2010/08/31

Reala eta "Euskararekin bat": hausnarketarako kontu batzuk



Futbol liga hasi den honetan, eta Realaren elastiko txuri-urdin berrian nonahi ikusten hasi garen honetan, komeni da Realarekin eta euskararekin lotura duen gau bat gogora ekartzea: Gipuzkoako Foru Aldundiak 1.200.000 euro eman(go) dizkio Realari, elastikoetan "Euskararekin bat" leloa eramateagatik eta euskararen aldeko neurri batzuk hartzeagatik (tartean, euskara plana abian jartzea).


Segi irakurtzen


Etorkizunera begira jarri aurretik, begira diezaiogun egungo egoerari. Realak Bai Euskarari Ziurtagiria du, "Bidean" mailan. Zer gertatzen da, euskaraz mailaz igotzeko diru laguntza behar duela? Beste enpresa batzuek beren poltsikotik ordaintzen dute euskararen alde hartzen dituzten neurriak. Realak ezin du hori egin?

Beste batzuek askoz gutxiagorekin konformatu behar dute. Euskararen normalizazioari dagokionez, zer-nolako ekarpena egingo dio Realari emandako dirutzak? Foru Aldundiak ez du bestelako lehentasunik? Demagogoa izatea leporatuko digute, baina demagogoagoa da errealitatea: bestelako diru laguntzak murrizten dituzten garaian, Realari halako dirutza ematea ere! Ez dago euskararen normalizazioan gauza hoberik 1.200.000 eurorekin egiteko?

Realeko jokalariek ez dute euskara planik behar izan, igoerako ospakizunetan euskara sano-sano erabiltzeko, eta, horregatik, zoriondu egin dituzte, gainera. Zoriondu egin behar dira euskaldunak jendaurrean euskaraz egiteagatik?

Zoriontzeko motibo askorik ematen ez duena Jokin Aperribay Realeko presidentea da. Eska diezaiokegu dirutza jasoko duen kirol elkarteko presidenteari euskararen aldeko konpromiso pertsonal bat hartu eta euskara ikasten hasteko?

Badira hori baino gauza errazagoak egiteko, eta duela gutxi arte ez ditu egin Reala: Irutxuloko Hitzak salatu du Realaren denda ofizialean Gaztelaniazko "Centenario" kontzeptua honela itzuli dute euskarara: "Ehunurtearrena". Realaren webgune ofizialean ere hamaika aldiz aurkitu dugu informazioa gaztelaniaz bakarrik. Bi gauza txiki, baina esanguratsu. 1.200.000 euro ez al da nahikoa diru dendako errotuluetan gauzak euskara txukunean jartzeko, webguneko testuak euskaraz sortzeko edo, bestela, gaztelaniatik euskarara berehalakoan itzuli eta eskaintzeko?

Dirutza horren truke Real Sociedad de Fútbol taldeak izena ere aldatu beharko lukeela diotenak ere badaude. Eta zer izen jarriko genioke? Zalaparta handia sortuko al luke izena aldatzeak? Zer litzateke hobe, tradizioari eustea, edo, euskararekiko harremanetarako garai berri baten seinale, izena ere aldatzea?

Galderak galderak dira, eta norbaitek erantzunak ematen hasi beharko luke, baina agian bada galdera bat besteen aurretik egin beharrekoa: diru laguntza horren atzean ez da egongo euskararen normalizazioaz gaindiko bestelako interesik?

1 erantzun:

Anonymous,  08:47  

Zuzeu albistariaren bidez, Julenek honako ekarpen hau egin digu:

"Niri asko molestatzen didan gauza bat da realsociedad.com webgunera sartu eta hasierako pantaila gaztelera batuan ikustea kamiseta berria iragarriz, harapazak txiribiton!

Nire nabigatzailea euskarazko edukiak hobesteko konfiguratuta dago, beraz edukiak euskaraz jaso behar nituzke automatikoki".

  ©Template by Dicas Blogger.