2011/04/25

Hautagaiak, euskalakariak? (Rober Gutierrez)


Bukatu berri den Korrika eta hastear den hauteskunde kanpaina uztartuz, hautagaiak euskalakari izateak duen garrantzia mahaigaineratu du Rober Gutierrez Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak. Artikulua Berrian irakurri dugu, eta izenburua adierazgarria du: "Hautagaiak, euskalakariak?".


Irakurtzen jarraitzeko, egin klik hemen


Hona hemen zer dioen pasarte batean:

- "Hemen posible da hiri bateko edo gobernu bateko lehendakaria izatea bertako hizkuntzak ezagutu gabe, herritarrari bere hizkuntzan hitz egiteko gaitasunik izan gabe. Botoa ematen dugunean, aintzat hartzen al dugu aldagai hori?"

Galderak zer pentsatua eman dezake.

Semaforoan gai hori jorratu duen beste artikulu bat ere argitaratu dugu duela gutxi:

- Herri euskaldunetan hautagai euskaldunak sartzeko eskatu die UEMAk partiduei

Read more...

2011/04/20

Euskaldunak euskaraz ETBn: nork sortu zuen sinadurak biltzeko kanpaina?


Duela aste batzuk Semaforoan sinadura bilketa baten berri eman genuen. Helburua zen eta da Euskal Telebistako agintari eta langileei eskatzea ez eskatzeko euskaldunei erdaraz egin dezaten. Horren harira, Edurne Alegriak mezu hau bidali digu:

Badira 2 hilabete pasatxo "Euskaldunak Euskaraz ETBn" sinadura bilketa azaldu zela interneteko sareetan, eta jadanik 3.100dik gora atxikimendu jaso dira. Zer egiteko asmoa dago sinadura bildu eta gero? Iruditzen zait ekimena ez litzatekeela bere horretan utzi behar, eta kanpaina horren berri komunikabideetan zabaldu beharko litzatekeela, gero, EITBko agintariei sinadurak aurkezteko. Baina, ekimen horren sustatzaileak ezagutu beharko lirateke aldez aurretik, gauzak tajuz egitekotan. Norbaitek ba al daki nortzuk diren?

Semaforoaren Ikerketa Batzordea, behintzat, ikertzen hasita dago. Norbaitek ezer badaki, idatzi helbide honetara: euskararensemaforoa@gmail.com.

OHARRA: Argazkia Zuzeutik atera dugu, I. Aizpuruaren albiste batetik.

Read more...

2011/04/17

Korrika-17 bukatu da. Zer iradoki dizu aurtengo Korrikak?


Korrika-17 amaitu berri da, eta ezin uka hunkigarria izan dela. Azken metroak ikusi nahi badituzu, egin klik hemen.

Villabonako Korrika Herrikoiaren irudiak ere iritsi zaizkigu, bertako EHEren eskutik. Irudiak ikusteko, egin klik hemen.

Bukaera honetan, egoki iruditu zaigu aurtengo Korrikaren gainean sortu zaizkizuen gogoetak edo sentimenduak erantzunen atalean jasotzea. Zuena da hitza!

Abiapuntu giza, gogora ekarri nahi dugu Edurne Brouard Korrikaren arduradunak aurtengo Korrika hasi aurretik esandakoa:
irakurtzen jarraitzeko, egin klik hemen


"Euskaltegien lehentasunak ez dira aldatu. Gure misioa Euskal Herri euskalduna lortzea da eta horretarako oraindik badago lana egiteko, duda barik. AEK, bere jaiotzetik, hiltzeko sortu zen erakundea da. Zenbat eta lehenago hil, orduan eta arrakasta handiagoa bere misioan. Lehenengo Korrikatik 31 urte pasatu badira ere, oraindik euskaltegien lana aldarrikatuz, goraipatuz eta eginez aritzea penagarria da. Baina penagarria da, batez ere, irtenbidea eskuetan daukan horrentzat, eta ez, irtenbiderik gabe oraindik lanean dihardugunontzat. Apunta dezala dagokionak”.

Read more...

2011/04/15

Telefono konpainia zigortu eta bezero euskaldunari arrazoia eman diote epaitegian

Albisteak harri eta zur utzi gaituenez, ez dugu denborarik izan argazki bat bilatzeko, eta, egia esateko, ezta semaforoaren kolorea aukeratzeko ere.

Berriaren bidez jakinarazi dutenez, Bilboko Auzitegiak Vodafone zigortu du eta arrazoia eman dio bezero euskaldunari, telefono mugikorra euskaraz erabiltzeko aukera ez emateagatik. Albiste oso irakurri nahi baduzu, egin klik hemen.

Normala izan beharko litzatekeena gertatzea ona da? Eta normala izan beharko litzatekeena ontzat hartzea ez al da txarra? Zer merezi honek, semaforo berdea, gorria...?

Guk gogora ekarri nahi dugu Semaforoan landuta daukagula telefono konpainien eta euskararen gaia. Ikusi nahi baduzu, egin klik hemen.

Read more...

Hirukideko euskara teknikariak: "Ez al gabiltza ustez bakoitzari dagokion esparrua eta klientela zaintzen?






Kelsenekin egin bezala, Hirukide ikastetxearekin ere harremanetan jarri gara, biek ala biek irabazitako Bai Euskarari Sariaren aitzakiarekin. Hirukiden hiru hizkuntza teknikari dituzte: Joseba Antxustegietxarte, Maite Etxabarri eta Ane Lasa. Hiruron izenean erantzun dituzte Semaforoaren galderak, eta erantzunak ez dira inondik inora hutsalak izan.

Irakurtzen jarraitzeko, egin klik hemen


Lehenik eta behin, Hirukideren ibilbidearen eta egituraren zertzelada batzuk eman nahi ditugu: Hirukide 2003an sortu zen, eta, egun, 1.350 ikasle eta 130 langile inguru ditu. Tolosaldeko 0-18 urte bitarteko har eta gazteen heziketaz arduratzen dira ikastetxean (D ereduan), eta hiru gunetan daude: batean, Haur Eskola eta Haur Hezkuntza; beste batean, Lehen Hezkuntza; eta, hirugarrenean, Bigarren Hezkuntza.

SEMAFOROA: Zer eman dizue Ziurtagiriaren Elkarteak urte hauetan? Zer eman dizue lehendik ez zenutena?

JOSEBA, MAITE etaANE: Ziurtagiriaren Elkartearen laguntza eskertzekoa izan da, batez ere kanpo eragileekin (hornitzaile, administrazioa...) euskara arloan aurrerapausoak emateko errefeentziak eskaini dizkigulako.

Gainera, aurtengo sariari esker, batetik, gure lana eta izena hainbat lekutan ezagutzera eman dira, eta, bestetik, Tolosaldean gurekiko dauden aurreiritzi ikaragarri okerrak ouskatzeko aukera bikaina ere eman digu, erreferente izatearen konfiantza eta aurrera egiteko animoa.

SEMAFOROA: Euskalgintzako kide eta talde ugari ezagutza-erabilera korapiloa ezin askaturik dabiltza (euskara ezagutu bai, baina erabili ez). Zuek nola ikusten duzue korapilo hori eta zertan oinarritu zarete korapiloa askatzeko bidea jorratzeko?

JOSEBA, MAITE eta ANE: Zein da korapiloa lotu duena? Korapiloa askatu nahian gabiltzanok errua ez daukagulakoan gaude, baina zenabt ari gara elkarrekin lanean? Zenbat tokitatik ari gara aldi berean, batera, korapiloa askatzeko ahaleginean? Zenbaterainoko konplizitatea dugu? Ez al gabiltza ustez bakoitzari dagokion esparrua eta klientela zaintzen?

Guretzat, elkar-lana, sarea osatzea, inplikazioa eta emozioak kontuan izatea lagungarriak dira (Elhuyar eta Adimen Emozionaletik ateratako bizipenak dioena). Gainera, geroz eta garbiago daukagu denok aurrera egiteko, norberagandik hasita denon arteko osaketa eta ardura partekatua egon behar duela. Beraz, ikastetxearen inguruan dauden eragile guztien parte-hartze eta inplikazioa bultzatzen ahalegintzen gara (ikasle, langile eta familiak). Denon artean erantzun behar diogulako erronka honi.

Horrela, jolas orduetan, aisialdian, kiroletan... hau da, arlo ez-formaletan erabilera bultzatzea daukagu helburu nagusia.

Bestalde, Tolosako beste eragileekin elkarlana ezinbestekoa da ikasleek herrian ere euskaraz hitz egin dezaten.

SEMAFOROA:Ikasleak eta ikasleen gurasoak konturatzen al dira euskararen normalizazioaren alde egiten duzuen lanaz?

JOSEBA, MAITE eta ANE: Sari honek bereziki ilusioa egin digu, ez delako guk bilatu edo eskatu dugun gauza bat, kanpo eragile batek, hainbat eta hainbat elkarterekin lan egiten duenak gure lana azpimarratu duelako. Guk, saria, familiei eskaintzen diegu. Eurek Hirukiden jarri duten konfiantza aukera ona izan delako, eta hori ez dugu guk esaten, kanpokoek baizik.

SEMAFOROA: Ikastetxera joaten direnen artean denetarik duzue: euskaraz bizi diren familiak, euskaraz erdizka dakitenak, batere ez dakitenak... Zer-nola jokatzen duzue talde horiekin? Denekin berdin?

JOSEBA, MAITE eta ANE: Familia tipologia bakoitzari erantzun egokiena ematen ahalegintzen gara, eta hor azpimarratu behar dugu Hezkuntza Komunitatearen esfortzua denok batera ekiteko. Hirukidek Tolosaldean soziologikoki dagokion zati bati erantzuten dio. Hor, eta azkar azalduz, batetik, betiko euskaldunak dauzkagu, bestetik "toloxar kaletarrak", eta, azkenik, etorri berriak.

Tutoreok izugarrizko lana egiten dugu erantzun egokia emanez guztiak euskalduntzeko; beste kontu bat da talde bakoitzak duen erabilerarako kontzientzia eta borondatea, bakoitzak dituen ezaugarrien abiapuntuak ezberdinak izanik, helmuga ezberdina delako. Noski, euskaldun-euskaldunekin denok errazago asmatzen dugu.

SEMAFOROA: Gazteak eta euskara. Horra beste erronka bat. Egia al da ume izatetik nerabe izatera pasatzean hizkuntza aldatu ohi dutela edo hori mito bat da? Zuek nola ikusten duzue 12-16 urte artekoek euskararekin duten harremana?

JOSEBA, MAITE eta ANE: Egia borobila da; urtero, neurketek horixe adierazten digute; helduen eredua oso garrantzitsua da, baita gazteek eurek esanda, egiten duten kultura- eta aisialdi kontsumoa: zinea, musika... DBHn nabarmena da; gerora eta haiekin hausnarketak bideratuta, Batxilergoan hasten dira kontzientzia hartzen eta borondateak (hizkuntzarekiko hautuak) hor garrantzi handia du.

Ohitura kontua ere ba omen da, eurek esanda; eta ohitura horiek aldatzea oso zaila ikusten dute.

Argi dago etxeko egoerak baldintzatzen duela neurri handian euskararen erabilera; etxeko transmisioa eteten bada, askoz zailagoa da eskolatik hori bultzatzea; ikasleak ez dira bizi isolaturik; hortaz, beste eremuetan eragitea oso garrantzitsua da; batez ere ez-formaletan, aisialdian, kiroletan, eta hor jarri nahi ditugu gure hurrengo erronkak; sintonia estuan ahalegindu beharko ginateke gurasoak, irakasleak, begiraleak, entrenatzaileak... erronka honen aurrean.

SEMAFOROA: Bai Euskarari Sariak jaso dituzten biak Tolosaldekoak zarete (Kelsen eta Hirukide). Kasualitatea ote? Tolosaldean aukera handiagoa al dago beste eskualde batzuetan baino euskararen normalizazioan neurri aurrerakoiagoak edo ausartagoak hartzeko?

JOSEBA, MAITE eta ANE: Tolosak berak baino, inguruak eragiten du aukera horretan, eta ikusi besterik ez dago asteburuetan eta feria egunetan gertatzen dena; alegia, euskara gehiago entzuten dela; kalean, berriz, eta azterketa soziologikoek ere horrela adierazten dute, Tolosa beti izan da nahiko berezi: gerra aurretik ere lehenengoetakoa izan omen zen gaztelaniara jotzeko, baina berreskurapena hasi zenean, inon baino gehiago egin ziren aurrerapausoak; orain, berriz, eta datuen arabera, egonkortu egin omen da erabilera, eta, ezagutzaren aldean, espero baino eskasagoa omen da.

Tolosak eskualdeari ez dio erantzun egokia ematen, eta ikastetxeok euskaldundu ditugun gazteei ere ez. Euskara Hezkuntzatik soilik lantzen bada, emaitza positiboak hezkuntzatik soilik etorriko dira. Gizarteko beste arloetan petatxoak jarriz ezin da aurrera egin, gehienez, toki berean geratuko gara. Gu etxeko lanak egiten ari gara.

SEMAFOROA: Gipuzkoako Hitzan egindako elkarrizketan adierazi duzu eragileok indarrak bildu behar ditugula. Zer-nolako egituratan bildu beharko ginateke eta zertarako?

JOSEBA, MAITE eta ANE: Euskarari egitura zatituak eta egonkortasun eskasekoak kalte egiten diotela jakin badakigu. Instituzioak herri mugimenduen edo erakunde pribatuen lankidetzarekin elkarlanean arituz, hortik etorriko da bidea. Zertarako? Euskara gizarte eleanitzeko bizkarrezur bezala jartzeko.

Horretara heltzen garen bitartean, Tolosaldean bada euskaraz gauzak egin eta euskaraz indarrak jartzen dituen elkarte xumea, anitza eta denon bilgunea izan daitekeena: Galtzaundi.









Read more...

2011/04/13

Korrika-17: beste Tolosa batean ere bai...


Beste Tolosa batetik ere igaro da Korrika-17. Eta Shangaitik, eta Bartzelonatik, eta Madrildik, eta Berlindik...

Bideoak ikusi nahi badituzu, egin klik hemen. Eta argazkiak ikusi nahi badituzu, egin klik hemen.

Read more...

Korrika-17: gaur etorri da, eta igandean gu joango gara


Etorri da, hunkitu gaitu eta alde egin du.

Goiko argazkia Villabonan aterata dago, eta Aiurritik hartu dugu.

Korrika.org webgunean, Irurako puskaren bideoa dugu ikusgai. eta Tolosaldeko Hitzan Tolosaldeko ibilbidea, herriz herri. Krixton bideuak dira!

Baina Korrika ez da bukatu. Korrikarekin badugu beste hitzordu bat: igandean, denok Donostiara!

Aizue, eta gogoan hartu eskualdeko AEK-k laguntza eskatu digula.


Read more...

2011/04/12

Hasi da errentaren kanpaina: 5.000 baietz!



Iritsi da errenta aitorpena egiteko garaia, eta eskualdean 5.000 deklarazio euskaraz egiteko erronkari heldu nahi diogu.

Tolosaldean eta Gipuzkoa osoa errenta aitorpena euskaraz nola egin jakin nahi baduzu, "5.000 baietz!" kanpainaren esku-orria deskargatu dezakezu hemen.

Read more...

2011/04/06

Ingelesez ETBko euskarazko kateetan? (Oier Aranzabal)




Oier Aranzabalek ETBko euskarazko kateetan ingelesa sartzeari buruz jardun du Zuzeun. Kate horietan ingelesa sartzea egokia al den aztertu du, eta, tartean "Sagarra da Apple" eta "Teletubbieak" izan ditu aipagai. Guk argi daukagu: aukeran, nahiago euskaraz.

Oierren artikulua irakurri nahi baduzu, egin klik hemen. Albisteak erantzun andana eragin du.

Argazkia ere Zuzeutik hartu dugu, Oierren artikulutik.

Read more...

2011/04/04

Korrika-17: azken egunerako laguntza eskaera (AEK)



Korrika 17 apirilaren 7an hasiko da Trebiñun, eta apirilaren 17an amaituko da Donostian. Hori dela eta, AEK-koek mezu hau bidali digute:

"Aurten, beraz, aspaldiko partez Gipuzkoan amaituko da, hori dela eta gipuzkoarroi korrika amaiera ahalik eta arrakastatsuen eta ahalik eta ondoen atera dadin lan egitea egokitu zaigu.

Segi irakurtzen


Andoaingo eta Tolosaldeko AEKri apirilaren 17an montaia lanetan aritzea egokitu zaigu eta lanaldia goizeko 08:00etan hasi eta eguerdiko 12:00etan amaituko da. Horretarako 30 laguneko lan taldea osatu behar dugu eta laguntza behar dugu.

Laguntza eman nahi duen orok informazio gehiago nahi izanez gero edota zuzenean laguntza emateko izena eman nahi duenak Andoaingo AEK euskaltegiaren egoitzara etor daiteke. Horrez gain andoain@aek.org helbidera ere idatz dezake edo bestela, 943-591704 telefonora dei dezake.



APIRILAREN 17AN DONOSTIARA!"



Korrikaren ibilbideari jarraitzeko, webgune honetara jo dezakezu: www.korrika.org

Read more...

2011/04/01

UEMAk topaketa antolatu du, hizkuntz ekologiaz eta lurralde euskaldunez jarduteko



Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak mezua igorri digu, hizkuntz ekologiari eta lurralde euskaldunei buruzko topaketa antolatu duela jakinarazteko. Topaketan, bi gai hauek landuko dituzte: mankomunitatearen 20 urteko ibilbidea eta hizkuntz ekologia.

Topaketaren baitan bereziki garrantzitsua izango da Albert Bastardas katalanaren ekarpena. Bastardas Bartzelonako Unibertsitateko irakasle katedraduna da, eta hainbat esparru ikertu ditu: hizkuntz ekologia, hizkuntz normalizazio prozesuak, hizkuntza eta identitatea, Kataluniako eta Espainiar estatuko hizkuntz aniztasuna...

Topaketa Azpeitian izango da, apirilaren 14an. Izena emateko edo informazio gehiago eskuratzeko, UEMAren webgunera jo dezakezu.

Read more...

Egin dezagun barre pixka bat: eta gauzak alderantziz balira?


Zer gertatuko litzateke euskalduna erdaldunaren tokian eta erdalduna euskaldunaren tokian jarriko bagenitu? Bideo hauek pista bat eman diezagukete... Sakatu izenburuan eta egin barre pixka bat!


Erdara zerbitzua: Horiek lanak dituztenak Erdara Zerbitzukoek kartelak erdaratzeko!

CACA zertifikatua: Euskalduna lan bila joan da, eta dena ondo doa CACA eskatu dioten arte (Certificado de Aptitud Castellana).

Quilometros: 2075, Trebiño. Milaka lagun elkartu dira galtzear dagoen gaztelania indartu eta aldarrikatzeko.

Read more...

  ©Template by Dicas Blogger.