"Lehen hitzetik zerbitzua euskaraz" jarri dute abian Tolosako dendetan
Abenduaren 20tik aurrera "Lehen hitzetik zerbitzua euskaraz" kartelak ikusiko zenituzten Tolosako denda askotan. Kartelak kanpaina baten isla dira, eta kanpainaren helburua da dendariak eta bezeroak gonbidatzea salerosketan Tolosan berezko den hizkuntza, euskara, erabiltzera. Egitasmoan eragile hauek ari dira elkarlanean: Galtzaundi, Kontseilua, Tolosako Udaleko Euskara zerbitzua, Tolosa&Co eta hiru ikastetxe (Orixe, Laskorain eta Hirukide).
Ekimenak hiru atal izan ditu: jakintzaren behaketa, erabileraren behaketa eta hizkuntza paisaiaren behaketa.
Jakintzaren behaketa Tolosa&Co elkartearen ardura izan da. Dendetan inkesta bat banatu dute, jendaurreko langileen hizkuntza maila ezagutzeko. Horrez gain, Tolosan euskara ikasteko dauden aukeren gaineko informazioa banatu dute.
Erabileraren behaketan, hiru ikastetxeetako 27 ikasle aritu dira. 75 dendatan, 200 elkarrizketa egin dituzte, bezeroen eta langileen arteko hizkuntz jarrerak behatzen. Hona hemen datuak: elkarrizketen %47 euskaraz egin dira, %24 gaztelaniaz eta %29 ele biz. Elebitako horietatik %50ean agurra baino ez da izan euskaraz; hau da, beste guztia gaztelaniaz izan da.
Hizkuntza paisaiaren arduradunak Galtzaundi eta Kontseilua izan dira.
Eragileek prentsaurrekoan ekimena baloratu dute.
Kontseiluko ordezkariak eskerrak eman dizkie parte hartzaile guztiei, horrelako lanketak aberasgarriak direlako eta euskararen egoera barneratzeko aukera dutelako.
Galtzaundiko ordezkariak aurreratu du datu onak espero dituztela eta azterketa burututakoan merkatari elkartera eta udaleko euskara zerbitzura igorriko dutela azterketa osoa.
Tolosako Udaleko ordezkariak dendarien eragina nabarmendu dute eta iragarri dute eragileekin elkarlanean jarraituko duela gisa horretako kanpainak bultzatzen.
Tolosa&Co-ko ordezkariak adierazi du Tolosan euskaraz erosteko aukera dagoela, euskararen aldeko apustua egiten dutela eta horretan ahaleginduko direla aurrerantzean ere.
Ekimenari buruz gehiago jakin nahi baduzu: jo Galtzaundiren webgunera edo Tolosaldeko Hitzara.