarazko eskuliburuak argitaratu zitiztean. Horrez gain, informatika bidezko testak ere euskaratuta zeudek, eta multimedia programa bat ere bai. Gainera, diru laguntzak ere bazeudek euskarazko material hori erosteko. Guk, adibidez, Beasaingo Udalaren diru laguntza jaso genian.

SEMAFOROA: Batzuek pentsatuko diate euskaraz zailagoa dela gaztelaniaz baino.

JLI: Ez, hori ez dek egia. Euskaraz ondo moldatzen bahaiz, euskaraz ateratzea dek onena.

SEMAFOROA: Zorte on, Joxe Luis. Ea hemendik gutxira Trafikokoei Semaforoaren argi berdea ematen diegun.

JLI: Hala izan dadila.


Read more...

Eroskik euskarazko kultur produkzioak baztertzen ditu propaganda agirietan



Tolosako Julenek goiko argazkia eta komentario hau bidali digu posta elektronikoz:

"Hilabeteak dira fijatzen naizela, eta Tolosako Maxieroskiko paperezko propagandan ez dute inoiz iragartzen euskarazko kultur produkturik. Eroskik ez du inoiz euskarazko kultur produkturik sartzen paperezko propagandan, ez pelikularik, ez libururik, ez diskorik. Erabat salagarria iruditzen zait. Zergatik ez dago euskaraz?".

Julenez gain, Santi Leon ere Donostiako FNACen gertatutako pasadizo batetik abiatu da, saltoki handietako "normaltasunari" buruz hitz egiteko. Artikulua Berrian argitaratu da, "Normaltasuna" izenburuarekin.

Read more...

2011/03/03

Baina, badago ala ez dago euskarazko komikirik?




Dani Fanok berretsi egin du duela aste batzuk Semaforoan jaso genituen adierazpena: "Euskarazko komikia ez da existitzen". Hori bai, ñabardura bat eman dio: "Agian apokaliptikoegia naiz". Argia.com-en dago elkarrizketa.

Bestalde, Dani Fanoren aurreneko adierapenen harira, erantzun bat iritsi zaigu Arte Bizkarra Kulturgintza taldetik. Hauxe da:



Ikusi erantzuna


Gorka Velascoren "Gaur egungo BeHIak. Hezkuntzaz hausnartzen" aurkeztu zuen 2008an Getxoko VII Komiki Azokan. Liburu horretan, marrazki xume eta sotilak aho biko testuekin uztartuta, egileak hezkuntza eta irakaskuntzari buruzko hausnarketarako gonbitea luzatzen dio ikusle irakurleari.

Horren geroztik aurkezpen batzuk egin ditu.

Azkena Zaragozako IX Komiki Azokan (ikusi honen webgune ofizialean: http://www.saloncomiczaragoza.com/autores.html)

Info gehiago:

www.berria.info/.../«Institutu_guztiak_dira_BeHIak».htm

www.gaur8.info/edukiak/20090904/155095/Institutuak-BeHIak-hausnarketarako-larre-bihurtu-ditu-Gorka-Velascok

www.hikhasi.com/fitx/fitxategiaJeitsi.php?id=168&emota=2&dmota=pdf

www.deia.com/2010/03/05/bizkaia/margen-izquierda-encartaciones/vacas-con-mensaje

Bakoitza bere momentuan Euskadi Irratiko Tere Belokik, "Arratsaldekoak" saioan, Edurne Ayusok, "Amaruna", eta Onda Vascako Kike Alonsok elkarrizketa bana egin diote.

Informazio gehiago behar izanez gero.
artebizkarrakulturgintza@gmail.com

Read more...

Euskara ez da betebeharra izango EAEn, irrati lizentziak lortzeko


Euskal Autonomia Erkidegoan euskara ez da derrigorrezkoa izango FM irratien lizentzia lortzeko. Euskal Jaurlaritzaren ikus-entzunezko komunikazioko dekretu proiektuak meritutzat hartuko du, baina ez betebehartzat. Tokiko telebisten lizentzietarako, ordea, betebeharra izan zen.


Alderdi Popularrak 2008an egindako proposamena aintzat hartu du Jaurlaritzak, eta ez du portzentajerik jarriko.

Lehendik ere, eskualdeko irratien panorama ez da "oso euskalduna", Semaforoan salatu genuenez.

Albisteari buruz gehiago jakin nahi baduzu, Berriara jo dezakezu.

Koskak eta Arrosak alegazioak jarri dizkiote dekretuari: egin klik hemen.


Read more...

Euskara mozorroturik (Maite Asensio)


Maite Asensiok "Euskara mozorroturik" izeneko artikuluaren berri eman digu. Iñauterien giroan murgilduta gauden honetan, honako gogoeta hau kontuan hartzekoa iruditu zaigu:


"Oraindik ez dut ulertzen, urtean zehar euskaraz egin eta iñauterietan mozorroturik gazteleraz egiten duen jendea. Ez dakit urtean zehar mozorro baten atzean egoten diren, eta iñauterietan sentitzen dutena egiten duten edo alderantziz den. Noizbait zergaitia ulertzeko gai izango naizen ere ez dakit, horretara iritsi gabe, iñauteri euskaldunago batzuen zain geratuko baiz, beti ere datozen bezala hauetan gozatuz".

Artikulu osoa irakurtzeko, jo aisia.net webgunera.

Andu Lertxundik Berrian ere mozorroak eta hizkuntzaren erabilera izan ditu hizpide, "Mozorrar" artikuluan.

Read more...

  ©Template by Dicas Blogger.