Euskara eta ingelesa dakiten elebidunak behar ditugu?
Txillardegi hil berriari buruzko blog baten berri izan dugu (http://txillardegi.wordpress.com), eta atentzioa eman digute Txillardegiren esaldi hauek:
"Ñabardurka hemen alboan utziz, hauxe egin dute: funtzio arruntetarako («zentralak» Txepetxen diagramei dagokienez: familia, lagunartea, eskola, udala, prentsa…) nazio hizkuntza erabiltzea. Eta funtzio ez arruntetarako (goi mailako jakintza eta teknika, zientzi bibliografia, harreman internazionaletarako, etab.) ingelesa".
"Horra hor xedea, ene ustez, irakaskuntzan ere, pausuka baina irmoki, mamitzen hastekoa. Hirugarren (edo laugarren) hizkuntzen arazoa (eta multzo honetan kokatu behar ditu abertzale denak gaztelania eta frantsesa), eztabaidan jar dezagun".
"Horra hor xedea, ene ustez, irakaskuntzan ere, pausuka baina irmoki, mamitzen hastekoa. Hirugarren (edo laugarren) hizkuntzen arazoa (eta multzo honetan kokatu behar ditu abertzale denak gaztelania eta frantsesa), eztabaidan jar dezagun".
Eta gaztelania? Eta frantsesa? Eredu ona da bi hizkuntza horiek baztertzea? Zerk egingo dio mesede euskaldunari/euskarari? Ze etorkizun izango genuke euskara eta ingelesa dakiten elebidun nagusi liratekeen herri batean?
4 erantzun:
Gure herrikoak behintzat ondo moldatzen dira ingelesez: http://www.gara.net/paperezkoa/20120228/325001/eu/Ikastolen-aldeko-jaiak-ingelesez-ere-badakiela-erakutsi-du-Andoainen
Baina zertaz ari gara, inglesa ikasteaz edo gaztelania/frantsesa ez ikasteaz? EHko erdarei uko egitea da helburua?
Nik ez dut uste euskaldunak prest gaudenik gaztelaniari/frantsesari bizkarra emateko eta EHko beste hizkuntzetako hiztunei bizkarra emateko. Azken hiru belaunaldietan asko izan dira erdarak (fr. eta gaz.) behartuta ikasi dituztenak, baina beste askok beren borondatez ikasi dituzte.
Gaur egun, ingelesa eta euskara bakarrik ikastea gure ingurune geografikoa alde batera uztea da.
Bete-betean asmatu zuen horretan Txillardegik. Gaztelaniak eta frantsesak ez daukate inongo arriskurik Euskal Herrian, eta ez dut uste datozen 100 urteetan ere arrisku hori izango dutenik. Baina euskaldunon kultur kolonialismoa gainditzeko ezinbestekoa da argi izatea INGELESA dela etxetik kanpo behar dugun hizkuntza. Horrez gain frantsesa, espainola, txinera zein wolofa, beti izango dira aberasgarri. Baina mundura joateko eta mundutik hartzeko zubi zuzena behar dugu ingelesarekin, galbaherik gabe. Bestela, euskarak beti begiratuko dio munduari betaurreko espainolekin.
Gaur eta hemen (Hego eta Ipar Euskal Herrian, 2012an) arazoa da gaztelaniaren eta frantsesaren presentzia oso handia dela, eta ez dut uste baldintza soziolinguistikorik dagoenik gure haurrak ingelesa gaztelania edo/eta frantsesa baino lehenago ikasteko.
Agian, Urtzi, egin beharko genukeenaz ari zara zu (eta Txillardegi), eta ni, gaur egungo egoerak eragiten digunaz.
Etxetik kanpo behar dugun hizkuntza ingelesa dela diozu. Ados nago. Kontua da etxeko sukalderaino sartu zaizkigula/sartu dizkigutela gaztelania eta frantsesa. Kontua da euskaldun askok etxekotzat dituztela gaztelania edo/eta frantsesa.
Post a Comment