2010/10/08

Bi andoaindarrek eskaera egin diote Tolosako Erregistro Zibilari haurra euskaraz erregistratzeko


Haizea eta Iñaki andoaindarrak guraso izango dira azaroaren 11ren bueltan. Haurra jaio ondoren zer tramite administratibo egin behar diren ikusten hasi direnean, sekulako ustekabea izan dute: gaur egun ezin da seme-alaba euskaraz erregistratu ez Andoainen, ez Tolosaldeko bake epaitegi bakar batean ere; Tolosako Erregistro Zibilean bai, ordea.

Hori dela eta, Tolosako Erregistro Zibileko arduradunari eskaera egin diote haurra jaiotzerako Andoainen euskaraz erregistratzeko bidea egin dezan. Legea alde dute, baina errealitatea aurka.

Semaforoa Iñakirekin egon da eskaera egin duenean. Hona hemen zer kontatu digun:
Segi irakurtzen

SEMAFOROA: Zergatik egin duzue eskaera?

Iñaki: Batetik, umea eduki ondoren ze tramite egin behar genituen begiratzen hasi ginen, eta ez zitzaigun burutik pasa ere egiten euskaraz egin ezin zitezkeenik. Tristea da: tramite batzuk ezin dira euskaraz egin, eta tokatu arte ez zara konturatzen.

SEMAFOROA: Egoera kafkiarra da, gainera. Izan ere, toki batzuetan egin daiteke baina beste batzuetan ez.

Iñaki: Ulertzen zaila da. Leku batzuetan bai, eta beste batzuetan ez. Eskubidea dugu hori egiteko, eta legean jasota dago eskubide hori, baina, segun eta non jaiotzen den haurra, egin dezakezu edo ez. Ez dago erraz ulertzerik. Zoritxarrez, toki batzuetan eskubideak exijitu behar ditugu.

SEMAFOROA: Zertan dago oinarrituta zuen eskaera?

Iñaki: Berrian eta Semaforoan irakurri genuen Usurbilgo gurasoen salaketa, eta UEMA eta Behatokia laguntza eskaintzeko prest zeudela jakin genuen. Haiekin harremanetan jarri eta eskaera eredua helarazi ziguten. Eskaeraren oinarria da haurra jaio aurretik jakinaraztea euskaraz erregistratu nahi dugula eta behar dituzten neurriak har ditzatela, dela euskarazko liburu bat jarrita (Aretxabaletan bezala), dela aplikazio informatiko bat instalatuta.

SEMAFOROA: Zer esan dizuete [Andoaingo] Bake Epaitegian?

Iñaki: Eskaera Tolosako Erregistro Zibilera bideratuko dutela eta handik iritsiko dela erantzuna. Badakite zenbait tokitan posible dela, eskubideak egikaritu daitezkeela, baina Andoainen oraindik Jaurlaritzak ez die sistema informatikoa egokitu. Espero dugu erantzuna haurra jaio aurretik iristea; bestela, berandu izango da guretzat. Esango dizuegu erantzuna iristen zaigunean.

SEMAFOROA: Zer esango zenieke egoera berean dauden gurasoei?

Iñaki: Aitei eta amei inplikatzeko esango nieke. Eskubideak errealitate bihurtzeko, mugitu beharra dago. Oso erraza da eskaera egitea. Gainera, iragarri dute urte bukaerarako euskaraz erregistratzea posible izango dela, baina erakundeek jakin behar dute euskaldunak ez garela horren zain geratuko, ez gaudela pasibo.

SEMAFOROA: Eta istorio honetatik zer ondorio pertsonal atera duzu?

Iñaki: Galdera horri erantzuteko Ruper Ordorikaren kantu bat etorri zait burura: “Inork ez zidan esan euskaldun izatea zein nekeza dan, hobe nuela munduko hiritar izatea”. Baina nekeza den arren, ahaleginak beti merezi du. Gai hauek ezin dute bakar batzuen arazo huts bilakatu, eta gero eta jende gehiagok parte hartzen badu, lorpenak helduko dira.

Semaforoak onena opa die Haizeari eta Iñakiri bere bizitza berrirako. Ea laster albiste onak ditugun!

Read more...

2010/10/06

Euskara ikasteko, zure laguntza nahi du Asierrek



Durangoko Asierrek AEKn eman du izena, baina ez da ikasle arrunta. Ez, horixe! Astero bideo bat jarriko du Youtuben, nahi duenak berak egindako akatsak zuzentzeko.

Dagoeneko igo ditu pare bat bideo. Ikusi nahi badituzu, egin klik hemen.

Read more...

Nafarroa Oinez 2010: Tolosaldetik Atarrabiara, eta "Txikiak mundura"


Aurtengo Nafarroa Oinez Atarrabian izan da, "Munduz mundu" lelopean. Joan ginenontzat nahiz joan ez zirenentzat badago aukera oraindik haiei laguntzeko: Webgune bat ireki dute, eta, bertan, "Txikiak handi manifestua" jarri dute, hizkuntz txikiek ere bizirik iraun behar dutela aldarrikatzeko.

Helburua ahalik eta lagun gehienak sinatzea da. Sinatu nahi baduzu, sartu webgunean "Txikiak mundura" atalean.

Read more...

2010/10/04

Atera arbela kalera!


AEK-koak Semaforoarekin jarri dira harremanetan, "Atera arbela kalera!" ekimenaren berri emateko.

Segi irakurtzen


Izan ere, zabalik da mintzapraktika programetan parte hartu nahi dutenek izena emateko epea. Adin, zaletasun eta euskara maila guztietako jendeak parte hartzera dei egiten du kanpaina berriak, "Atera arbela kalera" lemapean. Bideoa ere prestatu dute: ikusteko, egin klik hemen.

Horrenbestez, 10-11 ikasturtean mintzapraktika programa batean parte hartu nahi duten guztiek eman dezakete izena jada Euskal Herrian diren 70tik gorako egitasmoren batean. Mintzapraktika programetan edozeinek har dezake parte, berdin dio euskaldun zaharra, euskaltegiko ikasle ohia edo euskaltegiko ikaslea izan. Kanpaina honetan azpimarratu nahi dena zera da: euskara euskaltegitik kanpo egin eta entzun behar dugula, arbela atera nahi dugula, alegia.

Mintzapraktika programa euskaraz hitz egiteko ohitura duten pertsonak euskaraz hitz egiteko ohiturarik ez dutenekin elkartzean datza. Hori dela eta, Euskal Herriko lurralde guztietako hiri, herri eta auzoetan hainbat dira martxan dauden mintzapraktika programak. Egitasmoetako partaideek EHUko kredituak eskuratu ahal dituzte, bidaia eta egonaldietarako deskontuak, AIZU! eta Berria merkeago, eta beste hainbat abantaila.

Informazio gehiago nahi baduzue, egin klik hemen.

Read more...

2010/09/30

Tolosaldeko 27 herritan ezin dira haurrak euskaraz erregistratu




Laster aita/ama izango zara? Badakizu haurra jaiotakoan egin beharreko lehenengo tramite administratiboa haurra erregistratzea dela? Badakizu haurra jaio den herrian edo gurasoen bizitokian bakarrik erregistratu ahal izango duzula? Badakizu eskualdean Tolosan bakarrik dagoela haurrak euskaraz erregistratzeko aukera? Zilegi da hori, XXI. mendean?

Usurbilen hiru gurasok (argazkian) eskaera egin dute haurra euskaraz erregistratzeko, eta horrek soka luzea ekarri du prentsan: Berrian, Garan, Diario Vascon...

Behatokiak eta UEMAk dei egin diete gurasoei bake epaitegietan eta erregistro zibiletan haurrak euskaraz erregistratzeko eskaerak egiteko, euskarazko aukera lehenbailehen jar dezaten lortzeko.

Beraz, guraso izango bazara, eskaera ahalik eta lasterren jartzea komeni zaizu; hau da, haurra jaio baino lehen. Horretarako, jarri harremanetan Behatokiarekin (902194332) edo UEMArekin (943260372).


Read more...

2010/09/28

Gaztelaniak euskara estali du eitb.com-en



Bagenekien noentiendotarrak nagusi zirela EAEko legebiltzarrean, eta bagenekien diskurtsoetan euskarazko jarduna ez zela gaztelaniakoaren adinakoa izango.



Baina ez genekien eitb.com-ek gaztelaniaren alde euskara estaltzeraino egingo zuenik. Sustatun salatu dutenez, eitb.com-en azken saioa streaming bidez eman zuten, eta euskarazko jarduna gaztelaniazko itzulpenak estali zuen. Hau da, euskaldunei euskaraz entzun ordez, gaztelaniazko itzulpena entzuten zuten.

Anekdota hutsa da edo adibide argigarria?

Read more...

2010/09/27

LEHEN HITZETIK ZERBITZUA EUSKARAZ (Zigor Etxeburua)








Azken hogei urteotan, euskalgintzak behin eta berriz azpimarratu du nahitaezkoa dela alor-sozioekonomikoaren euskalduntzea, euskararen berreskurapen-prozesuan aldaketa kualitatiboa lortzeko.
Segi irakurtzen
Norbanako helduon eguneroko bizipen eta harreman gehienak lan-munduaren eta aisiaren eremuetan egiten ditugu, gure eguneko denbora-tarte ia osoa ematen baitugu horretan (lana eta lantokia, zerbitzuen eskaintza, aisia, bezeroak). Eta edonork ziurta dezakeenez, Euskal Herriko gizarte-bizitzan gaztelaniak eta frantsesak euskarak baino erabilpen askoz ere handiagoa dute, euskarak hainbat esparru erabat arrotz izateraino. Era berean, eta hizkuntzen erabilera sozialari loturik, hizkuntza hegemonikoek ez dute euren abiada moteltzen; aitzitik, bizkortu eta bizkortu ari dira, eta gurearen tamainako hizkuntzek egunerokoa dute bizirik irauteko ahalegina egin beharra. Horiek hala, eta jakinik harremanak beti hizkuntzaren batean egiten direla, bizkor ondoriozta daiteke ez dela euskararen egoera normalduko gizarte-bizitza euskaldundu gabe. Euskarak funtzio guztiak berreskuratu behar ditu, euskarak ez baitu etorkizunik izango erabiltzen ez bada (Baña nik, izkuntza larrekoa, nai aunat ere noranaikoa, X. Lizardi). Horretaz jabeturik, euskalgintzak sentiberatze-lan handia egin du gizarte-eragile eta entitateek bat egiteko euskara normalizatzeko helburuarekin, eta egitasmo ugari garatu ditu arlo sozioekonomikoan jarduten duten entitateen hizkuntza-normalizazioa laguntzeko. Lorpenak ugariak izan dira, ehunka baitira euskaraz lan egitera iristeko bidean abiatu diren entitateak.
Baina, helburu horretara iristeko funtsezko arazo bat dago, euskaraz bizitzeko hautuak aurrez aurre duela euskal herritar gehienek euskara ez ezagutzea. Euskalgintzak aspaldi erreparatu zion horren garrantziari, eta ikastolak, gau eskolak zein euskaltegiak antolatu zituen, arazoari ganoraz eutsiz. Urteotan aurrerapausoak egin dira gazteen euskalduntzean, egiteke gehiegi dagoen arren. Eta aitortza handiena merezi dute helduaroan euskara ikasteko ahalegina egin duten milaka euskal herritarrek. Hala eta guztiz ere, hori guztia ez da nahikoa izan, eta gazte euskaldunek eskolako ataria igaro bezain pronto topatzen duten gizarte-bizitza erabat erdalduna da. Hori azaltzeko hiru eragile eta hiru arrazoi daudela esan daiteke. Eragileak, partiketa administratibo bakoitzeko instituzio nagusiak. Hau da, Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua; Iparraldeari dagokionez, instituziorik eza bera izan da eragilea. Eta arrazoiak, lehena, eragile horiek sustatu ez izana heldu guztiok euskara nahikotasunez ikastera iristeko adinako ekimenik (horrek berekin dituen inplikazio politikoengatik). Bigarrena, instituzio horiek gazteen hala moduzko euskalduntzea sustatzera mugatu izana. Eta azkena, euskararen erabilera norbanakoon borondatearen eta gazteen sorbalden gain utzi izana, (adibidez, Jaurlaritzak are eta gehiago kamustu du berez nahikoa ahula zen Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideei buruzko Dekretua, euskaraz artatzen ez duenari zigorrak ezartzeko aukera baztertuz). Beste administrazioek hori aurreikusi ere ez dute egin. Azken horri loturik, badago nahikoa aztertu ez den beste aldagai ‘pertsonalago’ bat, bi erdaren nagusigo posizioa, eta horrek eragiten duen euskaldunon gutxiagotasun-konplexua. Erdaldunek badakite euskaldunok nahitaez gaztelaniaz edo frantsesez jakin badakigula, eta horretaz baliatzen dira asko beren erantzukizunei iskin egiteko. Era berean, euskaldun gehiegik azaltzen du praktikarik ez duen ‘euskararen aldeko’ jarrera.
Beraz, euskararen erabilera orokortzera iristeko bi erronka nagusiek bete gabe jarraitzen dute: euskaraz bizi ahal izatea legez bermatzea eta euskararen ezagutza unibertsala lortzea. Inpase egoeran gaude. Ataka horretatik ateratzeko, zerbitzuen alorra eragin nahi duen ‘Lehen hitzetik zerbitzua euskaraz’ eragite-ekintza jarri du abian Kontseiluak, euskalgintzak abiatutako bideari eutsi eta are indar handiagoa eman nahirik. Eman lezake ingurumari ekonomikoa ez dela euskararen eskakizunaren alde egiteko egokiena, mundu mailako krisiaren erdian egonik. Baina, krisi garai hau euskararentzat aukera bilakatu beharra dago. Zerbitzuen arloaren ezaugarria da, hizkuntza ezagutu eta erabili behar izateaz gain, bezeroen nahiak asetzea dela helburu. Guztiok bezero izan gaitezkeela baliatuz, euskaldunon eragiletza bultzatu nahi dugu esparru horretan. Harreman komertzialetan, langileen eta bezeroen artean euskaraz hitz egin ahal izatea eta euskaraz hitz egitea eragin nahi da, euskara zerbitzu-hizkuntza izatea. Horretarako, kanpainan parte hartu nahi duten herrietan, euskaldunei dei egingo zaie euskaraz bizi daitezen, erosketak euskaraz egin ditzaten, euskarazko zerbitzuak eska ditzaten. Euskaraz artatuak izan nahi dugula jakinarazi, eta euskaraz nahikotasunez moldatzen ez denari hizkuntza ikastea proposatu. Jadanik ez baitute balio ‘no entiendo’ edota ‘je ne comprend pas’ bezalakoek. Euskaldunon kontzientziatuok euskaraz bizitzeko jarrera geure egin eta indartuz gero, bizkortu dezakegu eragile sozial eta politikoek euskararekiko jokabide aktiboak izatea. Gonbidatuta zaudete euskararentzat garatu eta zabaldu nahi ditugun esparruotan eragitera. Zerbitzu-emaile euskaldunak aukeratu nahi ditugulako, euskaraz bizi nahi dugulako.

Zigor Etxeburua Urkizu
Kontseiluko kidea

Read more...

  ©Template by Dicas Blogger.