2011/11/28

Nola babestu herri txiki euskaldunak, euskaldun izaten jarrai dezaten?


Igeldoko igela babestuta dago, Oria ibaia babestuta dago, Gipuzkoako kostaldea babestuta dago, Pagoeta babestuta dago… Horien aurka ezin da ezer egin, eta, gizartean gaizki ikusita egoteaz gain, legezko babesa ere badute. Eta herri txiki euskaldunak? “Habitat” euskalduna babestuta dago? Badago biderik babes hori lortzeko? Nondik etor daiteke babesa? Nork emango dio?

Artikulu honetan, Imanol Haro Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko hizkuntz normalizatzaileak galdera horiek erantzuten hasteko bideari ekin dio, eta herri euskaldunek izan duten babesari eta etorkizunean izan beharreko babesari buruz dihardu.

Artikulua bi modutan irakur dezakezu:


- Bestetik, artikulua Semaforora ekarri dugu, eta beheraxeago daukazu atalez atal irakurtzeko aukera.

- Batetik, Galtzaundi aldizkariaren 353. alean ere argitaratu da. Aldizkariaren PDFa jaisteko, sartu Galtzaundiren webgunean eta jaitsi 353. alearen PDFa.

Artikuluaren atalak ez dira zertan jarraian irakurri, baina komeni da hemen ageri diren hurrenkera irakurtzea. Irakurri nahi duzun atala aukeratu, bertan sakatu eta irakurtzekoa bistaratuko zaizu.

Sarrera

Artikuluan herri txiki euskaldunez arituko naizenez, lehenengo kontua herri txiki euskaldunak zer diren definitzea izango da. Orriotako hausnarketetan, 2.000 biztanletik behera eta euskaldunak biztanleen %75etik gorakoak dituzten herriak izan ditut buruan; esate baterako, honako hauek eta hauen antzekoak:

Baliarrain: 110 biztanle inguru; euskaldunak %92.
Elduain: 250 biztanle inguru; euskaldunak %90.
Amezketa: 1.000 biztanle inguru, euskaldunak %90.
Alegia: 1.600 biztanle inguru, euskaldunak %80.
Anoeta: 2.000 biztanle eskas, euskaldunak %75.

Horrez gain, gehienbat UEMAn eta Tolosaldean dauden udalerriak izan ditut kontuan, herri horietako errealitatea hobeto ezagutzen dudalakoan. Orokortzeak duen arriskuaz oharturik, zertzelada handitan arituko naiz, jakinda salbuespenak asko direla, eta ñabardurak, zer esanik ez.

Zer-nolako herriak dira?


Herriak nolakoak diren azaltzean, bi faktore nagusi etorri zaizkit burura: batetik, herriak isolatuta egon dira, eta, bestetik, euskararen “arnasguneak” izan dira.

Isolatuta egon dira

Herriak euskaldun mantentzeko faktore nagusiak isolamendu geografikoa eta isolamendu sozio-ekonomikoa izan dira, eta ez herritarron kontzientzia linguistikoa.

Batetik, isolamendu geografikoa dago: herriak ez dira inguruko herriekin ondo komunikatuta egon.

Bestetik, isolamendu sozio-ekonomikoa dago: ez dute industrializazio prozesu handirik izan. Hau da, industrializazio zirkuituetatik at egon dira, eta herrira ez dira enpresa handiak etorri euren lantegiak jartzera.

Bi faktore horiek eman diote babesa euskarari, beste edozein faktoreren gainetik. Alegia, bi faktore horiek eragin dute herriko euskaldunak beste hizkuntzetako hiztunetatik aparte geratu izana, eta, horren ondorioz, euskara “osasuntsu” mantentzea.

Nolanahi ere, ezin da bazterrean utzi beste faktore bat: herriaren autoerregulazioa. Izan ere, herri askotan hazkunde neurtuaren eta jasangarriaren aldeko apustua egin dute, eta globalizazioak eta desarrollismoak zeharka baino ez dute eragin herriko bizitzan.

Isolamenduaren eta autoerregulazioaren adibiderik argiena Orexa da. Zergatik da, bestela, Orexa eskualdeko herririk euskaldunena?

Euskararen arnasguneak dira

Herri txiki euskaldunek bere osotasunean betetzen dute Iñaki Marko Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak euskararen “armasguneei” buruz emandako definizioa: “Euskararen arnasguneak da espazio bat non hiztunen kontzentrazio demografiko handia dagoen eta hizkuntzaren transmisio naturala indarrean dagoen”.

Hau da, herri horiek “Euskaldunen fabrikak” dira: euskaldunak fabrikatzen dituzten habitatak/lurguneak/tokiak dira. Horren ondorioz, habitat/lurgune/toki horietan euskara ikasten da Cacereseko herri batean gaztelania ikasten den bezala (etxean, kalean, lagun artean, eskolan…).

Nolako euskaldunak ditugu? Tokatu egin zaie euskaldunak izatea edo aukeratu egin dute?

Herriotan, sinplifikatuz eta onartuta sinplifikatzeak arrisku handia dakarrela, bi motatako herritarrak ditugu, euskararekiko atxikimenduari dagokionez:

- Euskaldun izatea “tokatu” zaiona: Ingurune euskaldunean jaio eta bizi denez, euskara modu naturalean barneratu eta euskaraz bizi den euskalduna. Alemanian alemana alemanez bizi den bezalaxe bizi da, edo, haren antzeko egoeran; hots, normalizatuta edo ia normalizatuta euskararen ikuspuntutik. Hiztun horiek ez dute kontzientzia linguistiko (handi)rik, eta euren euskalduntasuna beste hiztun/hizkuntza batzuetatik aparte bizi izanaren ondorioa da. Halakoek ez dute (ia) inoiz parte hartu euskalgintzaren dinamiketan: euskara taldeetan, euskara batzordeetan, euskara sustatzeko kanpainen antolaketan…

- Euskaldun izatea aukeratu duena: Euskaldun batzuek gune euskaldunak aukeratu dituzte bizitzeko; hau da, bizitzera Alegiara edo Tolosara joateko aukera zutenean, Alegia hautatu dute, “euskaldunagoa delako”. Eta ez dira bakarrik gune euskaldunetara joan direnak, baizik eta bertan geratu direnak, nahiago dutelako, besteak beste, euskaraz bizi den gune batean bizitzen jarraitu. Baita euskaldunberriak ere, edo euskaldunberrien seme-alabak, euskara ikasteko ahalegina egin dutenak, edo halakoak inguruan dituztenak. Hor badago kontzientzia linguistikoa, badago euskaraz bizitzeko nahi bat, eta horrek garrantzia du bizitzako hautuetan. Halakoak izaten dira euskalgintzan aritzen direnetako gehienak.

Sailkapen sinplifikatu horrez gain, beste hausnarketa interesgarri batzuk ere ekarri nahi ditut hona.

Hiztun naturalak dira?

Bai. Oro har, hizkuntza modu naturalean barneratu dute, Cacereseko herri txikietan gaztelania barneratu duten bezala. Joera izan dezakegu pentsatzeko naturalagoak direla euskaldun izatea “tokatu” zaienak euskaldun izatea aukeratu dutenak baino.

Ez-interbentzionistak dira?

Ez dute uste hizkuntz politikan esku hartu behar denik. Ez dituzte ikusten euskaldunok etorkizunean ere euskaldun izaten jarraitzeko izan ditzakegun arriskuak, eta ez dute uste halako faktoreetan esku hartu behar denik. Joera izan dezakegu pentsatzeko interbentzionistagoak direla euskaldun izatea aukeratu dutenak euskaldun izatea “tokatu” zaienak baino.

Zer-nolako kontzientzia linguistikoa dute?

Kontzientzia linguistikoa neurtzeko neurgailuren faltan, honako hau botatzen ausartuko naiz: herritarrek, oro har, ez dute herriko euskararen egoerak atzera ez egiteko adinako kontzientziazio linguistikorik. Beste hitz batzuetan esanda, herriko euskara suntsitzen duten faktoreak indartsuagoak dira kontzientziazioak eragin ditzakeenak baino.

Aldatzen ari dira arrotzekiko hizkuntza ohiturak?

Azken urteetan ezezagunaren aurreko hizkuntz ohiturak aldatzen ari direlako susmoa dut. Lehen, edonori euskaraz egiten zioten (Zein haiz? Nongoa haiz?); orain, berriz, indartzen ari da ezezagunari, arrotzari edo herrikoa izateko itxura ez duenari zuzenean gaztelaniaz egiteko joera (¿De dónde eres?). Ondorioztatu dezakegu euskarak integrazio indarra galdu duela euskaldunon kontzientzietan.

Hiru kasu: Aduna, Baliarrain eta Alegia

Isolamenduarekin eta kontzientziazioarekin amaitzeko, bi ideia nabarmendu nahi ditut.

Lehen, babesa isolamenduak ematen zuen; orain, ordea, globalizazioak dakarren guztiaren aurrean gero eta zailagoa da isolatuta bizitzea (bai geografikoki, bai sozio-ekonomikoki), eta babesa beste iturri batetik lortu beharko genuke. Zergatik ez dio legeak berak ematen babes hori?

Lehen, babesa handia zen garaian, kontzientziazio lausoa nahikoa zen. Orain, ematen du ez dela nahikoa eta kontzientziazioa indartu behar dela. Eta ez genuke ulertu behar kontzientziazioa noranzko batean bakarrik: kanpokoak ez ezik bertakoak ere kontzientziatu beharko genituzke.

Babesak eta kontzientziazioak zer-nolako eragina izan dezaketen ikusteko, adibide batzuk ekarriko ditugu hona.

***************************************************************************

Adunara bizitzera 30 lagun etortzen badira, Donostiara 12.600 lagun joatea bezala da. Eta erdaldunak badira?

Babesa

Ikuspuntu soziolinguistiko batetik, badaukagu egoera hori saihestea edota baldintzatzea? Etxebizitzak edo bestelako obrak egiteko, beharrezkoa da eragin ekologikoaren gaineko txostena egitea. Txosten horretan aurreikusten da obra hori egiteak zer-nolako eragina izango duen ingurunean, eta, kalteak eragiten baditu, neurri zuzentzaileak hartu behar izaten dira.

Zergatik ez behartu obra egiten duena eragin soziolinguistikoaren gaineko txostena ere egitera? Txostena egitea derrigorrezkoa balitz, aukera izango genuke obrak herriko euskaldunengan eta “habitat” euskaldunean izango lituzkeen ondorioak aurreikusteko, baita neurri zuzentzaileak ezartzeko aukera ere.

Kontzientziazioa

Kanpotarrei begira, adunarrek eta Adunako Udalak badaukate herrira etorri berri direnak euskararen beharraz kontzientziatzea? Badaukate jende hori euskalduntzea? Ze baliabiderekin? Ze epetan? Nork hartuko du euskalduntzearen gastua bere gain?

Bertakoei begira, gorago azaldutako mentalitate aldaketa saihestu beharko litzateke (ezezagunari erdaraz aritzera eramaten gaituena). Kontuan hartzen al ditugu euskaraz jarduteko ditugun aukerak edo berehala lerratzen gara gaztelaniara?

***************************************************************************

Baliarrainen, urtegia eraikitzearen ondoriozko desjabetzeak direla-eta, 6 lagun behartzen badituzte herria uztera, Donostiatik 9.000 lagunek alde egin behar izatea bezala da. Eta euskaldunak badira?

Babesa

Ikuspuntu soziolinguistiko batetik, badaukagu egoera hori saihestea edota baldintzatzea? Artikuluaren sarreran esan dugunez, Igeldoko igela babestuta dago, Pagoeta babestuta dago, Oria ibaia babestuta dago... Udalerri euskaldunetako euskara/euskalduna, berriz, ez dago babestuta. Zergatik ez izendatu udalerri euskaldunak “euskararen babes eremu”? Zergatik ez ezarri baldintza zorrotzagoak azpiegitura handiak egiteko “euskararen babes eremu” horietan?

Kontzientziazioa

Halako egoeren aurrean, herritarrak kontzientziatze hutsak ez du aurrerabiderik ekarriko. Izatekotan, behetik gorako kontzientziazio eta presio lana egin beharko litzateke, azken helburua buru politikoak kontzientziatzea baita; hau da, herritar euskaldun kontzientziatuen presioaz buru politikoek barneratzea babes neurriak hartzeak premia handia duela.

***************************************************************************

Alegiako supermerkatu batera egunean 120 pertsona sartzea da Donostiako batera 11.000 sartzea bezala. Eta erdaraz bakarrik atenditzen badituzte?

Babesa

Udalerri euskaldunetako euskaldunek badute eskubiderik salerosketak euskaraz egiteko? Beste aldeak, supermerkatukoak, badauka euskararen gaineko betebeharrik edo euskara existitzen ez den tokietan bezala joka dezakete? Gaur egun, euskaldunen hizkuntz eskubideen lege babesa hutsaren hurrena da, bai udalerri euskaldunetan, bai bestelakoetan. Zergatik ez hasi gune jakin batzuetan (“euskararen babes eremuetan”) bezero euskalduna babesten duten neurriak abian jartzen, gero horko esperientziak gainerako tokietara zabaltzeko? Zergatik ez behartu supermerkatu kateak neurri jakin batzuk hartzera? Zergatik ez egokitu legea horretara?

Kontzientziazioa

Lege babesik eduki gabe ere, supermerkatu kateek borondaterik badute, hitzarmenak sina ditzakete UEMArekin edo/eta beste erakunde publiko batzuekin. Hitzarmenetan konpromisoak zehaztutakoan, konpromiso horien betetze maila neurtu eta baloratu, eta, horretarako, gauza asko eduki behar dira: giza baliabideak, segimendurako baliabideak sortzea, harreman bideak garatzea…

Hala ere, kontzientziazioak ez du zertan noranzko bakarrekoa izan. Euskaldunok hizkuntz eskubideen urraketen aurrean dugun jarrera aktibatzeko asko dago egiteko, eta artikuluan hizpide ditugun herriotan beste inon baino baldintza aproposagoak daude halako lanketak abian jartzeko: herri txikiak dira, baldintza soziolinguistiko onak daude, urraketak toki gutxi eta jakin batzuetan geratzen dira…

Udalaren funtzionamendua

Orain arte, udalerria izan da aztertu dugun habitata, baina udalerrien baitan badago habitat txikiago bat, mikrohabitata: udala. Herri hauetako udalaren funtzionamenduan ezaugarri hauek ditugu:

Lehenik eta behin, azpimarratu behar da naturala ez dela legala. Habitat euskaldunean udalak ere euskaraz egitea da naturala, baina legeak erdararen presentzia dakar. Orexako Udalaren webguneak gaztelaniaz ere egon behar du, Anoetako herriko festen programak gaztelaniaz ere egon behar du, Altzoko Udalak ateratzen duen bandoak gaztelaniaz ere egon behar du, Amezketako Udalak ateratzen duen argitalpenak gaztelaniaz ere egon behar du… Aurrera begira, ezinbestekoa izango da euskarari -euskara hutsezkoari- bidea emango dion legea garatzea.

Bigarrenik, udalek ez dute nahiko baliabiderik, hizkuntza plangintzak egiteko. Ez dute euskara zerbitzu propiorik (UEMArena, gehienez), ez dute euskara aurrekonturik, ez dute euskara zinegotzirik (euskara kontuez bakarrik arduratzen denik)…

Hirugarrenik, udal langileen euskara maila dago: euskara lan hizkuntza, zerbitzu hizkuntza eta harremanetarako hizkuntza duten udalek ez dute bermerik udaletan nahikoa euskara maila duten langileak edukitzeko. Aurrerantzean ere halakoak iristeko arriskua dago, baldin eta ez bada bestelako neurririk hartzen udalean euskaraz lan egiten dakiten langileak ari daitezen. Euskaraz nahiko maila ez duten langileekin nekez iritsiko da udal bat euskaraz funtzionatzera, eta, gaur egun, ez dago bermerik langile euskaldun prestatuak izateko.

Laugarrenik, zirkuitu administratiboa euskaraz egiteko zailtasunak daude. Orain arteko ibilbidean, ikusi dugu legeak eta udalek egindako eskaerak ez direla nahikoa izan, administrazioen arteko harremanak euskaraz izateko.

Mikrohabitat horrek ere babesa izan behar du, lau puntu horietan aurrerapenak borondatearen araberakoak izan ez daitezen.

Ondorio nagusiak

- Herriak euskaldun mantentzeko faktore nagusia babesa izan da. Aurrerantzean ere horrek izan beharko luke, nahiz eta babesa emango dion iturri nagusia legea izan, eta ez isolamendu geografikoak edo sozioekonomikoak.

- Kontzientziazioa indarberritu behar da, bai kanpoko eragileena, bai herrikoena.

- Naturala denari –euskara erabiltzeari– bidea eman behar zaio: legezko oztopoak kendu, zailtasunak arindu...

- Beste toki/eremu/habitat batzuetan aurrerapena denak (elebitasun orekatuak, adibidez) ez du zertan aurrerapenik ekarri udalerri euskaldunetan. Erdararen eta euskararen parez pareko erabilera ezin da izan helburu udalerri euskaldunetan.

- Arnasguneei lehentasunezko trataera garbia aitortu zaio “Euskara 21” txostenean, baina paperetik errealitatera egin behar du jauzi lehentasunezko trataerak. Honako hau diote “Euskara 21” txostenean:

“Hizkuntza batek, garatuko bada, bera nagusia den esparruak behar ditu. Arnasgune horietan, eta ez beste inon, bilatu beharko du biziberritu nahi den hizkuntzak helduleku nahikorik, bai belaunaldiz belaunaldiko transmisioari, bai hizkuntzaren funtzio komunikatiboari, bai hizkuntzaren balio erreferentzialari dagokionez.
Arnasgune horiek zaindu, sortu eta, hala balitz, hedatu ezean, alferrik izango da, seguenera, gainerako ahalegin oro. Horrenbestez, LEHENTASUNEZKO TRATAERA GARBIA eman beharko zaie euskararen arnasguneei XXI. mende hasierako hizkuntza politikan”.
(Eusko Jaurlaritza, Euskara-21, 2009)

Egilearen oharra

Artikuluan “hizkuntz ekologia” kontzeptua aipatu ere ez dut egin, baina begien bistakoa da hizkuntz ideologia horren eragina artikuluan, eta horregatik aipatu ditut “habitata” eta antzeko kontzeptuak, baita kontserbazionismo ekologistarekin lotutako adibideak ere (animaliak, ibaiak…). Norbaitek hizkuntz ekologian sakondu nahi badu, argibide hauei jarraitzea gomendatzen diot.

www.uema.org webgunean, Topaketara joan eta honako eduki hauek irakur ditzakezu:

- UEMAren ibilbidea eta etorkizuna, hausnarketa. Jon Bollar Intxausti, UEMAko lehendakaria.

- Zergatik hizkuntza ekologiarekin bat? Belen Uranga, Soziolinguistika klusterra.

- De l´ecologia a la sostenibilitat lingüístiques: del marc tèoric al propositiu i pràctic. Albert Bastardas, Bartzelonako unibertsitatea

- Hizkuntza ekologia eta udalerri euskaldunak: oinarri juridikoak. Xabier Ezeizabarrena, Eusko Ikaskuntzako Zuzenbide Saila.

- Hizkuntzaren arnasguneak eta hizkuntzarekiko komunitatearen Gizarte Erantzunkizuna. Iñaki Marko, Euskal Herriko Unibertsitatea.

Eduki horiez gain, mintzaldien bideoak ere ikusgai daude (euskaraz eta katalanez).

Artikuluaren oinarria Gipuzkoako Foru Aldundiaren enkarguzko lana izan da. Diputazioak UEMAri eskatu zion tipologia jakin bateko herriak aintzat hartu eta ze egoeratan dauden aurkeztea. Aurkezpena urriaren 28an egin genuen Villabonako Mintzolan, Gipuzkoako hainbat herritako teknikari eta hautetsien aurrean, eta eduki horiek izan dira oinarri artikulu honetarako.

Mila esker, halaber, Aizbea Renteria eta Miren Aburuza lankideei, euren ekarpenengatik.

Egilea: Imanol Haro, UEMAko hizkuntz normalizatzailea (gipuzkoa2@uema.org)

0 erantzun:

  ©Template by Dicas Blogger.